93. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

126E/2025 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita Artaxoako udal mugartean hondakinetatik abiatuta konposta fabrikatzeko dagoen instalazioan aldaketa nabarmen bat egiteko baimena. Instalazio horren titularra Ecofert Sansoain SL da.

2024ko irailaren 4an, instalazio horren titularrak instalazioan aldaketa nabarmen bat egiteko baimena eskatu zuen, dagoen putzua egokitzeko eta bi lixibiatu-putzu berri egiteko proiektua aurrera eraman ahal izateko. Instalazioak ingurumen baimen integratua dauka, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 11ko 6E/2016 Ebazpenaren bidez emana, gero, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 22ko 73E/2021 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Titularrak planteatzen du lixibiatuak atxikitzeko ahalmena handitzea, 3.000 m³-tik 10.000 m³ arte, lixibiatuen putzu bat izatetik hiru putzu izatera pasatuz.

Idazkian adierazten denez, baimendutako putzuaren neurria (3.000 m³) ez da nahikoa 30.000 m² inguruko azalera duen instalazio baterako, ekoizpen-ahalmena 76.000 t-koa izan arren, faktore mugatzaileak prezipitazioa eta azalera baitira. Horretarako, aipatzen da ezen putzuaren neurriak kalkulatzeko metodo egokiena dela 24 orduko gehieneko prezipitazioari dagozkion prezipitazioen kalkulua egitea, 10 urteko errepikatze-denborarako, baina ez da ematen kalkuluan erabilitako gehieneko prezipitazioaren datua errepikatze-denbora horretarako.

Bestalde, eskaeraren arabera, konpostatze-prozesuan dauden hondakinek %5eko lixibiazio-gaitasuna dute, hau da, 0,05 m³/t.

Argudiatzen du, halaber, putzu bakarra izateak eragotzi egiten duela autonomia, segurtasuna eta jarduteko gaitasuna izatea balizko ihes edo istripu baten aurrean, eta, putzu bat baino gehiago edukiz gero, mantentze-lanak erraztuko liratekeela.

Eskaerari erantzunez, zerbitzu honek uste du lixibiatuen putzuaren bolumen osoari buruzko planteamendua okerra dela, honako arrazoi hauengatik:

–Lixibiatuen putzua 2015eko ekaineko ingurumen baimen integratuaren proiektuan dimentsionatu da, sisteman sortzen diren lixibiatuen fluxuak metatzeko ahalmena izan dezan, desfaseak gertatzen baitira lixibiatuen sorreraren (gainazal zolatuaren gainean erortzen den euria dela-eta) eta haiek ezabatzearen artean (dela modu naturalean, lurrunketa bidez, edo konpostatze-prozesuan berrerabiliz).

–Horretarako, 25 urteko errepikatze-denborari dagozkion prezipitazioak hartu dira kontuan, eta Sustapen Ministerioko Herri Lanen Esperimentazio Azterlanen Zentroaren (CEDEX) kalkulu programa erabili da. Programa horretan ondorioztatzen denez, Artaxoa aldean, 25 urteko errepikatze-denborako prezipitazioa 98 mm-koa da eguneko. Datu horiek oinarri, ondorioztatu zen putzuak 2.759 m³-ko edukiera behar zuela, eta azkenean 3.000 m³-ko dimentsioa eman zitzaion.

–Proiektuak, era berean, urtebeteko aldirako balantze hidrikoa egin zuen, eta, bertan, putzuaren edukiera nahikoa zela ondorioztatu zen.

–Titularrak kalkulu bat egin du 10 urteko errepikatze-denborarako eurialdi bat erabiliz, baina ez du daturik eman ondorioztatzeko ezen dimentsionamenduak kalkulatutakoa baino handiagoa izan behar duela. Hala ere, 10 urteko errepikatze-denborarekin kalkulatutako emaitzek ezin dituzte gainditu 25 urteko errepikatze-denborari dagozkionak.

–Hondakinen beraien lixibiazioari dagokionez, emandako datua ez da onargarria; izan ere, horrek esan nahi du hondakinaren metro kubiko bakoitza 50 litro lixibiatu ekoizteko gai dela, kontuan hartu gabe hondakinak berak hezetasuna xurgatzeko duen ahalmena.

–Azaldutako guztiagatik, ondorioztatu da ez dagoela justifikatua lixibiatu-putzuaren bolumena baimendutakoa baino handiagoa izan behar duenik.

Bestalde, balizko gertakarien aurrean instalazioari malgutasun operatiboa eta marjina emateko asmoz putzu bat baino gehiago edukitzeari dagokionez, zerbitzu honek honako hau adierazten du:

–Instalazioaren ingurumen baimen integratuaren arabera, lixibiatuak biltegiratzeko putzuak gainezka egin ez dezan, haren ahalmen erabilgarriaren %10eko erreserba-marjina mantendu beharko da gutxienez.

–Bestalde, adierazi den bezala, lixibiatuen putzuaren bolumena kalkulatu da 25 urteko errepikatze-denborako eurialdi baterako.

–Horrela, bi baldintzak aldi berean bete behar dira, eta, beraz, instalazioaren operatibitateak bermatu beharko du lixibiatuen putzuak segurtasun elementu gisa funtzionatzen duela, eta ez biltegiratze-elementu gisa.

–Horrenbestez, instalazioaren operatibitateak bermatu behar du putzuan sobran gelditzen den bolumenak bermatzen duela eurien ondorioz sortzen diren lixibiatuak atxikitzea, eta ez soilik lehenengo baldintzan ezarritako %10a.

–Hala ere, egokitzat jotzen da mantentze-lanei begira malgutasun operatiboari buruz egindako ohartarazpena, eta, beraz, onargarria da putzua bitan banatzea, betiere 3.000 m³ bolumena mantentzen bada eta ingurumen baimen integratuan ezarritako iragazgaizte baldintzak eta ihesak detektatzeko baldintzak bermatzen badira.

–Horretarako, titularrak jarduketa horri lotutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, instalazioaren ingurumen baimenaren aldaketa izapidetzeko.

Horrenbestez, bidezkoa da ukatzea eskatutako aldaketa nabarmena egiteko baimena.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ukatzea Artaxoako udal mugartean hondakinetatik abiatuta konposta fabrikatzeko dagoen instalazioan aldaketa nabarmen bat egiteko baimena, helburu zuena dagoen putzua egokitzeko eta bi lixibiatu-putzu berri egiteko proiektua aurrera eramatea. Instalazio horren titularra Ecofert Sansoain SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ecofert Sansoain SLri, Artaxoako Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

Iruñean, 2025eko apirilaren 4an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F2505358