93. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

123E/2025 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Lodosako udal mugartean ongarriak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmena. Jardueraren titularra Timac Agro España SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 14ko 31/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 22ko 1390/2009 Ebazpenaren bidez aldatua eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 252E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2024ko irailaren 3an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, mikroorganismoetan oinarriturik nekazaritzan erabiltzeko bioongarriak ekoizteko prozesu bat ezartzeko eta, horrekin batera, landare-jatorriko ongarri organominerala (COA) fabrikatzeko ekoizpen prozesua kentzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 2024ko uztailaren 23an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela dio irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, 2025eko uztailaren 23an emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2024ko irailaren 3an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko. Proiektu horren arabera, lehendik dagoen nabe batean nekazaritzan erabiltzeko bioongarriak ekoitziko dira, mikroorganismoetan oinarrituta, eta landare-jatorriko ongarri organominerala (COA) fabrikatzeko ekoizpen prozesua kenduko da.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Era berean, berrikusi da proiektua Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakian ezarritakoaren araberakoa dela. Izan ere, erabaki horretan ezartzen dira sektore kimikoan hondakin ur eta gasen tratamendu- eta kudeaketa-sistema komunetarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, industrien emisioei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Orobat, berrikusi da proiektua Batzordearen abenduaren 6ko 2022/2427 (EB) Betearazpen Erabakian ezarritakoaren araberakoa dela. Izan ere, erabaki horretan ezartzen dira sektore kimikoan hondakin gasen tratamendu- eta kudeaketa-sistema komunetarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, industrien emisioei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Lodosako udal mugartean ongarriak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea, lehendik dagoen nabe batean nekazaritzan erabiltzeko bioongarriak ekoizteko, mikroorganismoetan oinarrituta, eta, horrekin batera, landare-jatorriko ongarri organominerala (COA) fabrikatzeko ekoizpen prozesua kentzeko. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Timac Agro España SA da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P01115014972011 zenbakiarekin. Sortzen ahalko dituen hondakinak ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Laugarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Nabe berrirako jarduketa plana, ingurumenean eragina izaten ahal duten ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatzeko.

–Jarduketa programa bat, non azalduko baitira lurzorura edo lurpeko uretara irits daitezkeen isurketa kutsagarriak ekiditeko dauden neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak, instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Timac Agro España SAri, Lodosako Udalari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 2an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2505261