95. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

30E/2025 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Paternaingo Hilobien memoriagunea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu eta inskribatzeko prozedurari.

Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, 9. artikuluan ezartzen du "Nafarroako Memoria Historikoaren Tokia" izeneko figura.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautu zuen Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Foru lege horretan ezarrita dago Nafarroako Gobernuan memoria historikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraitu beharreko prozedura zehatza, zeina burutuko baita ezarritako baldintzak betetzen dituzten toki edo guneak Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko erabakiarekin.

Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeak berekin ekarriko du prebentziozko inskripzioa egitea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, eta, hala aitortzen bada, behin betiko inskribatzea; horrek berekin ekarriko du foru lege horretan ezarritako aitortza berezia eta babes araubidea aplikatzea, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere, ondorio guztietarako.

Nafarroako Memoriaren Institutuak uste du Paternaingo Hilobien memoriagunea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki gisa katalogatua izateko baldintzak betetzen dituela eta, horregatik, bidezkoa dela hasiera ematea hura Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko eta inskribatzeko prozedurari.

Paternaingo herriaren inguruetan, Iberora doan bide zaharraren ondoan, hamar lagun atera zituzten hiru hobitatik 2022ko uztailean. Hobi horietan lurperatuta zeudenak 1936ko kolpe militarraren ondorioz erail zituzten. Nafarroako Gobernuko DNA bankuak egiaztatu zuen hobian zeudenetako zazpi trenbideetako langileak zirela, 1936ko abuztuaren amaieran geltokiaren inguruetan atxilotu eta ordu batzuk geroago Paternainen eraildakoak. Gregorio Albo, Julio Butrón, Antolín Eguiluz, Julio Peña, Juan Bautista Sansano, Manuel Serón eta Francisco Velaza ziren. Arrazoi ideologikoengatik atxilotu eta erail zituzten, haietako batzuk UGT sindikatuko militanteak zirelako, eta ezkerreko alderdietako kide, Ezker Errepublikarrekoak edo Alderdi Komunistakoak. Ez zitzaien inongo espedienterik ez ikerketarik ireki, eta ez dago atxiloketa zentroetatik igaro izanaren erreferentziarik. Ez da jakin nork hil zituen. Senitartekoen lekukotzaren arabera, guardia zibileko agente batzuek atxilotu zituzten, baina hiltzaileak milizia paramilitarretako kideak izan zirela dirudi. Hobi horietan aurkitutako gorpuetatik hiru identifikatu gabe daude oraindik: haietako bat, gainerako langileekin lurperatua, geltokiko morroi batena omen da, izen ezezagunekoa; beste biak beste hobi batean lurperatutako bi gizon dira, eta ez dirudi lotura dutenik aurrekoen multzoarekin.

Erreniegako Hilobiak elkarteak, senitartekoek eta Paternaingo Kontzejuak memoriagune baten proiektua bultzatu zuten elkarrekin, errepresaliatu hauek eta trenbideko langileak zirela gogoratzeko. Parke txiki bat sortu da, eta bertan kokatu da Pello Iraizozek egin zuen eskultura, hain zuzen ere babestu nahi den elementua.

Espedientean jasota daude Nafarroako Memoria Institutuaren proposamen txostena, bai eta txosten juridikoa ere, Paternaingo Hobien memoriagunea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako ahalmenak baliatuz, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea Paternaingo Hobien memoriagunea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko prozedurari, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan haren prebentziozko idatzoharra egitea, LM-2025-0001 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzak jasota.

2. Prozedurari hasiera emateak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Babes araubidea mantenduko da deklaratu eta inskribatzeko espediente hau tramitatzen den bitartean. Nolanahi ere, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera araubidea, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

3. Inskribatzeko espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen honetatik aurrera zenbatzen hasita. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko beste prozedura bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

4. Ebazpen hau igortzea Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikora, eta jakinaraztea Paternaingo Kontzejuari, Zizurko Udalari eta Erreniegako Hilobiak elkarteari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen direnetik hasita.

Aipatu epean, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 14an.–Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

Paternaingo Hobien memoriagunea.

Katastroko erreferentzia: Karrika/plaza/etorb.: Erieteko bidea, Paternain (Zizur).

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Pello Iraizozen eskultura, Paternaingo hobietan eraildako trenbideko langileen omenezkoa.

Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

602518,4737877,426

602520,4737874,426

602519,4737874,426

602518,4737875,426

602518,4737876,426

Balioen identifikazioa:

Toki horretan hamar lagun erail zituzten; haietako zortzi Iruñeko geltokiko trenbideko langileak ziren, 1936ko abuztuaren bukaeran atxilotuak. 2022an desobiratu ondoren, zazpi gorpu identifikatu dira orain arte. 2023an lorategi bateko memoriagune bat inauguratu zen, non, besteak beste, eskultura hau dago, bertan eraildako trenbideko langileen omenez eta oroimenez, krimen haiei buruzko gogoeta publikoa ere sustatzeko asmoarekin.

Titulartasuna:

Paternaingo Kontzejua: IFKa: P13164600C.

Lursaila: Zizurko Udala: 3107500E IFKa.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Kautelazko babes-neurriak:

Ez dira behar.

Iragarkiaren kodea: F2505768