95. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

264E/2025 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen 2025eko deialdia. DDBN identifikazioa: 827241.

Nafarroako eskualde batzuk, tokiko agenteak buru izanik –publikoak zein pribatuak–, hainbat jarduketa diseinatzen ari dira beren eremuko ekonomia, enplegua eta enpresa-ehuna suspertzeko; Nafarroako Gobernuak positiboki baloratzen du hori, eta ekimen horiek sendotu egin nahi ditu. Babes hori gauzatzeko, bederatzigarren urtez jarraian onetsiko da eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen deialdia. Dena delako eskualdeko entitateen –publiko eta pribatuen– ordezkaritza zabala beharko dute izan plan horiek.

Suspertze planak eskualde bakoitzaren erritmo eta inguruabarren arabera gara daitezela errazteko, bi babes ildo mantendu dira aurreko deialdietan zeuden hiru babes ildoetatik: A ildoa eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko da; B ildoa, berriz, plan horietan aipatutako jarduketak gauzatzea finantzatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen 2025eko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, gastu hau baimendu da 2026ko Gastuen Aurrekontuaren kargura A eta B ildoak finantzatzeko:

810001 81100 4819 422203 Eskualdeetako plan estrategikoak

2.000.000,00 euro

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 15ean.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Dirulaguntza honen helburua da Nafarroako garapena eta lurralde kohesioa sustatzea. Horretarako, Foru Komunitateko eremu guztietako eskualdeak suspertzeko planak prestatzen eta gauzatzen lagunduko da, genero ikuspegia aintzat hartuta.

2. oinarria. Definizioak.

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) "Eskualdea suspertzeko plana": lurralde bateko jarduera ekonomikoa garatzen laguntzen duen plana, balorazio ekonomikoa duten jarduketak eta gauzatze egutegi bat biltzen dituena, eta honako ezaugarri hauek dituena:

–Oinarri honen b) letran definitutako eskualde-organo ordezkatzailea osatzen duten tokiko agente publiko eta pribatu gehienek babestuko dute plana.

–Planaren lurralde eremua bat etorriko da Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean ezarritako eskualdeekin. Hala ere, behin-behinean, dagoeneko onetsita dauden planen lurralde eremua mantenduko da, Nafarroako eskualdeak foru lege baten bidez behin betiko onesten diren artean.

–Planak lerrokatua egon behar du Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S4) berriarekin, zeina 2021eko abenduaren 1ean onetsi baitzuen Nafarroako Gobernuak. S4 estrategian, bi erronka handi hauek batu zaizkie S3 estrategiako lehentasun tematikoei: trantsizio ekologikoa eta trantsizio digitala. Horiek aldaketa handiak dakartzate ekoizpen-sistemetan, kontsumitzaileengan eta merkatuetan.

–Gure gizarteko hainbat esparrutan emakumeen eta gizonen artean dauden desberdinkeriak murriztera bideratutako jarduerak sartuko dira, hala nola lanbide-, lan- edo ekonomia-esparruetan, legez nahitaez bete beharrekoak direnak izan ezik.

b) "Eskualde-organo ordezkatzailea": gutxienez, suspertze planaren lurralde eremuan ordezkaritza handiena duen udalez gaindiko organoa edo bertako udalen gehiengoa biltzen duen entitatea. Komeni da organo horrek toki garapeneko agentziak, enpresa elkarteak eta sozietate publikoak biltzea. Halaber, ulertuko da eskualde-organo ordezkatzailea dela suspertzeko plana onetsi aurretik hura prestatzeko lanetan eginkizun hori betetzen aritu den entitatea.

Organo hori oinarri honen a) letran definitu den eskualdea suspertzeko plana baloratu eta onesteaz arduratuko da.

c) "Prozesua bultzatzeko eta dinamizatzeko taldea": eskualde-organo ordezkatzaileak jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko izendatutako entitatea edo entitateak.

Deialdi honen aurretik suspertzeko plan bat onetsia duten lurraldeetan, b) eta c) letretan zehaztutako eginkizunak betetzen dituzten entitateak hartuko dira eskualde-organo ordezkatzailetzat eta prozesua bultzatzeko eta dinamizatzeko taldetzat, hurrenez hurren.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Jarduketa diruz lagungarriek eskualdea suspertzeko planetan jasota egon behar dute eta bideratuta egon behar dute eskualdeen ekoizpen-gaitasunak indartzera eta enplegua sortzera.

Jarduketa diruz lagungarriak ildo hauetakoren batean sartuko dira:

A ildoa, "Suspertzeko plana prestatzea": eskualdea suspertzeko plana prestatzeko laguntza teknikoko gastuak lagunduko dira diruz. Planak prestatzeko prozesuan, Lehiakortasunaren Zerbitzuak —hura da laguntzak kudeatzen dituen organoa— jarraipena eginen du, eta begiratuko du planaren edukiak koherentzia duela Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S4).

B ildoa, "Proiektu estrategikoak": diruz lagunduko da eskualdea suspertzeko planean sartzen ahal diren proiektuak gauzatzea, baldin eta behar bezala identifikatuta badaude, aurrekontua badute eta jarduera ekonomikoa sortzen badute.

Ildo honen barruan diruz lagunduko dira dokumentu mota hauek:

a) Eskualdeko proiektuak: eskualde-eremutik haratago ez doazen jarduketak barne hartzen dituzten proiektuak.

b) Elkarlaneko proiektuak: bi eskatzailek edo gehiagok egindako proiektuak.

c) Koordinazio proiektuak: Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuarekin elkarlanean egindako proiektuak. "Navarra Zirkular" eta "Invest in Navarra" programen barruan egonen dira haren jarduketak. Koordinazio proiektuak eskualdekoak eta elkarlanekoak ere izaten ahalko dira.

"Navarra Zirkular" programaren proiektuak hauek izanen dira:

Ekonomia zirkularra lurraldean eta bertako enpresa-ehunean ezar dadin bultzatzen duten proiektuak. Barne hartuta Navarra Zirkular 24-25 ekintza planaren helburuetan sartzen diren jarduerak, batez ere honako hauetan aritzen direnak:

–Enpresei laguntzeko zerbitzuak, haien kudeaketan ekonomia zirkularreko ekintzak identifika5tzeko eta ezartzeko, negozioaren diseinu, prozesu eta eredutik.

–Enpresek banaka eta elkarlanean gara litzaketen I+G+Bko eta ekonomia zirkularreko inbertsioko balizko proiektuak identifikatzea.

–Lurraldean ekonomia zirkularra ezagutzeko eta bultzatzeko azterlan teknikoak egitea.

–Ekonomia zirkularreranzko trantsiziorako elkarlan programak garatzen dituzten sareetan eta lantaldeetan parte hartzea.

–Eskualdean esperientzia pilotuak dinamizatzea.

Proiektua osatzen duten ekintzak argi eta garbi sartuta eta koordinatuta egonen dira Navarra Zirkular 24-25eko Ekintza Planean.

"Invest in Navarra" programaren proiektuak hauek izanen dira:

Lurraldean kokatutako enpresak erakartzeko eta haiei arreta emateko zerbitzuak ezartzea bultzatzen duten proiektuak. Barne hartuta "Invest in Navarra" programaren helburuetan sartzen diren jarduerak, batez ere honako hauetan aritzen direnak:

–Aftercare zerbitzua, ETEetarako bisitak egin eta arreta emateko eta lurraldeko neurri handiko enpresei era koordinatuan akonpainamendua ematekoa.

–Inbertsioak erakartzeko zerbitzua, barne hartuta hasierako arreta eta ondotiko akonpainamendu pertsonalizatua ezartzeko fase guztietan.

–Ezartzeko lurzorua bilatzearekin lotutako jarduketak, barne hartuta informazioa aldizka eta koordinatuki eguneratzea eta kokalekuetarako bisitetan akonpainamendua egitea.

–Eskualdeko indarguneen informazio diferentziala laguntzea eta prestatzea, "Invest in Navarra" dokumentazioan eskualdea inbertsiogileen aurrean kokatzen laguntzeko, eremura inbertsioak ekartzeko helburuarekin.

Proiektua osatzen duten ekintzak argi eta garbi sartuta eta koordinatuta egonen dira "Invest In Navarra" programan jasotakoekin.

B ildoko proiektuen barruan, ez dira diruz lagunduko honako jarduera hauek:

–Energiaren ekoizpenari, kontsumoari eta efizientziari lotutako jarduerak. Izan ere, horiek Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren Zuzendaritza Nagusiak berariaz onesten dituen dirulaguntza deialdietan egiten ahalko dute eskaera.

–Ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuak emateari dagozkionak. Izan ere, horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren enpleguko eta toki garapeneko agenteak kontratatzeko dirulaguntzen deialdietan egiten ahalko dute eskaera.

–Turismo-garapenera eta -marketinera bideratutakoak.

–Tokiko nekazaritzaren produkzioa ekoitzi, eraldatu eta merkaturatzea bultzatzekoak.

2. Ildo bakoitza laguntza eskaera bakarraren xede izanen da. A ildoko eskaeran proiektu bakarra jasotzen ahalko da, eta B ildokoan, berriz, aukera egonen da zenbait proiektu jasotzeko.

4. oinarria. Onuradunak.

1. Eskualde-organo ordezkatzaileak prozesua sustatzeko eta dinamizatzeko izendatzen dituen mankomunitateak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak baino ez dira izanen onuradun.

Eskualdea suspertzeko plan bakoitzeko erakunde bakarrak eskatzen ahalko du laguntza.

2. Dirulaguntza eskatzen den unean, interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere. Eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori. Entitate publikoak adierazpen hori aurkeztetik salbuetsita daude.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeari begira, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea hura ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ematea ebazten duen proposamena egiten den unean. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskatu izana, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

3. Laguntzaren onuradunaren eta beste entitate baten artean idatzizko akordioa badago beste entitate horrek diruz lagundutako jarduketa bat osorik edo zati batean gauzatu dezan, hori ere onuradun bihurtuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

1. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Gauzatutako proiektuei egotzitako zuzeneko gastuak.

Bidaia-gastuetan, kilometraje kostuak 0,35 eurokoak izanen dira gehienez kilometro bakoitzeko, eta ibilbide bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 100 eurokoa izanen da. Ostatu gau bakoitzeko gastu diruz lagungarria 120 eurokoa izanen da gehienez.

b) Proiektuak gauzatzen aritzen diren langileria gastuak.

2. Gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta:

–Gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta zerbitzu hori ematen duten entitateak aski ez badira merkatuan.

–Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Nolanahi ere, alderdiok esandako inprimakian arrazoitu beharko dituzte, zeina 10. oinarriaren justifikazioarekin batera aurkeztuko den.

b) BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria (zati batean zein osorik) egiteko eskubiderik ez badute. Tratamendu fiskal hori justifikatuko da Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiri egokia aurkeztuta edo 2024ko 4. hiruhilabeteko BEZaren aitorpenen bidez, hainbanaketaren araua aplikatzen den kasuetan.

c) Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea aplikatu behar zaien entitateek lege hori bete beharko dute.

3. Jarduketak gauzatzeko epea 2024ko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era artekoa izanen da, bi egun horiek barne.

Ondorio horietarako, jarduketa gauzatu dela ulertuko da baldin eta gastuak epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu badira. Baldintza hau betetzen ez dutenak ez dira diruz lagunduko.

6. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren intentsitatea gastu diruz lagungarrien % 100 izanen da, muga hauekin:

a) A ildoa: gehienez 45.000 euro onuradun bakoitzeko.

b) B ildoa: gehienez 500.000 euro onuradun bakoitzeko.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. 3. oinarriko ildo bakoitza laguntza eskaera bakarraren xede izanen da. A laguntza ildoan, proiektu bakarra aurkezten ahalko da eskaera bakoitzeko, eta B ildoan, berriz, proiektu bat baino gehiago aurkezten ahalko dira eskaera beraren barruan (proiektu horiek modu independentean ebaluatuko dira, 8. oinarrian ezartzen den bezala).

4. Laguntzak eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da (dokumentu bereizietan eskaneatuta eta izenarekin behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera-orria, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena.

b) Eskualde-organo ordezkatzailearen eratze-agiria edo -akta eta estatutuak. Eskualde-organo ordezkatzailea eratu ez bada, suspertze plana prestatzeko eginkizuna betetzen ari den entitatearen estatutuak aurkeztu beharko dira.

c) Eskualde-organoaren bilkura-akta edo bestelako agiri bat, 2.c) oinarriak aipatzen duen izendapena frogatzen duena.

d) B ildoko dirulaguntza eskaerek honako hauek ere erantsi beharko dituzte:

–Proiektu bakoitzaren aurrekontua eta memoria xehatua, egin beharreko jarduerak deskribatuko dituena. Elkarlaneko proiektuen kasuan, eskatzaile bakoitzak eskaeran adierazi beharko du eskualdeko proiektua dela, eta bertan parte hartzen duten eskualdeak zehaztu beharko ditu. Horrez gain, hauek ere adieraziko ditu: proiektuaren aurrekontu osoa, zenbatekoan eta guztizkotik eskatzaile bakoitzari zer ehuneko dagokion.

–Eskualde-organoak eskualdea suspertzeko plana onesteko egindako bilkuraren akta, aurrekontua duten ekintzak zehaztuta.

–Eskualde-organo ordezkatzaileak onetsitako eskualdea suspertzeko planaren kopia.

–Behar bada, jarduketak gauzatzeko akordioa, esku hartzen duten alderdiek sinatua, non hartutako konpromisoak adieraziko baitira, 4. oinarrian aipatutako edukia zehaztuta.

5. Aurreko deialdietan laguntza eskatu duten entitateek ez dute aurkeztu behar 4. apartatuko dokumentazioa, aurkeztua baldin badute. Dena den, horren berri eman beharko dute eskaeran.

6. Aurkeztutako dokumentazioak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria. Laguntzak emateko prozedura eta irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, 3. oinarriko laguntza ildo bakoitzean lehentasunak ezartzeko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: zerrenda bakoitzean balorazio handiena eskuratzen duten proiektuei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako erabilgarri dagoen aurrekontu kreditua agortu arte (90.000 euro A ildorako, eta 1.910.000 euro, B ildorako). A ildoko kreditua agortzen ez bada ildoko eskaera guztiei erantzun ondotik, B ildoko proiektuak finantzatzeko erabiltzen ahalko da.

Halaber, kreditu erabilgarria ez bada behar adinakoa zerrendako azken eskatzaileari laguntza osoa emateko, eskaera birformulatzeko eskatuko zaio, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 20 bis artikuluan ezarritakoaren arabera. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Proiektuak baloratzeko irizpideak, jarduketa ildoen arabera bereizita, honako hauek izanen dira:

2.1. A ildoa:

1) Planak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin duen koherentzia (50 puntu gehienez).

2) Suspertze planean dauden proiektuek jarduera ekonomikoa sortzeko zer gaitasun duten (30 puntu gehienez).

3) Eragin sozioekonomikoa eta ingurumen inpaktua: Suspertze planean genero-berdintasunera, gizarte-inklusiora eta jasangarritasunera bideratutako jarduerak baloratuko dira (20 puntu gehienez).

2.2. B ildoa:

1) Proiektuaren balorazio osoa (60 puntu gehienez):

a) Ezarritako helburuak definitzeko maila, eta aurkeztutako proiektuaren kalitatea eta argitasuna: Balioetsi eginen da proiektuarekin zer xede lortu nahi den argi eta zehatz definitzea. Aurreko urteetan egindako jarduketei jarraitzen dieten proiektuetan, balioetsi eginen dira bere garaian ezarritako helburuen betetze maila eta 2025ean eta 2026an egin beharreko jarduketen bitartez zer emaitza lortzea espero den. Balioetsi eginen da proiektuaren aurkezpena argi egiten den, eta horrez gain, haren kalitatea, egin beharreko jarduketak, irismena, egutegia/kronograma, adierazleak eta egindako azterlanak ere bai (50 puntu gehienez).

b) Proiektuaren kostuaren eta kalitatearen arteko erlazioa (5 puntu gehienez).

c) Jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko gaitasuna (5 puntu gehienez).

2) Genero-berdintasunera, gizarte-inklusiora eta jasangarritasunera bideratutako jarduketak barne hartutako proiektuak baloratuko dira. Bost (5) puntu emanen dira proiektuaren beraren barruan behar bezala definitutako jarduketa bakoitzeko; hau da, genero-berdintasunera, gizarte-inklusiora eta jasangarritasunera bideratutako jarduketak (10 puntu gehienez).

3) Proiektuei egindako kanpoko ekarpenak (azterlanak eta lan teknikoak) balioetsiko dira:

a) Kanpoko ekarpena aurrekontuaren % 10 eta % 20 artekoa izatea (3 puntu).

b) Kanpoko ekarpena aurrekontuaren % 20 eta % 30 artekoa izatea (5 puntu).

c) Kanpoko ekarpena aurrekontuaren % 30etik gorakoa izatea.

4) Elkarlaneko proiektuetan parte hartzen dutenen kopurua balioetsiko da:

a) Bi (2) eskatzaileren arteko elkarlaneko proiektua (5 puntu).

b) Hiru (3) eskatzaileren arteko elkarlaneko proiektua (7,5 puntu).

c) Hiru (3) eskatzaileren baino gehiagoren arteko elkarlaneko proiektua (10 puntu).

5) Proiektuak balioetsi egien dira, baldin eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuarekin koordinatuta egiten badira eta "Invest in Navarra" eta "Navarra Zirkular" programetako jarduketak barne hartzen badituzte (10 puntu gehienez).

3. Guztira 50 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei baizik ez zaie dirulaguntzarik emanen. Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, ildo bakoitzeko 1) irizpidearen puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta, berdinduta segituz gero, 2) irizpidekoa. Berdinduta segitzen badute, aurrekontu txikieneko proiektuari emanen zaio lehentasuna.

9. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aipatutako irizpideen arabera ebaluatuko ditu proiektuak, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarri edo argigarri oro eskatzen ahalko dio eskatzaileari. Eskaera horri ezarritako epean erantzun ezik, ebazpen bat emanen da eskatutako laguntzak ukatzeko.

Aztertu ondotik, aipatu organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, adierazi beharko da onuradunek laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartuta dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta laguntza esleitu ondotik deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean (zati batez edo guztiz) ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

10. oinarria. Diruz lagundutako proiektuak justifikatzeko epea eta modua.

1. Diruz lagundutako proiektuak justifikatzeko epea 2026ko azaroaren 30ean bukatuko da.

2. Justifikazio-agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako proiektuen eta lortutako emaitzen memoria, proiektu bakoitzean egindako gastuak zehaztuta.

Memoria horretan emakumeen eta gizonen berdintasunari lotutako betekizunak betetzeari buruzko atal bat ere sartu beharko da; 12.1 oinarriko c), d) eta e) letretan daude ezarrita betekizun horiek.

b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel liburu batean. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) B ildoko langileria gastuak honela justifikatuko dira: nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, xehakapenak eta ordainagiriak aurkeztuz. 2027ko otsailaren 10era arte aurkezten ahalko dira 2026ko azken hiruhilekoko PFEZaren atxikipenen ordainagiriak eta 2026ko azaroko Gizarte Segurantzarenak.

d) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuak, b) letrako Excel liburuko gastuen hurrenkerari jarraikiz. Laguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dute. 4.3 oinarriarekin bat onuradun ateratzen diren entitateen fakturak eta ordainagiriak onartuko dira. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.

e) Gastu diruz lagungarriek 5.2 a) oinarrian ezarritako zenbatekoa gaindituz gero, "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" inprimakia aurkeztu beharko da (eskura dago laguntzen fitxan).

11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. 10. oinarrian adierazitako frogagiriak aztertuta, laguntzen organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emanen du 6 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

2. Justifikazioa aztertu ezin bada, eta laguntzak ordaintzeko ebazpenak 2026an eman daitezen, 2026ko azaroaren 30era arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren konturako ordainketa eginen da (alde batera utzita 3. apartatuan adierazitako moduan ordaindutako dirulaguntzaren zatia). Konturako ordainketa hori egiteko, laguntzen organo kudeatzaileak 10.2 oinarriko a) eta b) letretan adierazitako egiaztagiriak aztertuko ditu.

3. Bestalde, diruz lagundutako jarduketak modu egokian finantzatu ahal izateko, onuradunek 2026ko urtarrilaren 1etik urtarrilaren 31ra arte eskatzen ahalko dute ordainketa bat egin dakiela 2024ko abenduaren 1etik 2025eko azaroaren 30era arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura.

Horretarako, gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta egindako gastuen zerrenda aurkeztu beharko dituzte, 10.2 oinarriko b) letran adierazitako moduan.

4. 2. eta 3. apartatuetan ezarritako konturako ordainketak egin badira, aurkeztutako frogagiriak aztertu ondotik, dirulaguntza likidatzeko ebazpena emanen da eta espedientea bukatutzat joko da.

Ebazpen horretan, hala badagokio, behar bezala justifikatu ez diren ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatuko da. Kasu horretan, egoki diren berandutze-interesak eskatuko dira, zeinak kalkulatuko baitira konturako ordainketaren egunetik likidazio ebazpenaren egunera arte.

12. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuradun guztiek (mankomunitateak alde batera utzita), dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Aitorpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra baldin badu (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez badu (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

3. artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru dekretu horren 4.1 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute. Betiere 1. apartatuko a) letran adierazitako epea bukatu ondotiko hilean aurkezten ez bada, hala izanez gero % 5 murriztuko baita ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea 10. oinarrian ezarritako moduan.

c) Eskualdea suspertzeko planak prestatu eta gauzatzeko prozesuetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua dela bermatzea, bai parte hartzeko prozesuetan, baita erabakiak hartzeko orduan ere (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 16. artikulua).

d) Begiratzea dirulaguntzaren xedeari lotutako agiri, publizitate, irudi edo material guztietan hizkera ez-sexista erabiltzen dela eta berdintasunaren eta rol aniztasunaren balioetan oinarrituriko irudi bat sustatzen dela (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikulua).

e) Diruz lagundutako jarduketei lotutako datuak sexuaren arabera banakatuta aurkeztea, pertsona fisikoei buruzkoak badira (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikulua).

f) Behar bezala aditzera ematea dirulaguntza honen xede diren gastuen eta inbertsioen finantzaketa publikoa izan dela. Diruz lagundutako jarduketen zabalkunde publikoa egiten denean eta entitatearen webgunean leku nabarmen batean adierazi beharko da jarduketa horiek diru publikoarekin finantzatu direla.

g) Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak interesgarritzat jotzen dituen programetan eta jarduketetan laguntzea, bai eta bazkideen artean jarduketa horien zabalkundea egiten ere.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Diruz lagundutako jarduketak zenbateko txikiagoan gauzatzen badira (ezarritako epean burutu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako proiektuaren gauzapena % 40tik gorakoa baina % 60tik beherakoa bada, jaso beharreko laguntza, egindako proiektuari dagokiona, proportzio honetan murriztuko da:

GAUZATU GABEKO
PROIEKTU ZATIA

JASO BEHARREKO
LAGUNTZAREN MURRIZKETA

% 40

% 0

% 42

% 10

% 44

% 20

% 46

% 30

% 48

% 40

% 50

% 50

% 52

% 60

% 54

% 70

% 56

% 80

% 58

% 90

% 60

% 100

–Baldin eta % 40tik behera gauzatu bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, eta, kasua bada, itzultzeko eskatuko da.

b) Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena 1. apartatuko a) letran adierazitako epea bukatu ondotiko hilean aurkeztuz gero, ordaindu beharreko laguntza % 5 murriztuko da.

13. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB). Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

14. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gastu beretarako ematen dituen dirulaguntzekin.

Bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan horiek beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak, edo partikularrenak, nazionalak nahiz nazioartekoak. Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu-kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.

16. oinarria. Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzen emakida, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

17. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2505823