2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ABARTZUZA
Aldaketa, eguzki-energia jasotzeko instalazioen erabilera arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Udalak, 2025eko otsailaren 8an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Abartzuzako udal-mugartean eguzki-energia jasotzeko instalazioen erabilera arautzen duen ordenantzan.
Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, aurretiaz iragarkia paraturik Udalaren iragarki-taulan eta 2025eko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 25ean. Inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta osorik ematen da haren testua argitara.
Abartzuzan, 2025eko apirilaren 9an.–Alkatea, Diego Sainz Fernández.
UDAL ORDENANTZA, ABARTZUZAKO UDAL-MUGARTEAN EGUZKI ENERGIA JASOTZEKO INSTALAZIOEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez eguzki energia jasotzeko instalazioak ezartzeko Abartzuzako udal-mugartean.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
Abartzuzako udal-mugarte osoa hartzen da aplikazio eremutzat.
II. KAPITULUA.–HIRI-LURZORUAREN EDO LURZORU URBANIZAGARRIAREN GAINEKO INSTALAZIOAK
3. artikulua.
Eguzki-instalazioak baimenduko dira soilik eraikinen energia beharra asetzeko direnean, partez edo osorik, hots, etxeko ur beroa sortzeko direnean (eguzki-instalazio termikoak) edo norberaren kontsumorako argindarra sortzeko direnean (eguzki-instalazio fotovoltaikoak), 900/2015 Errege Dekretuaren arabera.
4. artikulua.
Plakak instalatuko dira estalkien gainean eta haien angelu berarekin, urak husteko ezinbestekoa den tartea utzita.
5. artikulua.
Sustatzaileak bermatuko du plakek ez dutela islarik egiten, ez dadin arriskutsua izan bide-segurtasunerako eta ez dezan eraginik izan inguruko etxebizitzetan.
6. artikulua.
Ez da inoiz zilegi plakak estalkiaren gailurreraino iristea, ezta haren ertzetaraino ere; izan ere, estalkiaren tamainak agerian egon beharko du. Horregatik, instalazioak 60 zentimetroko tartea utziko du, gutxienez ere, teilatu-hegalaren kanpoaldera, eta 60 zentimetrokoa gailurrera.
7. artikulua.
Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:
a) Gehienezko okupazioa baimenduta egonen da, non eta panelak ez diren ikusgai gelditzen.
b) Karel opakuen gehienezko garaieraren azpitik gelditu behar dira.
8. artikulua.
Oro har, ezin dira fatxadetan instalatu, eta oso kasu berezi eta justifikatuetan instalatzen ahalko dira, baldin eta ingurunearekin eta hirigintzako arauekin harmonian badaude.
9. artikulua.
Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.
10. artikulua.
Udal Planeko eraikinen katalogoan sartutako eraikinetan eguzki panelak jartzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan.
11. artikulua.
Transformadoreak, biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak, metagailuak eta, hala badagokio, beste instalazio osagarri batzuk estalkian edo fatxadan ikusgai ez egoteko moduan kokatu behar dira, eta, ahal dela, eraikuntzaren barruan kokatu beharko dira.
12. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.
Udalaren osoko bilkurak baimendu beharko ditu espresuki, baloratu ondoren, teilatuetan, zabaltzetan, terrazetan eta lurzoruetan jartzeko proposamen mistoak.
Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:
–Instalazioa baimenduko da soilik eraikin kontsumitzailea aurretik existitzen denean.
–Etxebizitzaren lurzoru libre pribatua aisialdirako eremu, eremu berde edo zirkulaziorako eremu gisa erabiltzeko denez, gehienez ere azalera guztiaren %60ra mugatuko da eguzki-panelen gehienezko okupazioa.
–Lurzoruan bermatuta paratuko dira. Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino altuagoak, lurretik neurtuta.
III. KAPITULUA.–LURZORU URBANIZAEZINAREN GAINEKO INSTALAZIOAK
13. artikulua. Aurretiazko baimenak.
1. Eguzki-energiarekin argindarra sortzeko instalazioak ezartzea lurzoru librean (eguzki-parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.
2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.
3. Aurretik zeuden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak aldez aurreko baimenik izapidetzea lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.
14. artikulua.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako nabeetan eta eranskinetan plakak estalkiaren gainean bakarrik jarriko dira, eta inklinazio bera izan beharko dute; gainerakoan, aurreko artikuluetan hiri-lurzorurako adierazitako baldintzen mende egonen da instalatzea.
15. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.
Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da linearen ingurumen-ukipenetarako baimenaren espedientea izapidetzea (93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena).
Hura baimendu arte ezin izanen da eman panel fotovoltaikoak instalatzeko lizentzia.
Hornidura garraiatzeko hodiak lurperatzeari buruzko udal araudian xedatutakoa bete beharko da.
IV. KAPITULUA.–IZAPIDETZEA
16. artikulua.
Ordenantza honetan arautzen den instalazioa ezartzea, handitzea edo legeztatzea egonen da erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko baimenaren araubideari loturik, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192.1.g artikuluarekin (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Honako instalazio hauek ez dira araubide horri loturik egonen:
–Kultura intereseko edo katalogaturiko ondasun gisa deklaraturiko eraikinetan egiten direnak; halakoetan, aplikatzekoa izanen da uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 62.7.c) artikuluan jasotakoa (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
–Eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dietenak.
–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar dutenak, aplikatzekoa den ingurumen-araubidearen arabera.
Erantzukizunpeko adierazpenetik salbuetsiriko kasu horietan, sustatzaileak behar den lizentzia eskatu beharko diote Udalari.
Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, toki erakundeak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obren gaineko ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.
17. artikulua.
Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenei kalterik egin gabe. Eskatzailea izanen da lanek ekar ditzaketen kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.
Azken xedapen bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarri eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
Iragarkiaren kodea: L2505688