Iragarkia
95. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 15a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LIZARRA
Deialdia, administrari ofizialaren hiru lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko
Alkatetzak 2025eko apirilaren 29an emandako 462. Ebazpenaren bidez, honako hau erabaki zen:
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoaren babesean, bidezkoa da merezimendu-lehiaketa bidez betetzea administrari ofizialen lanpostu hutsak, Administrazioko plantilla organikoko 1.6, 1.10 eta 1.5 zenbakiekin identifikatuak.
Deialdiaren oinarriak eta espedientean dauden eranskinak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Deialdia onesteko erabaki honi dagokionez, neureganatzea Alkatetzaren 2023ko uztailaren 3ko 189. Ebazpenaren bidez Lizarrako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzitako eskumena.
Bigarrena.–Lizarrako Udaleko administrari ofizialaren hiru plaza (1.5, 1.10 eta 1.6 plazak) lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onestea.
Hirugarrena.–Agintzea deialdiaren oinarriak eta haren eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Laugarrena.–Ebazpen honen berri ematea udaleko osoko bilkurari, organo kolegiatu horrek egiten duen lehen bilkura arruntean.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze lehiaketa bidez betetzea 2024ko plantilla organikoan identifikatutako administrari ofizialaren lanpostu hutsak, zenbaki hauekin: 1.6, 1.10 eta 1.5.
Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 26. artikuluaren arabera, lekualdatze lehiaketetan eta kategoriaz igotzeko lehiaketetan, epaimahai kalifikatzaileak deialdia egin duen organoari aipatutako araudiaren 40. artikuluaren a) eta c) letretako lehenengo paragrafoan aipatzen den zerrenda helarazten dion egunean hutsik dauden lanpostuekin osatzen ahalko dira gero deialdiaren xede diren lanpostuak.
Era berean, lekualdatze lehiaketetan, deialdiaren xede izanen dira, batetik, hasieran deialdian sartutako lanpostuak eta, hala badagokio, aurreko apartatuan aipatzen den kopurua handitzearen ondoriozkoak, eta, bestetik, lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak.
1.2. Lekualdatze lehiaketa arau hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena, eta 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena.
1.3. Deialdi honen bidez izendatutako izangaiek Lizarrako Udaleko funtzionarioentzat ezarritako funtzioak bete eta horien eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.
1.4. Lanpostuak C mailakoak dira eta guztiek maila horri dagozkion ordainsariak izanen dituzte, eta 2024ko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak gehituko zaizkie. 1.5 plazak euskararen derrigorrezko B2 hizkuntza-eskakizuna du.
1.5. Deialdiko lanpostuak bete gabe geratzen badira, edo lekualdatze lehiaketa bukatu ondoren hutsik geratzen badira, deialdia eginen da betetzeko Lizarrako Udaleko administrari ofizialaren lanpostua, funtzionario araubidekoa eta C mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez.
2. Funtzioak.
Bete beharreko eginkizunak deialdian sartutako lanpostuen mailarako eta kategoriarako egokiak izanen dira, eta, zehazki, eta "numerus clausus" izanik gabe, honako hauek izanen dira:
–Udaleko alorrendako garatutako datu-baseak eta aplikazioak kudeatzea, mantentzea eta aldatzea.
–Dokumentuak, jakinarazpenak, komunikazioak, inprimakiak edo beste edozein idazki prestatzea eta izapidetzea.
–Idazkaritzaren alorreko administrazio lanak, besteak beste: kontratazio alorrekoak, alorrari esleitutako administrazio prozedurak, alkatetzaren ebazpenak, osoko bilkuraren erabakiak, tokiko gobernu batzarra eta erakundearen beste gobernu eta administrazio organo batzuk.
–Lizarrako Udalean administrazio espedienteak kudeatzeko ezarritako tresna informatikoak erabiltzea.
–Idazkaritza alorrari dagozkion gaietan jendeari arreta ematea.
–Laguntza administratiboa ematea hala eskatzen duen edozein udal zerbitzuri.
–Mota guztietako dokumentuak idatzi, artxibatu eta berrikustea.
–Elkarlanean aritzeko gaitasuna eta administrazio edo kudeaketa beharrak hautemateko gaitasuna.
–Oro har, arestian deskribatutakoen antzeko zereginak egitea, zerbitzua dela-eta agintzen zaizkionak, lanpostuari dagokionez eta bere maila eta kategoriaren barnean.
2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.
2.1. Indarrean den araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:
a) Lizarrako Udalaren zerbitzuko langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) C mailan edo taldean sartuta egotea, administrari ofizialaren lanpostuan.
c) 1.5 lanpostua eskuratzeko, euskarako B2 titulua edo baliokidea izatea.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa aldatzea.
Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostua behin betiko adjudikatuko zaie.
2.2. Aurreko baldintzak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako epean eta eran frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete behar direla ulertuko da. 2. oinarri honen 1. apartatuan aipatutako baldintzak, gainera, hautapen prozedurak irauten duen bitartean ere bete beharko dira. Hautapen prozedura izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.
3. oinarria.–Eskabideak eta haiek aurkezteko epea.
3.1. Lekualdatze lehiaketan parte hartu nahi dutenek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute Lizarrako Udalaren egoitza elektronikoan (ESTELLA-LIZARRA egoitza elektronikoa), eredu ofizialaren arabera (deialdi honen II. eranskina); izan ere, horretara behartuta daude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ez da luzatzen ahalko.
3.3. Eskabidearekin batera, alegatutako merezimenduen zerrenda aurkeztu behar da, I. eranskinean aipatzen den baremoari jarraikiz sailkatuak, bai eta haien frogagiriak ere, behar bezala kautotuak.
3.4. "Dokumentuak eman eta izapidetzeagatiko tasak arautzen dituen 4. ordenantza fiskalean" xedatutako azterketa eskubideei dagokien tasaren hamar euroak ordaindu izanaren egiaztagiria.
Tasa autolikidazio bidez ordainduko da bankuko txartelaren bidez egoitza elektronikoan bertan, eskabidea aurkezteko izapidean. Egiaztagiria automatikoki sortuko da eta eskabideari erantsiko zaio.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
4. oinarria–Izangaien onarpena.
4.1. Onartzeko baldintza gisa ezartzen da bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzea, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta epe barnean aurkeztea eskabideak, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera.
4.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkatetzak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori argitara emanen da Lizarrako Udalaren iragarki taulan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udalaren web-orrialdean. Izangai bazterturik ez bada, zerrenda behin betiko onetsiko da zuzenean.
4.2. Interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka, eta, akatsik izan bada, haiek zuzentzen ahalko dituzte, zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita lau egun naturaleko epearen barruan.
4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Lizarrako Udaleko alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Lizarrako Udaleko iragarki taulan eta udalaren web-orrialdean argitaratuko da.
4.4. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, Lizarrako Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean, udaleko iragarki taulan eta udaleko web-orrialdean argitaratuko da.
5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Marta Ruiz de Alda Parla, Lizarrako alkatea.
–Ordezkoa: udalbatzako kide bat, hura eskuordetzen duena.
Epaimahaikidea: Lizarrako Udaleko giza baliabideetako teknikaria.
–Ordezkoa: Lizarrako Udaleko langile bat, hura eskuordetzen duena.
Epaimahaikide-idazkaria: Lizarrako Udaleko idazkaria.
–Ordezkoa: Lizarrako Udaleko langile bat, hura eskuordetzen duena.
5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lizarrako Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiaren osaera aldatzen bada abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.
5.3. Epaimahaia lehiaketa hasi aurretik eratu beharko da, eta bere eraketak eta ondorengo jarduketek balio izateko, kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahal du proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
6. oinarria.–Merezimenduen kalifikazioa.
6.1. Lehiaketa honetan, epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu honako baremo honen arabera:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 30 puntu gehienez.
b) Prestakuntza: 10 puntu gehienez.
Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak, eta gehienez ere 40 puntu izanen dira.
6.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak noiznahi dokumentazio gehiago eskatzen ahal du, behin betiko balorazioa egin baino lehen, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala frogatua.
6.3. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.
6.4. Merezimenduak kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Lizarrako Udalaren iragarki taulan eta udalaren web-orrian, eta izangai bakoitzak lortutako puntuak zehaztuko ditu. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Lizarrako Udalaren egoitza elektronikoan (Estella-Lizarra egoitza elektronikoa), "eskabide orokorra" izapidea erabiliz.
6.5. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta epaimahaiak haiek ebatzita, Lizarrako Udaleko iragarki taulan eta web-orrian argitaratuko da berriz ere izangaien zerrenda, merezimenduen kalifikazio fasean lortutako behin betiko puntuazioekin.
7. oinarria.–Izangaien zerrenda ordenatua eta lanpostuaren esleipena.
7.1. Kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda argitaratuko du udalaren webgunean eta udaleko iragarki taulan.
Izangaiek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da, 215/1985 Foru Dekretuaren 39. artikuluaren arabera.
7.2. Zerrenda horri jarraituz, alkatetzari igorriko zaio puntuazio altuena lortu duten pertsonak izendatzeko proposamena, bai eta azken bilkuraren akta ere. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Alkateak hartuko du, hala badagokio, hasiera batean deitutako plazak gehitzearen erabakia, 215/1985 Foru Dekretuaren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.
7.3. Lekualdatze lehiaketak ebatzita hutsik gelditzen diren lanpostuak funtzio publikoan sartzeko deialdian sartuko dira.
8. oinarria.–Lanpostuen jabetza hartzea.
8.1. Izangaiek izendapenari buruzko ebazpena jakinarazi eta ondoko hamar egun naturaleko epearen barruan bete beharko dute lanpostua.
8.2. Aipatu epean eta aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu jabetza hartzen ez duten izangaiek lehiaketaren jardunetatik sortutako eskubideei uko egiten dietela ulertuko da, eta hala izanik, aurreko oinarrian adierazi zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da lanpostua.
9. oinarria.–Datuen babesa.
Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Lizarrako Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko lanpostu hutsa betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, betetzeko tratamenduaren arduradunari dagokion lege betebehar bat.
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz aplikatzeko kontratuaren aurreko neurriak.
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@estella-lizarra.com).
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz honen oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
–Berraztertzeko errekurtsoa, zuzenduko zaiona egintza eman duen organoari, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.
Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Lizarran, 2025eko apirilaren 29an.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.
I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (30 puntu gehienez).
Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen da urte bakoitzeko, deialdia argitaratzen den egunean onartutako antzinatasuna aintzat harturik.
Administrazio publikoetako merezimendu profesionalak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagirian adierazi beharko dira betetako lanpostua, maila, zerbitzuaren iraupena eta lanaldi mota.
Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
Zerbitzuak ematen hasten direnetik bukatzen diren arte emandako zerbitzuak baloratuko dira, egindako lanaldiaren ehunekoa zeinahi dela ere, %50 baino txikiagoa denean izan ezik; kasu horretan, puntuazioa proportzionalki esleituko da.
Ez da baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzurik.
Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.
Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzerakoan zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.
Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira aldi berari badagozkio. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.
B) Prestakuntza (gehienez 10 puntu).
Deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza jarduerak edo titulazioak baloratuko dira, eta 8 puntu emanen dira gehienez.
–Erakunde ofizialek edo/eta elkargo profesionalek, zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu 10 ikastordu bakoitzeko, eta gehienez ere 8 puntu.
–Unibertsitateko nahiz goi mailako lanbide heziketako titulu akademikoa. Titulu akademiko bakoitzeko, 5 puntu emanen dira.
Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak, ez eta zer iraupen izan duten zehazten ez dutenak ere.
II. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
IZENA | |
NANa | JAIOTEGUNA (urtea/hilabetea/eguna) |
EGUNGO HELBIDEA (kalea, zenbakia, solairua) | |
POSTA KODEA / HERRIA | TELEFONO MUGIKORRA |
HELBIDE ELEKTRONIKOA | |
AZALTZEN DUT:
–Administrari ofizialen hiru plaza lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian eskatutako baldintza eta betekizun guztiak betetzen ditudala, dagokion epean eta moduan.
–Ez dudala eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, eragozten didanik karguan aritzea.
–Ez dut indarreko xedapenetan ezarritako ezintasunetako bakar bat ere.
–Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
–Eskabideari agiri hauen kopiak erantsi dizkiot:
- Nortasun agiri nazionalaren kopia.
- C mailan edo taldean sartuta egotearen ziurtagiria, Lizarrako Udaleko administrari ofizialaren lanpostuan.
- Baloratuko diren merezimenduak frogatzeko agiriak.
- Tasa ordaindu izanaren agiria.
Desgaitasun bat dudala, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dudala (beste orri batean dago zehaztuta zein egokitzapen eskatzen ditudan eta zergatik).
Desgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.
Horrenbestez, ESKATZEN DUT onar nazatela aipatutako hautapen prozesuan.
Lizarran, 2025eko .........................................aren ...................(e)(a)n.
(Sinadura)
LIZARRAKO UDALEKO ALKATEA.
Datuen babesa.Tratamenduaren arduraduna: Lizarrako Udala. Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bestelako eskubideak ere, deialdiaren 10. oinarrian adierazitako informazio gehigarrian adierazitakoarekin bat.
Iragarkiaren kodea: L2506321
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
