95. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

29E/2025 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Memoria eta Bizikidetzaren zuzendari nagusiak emana, hasiera ematen diona Andosillako Kasino Nagusiaren memoriagunea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko eta inskribatzeko prozedurari.

Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, 9. artikuluan ezartzen du "Nafarroako Memoria Historikoaren Tokia" izeneko figura.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautu zuen Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Foru lege horretan ezarrita dago Nafarroako Gobernuan memoria historikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraitu beharreko prozedura zehatza, zeina burutuko baita ezarritako baldintzak betetzen dituzten toki edo guneak Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko erabakiarekin.

Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeak berekin ekarriko du prebentziozko inskripzioa egitea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, eta, hala aitortzen bada, behin betiko inskribatzea; horrek berekin ekarriko du foru lege horretan ezarritako aitortza berezia eta babes araubidea aplikatzea, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere, ondorio guztietarako.

Nafarroako Memoriaren Institutuaren iritziz, Andosillako Kasino Nagusiaren memoriaguneak Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien katalogoan sartzeko baldintzak betetzen ditu, eta, horregatik, bidezkoa da hasiera ematea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki gisa deklaratu eta inskribatzeko prozedurari.

Andosillako Kasino Nagusia edo "Centro Obrero" izenekoa, elkartekideek eraiki zuten eta 1927an inauguratu zen. Hortik aurrera jarduera politiko, sindikal eta sozial oparoa izan zuen, bertan izan baitzuten egoitza ureztatzaileen sindikatuak, CNTk eta UGTk. 1936ko kolpe militarraren ondotik, Falangek okupatu zuen eraikina eta Lizarrako kuarteletik herrira iritsi ziren tropak han ezarri ziren hasiera-hasieratik. Ondoren, matxinatuen aldeko erakunde batzuek erabili zuten, hala nola Falangek, Auxilio Socialek eta OJEk. Eraikinak lotuta zituen kobazulo batzuk, biltegi gisa erabiltzen zirenak, baina matxinatuek Andosillan erail zituzten 38 bizilagunetako batzuen atxiloketa zentro bihurtu zituzten.

Horregatik guztiagatik, Kasino Nagusia toki nabarmena izan da 1979az geroztik Andosillako Memoria berreskuratzeko prozesuan; izan ere herri hori gogoz inplikatu zen desobiratze goiztiarren prozesuan. Urte asko geroago, 2006an, eraikina gizarte etxea izateko berreskuratu zen, eta funtzio hori betetzen du gaur egun ere. 2019an, Andosillako Memoria Historikoaren elkartearen eta Udalaren ekimenez, memoriagunea inauguratu zen jendaurreko ekitaldi batean. Kasinoaren jatorrizko izena daraman mosaikoa berreskuratu zen, eta eraikin zaharreko jatorrizko armarria, bi habe eta bost zutabe zaharberritu ziren. Ate nagusiaren ondoan jarritako bost zutabeetako bakoitzak plaka bat du, eraikinaren historiako mugarri nagusiak gogora ekartzeko. Zutabe eta plaka horiek dira Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratuz babestu nahi diren elementuak.

Espedientean jasota daude Nafarroako Memoria Institutuaren proposamen txostena, bai eta txosten juridikoa ere, Andosillako Kasino Nagusiaren memoriagunea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako ahalmenak baliatuz, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea Andosillako Kasino Nagusiaren memoriagunea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko eta inskribatzeko prozedurari, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan haren prebentziozko idatzoharra egitea, LM-2025-0002 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.

2. Prozedurari hasiera emateak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Babes araubidea mantenduko da deklaratu eta inskribatzeko espediente hau tramitatzen den bitartean. Nolanahi ere, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera araubidea, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

3. Inskribatzeko espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen honetatik aurrera zenbatzen hasita. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko beste prozedura bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

4. Ebazpen hau igortzea Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikora eta Nafarroako Memoriaren Institutura, eta jakinaraztea Andosillako Udalari eta Memoria Historikoaren Elkarteari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen direnetik hasita.

Aipatu epean, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 14an.–Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

López del Val jeneralaren plaza 2.

Katastroko erreferentzia: 310000000001608984PH.

Kokatze kodeak: 4-171-2-1.

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Omenezko bost zutabeak eta haietan dauden plakak.

Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

587121,4692170,313

587116,4692175,312

587116,4692174,311

587120,4692170,311

Balioen identifikazioa:

Kasino Nagusiaren memoriagunea Andosillako memoriaren erreferente nagusia da bere eduki historikoagatik eta memoriagatik. Kasino Nagusia edo "Centro Obrero" izenekoa elkartekideek eraiki zuten, eta 1927an inauguratu zen; herriko langile mugimenduaren jardun politiko eta sozialerako funtsezko toki bat izan zen. 1936ko altxamenduaren ondotik, Falangek okupatu, eta, besteak beste, kartzela bihurtu zuten. Eraikinaren sustatzaileak izandako batzuk han egon ziren atxilotuta, erailtzeko atera aurretik. 1979tik aurrera Andosillako memorialismoaren erreferente bilakatu zen, eta 2009an kultur etxearen erabilera berria eman zitzaion.

Titulartasuna:

Andosillako Udala. IFKa: P3101500A.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Kautelazko babes-neurriak:

Ez dira behar.

Iragarkiaren kodea: F2505773