Iragarkia
95. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 15a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, laneko arriskuen prebentzioko teknikari lanpostu bat oposizio bidez betetzeko, Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2025eko apirilaren 14an, deialdia onestea erabaki zuen, oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1. Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Laneko Arriskuen Prebentzioko Teknikari lanpostu bat oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko, funtzionario araubidekoa eta B mailakoa. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera eginen da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.
1.2. Lanpostua Giza Baliabideetako Alorrari atxikita dago, eta plantilla organikoan honako zenbaki honen bidez identifikatuta:
1-203500-2.
Honako txanda honi dagokio:
–1 lanpostu txanda irekian.
Lanpostu hori aldatzen ahalko da Iruñeko Udalak 2025eko apirilaren 9an onetsitako Laneko Harremanen Arduradun lanpostu baterako lekualdatze-lehiaketaren emaitzen arabera.
1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaio, aipatu araubidean aurreikusitako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
2. Betekizunak.
2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.
Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek -zuzenbidez bereizita ez badaude-, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda independizatu ez badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Unibertsitateko diplomadun edo gradudun titulua, ingeniari tekniko edo arkitekto tekniko titulua edukitzea edo horietako baten baliokidea den titulu bat, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren agiria izatea eskaerak aurkezteko epea amaitzerako.
d) Goi-mailako Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikari prestakuntza, hiru espezialitateetan, edo unibertsitateko master ofiziala Laneko Arriskuen Prebentzioan.
Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.
e) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabetuta ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.
2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte mantendu beharko dituzte.
2.3. Izendatuak izateko proposatutako izangaiek deialdi honen oinarriek zehazten duten unean egiaztatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.
3. Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamenean.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren eta/edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Tasak.
Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 22,40 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
1. Unibertsitateko Diploma edo Gradu titulua, Ingeniari teknikaria, Arkitekto teknikaria edo horietako baten baliokidea den titulua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren agiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
2. Goi-mailako Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikari prestakuntza, hiru espezialitateetan: Segurtasuna lanean, Industria-higienea eta Ergonomia eta Psikologia aplikatua edo unibertsitateko master ofiziala Laneko Arriskuen Prebentzioan.
Hala nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, baimena eman ahalko dio kudeatzaileari Hezkuntza Ministerioaren Datuak Ziurtatzeko zerbitzuan titulazioa egiaztatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan titulua ez baitago Ministerio horretan jasota.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
–Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudunak emana- aurkeztu beharko dute.
3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
3.6. Aski izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
4. Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiz, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Javier Barace Egaña, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko ingeniaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Alorreko zuzendaria.
Epaimahaikidea: José Javier Abárzuza Gil, Iruñeko Udalaren Lan Medikuntzako Unitateko burua.
Epaimahaikide ordezkoa: Silvia Cabrerizo Juárez, Iruñeko Udaleko Laneko Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuko koordinatzailea.
Epaimahaikidea: Mirentxu Marin Malo, lanaren eta gizarte segurtasunaren zuzenbideko irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Epaimahaikide ordezkoa: Pedro Villanueva Roldán. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza departamentuko Ingeniaritza proiektuetako Alorreko langile iraunkorra.
Epaimahaikidea: Salvador Tarazona Cabezón, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeak izendatutakoa.
Epaimahaikide ordezkoa: María José Elverdin Garcés, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeak izendatutakoa.
Epaimahaikide-idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko giza baliabideetako teknikaria.
Idazkari ordezkoa: Arantxa Campo Mayo, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Alorreko idazkaria teknikoa.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisa izendatutakoak, bigarren ordezkapen bat egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. Oposizioaren garapena.
6.1. Oposizioa 2025eko azarotik aurrera hasiko da.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.3. Oposizioak ariketa bat izanen du, eta ariketa horrek bi proba izanen ditu:
a) I. proba: test erako galdetegia.
Ariketa teorikoa izanen da. Izangaiek deialdi honen I. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruzko gehienez 100 galdera -test modukoak- erantzun beharko dituzte, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan nola zigortu akatsak.
Proba honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
b) II. proba: bi kasu teoriko-praktiko ebaztea.
Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz ebatzi beharko dira epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko gaitegiari buruz proposatutako bi kasu praktiko. Garatzeko galderak izanen dira. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.
Gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. 60 puntuetatik 50 idatzizko atalari dagozkio: 25 puntu kasu praktiko bakoitzari, eta bakoitza bere aldetik gainditu beharko da (kasu bakoitzari ematen zaion puntuazioaren %50 erdietsi beharko da) proba osoa gainditzeko. Eta kasu praktikoen ahozko defentsari 10 puntu egokituko zaizkio: gutxienez 5 puntu erdietsi beharko dira gainditzeko (defentsaren balioaren %50).
I. eta II. probak egun ezberdinetan eginen dira.
Bi kasu teoriko-praktikoen idatzizko atala egin eta gero, dei eginen zaie kasuak ahoz eta jendaurrean azaldu eta defenda ditzaten idatzizko atala gainditu eta I. eta II. probetan orotara kalifikaziorik handienak erdietsi dituzten 30 lagunei. Izangai batzuk 30. postuan berdinduta gertatuz gero, horiek guztiek eginen dute defentsa.
Izangai bakoitzak horretarako zehazten den egunean (Udalaren webgunean argitaratuko da) defendatu beharko ditu kasu teoriko-praktikoak Epaimahaiaren aurrean, gehienez ere 10 minutuz, eta Epaimahaiak galderak egiten ahalko dizkio, beste 10 minutuz.
Ahozko defentsan erdietsitako kalifikazioa kasu teoriko-praktikoen idatzizko atalean erdietsitakoari gehituko zaio. Proba horien puntuazioa ahozko defentsa egin baino lehenago argitaratuko da.
6.4. Oposizioko probetara izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan.
6.6. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiendako.
6.7. Proba bakoitza amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 3 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balorazioei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.
7. Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Behin hautaprobak amaituta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda oposizioan erdietsitako puntuazioekin, eta Giza Baliabideetako Zuzendaritzari igorriko dizkio.
7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, probaren II. atalean puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.
Halere berdinketa ez bada hausten, zozketa bakar batez ebatziko da, horretarako iragarriko den ekitaldi publikoan.
8. Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, gainditu duen izangaia izendatze aldera, deialdian eskainitako lanposturako.
Aipatutako izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.
8.2. Proposatzen den izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:
8.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa ez den izangaia:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.
b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.
c) Zinpeko adierazpen bat edo adierazpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.
e) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.
8.2.2. Desgaitasunen bat alegatu duen izangaia. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.
8.3. Agiri horiek aipatu epean -behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan salbu- aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.
8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.
8.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eska dezakeen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du deialdiaren 8.2. apartatuan ezarritakoarekin bat.
9. Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du, lanpostuan aritzeko, eta lanpostu hutsa esleituko dio aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiari.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez duenak Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
9.3. Izangaia funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio lanpostuaren jabetza hartzen duen egunetik beretik -indarreko araudian ezarritako kasuetan-, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
9.4. Aurreko bi puntuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta egoera horren ondoriozko lanpostua adjudikatuko zaio zuzenean.
10. Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak.
11. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.
11.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin -non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa-, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:
a) Lanposturik lortu ez, baina proba gainditu duten izangaien zerrenda.
b) Lanposturik lortu ez, oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetako I. atala gainditu duten izangaien zerrenda.
c) Hautapen-prozesuko probako I. atalean ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.
11.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
11.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.
11.4. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.
Halaber, lanposturik eskuratu ez eta proba gainditu ez dutenen zerrendan izangaien hurrenkera probaren I. atalean erdietsitako puntuaziorik handienaren arabera zehaztuko da.
Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.
11.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru lanpostutik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.
11.6. Era berean, aurreko apartatuetan ezarritako hurrenkeran, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa hartuko da kontuan. Horren arabera, Nafarroako Foru Komunitateak onetsitako araudiaren araberako deialdi batean lanpostua lortzen duten genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, edozein txandatan eta izaera hori frogatzen badute, gainerako izangaiekiko lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak hautatzeko orduan, hargatik eragotzi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-hurrenkera.
12. Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2025ko apirilaren 14an-Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
I. ERANSKINA.–GAITEGIA
Zati orokorra
1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.
2. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: Atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.
3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera (X. titulua, II. kapitulua). Iruñeko Udalaren Udal Antolaketari buruzko Dekretua.
4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua. III. titulua. Administrazioarteko harremanak.
5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.
6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; zehaztapenak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Ebazpenak betearaztea. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.
7. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duena.
8. gaia.–Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.
9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.
11. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).
12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratu-tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu-kudeaketaren printzipioak eta arauak. Publikotasun-arauak eta esleipen-prozedurak. Kontratuak gauzatzea. II. titulua: Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.
13. gaia.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia: Diagnostikoa eta Ekintza Plana.
Zati espezifikoa
14. gaia.–Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa (2017-2019): VI. kapitulua. Lan-osasuna eta Laneko Arriskuen Prebentzioa.
15. gaia.–Laneko segurtasunari eta osasunari lotutako oinarrizko kontzeptuak. Prebentzioaren esparruko diziplinak. Laneko Segurtasuna. Higiene Industriala. Ergonomia. Psikosoziologia aplikatua. Laneko medikuntza.
16. gaia.–Lanak eragindako kalteak. Lan-istripuak eta laneko gaixotasunak. Kontzeptua. Jakinarazpena, erregistroa eta sailkapena. Legezko araudia. Lan-istripuen azterketa estatistikoa: kontzeptua eta helburuak. Indize estatistikoak.
17. gaia.–Segurtasunari eta laneko osasunari lotutako politika komunitarioa. Estatuko politika laneko arriskuen prebentzioaren alorrean: administrazio publiko eskudunak laneko arriskuen prebentzioko alorrean. Laneko Segurtasun eta Osasuneko Institutu Nazionala. Laneko eta gizarte segurantzako ikuskaritza. Laneko Segurtasunerako eta Osasunerako Europako Agentzia. Lanaren Nazioarteko Erakundea (LNE).
18. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Garapeneko araudia.
19. gaia.–39/1997 Errege Dekretua, urtarrilaren 17koa, Prebentzioko Zerbitzuen Erregelamendua onesten duena. Garapeneko araudia.
20. gaia.–171/2004 Errege Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 24. artikulua garatzen duena, enpresa-jardueren koordinazioari dagokionez.
21. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa enpresan integratzeko eta kudeatzeko tresnak. Kudeaketa-sistemak. Arriskuak aztertzea, prebentzio-plangintza, informazioa, prestakuntza, istripuak ikertzea, osasuna zaintzea.
22. gaia.–Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko arau teknikoak: UNE arauak. ISO arauak. Erreferentziazko agiri teknikoak: Prebentzioko ohar teknikoak.
23. gaia.–Amatasunaren babesa laneko arriskuen aurrean. Indarrean dauden legeak. Lan-arriskuak kudeatzea amatasunean. Laneko Segurtasun eta Osasuneko Institutu Nazionalaren jarraibideak lanean amatasunaren arriskuak eta babesa aztertzeko.
24. gaia.–Norbera babesteko ekipamenduak. 773/1997 Errege Dekretua, maiatzaren 30ekoa, langileek norbera babesteko ekipamendua erabiltzeari buruzko laneko osasunaren eta segurtasunaren arloko gutxieneko xedapenei buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. 2016/425 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko martxoaren 9koa, norbera babesteko ekipamenduei buruzkoa eta Kontseiluaren 89/686/EEE Zuzentaraua indargabetzen duena.
25. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza. Eskubideak eta betebeharrak. Prestakuntzaren plangintza enpresan. Beharren diagnostikoa. Helburuen definizioa. Prestakuntza-metodoak eta -teknikak.
26. gaia.–Bereziki sentikorrak diren langileak. Arrisku jakinetara sentikorrak diren langileak. Desgaitasuna duten langileak. Aldi baterako langileak. Definizioa. Detekzioa. Neurri bereziak.
27. gaia.–Lantokiak eta segurtasun-seinaleak. 486/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, lantokietako gutxieneko segurtasun- eta osasun-neurriei buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. 485/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, laneko segurtasuneko eta osasuneko seinaleen arloan gutxieneko xedapenak ezartzen dituena, eta horren Gida Teknikoa.
28. gaia.–Lantaldeak eta makinak. 1215/1997 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, Langileek lan-ekipamenduak erabiltzeari buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. 1644/2008 Errege Dekretua, urriaren 10ekoa, makinak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituena. Prebentzio-kudeaketa.
29. gaia.–Makinak. 1644/2008 Errege Dekretua, urriaren 10ekoa, makinak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituena. Prebentzio-kudeaketa.
30. gaia.–Arrisku elektrikoa. 614/2001 Errege Dekretua, ekainaren 8koa, arrisku elektrikoaren aurrean langileen osasuna eta segurtasuna babesteko gutxieneko neurriei buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko eraginak.
31. gaia.–Larrialdiak. Larrialdi-neurriak. Larrialdi-planak. 393/2007 Errege Dekretua, martxoaren 23koa, larrialdi egoerak sortzen ahal dituzten jarduerak betetzen dituzten zentro, establezimendu eta egoitzen autobabeserako oinarrizko araua onesten duena.
32. gaia.–Arrisku elektrikoa. 614/2001 Errege Dekretua, ekainaren 8koa, arrisku elektrikoaren aurrean langileen osasuna eta segurtasuna babesteko gutxieneko neurriei buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko ondorioak.
33. gaia.–Atmosfera leherkorrak. 681/2003 Errege Dekretua, ekainaren 12koa, lantokiko atmosfera leherkorretatik eratorritako arriskuen eraginpean dauden langileen osasuna eta segurtasuna babesteari buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. Prebentzio-kudeaketa.
34. gaia.–Eraikitze-lanak. 1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, eraikuntza-obretako gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenei buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. Prebentzio-kudeaketa.
35. gaia.–Lanak altueran eta espazio itxietan. Arriskuak eta prebentzio-neurriak.
36. gaia.–Suteak. Suaren kimika. Su motak. Suteen aurkako prebentzio- eta babes-neurriak. Suteetatik babesteko instalazioak. Suteak detektatzeko sistemak eta alarmak. Sua itzaltzeko bideak.
37. gaia.–Agente kimikoak. 907/2006 Erregelamendua (EE), substantzia eta prestakin kimikoen erregistro, ebaluazio, baimen eta murrizketei buruzkoa. Informazio-mekanismoak: etiketak. Segurtasun-datuen fitxak. 1272/2008 Erregelamendua (EE), substantzia eta nahasketak sailkatu, ontziratu eta etiketatzeari buruzkoa. Produktu kimikoen arriskugarritasun ezaugarriak.
38. gaia.–Gai kimikoak. 374/2001 Errege Dekretua, apirilaren 6koa, langileen osasuna eta segurtasuna laneko agente kimikoekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzkoa, eta Gida horren teknikoa. Prebentzio-kudeaketa.
39. gaia.–Agente biologikoak. 664/1997 Errege Dekretua, maiatzaren 12koa, langileak laneko agente biologikoen eraginpean egotearekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko eraginak.
40. gaia.–Agente kantzerigenoak. 665/1997 Errege Dekretua, langileak laneko agente kantzerigenoen edo mutagenoen eraginpean egotearekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko eraginak.
41. gaia.–Amiantoa. 396/2006 errege Dekretua, martxoaren 31koa, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu beharreko gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituena, eta horren Gida Teknikoa. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko eraginak.
42. gaia.–Zarata. 286/2006 Errege Dekretua, martxoaren 10ekoa, langileen osasuna eta segurtasuna zarataren eraginpean egotearekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko eraginak.
43. gaia.–Bibrazioak. 1311/2005 Errege Dekretua, azaroaren 4koa, langileen osasuna eta segurtasuna bibrazio mekanikoen eraginpean egotetik eratorritako edo eratortzen ahal diren arriskuen kontra babesteari buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko eraginak.
44. gaia.–Estres termikoa. Ezaugarri nagusiak. Prebentzio-kudeaketa. Baloratzeko metodoak: WBGT eta IREQ indizeak. Beroaren eta hotzaren eragina osasunean.
45. gaia.–Erradiazio ez ionizatzaileak. 486/2010 Errege Dekretua, apirilaren 23koa, langileen osasuna eta segurtasuna erradiazio optiko artifizialen eraginpean egotearekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzkoa. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko eraginak.
46. gaia.–Erradiazio ionizatzaileak. 783/2001 Errege Dekretua, uztailaren 6koa, erradiazio ionizatzaileen aurkako osasun-babesari buruzko Erregelamendua onesten duena. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko eraginak.
47. gaia.–Eremu elektromagnetikoak. 299/2016 Errege Dekretua, uztailaren 22koa, langileen osasuna eta segurtasuna eremu elektromagnetikoen eraginpean egotearekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzkoa, eta horren Gida Teknikoa. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko eraginak.
48. gaia.–Lana jatorri duten nahasmendu muskuloeskeletikoak. Arrisku-faktoreak. Esposiziotik eratorritako kalteak. Arrisku horiek prebenitzeko kudeaketa.
49. gaia.–Iruñeko Udalaren laneko jazarpen moralaren eta etsaitasunezko jokabideen aurkako jarduera-protokoloa.
50. gaia.–Iruñeko Udalaren prebentzio- eta jarduketa-protokoloa sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka.
51. gaia.–Zamak eskuz manipulatzea. Arrisku-faktoreak. Ebaluazio-metodoak. Prebentzio- eta kontrol-neurriak. Legeak, araudia eta zerikusia duten gida teknikoak. 487/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, zama eskuz kargatzeagatik arriskuan izan daitezkeen langileen osasunaren eta segurtasunaren (batez ere, bizkarrean eta gerrialdean) arloko gutxieneko xedapenei buruzkoa. Osasunaren gaineko eraginak.
52. gaia.–Behartutako jarrerak eta errepikatzen diren mugimenduak. Arrisku-faktoreak. Ebaluazio-metodoak. Prebentzio- eta kontrol-neurriak. Legeak, araudia eta gida teknikoa. Osasunaren gaineko eraginak.
53. gaia.–Ordenagailua duten lanpostuak ergonomikoki egokitzea. Prebentzio-kudeaketa. Legeak, araudia eta gida teknikoa. 488/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, datuak bistaratzeko pantailak dituzten ekipoekin lan egitearen inguruko segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenei buruzkoa. Osasunaren gaineko eraginak.
54. gaia.–Laneko karga-mentala. Arrisku-faktoreak. Ebaluazio-metodoak. Prebentzio- eta kontrol-neurriak. Legeak, araudia eta gida teknikoa. Osasunaren gaineko eraginak.
55. gaia.–Barruko giroaren kalitatea. Barruko giroen arrisku-faktoreak. Ebaluazioa, prebentzioa eta kontrola. Legeak, araudia eta gida teknikoa. Osasunaren gaineko eraginak.
56. gaia.–Arrisku-faktoreak eta -psikosozialak. Kontzeptua. Sailkapena. Prebentzio-kudeaketa. Esku-hartze psikosoziala. Legeak, araudiak eta lotura duten ohar teknikoak. Eragina osasunean. Faktore eta arrisku psikosozialak ebaluatzea. Ebaluazio-metodoak.
57. gaia.–Barruko eta kanpoko indarkeria lanean. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko eraginak.
58. gaia.–Lanean ematen den denbora. Lan-txandak eta gaueko txanda. Prebentzio-kudeaketa. Osasunaren gaineko eraginak.
Oharra: Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Iragarkiaren kodea: L2506025
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
