95. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

134E/2025 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita kable elektrikoa, burdin txatarra eta burdinazkoa ez dena birziklatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioa Noain Elortzibarko udal-mugarten dago, eta haren titularra Recuperaciones Metálicas Ibiferro SL da.

Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.

2022ko urriaren 15ean, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, kudeatutako hondakinen zerrendan, beste bi hondakin sartzeko, 200135 * EHZ eta 200136 EHZ kodeak dituztenak, material elektrikoari eta elektronikaori dagozkionak.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aurkeztutako eskaera aztertu, eta ondorioztatu du ezin dela onartu hondakin horiek zerrendan sartzea, instalazioak ez baitu jarduera hasteko lizentziarik aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen tratamenduari lotutako prozesu eta instalazioetarako.

2017ko otsailaren 27an, instalazioaren titularrak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zuen instalazio honen proiektuaren zati bat abian jartzeari buruz, baina aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen tratamenduari lotutako prozesu eta instalazioak adierazpen horretatik kanpo geratu ziren. Izan ere, horiek abian jartzeko baimena eman ahal izateko, proba bat egin behar da aldez aurretik, hala baitago xedatuta otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan. Ez denez izapidetu instalazioaren irekiera osoa, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei lotutako prozesuek, gaur egun, ez dute abian jartzeko baimenik.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.– Ukatzea kable elektrikoa, burdin txatarra eta burdinazkoa ez dena birziklatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioa Noain Elortzibarko udal-mugarten dago, eta haren titularra Recuperaciones Metálicas Ibiferro SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Recuperaciones metálicas Ibiferro SLri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F2505918