93. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

158/2025 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2025-2026 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko deialdia.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen duenez, hezkuntza administrazioei dagokie irakaskuntzaren kalitatea eta ikastetxeen funtzionamendua hobetzeko berrikuntza programak sustatzea.

Legezko betebehar hori betez, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza berrikuntza sustatzeko jarduketak bultzatzen ditu, berrikuntza proiektuetarako deialdien bidez.

Bestetik, Europar Batasunak hezkuntzarako ezarritako erreferentzia esparruan jasota dago Europako gazteek helduarorako prestatzeko funtsezko konpetentziak garatu behar dituztela. Europako zuzentarau hori betez, deialdi honek helburu nagusia du funtsezko konpetentzien curriculumaren garapenerako berrikuntza proiektuak bultzatzea, bai eta irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak hobetzea ere.

Horregatik, deialdi honek, gehienbat, laguntza ematea du helburu, hezkuntza berrikuntzako proiektuak ikastetxeen eguneroko jardunean txerta daitezen.

Berrikuntza proiektuak ikasleen premiak aztertzeko esparru bat dira, eta kausak eta konponbide-proposamenak ezartzen dituzte, teknologiaren eta didaktikaren arloan zein pedagogiaren arloan, eboluziotik, hobekuntzatik eta sormenetik abiatuta. Azken batean, proiektu horiek Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea areagotzeko beste tresna bat dira, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak hobetzen baitituzte. Aldi berean, sustatu beharreko alderdi bat izanen da proposamena gainerako ikastetxeetara eramateko modukoa izatea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2025-2026 ikasturterako deialdia onestea ikastetxe publikoetan hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko. Ebazpen honen I., II., III. eta IV. eranskinetan ageri diren oinarriek arautuko dute deialdia.

2. Gehienez ere 75.000 euroko gastua baimentzea ikastetxe publikoetako hezkuntza berrikuntzako proiektuetarako. Gastu hori egotziko zaio, baldin kreditu egokia eta nahikoa badago, 2026ko gastu aurrekontuan gaitzen den eta 2025eko gastu aurrekontuko "Ikastetxe publikoetako prestakuntza programak eta hezkuntza berrikuntzako proiektuak" izeneko 420002 - 42100 - 2269 - 322004 partidaren baliokidea den aurrekontu partidari.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Prestakuntza eta Kalitate Atalera, Hezkuntzako Teknologiak Txertatu eta Zerbitzua Emateko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

Iruñean, 2025eko martxoaren 26an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–2025-2026 IKASTURTERAKO DEIALDIA, IKASTETXE PUBLIKOETAN HEZKUNTZA BERRIKUNTZAKO PROIEKTUAK EGITEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea.

Oinarri hauen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan 2025-2026 ikasturtean egiten diren hezkuntza berrikuntzako proiektuei laguntzeko eta aitortza emateko neurriak arautzea.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak irakaskuntza hauek ematen dituzten ikastetxe publikoak dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntza.

b) Bigarren Hezkuntza (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ditu barne).

c) Lanbide Heziketa.

d) Araubide berezikoak (hizkuntzen, arte edo kirol irakaskuntzak ditu barne).

e) Hezkuntza berezia.

f) Helduen hezkuntza.

Deialdi honetan parte hartzeko, eskaera aurkezten denean eta proiektua egiten den bitartean, irakasleak jarduneko zerbitzuan egon behar du lehenago aipatutako ikastetxeetako batean.

Lehentasunez irakasleek taldean hartu beharko dute parte. Ikastetxe bereko irakasle taldeak zein ikastetxe bat baino gehiagoko irakasleen artean osatutako taldeak aurkezten ahalko dira.

Zenbait kasu zehatz eta justifikatutan, irakasleek ez ezik irakasle ez diren ikastetxeko langileek ere har lezakete parte proiektuaren garapenean.

Hirugarrena.–Proiektuek bete beharrekoak.

a) Deialdi honen esparruan aurkeztutako proiektuek originalak, ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izan beharko dute eta eragin kualitatiboa izan hezkuntza jardueran.

Horrez gain, deialdi honen II. eranskineko 3. atalean zehaztutako gidoiaren arabera idatziko dira, eta 2025-2026 ikasturtean garatuko dira. Amaitzeko azken eguna 2026ko maiatzaren 31 izanen da.

b) Proiektua jarduketa-ildo hauetakoren batean garatu beharko da:

–Ikasleek aktiboki eta lankidetzan ikastea sustatzen duten metodologiak ezartzea, erritmo, estilo eta premiei erantzuteko balio dutenak eta konpetentzietan eta inklusioan oinarritutako ikuspegi batetik abiaturik.

–Hezkuntza teknologiak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan txertatzea.

–Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan espazioak eta denborak berrikustea.

–Hezkidetzarekiko konpromisoa eta kontzientzia kritikoa garatzea: genero berdintasuna, bizikidetza eta tratu ona, erantzukizuna eta justizia soziala, herritartasun globala, jasangarritasuna eta ingurumena.

–Eleaniztasuna sustatzea, Nafarroako berezko hizkuntzetatik abiaturik eta hizkuntzen tratamendu integratua erabiliz.

–Euskararen erabilera sustatzea ikasleen artean, arlo guztietan euskaraz mintzatzeko: astialdia, aplikazioak, sare sozialak, etab.

c) Proiektuak ikastetxe bati atxikirik egonen dira beti, nahiz eta beste ikastetxe batzuek ere har dezaketen parte. Ikastetxe horri, hemendik aurrera, ikastetxe koordinatzaile deituko zaio. Proiektuaren koordinatzailearen destinoko ikastetxea hartuko da ikastetxe koordinatzailetzat.

d) Aurkeztutako proiektuak ikastetxe koordinatzailearen zuzendaritza taldearen aldeko txostena izanen du, proiektuak ikastetxearen hezkuntza jarduna hobetzeko ekarpena egiten duela adieraziz. Hartara, proiektua UPOan sartu beharko du. Zuzendaritza taldeak proiektu hori egitearen ardura hartzen du bere gain, nahiz eta proiektuko irakasleen artean aldaketak izan. Era berean, familiei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei aditzera emanen diela hitzematen du.

e) Ikastetxe bakoitzeko gehienez ere bi berrikuntza proiektu aurkezten ahalko dira, ezinbesteko baldintza izanik independenteak izatea. 800 ikasle baino gehiagoko ikastetxeek 3 proiektu aurkez ditzakete, gehienez.

Laugarrena.–Proiektuaren koordinazioa ikastetxean.

Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hark izanen du lantaldea koordinatzeko ardura, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea izanen da. Arrazoi justifikatuengatik ordezten ahalko da; halakoetan, ikastetxeko zuzendaritzari dagokio Prestakuntza eta Kalitate Atalari horren berri ematea eta kide berriak izendatzea.

Koordinatzaileak irakasle parte-hartzaileak inskribatuko ditu ikasturte hasieran horretarako ezarriko den epean. Behin epea bukaturik, ezin izanen da irakasle gehiago inskribatu. Ikasturtean zehar irakasleren bat ordezkatu behar izanez gero, koordinatzaileak horren berri eman beharko dio zuzendaritza taldeari eta Prestakuntza eta Kalitate Atalari, eta hark ontzat eman beharko du aldaketa.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea eta hori egiteko epeak.

Deialdi honetan parte hartzeko, proiektuaren koordinatzaileak II. eranskinean dagoen formularioaren ereduari jarraikiz parte hartzeko eskaera aurkeztu beharko du, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion) dagoen inprimakiaren bidez.

Inprimakia bete eta igorri ondoren, koordinatzaileak sortutako dokumentua jasoko du pdf formatuan, inprimakia betetzean adierazi duen helbide elektronikoan. Ondoren, dokumentazioa sinatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko erregistro orokor elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari zuzenduko zaizkio.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.–Hautapen batzordea.

Batzorde batek hautatuko ditu proiektuak, zeinak ondoko kide hauek izanen baititu:

–Prestakuntza eta Kalitate Ataleko burua, batzordeburu lanetan arituko dena.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua (idazkari lanetan ariko da).

–Prestakuntza Programen Bulegoko burua.

–Kalitate Bulegoko burua.

–Prestakuntza eta Kalitate Ataleko aholkularia.

–Hezkuntzako Teknologiak Txertatu eta Ustiatzeko Ataleko burua.

Hautapen batzordeak berariazko aholkularitza eskatzen ahalko du proiektuak baloratzeko, haien gaia dela-eta egokitzat jotzen bada.

Zazpigarrena.–Hautapen prozesua.

Proiektuak aldez aurretik hautatuko dira, hezkuntza berrikuntzako irizpideak kontuan hartuta. Honela definitzen da hezkuntza berrikuntza: irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan horiek hobetu nahian aldaketa eragiten duten lan estrategiak planifikatu, bilatu eta txertatzea. Proiektuan argi azalduko da eduki berritzailea. Eduki berritzaileok, originalak izateaz gain, aldaketa planifikatu bat proposatuko dute, hobetu nahi denari buruzko ikerketak eta hezkuntza esperientziak bermatua; aldaketak alderdi hauek hartuko ditu kontuan: teknologia, didaktika, pedagogia, pertsonak eta prozesuak.

Lehenengo hautapenerako beharrezkoa bada, proiektuen koordinatzaileei eska dakieke edukiaren gaineko alderdiak argi ditzaten edo elkarrizketa bat izateko hitzordua emanen zaie.

Aurretik hautatutako proiektuak onesteko irizpide hauek erabiliko dira, ondoren ematen den baremoarekin batera:

a) Proiektua zenbateraino dagoen egokitua deialdi honetan proposatutako jarduketa-ildoei (gehienez 5 puntu).

b) Proiektuaren bitartez hobetu nahi den aspektu edo arazoaren azalpen argi eta zehatza. Testuinguruan jartzea (gehienez 5 puntu).

c) Helburuak argi definitzea: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak eta garrantzitsuak. Askotariko eduki koherente eta garrantzitsuak (gehienez 10 puntu).

d) Ikasleek funtsezko konpetentziak garatzea. Proiektuak konpetentzia horiek nola hobetuko dituen azaltzea (gehienez 10 puntu).

e) Metodologia. Ikaskuntza prozesu aktiboak sustatzea (gehienez 10 puntu).

f) Proiektuaren planifikazioa: faseak eta denborak (gehienez 10 puntu).

g) Proiektuaren originaltasuna: berrikuntza ikastetxearen barnean, berrikuntza Nafarroari begira... (gehienez ere 10 puntu).

h) Ikasleen eta irakasle-taldeen parte-hartzea eta inplikazioa proiektuan. Talde eta etapa kopurua, parte hartzen duten irakasleen kopurua, diziplina anitzeko irakasle taldeak, etab. (gehienez ere 10 puntu).

i) Hezkuntza komunitateko edo inguruneko beste kide batzuen parte-hartzea eta lankidetza: irakasle ez diren langileak, udalak, osasun etxeak, mankomunitateak, GKEak, beste ikastetxe batzuk, unibertsitateak... eta, bereziki, familiak (gehienez ere 10 puntu).

j) Gida edo material didaktikoak prestatzea, haiei erantzuteko. Zabalkuntza (10 puntu gehienez).

k) Ongi definitutako irizpideak eta proiektua ebaluatzeko prozesua. Proiektuan ezarritako helburuek haiei lotutako adierazleak, zenbatzeko modukoak, izan beharko dituzte (gehienez 10 puntu).

Guztira: 100 puntu.

Proiektuak, hautatua izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu.

Prestakuntza eta Kalitate Atalak neurriak hartzen ahal ditu deialdi honetan hautatutako proiektuei aholkuak emateko eta behar bezalako jarraipena eta kontrola egiteko.

Zortzigarrena.–Deialdiaren ebazpena.

a) Hautapen batzordeak aurkezten diren proiektuak aztertuko ditu, eta onartutako proiektuen zerrenda eta horiek lortutako behin-behineko puntuazioa argitaratuko du Hezkuntza Departamentuaren webgunean (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion). Akats formalak dituzten eskaeretan horiek azaldu beharko dira berariaz. Atzemandako akats horiek zerrenda argitaratu eta bost egun naturaleko epean zuzentzen ahalko dira. Ikastetxe koordinatzaileak, epe horretan, alegazioak aurkezten ahalko ditu, edo berariazko ukoa.

b) Behin alegazioak aztertuta, hautapen batzordeak behin betiko zerrenda eginen du, Hezkuntza Departamentuko web-orrian argitaratuko du (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion) eta laguntzak emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

Proposamena ikusirik, ebazteko eskumena duen organoak laguntzaren zenbatekoaren gaineko ebazpena onetsiko du.

Bederatzigarrena.–Laguntzaren zenbatekoa.

a) Erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera, hautatutako proiektuek 1.500 euroko laguntza jaso dezakete gehienez. Laguntzen zenbatekoa modu proportzionalean banatuko da proiektua onartua duten ikastetxeen artean (60 puntu gutxienez). Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

b) Gastu justifikagarriak dira proiektua garatzeko beharrezkoak direnak, hala nola bidaiak, prestakuntza ikastaroetara joatea, material bibliografikoa erostea eta antzeko beste gastu arrunt batzuk.

Proiektuan parte hartzen duten irakasleei ez zaie inola ere haborokinik ordainduko.

Hamargarrena.–Laguntzaren zenbatekoa ordaintzea.

Erositako materialek edo baliabideek lotura zuzena izanen dute proiektua ikastetxean inplementatzearekin edo garatzearekin. Proiektuaren memorian justifikatuko da zergatik erosi diren materialak eta baliabideak eta nola erabili diren, hori eskatzen duen atalean.

Gastuak justifikatzeko faktura guztietan agertu beharko du ikastetxearen izena.

Faktura guztietan ageri den data 2025eko irailaren 1etik 2026ko maiatzaren 10era artekoa izanen da.

Memoria aurkezteko epea amaitu aurretik, koordinatzaileak fakturak eskaneatuta aurkeztu beharko dizkio Prestakuntza eta Kalitate Atalari, pdf formatuan. Horretarako, mezu elektroniko bakarra bidali beharko du helbide honetara: sformacion.prestakuntza@navarra.es Mezu horretan argi eta garbi adieraziko da ikastetxearen izena eta zer proiekturi dagozkion fakturak.

Ondoren, memoriaren IV. eranskina bete beharko da (Fakturatzeko informazioa), kontzeptuak eta zenbatekoak jasotzeko.

Fakturek ECOEDUCA aplikazioan sartuta egon behar dute.

Laguntza bi epetan ordainduko da. Lehenbiziko ordainketa (emandako zenbatekoaren %50) 2026ko gastuen aurrekontua irekitzean eginen da, eta bigarrena, aldiz, gastuaren justifikazio fakturak eta memoria aurkeztu eta gero. Ordainketa egiteko, organo eskudunak ebazpen bat eman beharko du.

Hamaikagarrena.–Parte hartzen duten irakasleentzako ziurtagiria.

Hautatutako berrikuntza proiektuetan parte hartzen duten irakasleek ziurtagiri bat jasotzen ahalko dute, 2025-2026 ikasturtean berrikuntza proiektuan gehienez ere 35 orduz parte hartu izanarena (gutxienez 8 ordukoa eta gehienez 35ekoa), egindako lanaren aitortza gisa. Proiektuaren koordinatzaileak ere izanen du berrikuntza proiektuan aritu izanaren aitortza, kasu honetan gehienez 50 ordukoa.

Hamabigarrena.–Bukaerako memoria.

Koordinatzaileak 2026ko maiatzaren 31 baino lehen igorri beharko du ikasturte bukaerako memoriaren kopia formatu elektronikoan Prestakuntza eta Kalitate Atalera. Horretarako, web-orrian dagoen formularioari jarraituko dio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/convocatoria-proyectos-de-innovacion.

Memoriak III. eranskinean aipatzen diren atalak bilduko ditu.

Hamahirugarrena.–Proiektuaren argitalpena eta hedapena.

Hezkuntza Departamentuak hautatu diren lanak jendaurrean jartzen ahalko ditu, osorik edo zati bat. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti aipatu beharko du proiektuaren egileak nor diren. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela.

Deialdian parte hartzeak haren oinarriak onartzea dakar berekin, bai eta edozein argitalpen egiteko behar diren eskubideak lagatzea ere.

II. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA, IKASTETXE PUBLIKOETAN HEZKUNTZA BERRIKUNTZAKO PROIEKTUAK EGITEKO DEIALDIAN PARTE HARTZEKO

1.–Koordinatzailearen datuak.

  • Izen-deiturak
  • IFZa
  • Helbide elektronikoa

2.–Ikastetxearen datuak.

  • Ikastetxearen izena
  • Herria
  • Ikastetxeko zuzendaritzaren helbide elektronikoa
  • Ikastetxeko telefonoa

3.–Proiektua.

a) Proiektuaren izena.

b) Gako-hitzak (3tik 5era bitarte)

c) Proiektuaren deskripzio laburra (30-40 hitz).

d) Hezkuntzako zein etapari zuzenduta dagoen.

e) Atzemandako arazoak eta/edo aldaketa beharrak, proiektua planteatzea ekarri dutenak.

f) Proiektu honen bidez erdietsi nahi diren konponbideak edo hobekuntzak. Zergatik da berritzailea?

g) Proiektua lehengo baten jarraipena al da? Edo beste ikastetxe batetik ekarri da? Hala bada, zein dira proposatutako aldaketak? Zein da eduki berritzailea?

h) Proiektua zer neurritan egokitzen zaien deialdi honetan proposatutako jarduketa-ildoei.

i) Helburuak: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak, garrantzitsuak eta denboran mugatuak.

j) Edukiak eta jarduerak.

k) Ikasleek hobetzea nahi diren funtsezko konpetentziak. Proiektuak konpetentzia horiek nola hobetuko dituen azaltzea.

l) Metodologia. Azaltzea zer proposamen metodologiko erabiliko den eta zergatik hautatu diren proiektu honen testuinguruan.

m) Faseak eta denborak. Jardueren, arduradunen eta baliabideen egutegia.

n) Prestatu beharreko materialak. Proiektuaren zabalkundea. Zer material sortzea aurreikusi da? Nola zabalduko da proiektua?

o) Proiektuarekin loturiko curriculumeko arlo edo moduluak.

p) Parte hartzen duten irakasleak (izen-deiturak, eskakizunak). Zertan parte hartuko duten eta parte-hartze hori nola justifikatzen den proiektuan.

q) Ikasleen parte-hartzea eta inplikazioa (ikastaldeak, etapak…). Parte-hartzearen azalpena.

r) Hezkuntza komunitateko beste eragile batzuen parte-hartzea: familiak, irakasle ez diren langileak, udalak... Parte-hartzearen deskripzioa.

s) Proiektua ebaluatzeko irizpideak. Aipatutako helburu bakoitzean zer adierazle erabiliko den ezartzea. Adierazle horiek kuantifikatzeko modukoak izanen dira.

t) Aurrekontu justifikatua. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

u) Eranskinak.

4.–Deialdiaren baldintzak onartzen direla dioen adierazpena.

......................................................... jaunak/andreak, NANa ..................... duenak, ........................................ berrikuntza proiektuaren koordinatzaile arduraduna den aldetik, aditzera ematen du aipatu proiektua argitaratzeko eskubideen jabe dela eta Nafarroako Gobernuari argitaratzeko baimena ematen diola.

...........................................n, 2025eko .............................aren .................(e)(a)n

Koordinatzailea

Sinatua:

5.–Ikastetxeko zuzendariaren txostena.

...................................... jaunak /andreak, ...................... ikastetxeko zuzendariak, ikastetxeentzako hezkuntza berrikuntzako proiektuen 2025-2026 deialdiko ............................................... berrikuntza proiektuaren aldeko txostena eman du, eta uste du proiektu horrek ikastetxearen hezkuntza jarduera hobetzen laguntzen duela.

...........................................n, 2025eko .............................aren .................(e)(a)n

Ikastetxeko zuzendaria

Sinatua:

III. ERANSKINA.–AZKEN MEMORIAREN EREDUA

Memoriek honako atal hauek izan beharko dituzte:

1. Proiektuaren izena.

2. Proiektuaren koordinatzailea.

3. Proiektuaren garapenaren laburpena.

4. Helburuen betetze-maila.

5. Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.

6. Proiektuaren eragina.

a) Irakasleengan.

b) Ikasleengan.

c) Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

7. Egindako gastuen justifikazioa.

8. Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza arloen proposamena.

9. Erabilitako materialak edo horietarako esteka.

10. Ebazpen honen IV. eranskina (Fakturatzeko informazioa).

IV. ERANSKINA.–FAKTURATZEKO INFORMAZIOA

Ikastetxea:

Proiektuaren izena:

Koordinatzailea:

ECOEDUCA IDAZPENA

KONTZEPTUA

FAKTURAREN
ZENBATEKOA,
GUZTIRA

PROIEKTUARI
EGOZTEN ZAION
ZENBATEKOA

Iragarkiaren kodea: F2504794