Iragarkia
95. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 15a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TUTERA
Deialdia, udaltzain-agente lehenaren bi lanpostu betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez
Alkatetzaren apirilaren 23ko 1655/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi ziren, udaltzain-agente lehenaren bi lanpostu betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez (0506C01807 eta 0506C01802 kodeak dituzten lanpostuak).
Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta honako oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
1. oinarria.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehenaren bi lanpostu betetzea kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez, barne igoeran eta txanda irekian, Nafarroako polizia guztietako kideen artetik. Deialdia gauzatuko da gai honi buruz arau hauetan xedatzen denari loturik: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.
Deialdiko lanpostuek 0506C01807 eta 0506C01802 identifikazio kodea dute plantilla organikoan.
–0506C01807: Barne igoerako txanda, Tuterako Udaltzaingoko kideentzat.
–0506C01802: Txanda irekia, Nafarroako polizia guztietako kideentzat, ezarritako baldintzak betetzen baldin badituzte.
1.2. Txanda irekian betetzen ez diren lanpostu hutsak barne igoerako txandari gehituko zaizkio, eta bete gabe gelditzen badira izangaiek hautaprobak gainditzeko gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, bete gabe deklaratuko dira.
1.3. Izendapenak Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehena bilakatuko du izendatua; hala, izanen ditu azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean (Nafarroako Poliziei buruzkoa) eta aplikagarri zaizkion gainerako xedapenetan jasoriko eskubide eta betebehar guztiak.
1.4. Lanpostuak C mailako lansariak izanen ditu, eta aplikatu beharreko xedapenen araberako osagarriak.
1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.
1.6. Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean afiliatuta dauden funtzionarioek, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan afiliatuta daudenek, aukera dezakete bertan segitzea edota Gizarte Segurantzan afiliatzea.
1.7. Tuterako Udaleko langile finkoek, oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen badira, eutsiko diote aurreikuspen sozialerako duten araubideari eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, ikastaroan parte hartzeagatik jasotzen direnak baino handiagoak direnean.
2. oinarria.–Izangaien baldintzak.
2.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte.
a) Barne igoerako txanda:
a.1) Tuterako Udaleko udaltzain-agentea izatea eta frogatzea lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela hiri honetako udaltzain-agente lanpostuan.
a.2) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.
a.3) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien balio bereko beste bat edukitzea.
b) Txanda irekia, Nafarroako polizia guztietako kideentzat:
b.1) Nafarroako polizietako bateko polizia-agente izatea eta frogatzea lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela polizia-agente lanpostuan.
b.2) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.
2.2. Izangaiek betebehar horiek bete beharko dituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es); horretarako, sartu beharko da "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiari dagokion aipamenean. Aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.
3.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin; eredu hori egonen da deialdiaren aipamenean, sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.
3.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
–Udalak ofizioz aurkeztuko du interesdunak Tuterako Udaltzaingoko udaltzain lanpostuan hiru urteko antzinatasuna gutxienez ere (jabetza hartuz geroztik) baduela frogatzen duen dokumentazioa, bai eta interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere; aldiz, Tuterakoa ez den beste polizia kidego batzuetan emandako zerbitzuei buruzko agiriak interesdunek aurkeztu behar dituzte.
–Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen frogagiriak (kopia arrunta).
3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.6. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
4. oinarria.–Onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
4.2. Behin-behineko zerrenda Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es) argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzirik, Tuterako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
4.4. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski izanen deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
4.5. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan datu hauek baizik ez dira jasoko: poliziaren edo agentearen zenbakia, Nafarroako zein polizia kidegotakoa den edo zein toki-erakunderi atxikita dagoen, eta zein txandatan aurkezten den.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Reyes Carmona Blasco, Tuterako Udaleko zinegotzia
Epaimahaikidea: Ricardo Casamián Gil, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreordea.
Ordezko epaimahaikidea: Javier Vicuña Lapuerta, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreordea.
Epaimahaikidea: Francisco José Orta Quinto, Tuterako Udaltzaingoko agente lehena.
Ordezko epaimahaikidea: Ignacio Garbayo López, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehena.
Epaimahaikidea: Francisco Javier Arriazu Fernández, Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria.
Ordezkoa: José Miguel Catalán Ayuso, Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria
Idazkaria: Montserrat León Santesteban, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Marta Castellano Córdova, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.
5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Lege horren 24. artikulua).
5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.
5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu ezean. Gainera, modu baliozkoan eratua izateko eta jarduteko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.
6.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketak hiru fase izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero proba teoriko praktikoa eta proba psikoteknikoak, eta azkenik trebakuntza ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.
6.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen diren kategoriaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak argitara emanen dira, 48 ordu lehenago gutxienez, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan eta Tuterako Udaltzaingoaren lokaletan.
6.4. Lehiaketaldia
Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta ondoko baremoaren arabera behar bezala frogaturiko merezimenduak eta gehienez ere 77,5 puntu emanen dira. Hona hemen:
a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: Gehienez 35 puntu.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: Gehienez 25 puntu.
c) Hizkuntzak: Gehienez 15 puntu.
d) Sariak: Gehienez 2,5 puntu.
Aurreko a), b), c) eta d) apartatuetan alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean aurkeztu eta frogatu beharko dira merezimendu horiek, agiri bidez. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako merezimenduei buruz.
Fase hau bukatzean, epaimahaiak ohiko euskarrietan argitaratuko ditu lehiaketaren behin-behineko puntuazioak eta irekiko du erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten.
Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epaimahaiak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta euskarri beretan argitaratuko ditu.
6.5. Bigarren fasea:
6.5.1. Bigarren fasean 220 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako proba hauek izanen ditu:
a) Lanpostuaren eginkizunei eta edukiari buruzko proba teoriko-praktikoa.
b) Proba psikoteknikoak.
Proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.
6.5.2. Proba teoriko-praktikoak gehienez ere 150 puntu izanen ditu guztira, eta test motako azterketa bat izanen da, III. eranskineko gai zerrendari buruzkoa. 100 galdera eginen dira, eta galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu aukeran. Erantzun zuzen bakoitzeko 1,5 puntu emanen dira, eta erantzun oker bakoitzeko 0,5 puntu kenduko da.
Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, gutxienez 75 puntu lortu beharko dira.
6.5.3. Proba psikoteknikoaren helburua izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehaztea da. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta gehienez ere 70 puntu lor daitezke.
Proba psikoteknikoak hasi aurretik, Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondoren, lanbide-profilari buruzko proposamena igorriko dio Alkatetzari. Alkatetzak profil hori onartu eta deialdiko epaimahaiari jakinaraziko dio.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, behar diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du izangai bakoitzari buruz; hura lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko du txostenak. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.
Proba hau ez da baztertzailea izanen eta 0tik 70 puntura baloratuko da.
6.5.4. Fase honetako bi probetako bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu ohiko euskarrietan, eta erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea irekiko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek beren eskubidearen alde komeni zaiena alega dezaten.
Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko emaitzak onetsi eta euskarri beretan emanen ditu argitara.
Berdinketarik suertatuz gero irizpide hauen arabera erabakiko da: oposizioaldian puntuaziorik handiena ateratzea; proba bakoitzean puntuaziorik handiena ateratzea deialdian ageri diren ordenari jarraikiz; baremoko ataletan puntuazio handiena ateratzea deialdian ageri diren ordenari jarraikiz; baremoko azpiataletan puntuazio handiena ateratzea eta, azkenik, zozketa egitea puntuazio berbera duten izangaien artean.
Berdinketak ebatzi ondoren, halakorik izan bada, aditzera emanen da gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, bai eta trebakuntza ikastarora onartutako izangaien zerrenda ere. Zerrenda, gehienez ere, 2 izangaikoa izanen da.
6.6. Igoerarako trebakuntza ikastaroa.
6.6.1. Izaera baztertzailea.
Nafarroako Segurtasun Eskolako prestakuntza ikastaroa baztertzailea da. Ikastaroa bukatzean, izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie, eta azken horiek ezin izanen dira izendatu.
Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, eta eskolak berak erabakitzen duena iraunen du. Bestalde, baztertzailea izanen da eta 200 puntuko balorazioa izanen du. Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arlo guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.
Hautaketa prozesua gainditu duten eta eman beharreko lanpostu hutsen kopuruan sartzen diren izangaiek Tuterako Udalari (edo beren jatorriko erakundeari) eskatuko diote zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehenaren lanposturako ikastaroa egin ahal izateko Nafarroako Segurtasun Eskolan. Hori guztia, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduaren 23. artikuluan eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina). Ondorioak izanen ditu Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehena izateko prestakuntza ikastaroaren hasierako egunetik aurrera.
Ikastaroa egiteko onartutakoen zerrendan adieraziko da hura zein toki, egun eta ordutan hasiko den.
Trebakuntza ikastaroa egin bitartean, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaizkio izangaiak.
6.6.2. Prestakuntza ikastaroa bukatu eta gainditu ondoren, izangaiek berehalakoan itzuli beharko dute jardunera, jatorrizko administrazioan zerbitzu berezietan deklaratuak izan aurretik zuten lanpostura.
Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren aurreikuspen sozialeko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.
Tuterako Udalak zerbitzu berezietan deklaratu eta trebakuntza ikastaroan onarturiko izangaiek, Tuterako Udaleko Udaltzaingoko udaltzain-agente lehenaren lanpostuari dagokion hasierako soldata eta berariazko osagarria jasoko dute Tuterako Udalarengandik, bai eta beren jatorrizko lanpostuan onarturik dauzkaten gradua, antzinatasuna eta familia laguntza ere. Alderdi horiek Tuterako Udalak egiaztatuko ditu.
Izangaiak ikastaroa uzten badu, uzten duen egun horretara arte izanen du eskubidea aurreko apartatuan aipatu lansariak jasotzeko.
Zerbitzu berezietako egoera bukatutakoan, aurreko apartatuan aipatutako ordainsari-erregimena izateari utziko zaio, eta horrek ez du ekarriko eskuratutako eskubiderik, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.
7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.
7.1. Trebakuntza ikastaroa bukatutakoan, Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendariak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, bai eta arlo bakoitzerako eta haren azken kalifikaziorako proposamena ere. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira lehiaketaldiko, proba teoriko praktikoko, proba psikoteknikoetako eta trebakuntza ikastaroko puntuazioak. Epaimahaiak puntuazio handiena lortu duten izangaien aldeko izendapen proposamena eginen du.
8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Alkateak Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehen izendatuko ditu aurreko apartatuko proposamenean sartzen diren izangaiak, eta aginduko du izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
8.2. Izangai izendatuek deialdia egin duen organoak ezarritako egunean jabetu beharko dute lanpostuaz. Karguaz jabetzen ez bada, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehen bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.
9. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Tuteran, 2025eko apirilaren 24an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez ere 35 puntu eskuratzen ahalko dira.
1. Nafarroako polizia kidego batean, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu polizia-agente lanpostuan.
2. Nafarroako polizia kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko enpleguan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.
3. Administrazio publiko baten mendeko beste segurtasun-kidego eta indar batzuetan modu finkoan emandako zerbitzuak: urte bakoitzeko 1,50 puntu, polizia lanpostuan.
Oharrak:
a. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
b. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
c. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
d. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horiek kontatuko dira egoera horietan sartu aurretik zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala.
b) Prestakuntza, irakasle eta ikerketa lana eta beste merezimendu batzuk: Gehienez ere 25 puntu.
1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez 10 puntu.
Oharrak:
a. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
b. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
c. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.
d. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea. Horien artean berariaz sartzen dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.
2. Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: gehienez ere 3 puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den, eta biltzarra edo argitalpena zer mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, estatukoa edo nazioartekoa.
3. Sektore publikoaren arloko prestakuntza-jarduerak antolatzea eta/edo horietan irakasleek parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.
4. Deialdian eskatutakoaz bestelako titulazio eta espezialitate akademikoak: gehienez ere 6 puntu eskuratzen ahalko dira.
–Unibertsitateko lizentziak edo graduak: 2 puntu.
–Unibertsitateko diplomak eta doktoregoak: 1 puntu.
–Masterrak: 0,75 puntu.
–Adituak eta espezialistak: 0,25 puntu.
5. Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan: gehienez ere 4 puntu.
Oharra b) atal osoari:
Atal honetan aipatutako merezimenduak baloratuko dira soilik baldin deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko trebakuntza ikastaroak.
c) Hizkuntzak: gehienez ere 15 puntu.
1. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.
–A2 maila: 1 puntu.
–B1 maila: 2 puntu.
–B2 maila: 3 puntu.
–C1 maila: 4 puntu.
–C2 maila: 5 puntu.
Titulazio eta ziurtagiri baliokideak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira.
Izangaiek hizkuntza bakoitzean frogatzen duten maila handiena zein den, hari dagokion puntuazioa emanen da, eta inolaz ere ez dira batuko bi maila edo gehiagori dagozkion puntuazioak.
d) Sariak: Gehienez ere 2,5 puntu.
1.–Zerbitzu Goraipagarrien plaka: 1,25 puntu.
2.–Zerbitzu Goraipagarrien domina: 0,75 puntu.
3.–Jendaurreko esker ona: 0,50 puntu.
4.–Esker on pribatua: 0,25 puntu.
III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.
2.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena, eta eguneratzeak.
3.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.
4.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.
5.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena. 202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.
6.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena.
7.–Udal ordenantza, terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan paratzea arautzen duena.
8.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun indarrek eta kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruzkoa.
9.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.
10.–Udal ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenari eta Tuterako espazio publikoen babesari buruzkoa.
11.–Ordenantza fiskala, merkatu txikietan lurzorua okupatzeko tasak arautzen dituena.
12.–Udal ordenantza, hiriko mugikortasun jasangarriarena.
13.–94/2022 Foru Dekretua, urriaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua.
14.–Udal ordenantza, Tuterako Udalean kuadrillen lokalak arautzen dituena.
15.–Udal ordenantza, elikagaien segurtasuna arautzen duena elikagaiak eta/edo edariak prestatu, saldu eta zerbitzatzen dituzten establezimenduetan.
16.–Prozedura Kriminalaren Legea. Prozedura Kriminalaren Legea: I. liburua: IV. titulua: Nori dagokion delitu eta falten ondoriozko akzioak gauzatzea. II. liburua: I. titulua: Salaketa. VI. titulua: II. kapitulua: Atxiloketa eta IV. kapitulua: Defentsa-eskubidearen egikaritza, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua, eta VIII. titulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea; liburuak eta paperak miatzea; eta idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.
17.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. I. liburua: II. titulua: Delitu eta faltei dagokienez erantzukizun kriminala duten pertsonak, eta II. liburua: Delituak eta horiei dagozkien zigorrak: III. titulua: Lesioak. VI. titulua: Askatasunaren aurkako delituak; II. kapitulua: Mehatxuak; III. kapitulua: Derrigortzeak. VIII. titulua: Sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituak. XIII. titulua: Ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak; I. kapitulua: Ebasketak; II. kapitulua: Lapurretak; IV. kapitulua: Ibilgailua erabiltzeko lapurreta eta ebasketa; VI. kapitulua: Iruzur egitea, 1. atala: Maulak, 2 bis atala: Bidegabe jabetzea. XVII. titulua: Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak; III. kapitulua: Herri-osasunaren aurkako delituak; IV. kapitulua: Trafiko-segurtasunaren aurkako delituak. XVIII titulua: Faltsutzeak; II. kapitulua: Agiri-faltsutzeak, 1. atala: Agiri publikoak, ofizialak, merkataritza-agiriak eta telekomunikazio-zerbitzuen bidez bidalitako idatz-agiriak faltsifikatzea. 2. atala: Agiri pribatuak faltsifikatzea. XIX. titulua: Herri administrazioaren aurkako delituak. XXII. titulua: Ordena publikoaren aurkako delituak; II. kapitulua: Agintaritzaren aurkako atentatuak, agintaritzaren agenteen eta funtzionario publikoen aurkako atentatuak, eta jarkitzea eta desobeditzea.
18.–Udal ordenantza, Tuterako taxien hiri-zerbitzua arautzen duena.
19.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa, poliziaren arreta eta babes eraginkorra. I. titulua. Xedapen orokorrak. VII. titulua: Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.
20.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
21.–Tuterako Udalaren Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunerako Plana eta Tuteran emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduera koordinatzeko tokiko lehen protokoloa: 2. kapitulua. Tuterako Udalaren erabakia. 3. kapitulua: Protokoloaren xedea eta helburuak. 6. kapitulua: Jarduera-prozedurak arloka: Sarrera. 6.2 kapitulua: Polizia arloko jarduera-prozedura. 6.3. Kapitulua: Udaltzaingoaren jarduera-prozedura. 9. kapitulua: Arreta emateko udal baliabideak emakumeen kontrako indarkeriaren esparruan.
22.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onesten duena, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –zeina onetsi baitzen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.
23.– Udal Ordenantza, hiri-ingurunea zarata eta bibrazioetatik babestekoa.
Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari jarraikiz, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.
Iragarkiaren kodea: L2506195
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
