95. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ANTZIN-AMESKOAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko,
lan-kontratudun finkoen araubidean

Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Burutzaren 2025eko apirilaren 24ko 11/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko administrari-ofizialaren lanpostu bat. Deialdia gauzatuko da aplikatzekoa den araudiaren arabera eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzea, Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura jardun dezan, egun lanpostu hori betetzen duen pertsonarekin loturiko errelebo-kontratua dela-eta.

1.2. Izendapenak Antzin-Ameskoako Gizarte zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, lanpostuaz jabetzen denetik aurrera; hala, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko da, kasua bada, eta alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen C mailari dagozkion lansariak. Plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere izanen ditu.

1.4. Lanaldi osoa izanen du.

1.5. Egin beharreko lanak izanen dira haren mailari eta kategoriari dagozkienak; besteak beste, jendeari harrera egitea eta Mankomunitatearen administrazio zerbitzuei sostengu ematea.

1.6. Oporren araubidea udal bulegoetako gainerako langileena izanen da.

2.–Baldintza orokorrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

d) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea: Batxilergoa, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta inongo administrazio publikotan jardutetik kendua ez izatea.

2.2. Arestiko baldintzak frogatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak deialdi honen zortzigarren oinarriak xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da, gainera, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean, bai eta oposizio prozedura osoan ere izendapen eguna arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezten ahalko dira Mankomunitatearen erregistro orokorrean (La Estación kalea 21, 2, Antzin), bulego-orduetan, hots, 11:00etatik 14:00ak arte, astelehenetik ostiralera, edo posta elektronikoz. Eskabidea bide elektronikoz aurkeztu nahi izanez gero, mezu elektroniko bat bidali behar da info@ancinamescoa.org helbidera. Eskabidearen trazabilitatea izateko, markatu beharko dira hartu-agiria eskatzeko aukera eta irakurri izanaren baieztapena eskatzeko aukera. Halaber, eskabidea egin daiteke baliatuz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Kasu guztietan, eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidea 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz aurkeztu nahi bada, 24 orduko epean mezu elektroniko bat igorri beharko zaio Mankomunitateari (info@ancinamescoa.org), inguruabar horren berri emanez. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Baldintza horiek bete ezean ez da onartuko iragarki honetan adierazitako epetik kanpo iristen den proposamenik.

Eskabideak deialdi honen II. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren oinarriaren arabera.

Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.

3.4. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren (NANa) fotokopia, edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena (AIZa).

b) Deialdi honen 2. oinarrian eskatzen diren titulazioen fotokopiak.

c) Izangaiek lehiaketaldirako alegatzen dituzten merezimenduak frogatzeko agiriak, zehazki: egindako zerbitzuen ziurtagiriak, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, I. eranskineko baremoan ezarritakoaren arabera, berariaz adierazita lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzua zer zentro edo unitatetan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

d) Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

e) Azterketa eskubide gisa, Udalaren Diruzaintzan 20 euro ordaindu izanaren frogagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Zenbateko hori ordaintzen ahalko da eskudirutan diru-sarrera eginez edo banku-transferentzia bidez, honako kontu honetan: Nafarroako Rural Kutxa: ES92 3008 0065 3107 0249 0426. Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: administrari-ofizialaren azterketa.

Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.6. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onesten ahalko da izangai onartuen zerrenda.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute, idazkia aurkezturik Mankomunitatearen erregistro orokorrean.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, ebazpen bat emanen da, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta argitaratzeko aginduko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Lourdes Ibáñez Sanz, Mankomunitateko buruordea.

–Ordezkoa: Oihana Beraza Martínez, Mankomunitateko burua.

–Lehen epaimahaikidea: Cristina Zudaire Landa, Mankomunitateko gizarte-langilea.

–Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Eva María Andueza San Martín, Mankomunitateko gizarte-langilea.

–Bigarren epaimahaikidea: Sara Chasco Ganuza, Mankomunitateko familia-langilea.

–Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Ana Etxalar Martínez, Mankomunitateko gizarte-hezitzailea.

–Hirugarren epaimahaikidea: Lidia Arbizu Andueza, Antzingo, Murietako eta Abaigarko Udalen Batasuneko administrari laguntzailea.

–Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Nina Alaitz López Vegay, Legariako, Okoko, Etaiuko eta Olexoako Udalen Batasuneko administrari laguntzailea.

–Epaimahaikide idazkaria: Rafael Hervás Guerrero, Mankomunitateko idazkaria/kontu-hartzailea.

–Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Iñaki Andía Garcés, Antzingo, Murietako eta Abaigarko Udalen Batasuneko idazkaria/kontu-hartzailea.

Kalifikazio-epaimahaiko idazkari-lanak epaimahaiko kideren batek beteko ditu, eta dagozkion aktak eginen ditu, epaimahaiko kide guztiek sina ditzaten.

5.2. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketak, gutun-azal itxien sistemaren bidez, fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldia: bi proba eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

Fase hau 80 puntuz baloratuko da, eta baztertzailea izanen da. Gainditzeko, lortu beharko dira 25 puntu proba teknikoan eta 15 puntu ariketa praktikoan.

b) Lehiaketaldia: izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren I. eranskinean dagoen baremoaren arabera.

Fase hau 20 puntuz baloratuko da, eta ez da baztertzailea izanen.

7.–Oposizioaldia.

7.1. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan behar dute nortasun agiri nazionala, atzerritarren identifikazio-zenbakia, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.2. Oposizioaldian eginen dira oinarri honetan deskribaturiko bi probak, deialdi honen gai-zerrendan jasotako gaiei buruzkoak.

Proba bat teorikoa izanen da, eta galdera laburren galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, ebazpen honetan jasotako gai-zerrendako gaiei buruz.

Bigarren proban, administrazio agiri ofizial batzuk prestatu beharko dira eta/edo galdera praktiko labur batzuei erantzun beharko zaie, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin; betiere, horiek guztiak izanen dira beteko den lanpostuan egin beharreko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak. Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edo ahoz edo ordenagailuz egiten ahalko du epaimahaiak. Era berean, eskuz edo ordenagailuz aritzeko eska dezake epaimahaiak, agiria prestatzeko edo galdera praktiko laburrei erantzuteko.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen probak egiteko.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Proba hauetan gehienez 50 eta 30 puntu lortzen ahalko dira, hurrenez hurren. Oposizioaldia gainditzeko, gutxienez, lortu beharko dira 25 puntu proba teorikoan eta 15 puntu ariketa praktikoan; hala bada, hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira puntuazio horretara iristen ez direnak.

7.3. Proben kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, telematikoki, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.4. Oposizioaldia burututa, epaimahaiak argitara emanen ditu probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin.

8.–Lehiaketaldia edo merezimenduak baloratzeko fasea.

8.1. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduak baloratuko dira, deialdiaren I. eranskinean dagoen baremoaren arabera.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko.

Ezin izanen da inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

8.2. Merezimenduen balorazioa egin ondoren, argitara emanen dira izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin ditzaten eta beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten, merezimenduen balorazioaren gainean

8.3. Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da ariketa praktikoan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde.

9.–Agiriak aurkeztea.

9.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Mankomunitatearen erregistro orokorrean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Baldin eta izangaia Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa bada (ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta beste batekoa), aurrekoez gain, aurkeztu beharko du ziurtagiri bat, zeinak frogatzen baititu aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar).

9.2. Epe horretan interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, salbu eta behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak indarrik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.

9.3. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatzen bada, hutsunea beteko da 7.2 oinarrian azaltzen den izangaien zerrendan ondo-ondotik datozen izangaiekin.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Burutzaren ebazpen baten bidez, Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko administrari laguntzaile izendatuko da aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halako kasua gertatzen bada, oposizio-lehiaketako puntuazio-ordenan bigarrena den izangaia izendatuko da.

11.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea da.

–Datuak tratatuko dira helburu honekin: langileak hautatzea eta Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura jardunen duen administrari laguntzailearen lanpostu bat betetzea.

–Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Antzinen, 2025eko apirilaren 24an.–Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua, Oihana Beraza Martínez.

GAI ZERRENDA

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: atariko titulua. Nafarroaren eskumenak. Erreforma.

3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

4. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea: I. titulua: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea. IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. VI. titulua: Kontratazioa. VII. titulua. Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak. VIII. titulua: toki ogasunak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

5. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

6. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: abstentzioa eta errekusazioa. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

7. gaia.–Administrazio-egintzak. Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak. Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.

8. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

10. gaia.–Pertsonek Foru Administrazio Publikoarekiko harremanetan dituzten eskubideak. Informazioa jasotzeko eskubidea. Informazio motak. Herritarrek Administrazioan parte hartzea. Kexak eta iradokizunak.

11. gaia.–Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Foru Administrazio Publikoaren betebeharrak izapidetze elektronikoaren arloan.

12. gaia.–Informazioa eta dokumentazioa erregistratu eta artxibatzea. Dokumentuak antolatzeko eta sailkatzeko sistemak. Informazioa eta dokumentazioa kontserbatu eta eskuratzea; segurtasuna eta konfidentzialtasuna. Artxiboak: kontzeptuak, motak eta erabiltzeko arau praktikoak. Artxiboaren kontrola.

13. gaia.–Dokumentazio administratiboa. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, ebazpen administratiboak, foru aginduak. Administrazio espedientea. Administrazio publikoek egindako kopien baliozkotasuna.

14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 3koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Kontratazio prozedurak.

15. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

16. gaia.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema.

17. gaia.–69/2018 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena.

18.–Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Estatutuak (1992ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 28koa).

19.–Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Etxeko Laguntza Zerbitzua arautzen duen ordenantza (2009ko 110. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 7koa).

20. gaia.–Sistema eragilea: funtsezko kontzeptuak. Windows 10. Mahaigaina eta haren elementuak; atazen administratzailea; Windows arakatzailea; kontrol-panela; gailuak eta inprimagailuak; hasierako menua; tresna-barra; laguntza eta euskarri teknikoa; sarean lan egitea; erabiltzaile-kontuak.

21. gaia.–Testu-tratamenduko programak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word 2010: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; lan ingurunea pertsonalizatzea; inprimatzea.

22. gaia.–Kalkulu orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel 2010: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelaxkak; gelaxkak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta estekak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; taula dinamikoak; inprimatzea.

I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

a) Merezimendu profesionalak.

Administrazio publikoetan eta entitate pribatuetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 20 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Nafarroako administrazio publikoan, Nafarroako toki administrazioan eta horien erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,00 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.2) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.3) Edozein administrazio publikotan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,00 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.4) Entitate pribatuetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 0,50 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

3. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzerakoan zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

4. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, emanen da kasu bakoitzean handiena den puntuazioa.

II. ERANSKINA.–HAUTAPEN PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

Izena: ..........................................................................................................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ...................................... (edo balio bereko beste agiriren bat); sorteguna: ..............(e)ko ......................aren ..........(a); sorterria: .................................. (............................................), nazionalitatea: ...........................................; egungo bizitokia: .................................. (................................), kalea:................................................................................................................., posta-kodea:.................., telefonoa:....................................... eta helbide elektronikoa: ..........................................................................

AZALTZEN DUT:

–Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko emandako epea bukatzen den egunean, deialdi honetarako: deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. Argitara eman zen ............... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ...............(e)ko .....................aren ...............(e)(a)n.

–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

–(Hala dagokionean) Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).

–(Hala dagokionean) Aurkezten dudala desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.

–Eskabidearekin batera aurkezten dudala lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.

Horiek horrela, eskatzen dut eskabide hau onartzea eta, beraz, onartua izatea Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hautaprobetan.

Antzinen, 2025eko ...............................................aren .................. (e)(a)n

(Sinadura)

ANTZIN-AMESKOAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEKO BURUA.

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Tratamenduaren arduraduna: Antzin-Ameskoako Gizarte zerbitzuen Mankomunitatea. Helburua: administrari-ofizialaren lanposturako oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bestelako eskubideak ere, deialdiko 11. oinarrian adierazitako informazio gehigarrian adierazitakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2506296