93. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

65C/2025 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Berrikilan SL enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Berrikilan SL enpresaren hitzarmen kolektiboa aldatzeko akordioaren testua aztertu da (kodea: 31100882012015). Testu hori erregistro honetan 2025eko martxoaren 9an sartu zen, enpresaren eta langileen lege-ordezkariek 2024ko abenduaren 18an sinatu ondoren.

Bat etorrita Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Erabilita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuarekin lotuta.

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Berrikilan SL enpresaren hitzarmen kolektiboa aldatzeko akordioa (kodea: 31100882012015).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezaten.

Iruñean, 2025eko apirilaren 9an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia. Iñaki Mendióroz Casallo.

BERRIKILAN SOZIETATE PUBLIKOAN LAN EGITEN DUTEN LANGILEEN LAN BALDINTZEN 2019-2022 URTEETARAKO HITZARMEN KOLEKTIBOA PARTZIALKI ALDATZEKO AKORDIOA

Alde batetik, Felix Puyo Rebollo, Berrikilan SL Sozietate Publikoaren ordezkaria.

Bestetik, Mikel Aranguren Chocarro eta Raquel Rivas Portela, langileen ordezkariak, Berrikilan SL sozietateko langileak ordezkatuz.

ERABAKITZEN DUTE:

2020ko azaroaren 10eko Nafarroako 263. Aldizkari Ofizialean argitaratutako 2019-2022 urteetarako hitzarmen kolektiboa partzialki aldatzea.

Aldatutako hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, baina akordio honetako ondorio ekonomikoek 2024ko urtarrilaren 1erako atzeraeragina izanen dute.

Hauek dira aldaketak:

1.–Lanbide sailkapenari buruzko 2022ko eranskina hitzarmenaren testuan sartzea. Eguneko zentroko lanpostuak lanbide talde hauetan ezarriko dira:

–1. taldea: Zentroaren zuzendaritza.

–2. taldea: Unibertsitateko graduak. Gizarte lana, terapeuta okupazionala eta logopeda.

–3. taldea: Goi mailako graduak. Gizarteratzea, haur hezkuntza eta/edo kirola. Jubilotekako begiraleak eta eguneko zentroko laguntzaileak.

Adostutakoaren arabera, hitzarmenaren 11. artikulua honela geldituko da:

11. artikulua. Maila funtzionalak.

Hitzarmen honen aplikazio eremuan biltzen diren langileak bost maila funtzionaletan sailkatuko dira, "1. taldea", "2. taldea", "3. taldea", "4. taldea" eta "5. taldea", bakoitzaren oinarrizko zereginen eta eginkizunen arabera eratuak, bai eta horietan jarduteko eskatutako prestakuntzaren edo espezializazioaren arabera ere.

1. taldea.

Irizpide orokorrak: Lan konplexuak eta heterogeneoak egitea dakarten eginkizunak, lanbide gaitasunen maila gorena eskatzen dutenak.

Laguntzaile batzuek egiten dituzten lanak integratu, koordinatu eta gainbegiratzeko eginkizunak.

Prestakuntza: eskatzen den prestakuntza unibertsitateko goi edo erdi mailako titulazioa da, edo erdi mailako titulazioa, edo esperientzia frogatua.

Parekatzea. Talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: instalazioko zuzendariak, Kudeatzailea, proiektuko arduraduna, eguneko zentroaren zuzendaritza.

2. taldea.

Irizpide orokorrak: Lan heterogeneoak integratu, koordinatu eta gainbegiratzeko eginkizunak, hala nola laguntzaile batzuen lana antolatzeko ardura.

Hemen sartzen da, halaber, lan konplexuak eta aldi berean homogeneoak egin beharra, aginte erantzukizunik izan gabe prestakuntza espezifiko handia eskatzen dutenak.

Prestakuntza: erdi mailako prestakuntza akademikoa edo lanpostuari dagokion titulazio espezifikoa, eta, horrez gain, praktikaldi bat edo antzeko lanetan hartutako esperientzia.

Parekatzea. Talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: kirol koordinatzailea, fisioterapeuta, OLT-EUD, departamentuko arduradunak, unibertsitateko graduak. Gizarte lana, terapeuta okupazionala eta logopeda.

3. taldea.

Irizpide orokorrak: Diseinuan, programazioan, prestakuntzan eta exekuzioan autonomia handia eskatzen duten eginkizunak, laguntzaile gutxi batzuen lan homogeneoak integratu, koordinatu eta gainbegiratzea ekar dezaketenak.

Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza egiten diren lanei dagokien titulazio espezifikoa izanen da, edo bigarren mailako Lanbide Heziketaren parekoa (LH II). Horren ordez, gutxienez urtebeteko esperientzia izan daiteke enpresan bertan edo sektoreko beste enpresa batzuetan, izaera bereko lanak egiten.

Parekatzea: talde honetan sartzen dira kirol jardueretako teknikariari (monitoreari) dagozkion jarduera guztiak, espezialitate guztietan. Goi mailako graduak. Gizarteratzea, haur hezkuntza eta/edo kirola. Jubilotekako begiraleak eta eguneko zentroko laguntzaileak.

4. taldea.

Irizpide orokorrak: Laguntzaile gutxi batzuen lan homogeneoak integratu, koordinatu eta gainbegiratzeko eginkizunak edo, aginte erantzukizunik izan gabe, exekuzioan autonomia handia eskatzen dutenak.

Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza bigarren mailako Lanbide Heziketaren parekoa (LH II) izanen da, edo egiten diren lanei dagokien titulazio espezifikoa. Horren ordez, gutxienez urtebeteko esperientzia izan daiteke enpresan bertan edo sektoreko beste enpresa batzuetan, izaera bereko lanak egiten.

Parekatzea. Talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: aretoko teknikaria, masajistak, lehen mailako ofizial administraria, zenbait lanbidetako lehen mailako ofiziala eta soroslea.

5. taldea.

Irizpide orokorrak: Eduki homogeneoko zereginak, autonomiaz eta jarraibide zehatzei lotuz burutzekoak.

Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza lehen mailako Lanbide Heziketaren parekoa (LH I) izanen da, edo egiten diren lanei dagokien titulazio espezifikoa. Horren ordez, gutxienez sei hilabeteko esperientzia izan daiteke enpresan bertan edo sektoreko beste enpresa batzuetan, izaera bereko lanak egiten.

Parekatzea. Talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: administrari laguntzailea, zerbitzu orokorretako langilea eta instalazioetako harreragilea.

2.–Jaiegunetan eta igandeetan lan egiteagatik jasotzen diren plusen soldata-zenbatekoak eguneratzea. 2024. urterako plus horien zenbatekoak hauek izanen dira:

–Jaiegunetako plusa: 5,83 euro, lan egindako ordu bakoitzeko.

–Igandeetako plusa: 3,78 euro, lan egindako ordu bakoitzeko.

Adostutakoaren arabera, hitzarmenaren 15. eta 16. artikuluak honela geldituko dira:

15. artikulua. Jaiegunetako plusa.

Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, jaiegun izanen dira urtero ezarritako 14 jaiegun ofizialak; horiexek besterik ez.

14 jaiegun ofizialetako batean lan egiten duten sektoreko langileek jaiegunetako plusa jasoko dute egun horietako batean benetan lan egindako ordu bakoitzeko. Plus hori berdina izanen da kategoria guztietarako, eta soldata tauletan ezarritako zenbateko gordina izanen du. 2024. urterako, 5,83 euro ordainduko dira lan egindako ordu bakoitzeko. Hitzarmenaren indarraldiaren urte bakoitzean kopuru hori igo eginen da oinarrizko soldata orokorraren ehuneko berean.

Jaiegunetako plusa 14 jaiegun ofizial horietan benetan lan egindako ordu bakoitzeko soilik jasotzen denez, oporretako ordainsarietatik kanpo uzten da espresuki.

16. artikulua. Igandeetako plusa.

Igandeetan lan egiten duten sektoreko langileek igandeetako plusa jasoko dute egun horietako batean benetan lan egindako ordu bakoitzeko. Plus hori berdina izanen da kategoria guztietarako, eta soldata tauletan ezarritako zenbateko gordina izanen du. 2024. urterako, 3,78 euro ordainduko dira lan egindako ordu bakoitzeko. Hitzarmenaren indarraldiaren urte bakoitzean kopuru hori igo eginen da oinarrizko soldata orokorraren ehuneko berean.

Igandeetako plusa igandeetan benetan lan egindako ordu bakoitzeko soilik jasotzen denez, oporretako ordainsarietatik kanpo uzten da espresuki.

3.–2024. urterako, hitzarmenaren 17. artikuluan araututako fideltasun plusari beste bi tarte gehitzea:

–15 urteren buruan, oinarrizko soldataren %13 jasoko da.

–20 urteren buruan, oinarrizko soldataren %15 jasoko da.

Aldaketa horren arabera, 17. artikulua honela geldituko da:

17. artikulua. Fideltasun plusa.

"Fideltasun plusa" izenekoa ezarri da, eta hamabi hilabeteetako soldata bakoitzean jasoko dute enpresarekiko fideltasun betekizun jakin batzuk betetzen dituzten langileek, baldintza hauen arabera:

Enpresarekin 2 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %2 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.

Enpresarekin 3 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %4 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.

Enpresarekin 4 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %6 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.

Enpresarekin 10 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %8 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.

Enpresarekin 12 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %10 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.

Enpresarekin 15 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %13 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.

Enpresarekin 20 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %15 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.

Ehuneko horiek ezin dira metatu.

Plus honi dagokionez, ezarritako ehuneko bakoitza jasotzeko, lotura tarte bakoitza osorik osatu behar da. Hots: 2 urte eta egun bat, 3 urte eta egun bat, 4 urte eta egun bat, 10 urte eta egun bat, 12 urte eta egun bat, 15 urte eta egun bat, eta, azkenik, 20 urte eta egun bat.

"Hitzarmen honen 38. artikuluan aurreikusitako subrogazio kasuetan, titular berriari lotuta gelditzen diren eta fideltasun plusa jasotzen duten langileek plus hori jasotzen jarraituko dute, subrogazioa gauzatu zeneko egunean jasotzen zuten baldintzekin".

4–2024. urterako, toxikotasun plus bat ezartzea mantentze lanetan aritzen diren eta produktu kimikoekin kontaktu zuzena duten pertsona guztientzat.

TOXIKOTASUNARI LOTUTAKO LANALDIAREN %

KATEGORIA

OINARRIZKO SOLDATAREN GAINEKO PLUSAREN %

%100,00

Arduraduna

%4,00

%100,00

Ofiziala

%4,00

%100,00

Zerbitzu orokorrak

%3,00

%100,00

Zerbitzu orokorrak

%3,00

%50

Zerbitzu orokorrak

%2

%30

Zerbitzu orokorrak

%1

%10

Zerbitzu orokorrak

%0,50

Adostutakoaren arabera, beste artikulu bat gehitu da hitzarmenean, eta honela geldituko da:

18.bis artikulua. Toxikotasun plusa.

Toxikotasun plus bat ezartzen da mantentze lanetan aritzen diren eta produktu kimikoekin kontaktu zuzena duten pertsona guztientzat. Plus hori oinarrizko soldataren ehuneko bat izanen da, kontratatutako lanaldiaren eta lanbide kategoriaren arabera, taula honetan ezarritakoa betez:

TOXIKOTASUNARI LOTUTAKO LANALDIAREN %

KATEGORIA

OINARRIZKO SOLDATAREN GAINEKO PLUSAREN %

%100,00

Arduraduna

%4,00

%100,00

Ofiziala

%4,00

%100,00

Zerbitzu orokorrak

%3,00

%100,00

Zerbitzu orokorrak

%3,00

%50

Zerbitzu orokorrak

%2

%30

Zerbitzu orokorrak

%1

%10

Zerbitzu orokorrak

%0,50

5.–6 ordutik gorako lanaldietan, benetako lan-denboratzat hartuko da hitzarmenak ezarritako 15 minutuko atsedenaldia.

6.–Abenduaren 26an egun osoan itxiko da.

Adostutakoaren arabera, hitzarmenaren 26. artikulua honela geldituko da:

26. artikulua. Lanaldia.

Orokorrean, eta Langileen Estatutuaren 34. artikuluak xedatzen duenarekin bat, urtean benetako laneko lanaldi osoko 1.670 orduko lanaldia ezarri da 2019. urterako, 1.644 ordukoa 2020. urterako, 1.618 ordukoa 2021. urterako eta 1.592 ordukoa 2022. urterako.

Lanaldi partziala duten langileen kasuan kontratatutako lanaldiaren ehunekoaren kalkulua ezartze aldera lanaldi osoko asteko erreferentzia hau finkatuko da:

–2019. urtea: 36,7 ordu astean.

–2020. urtea: 36,13 ordu astean.

–2021. urtea: 35,56 ordu astean.

–2022. urtea: 35 ordu astean.

Kirol jardueretako teknikariek (monitoreek) egindako jardueren baldintzak ikusirik, batez ere esfortzu fisiko handia egiten dutela kontuan hartuta, benetako laneko lanaldi osoko urteko lanaldi espezifiko bat ezarri da talde horretako langileentzat: 1.580 orduko lanaldia 2019. urterako, 1.565 ordukoa 2020. urterako, 1.550 ordukoa 2021. urterako eta 1.535 ordukoa 2022. urterako.

Lanaldi partziala duten langileen kasuan kontratatutako lanaldiaren ehunekoaren kalkulua ezartze aldera lanaldi osoko asteko erreferentzia hau finkatuko da:

–2019. urtea: 34,73 ordu astean.

–2020. urtea: 34,4 ordu astean.

–2021. urtea: 34,07 ordu astean.

–2022. urtea: 33,74 ordu astean.

Aretoko teknikaria: 1.603 orduko lanaldia izanen du 2019. urtean, 1.600 ordukoa 2020. urtean, 1.596 ordukoa 2021. urtean eta 1.535 ordukoa 2022. urtean.

Lanaldi partziala duten langileen kasuan kontratatutako lanaldiaren ehunekoaren kalkulua ezartze aldera lanaldi osoko asteko erreferentzia hau finkatuko da:

–2019. urtea: 35,23 ordu astean.

–2020. urtea: 35,17 ordu astean.

–2021. urtea: 35,08 ordu astean.

–2022. urtea: 33,74 ordu astean.

Lan-denbora zenbatuko da eguneko lanaldiaren hasieran eta bukaeran, langilea bere lanpostuan dagoela.

6 ordutik gorako eguneroko lanaldi jarraituan, 15 minutuko atsedenaldia ezarri da, benetan lan egindako denboratzat hartuko dena.

Atsedenaldiok hartzeko txandak enpresaren arduradunen eta langileen artean adostuko dira, zerbitzuaren beharrak kontuan hartuta.

Oro har, lanaldia gehienez 225 egun baliodunetan banatuko da 2019an, 224 egun baliodunetan 2020an, 222 egun baliodunetan 2021ean eta 220 egun baliodunetan 2022an; eguneko lanaldia egokitzen ahalko da, urtekoari dagokionez lanaldian gehiegizkorik ez sortzeko (eguneko lanaldian beharrezko minutuak aldatuz).

Urtean lanegun gutxiagoko banaketa zuten langileen banaketa errespetatu eginen da, eta langile horiek 2019an lan egindako egun baliodunen kopuruari eutsiko diote gehienez, kontratazioaren ehunekoa handitzen zaien lanaldi partzialen kasuetan izan ezik.

Egun baliogabeak izanen dira ondorio guztietarako, eta instalazioak itxita egonen dira egun hauetan: urtarrilaren 1a, urtarrilaren 6a, abenduaren 25a eta abenduaren 26a, egun osoan.

7.–2024tik aurrera, urteko oporrak hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte hartu daitezke.

Adostutakoaren arabera, hitzarmenaren 28. artikulua honela geldituko da:

28. artikulua. Oporrak.

Langileak berak adierazitako 31 egun naturaleko ordaindutako oporraldia izanen du urtean, eta dagokion urte naturalean hartzen ahalko ditu opor egun horiek, hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte.

2020. urtetik aurrera oporraldia lanegunetan zenbatuko da. Lanaldi irregularretan oporraldien kalkulua errazteko ulertzen da hitzarmenaren erreferentzia 7 egun naturaleko tartean 5 laneguneko asteari dagokiola. Lanaldi desberdinen kasuetan modu proportzionalean eginen da, asteko lanegunen erreferentzia harturik.

2020. urterako 23 laneguneko oporraldia ezartzen da. 2021. urterako aldi hori 25 lanegunekoa izanen da, eta 2022. urterako, berriz, 27 lanegunekoa.

Oporraldia eta haurdunaldiak, erditzeak edo bularra emateak eragindako aldi baterako ezintasuna edo lege honen 48.4 eta 48.bis artikuluan aurreikusten den kontratu-etetea aldi berean gertatzen badira, aldi baterako ezintasunaren edo aipatutako araua aplikatzean dagokion baimena baliatuko den denboralditik kanpo baliatzen ahalko dira oporrak, etete horren iraupena bukatu ondoren, dagokien urte naturala bukatu bada ere.

Oporraldi batean aldi baterako ezintasuna gertatuz gero aurreko paragrafoan adierazi ez diren arrazoiengatik, eta horren ondorioz langileak oporrak dagozkion urte naturalean hartzerik ez badu, osorik edo partez, ezintasuna bukatu ondoren har ditzake, baldin eta oporrak sortu diren urtearen bukaeratik hemezortzi hilabete baino gehiago igaro ez badira.

Lan-egutegia beranduenez dagokion urteko urtarrilaren 31n jasoko da, eta oporretako egutegia enpresari jakinarazi beharko zaio idatziz urte naturaleko martxoaren 31 baino lehen.

Enpresak, beranduenez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo hilabeteko azkeneko egunean erantzunen die oporren eskaerei, hau da, apirilaren 30ean. Epe horretan erantzunik ematen ez bada, automatikoki ulertuko da langileak eskatutako opor egunak onartu direla.

Opor egunak aukeratzeari dagokionez honako irizpide hauek ezarri dira:

1. Lantoki bakoitzean ez dira batera oporretan egoten ahalko lantokiko lanpostu bereko langileen %50 baino gehiago.

Kopuru bakoitia izanez gero, zifra txikienera biribilduko da (hiru langile izanez gero, bakar batek hartzen ahalko ditu oporrak).

Aurreko irizpideak aplikatzearen ondoriozko kopurua baino eskari gehiago baldin badaude, lehentasuneko irizpide hauek ezarri dira.

a) Hainbat langilek aldi berean hartu nahi badituzte oporrak, lehen urtean enpresan antzinatasun handiena duen langileak izanen du lehentasuna, baina hurrengo urteetan txandaka eginen da, antzinatasun handienekoak ez dezan beti lehentasuna izan.

b) Antzinatasun bera duten langileak egonez gero, enpresak dagozkien langileen aurrean egindako zozketa bidez erabakiko da lehentasuna.

Oporraldien ordainsaria oinarrizko soldatak eta langile bakoitzaren soldata osagarri finkoek osatuko dute. Osagai aldakorrei dagokienez, oporraldien aurreko azken hiru hilabeteetako batezbestekoa kontuan hartuz ordainduko dira.

8.–Borondatezko eszedentzia: Lan-sektore bereko beste enpresa batean lan egitea eragozten duen esklusibotasun klausula kentzea.

Adostutakoaren arabera, hitzarmenaren 29. artikulua honela geldituko da:

29. artikulua. Eszedentziak.

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskubidea izanen dute borondatezko eszedentzia hartzeko, 4 hilabetekoa gutxienez eta 2 urtekoa gehienez, lanpostua gordeta, baina antzinatasuna kontatzeko eskubiderik gabe, betiere.

Enpresak eskatutako luzapenak eman eginen ditu, muga legalen barruan, eszedentziaren hasierako iraupena legez baimendutako gehienekoa baino laburragoa den kasuetan. Eszedentziaren hasierako indarraldia bukatu baino gutxienez 30 egun lehenago eskatu beharko du langileak aipatutako luzapena.

Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro eta gero.

Gainera, eta hitzarmenaren indarraldi osoan behin soilik, langileek gutxienez bi hilabete eta gehienez lau urte iraunen duen borondatezko eszedentzia bakarra hartzen ahalko dute, eta lanpostua bi urtez gordeko zaie.

Langileek gehienez hiru urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izanen dute norberaren edo adoptatutako seme edo alaba bakoitza zaintzeko, nahiz eta behin betiko harrerako moduan edo adopzio-aurreko egoeran hartu, aldi baterako izan ala ez, umearen jaiotegunetik edo epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita.

Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol nahiz ezkontza bidezko bigarren gradura artekoa– zaindu behar duten langileek. Gehienez ere bi urteko eszedentzia izanen da, negoziazio kolektiboan epea luzatu ezean.

Atal honetan aipatzen den eszedentzia langileen banakako eskubidea da, gizon zein emakumeena, eta zatika hartzen ahalko da. Hala ere, subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea enpresa bereko bi langilek edo gehiagok badute, enpresaburuak aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzen ahalko du, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada.

Beste subjektu eragile batek beste eszedentzia-aldi baterako eskubidea ematen badu, eszedentzia berria hastean bukatuko da ordura artekoa.

Langileak artikulu honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian ematen duen denbora antzinatasunerako kontatuko zaio, eta bitartean eskubidea izanen du prestakuntza profesionaleko ikastaroetara joateko, enpresaburuak deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epe hori bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliokide batekoa izanen da.

Aurrekoa hala izanik ere, langilea ofizialki aitortutako familia ugari bateko kidea baldin bada, lanpostua 15 hilabetez gordeko zaio, gehienez ere, kategoria orokorreko familia ugaria denean, eta 18 hilabetez, gehienez, kategoria berezikoa denean.

9.–Ordaindutako baimenei buruzko artikuluaren idazketa egokitzea, legean egindako aldaketak oinarri hartuta.

10.–Langileek ordaindutako lizentzia erabiltzeko eskubidea izanen dute, ordu aldetik mugatua, kontsulta medikora joateko edo ezkontidea eta odol bidezko lehen graduko ahaideak kontsulta medikora laguntzeko (gehienez 15 ordu urtean, guztira).

Adostutakoaren arabera, hitzarmenaren 32. artikulua honela geldituko da:

32. artikulua. Ordaindutako lizentziak.

Langileak, aurretik abisatuta eta ondotik justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio:

A) Langilearen ezkontza. Iraupen hau ezarri da hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean: 18 egun natural.

B) Seme edo alaba baten jaiotza: 4 egun natural.

C) Ondoko hauen heriotzagatik:

–Ezkontidea, izatezko bikotekidea (azalpena: 37.3 b bis artikuluan ezarritakoaren arabera) eta seme-alabak: 6 egun natural.

–Gurasoak, aita-amaginarrebak eta anai-arrebak: 3 egun natural.

–Koinatu-koinatak eta aitona-amonak: 2 egun natural.

D) Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailarainoko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badute edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun.

Lizentzia horiek hartzeari begira, ebakuntza eta horretarako prestatzeko aurretik behar litezkeen ospitaleratzeak kasu bakartzat hartuko dira. Halaber, espresuki ezarri da baimena ez dela ospitaleratzeko aldia baino luzeagoa izaten ahalko.

Ospitaleratzeak dirauen bitartean hartzen ahal da lizentzia.

Elkarrengandik 200 km-ra edo gehiagora dauden bi herriren arteko joan-etorria egin behar izanez gero, aurreko C) eta D) ataletan aipatutako baimenak luzatzen ahalko dira:

Egun bat gehiago, herrien arteko distantzia 200 km-tik 400 km-ra artekoa baldin bada. Bi egun gehiago, herrien arteko distantzia 400 km-tik gorakoa baldin bada.

E) Ohiko bizilekua aldatzeagatik (ezkontzakoarekin bat ez datorrena): egun 1.

F) Gurasoen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontza: egun natural bat.

G) Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeagatik, behar-beharrezkoa den denbora.

H) Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak edo Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako titulu akademiko edo profesional bat lortzeko azterketak egiteko behar-beharrezkoa den denbora.

Joan-etorrietan ematen den denbora ez da ordaindutako baimentzat hartuko, salbu eta joan-etorri hori Nafarroako Foru Komunitatearen mugen barruan egiten bada; kasu horretan, joan-etorria egiteko behar den denbora ordaindutako baimentzat hartuko da.

I) Langileek ordaindutako lizentzia erabiltzeko eskubidea izanen dute, ordu aldetik mugatua, kontsulta medikora joateko edo ezkontidea eta odol bidezko lehen graduko ahaideak kontsulta medikora laguntzeko (gehienez 15 ordu urtean, guztira). Gainera, ordu gehiagorako aukera izanen dute urteko poltsa batean metatuta, urte berean itzultzeko.

A), B), C), F) eta J) ataletako kasuetan, baimen egunak gertakari eragilea gertatzen den egunetik aurrera zenbatuko dira.

Gertakari eragiletik aurrera lehenengo egun baliodunean hasiko dira baimenak erabiltzen, eskubidea baliatzen duen pertsonaren egutegiaren arabera.

Aldeek erabaki dute, halaber, akordio hau lan agintaritzari igortzea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Eta hala sinatzen da, dagozkion ondorioak izan ditzan, Berriozarren, 2024ko urriaren XXan.

Sinatua.

Berrikilan enpresaren zuzendaritza Langileen ordezkariak.

Iragarkiaren kodea: F2505666