1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
OHARRA, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak emana, aditzera ematen duena Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko EGA 6-XXVI. sektorean (Andosilla) lurzatiak biltzearen ondorioz sortutako ordezpen finka berrien behin betiko jabetza hartzea.
Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 10eko 349/2023 Ebazpenaren bidez, EGA 6-XXVI. sektorearen (Andosilla) aldeko lurzatiak biltzearen ondorioz sortutako ordezpen finka berrien behin-behineko jabetza ematea xedatu zen eta, orobat, hari buruzko inkesta egin zen, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 30. artikuluaren arabera. Ebazpena 2023ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 30ekoan.
Lurzatiak biltzeko erabakia irmo bihurturik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 16ko 235/2025 Ebazpenaren bidez xedatu da EGA 6-XXVI. sektorearen (Andosilla) aldeko interesdunei dagozkien finken jabetza behin betiko ematea eta, horrenbestez, finkak haien esku uztea, ohar hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Eremu horretako finkak definitzen dituzten planoak, ordezpen finken zerrenda eta finkak mugatzeko mugarrien zerrenda Andosillako udaletxean daude ikusgai, interesdunen eskura.
Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 30. artikuluak adierazten duenari jarraituz, ohar hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, betiere peritu baten irizpena atxikirik, ordezpen finken azaleraren eta lurzatiak biltzeari buruzko espedientean ageri denaren arteko aldeen gainekoa. Errekurtsoa baiesten bada, zilegi izanen da erabakia zuzentzea, erreklamatzailea konpentsatzea soberako lurren kontura edo, hori ezinezkoa bada, kalte-ordaina eskudirutan ematea, inguruabarren arabera.
Iruñean, 2025eko apirilaren 23an.–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, Juan Pablo Rebolé Ruiz.
Iragarkiaren kodea: F2506009