1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
131E/2025 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz egokitzen baita Zarrakazteluko udal mugartean dagoen konpostatze zentro baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra SLIR SL da.
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 400E/2019 Ebazpenaren bidez emana.
Azken urteotan, ingurumen arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, erreferentziako instalazioari eragiten diotenak, hala nola apirilaren 8ko 7/2022 Legea, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoa.
2025eko martxoaren 10ean, jakinarazpen bat jaso zen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriotik, gogorarazteko bukatu dela Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen laugarren xedapen iragankorrean ezarritako araubide iragankorra, eta, beraz, beharrezkoa dela Ongarrien Erregistroan inskribatutako ongarriak merkaturatzen dituzten enpresen ingurumen baimenak egokitzea apirilaren 8ko 7/2022 Legera.
Kasu honetan, ondorioztatu da gertatzen direla Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4 artikuluaren e) letran adierazitako inguruabarrak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege hori), eta, horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta Industriako Isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Ofizioz egokitzea Zarrakazteluko udal mugartean dagoen konpostatze zentro baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera, bat etorriz Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin. Instalazio horren titularra SLIR SL da.
Bigarrena.–Bere horretan mantentzea instalazioak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan hondakinen kudeatzaile gisa duen baimena (15G04067008432001 erregistro zenbakia). Baimen hori beharrezkoa da Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.1 artikulua aplikatuz.
Kudeatzen ahal dituen hondakinak, bai eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ere, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari. Baimenaren indarraldia ingurumen baimen integratuaren indarraldi bera izanen da, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua aplikatuta (Hondakinak biltzeko eta tratatzeko eragiketen baimena).
Instalazioaren ustiatzaileak baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimen hori eman beharko dio instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak.
Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuaren ofiziozko berrikuspen hau onesten da galarazi gabe instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 (EE) Erregelamendua.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau Slir SLri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko apirilaren 10ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2505606