Iragarkia
93. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
813/2025 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoratu aurreko kontratuen 2025-2026 ikasturterako deialdia onetsi eta haren gastua baimentzen da. Kontratuak Banco Santanderrekin batera finantzatuko dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak, 2025eko martxoaren 6an egindako bileran, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoratu aurreko kontratuen 2025-2026 ikasturterako deialdia onestea erabaki zuen. Kontratuak Banco Santanderrekin batera finantzatuko dira.
Ikusirik 103/2019 Errege Dekretua, 2019ko martxoaren 1ekoa, Prestakuntzan dauden Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duena.
Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.
Ikusirik Unibertsitateko Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren egiaztagiria.
Ikerketako errektoreordeak proposaturik.
Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan -estatutuak 2003ko maiatzaren 12ko 110/2023 Foru Dekretuak onetsi zituen, eta Nafarroako Gobernuaren 2011ko martxoaren 21eko erabaki batek aldatu- eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 50. artikuluan esleituak ditudan eskudantziez baliatuz.
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoratu aurreko kontratuen 2025-2026 ikasturterako deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean azaltzen diren oinarriekin bat etorriz. Deialdian esleipen berriko doktoratu aurreko 20 kontratu jasotzen dira, eta kontratu bakoitzak lansari hauek izanen ditu:
–Kontratuaren lehenbiziko urtean: Urteko soldata gordina 18.180,60 euro-koa izanen da (1.298,60 euro-ko 14 ordainsaritan), eta Gizarte Segurantzako kuota, 7.051,34 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.
–Kontratuaren bigarren urtean: Urteko soldata gordina 18.180,60 euro-koa izanen da (1.298,60 euro-ko 14 ordainsaritan), eta Gizarte Segurantzako kuota, 7.069,07 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.
–Kontratuaren hirugarren urtean: Urteko soldata gordina 19.479,01 euro-koa izanen da (1.391,36 euro-ko 14 ordainsaritan) eta Gizarte Segurantzako kuotaren kontzeptua, 7.205,53 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.
–Kontratuaren laugarren urtean: Urteko soldata gordina 24.348,77 euro-koa izanen da (1.739,20 euro-ko 14 ordainsaritan) eta Gizarte Segurantzako kuotaren kontzeptua, 8.199,85 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.
–Kontratua bukatzeagatiko kalte-ordaina: 3.202,03 euro.
eta, deialdiaren 10. oinarriarekin bat etorriz, lansari gehigarri bat izanen dute Nafarroarentzat interesa duten doktoretza-programetan parte hartzeko laguntzen (Nafarroako Gobernua) edo Unibertsitateko langileak prestatzeko laguntzen (Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioa) 2024ko edo 2025eko deialdietan onuradun diren pertsonentzat.
Bigarrena.–Deialdiak osotara 2.293.857,92 euro-ko gastua sortuko du, betiere horretarako diru-hornidura nahikoa baldin badago aurrekontuetako partida hauetan:
2025.
303000/0320/13110. Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 60.857,09 euro.
303000/0320/16000. Gizarte Segurantza: 23.482,46 euro.
303000/0320/48123. Matrikularako laguntzak: 6.467,00 euro.
2026.
303000/0320/13110. Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 365.426,27 euro.
303000/0320/16000. Gizarte Segurantza: 141.249,46 euro.
303000/0320/48123. Matrikularako laguntzak: 6.467,00 euro.
2027.
303000/0320/13110. Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 369.773,20 euro.
303000/0320/16000. Gizarte Segurantza: 141.995,69 euro.
303000/0320/48123. Matrikularako laguntzak: 6.467,00 euro.
2028.
303000/0320/13110. Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 407.829,15 euro.
303000/0320/16000. Gizarte Segurantza: 147.708,77 euro.
303000/0320/48123. Matrikularako laguntzak: 6.467,00 euro.
2029.
303000/0320/13110. Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 472.265,93 euro.
303000/0320/16000. Gizarte Segurantza: 137.401,91 euro.
Hirugarrena.–Aurreikuspenen arabera, 2025eko azaroaren 1ean hasiko dira kontratuak.
Laugarrena.–Aukera egonen da laguntzen zenbatekoa eta kopurua handiagotzeko baldin eta deialdia finantzatzeko aurrekontu handiagoa baldin badago.
Bosgarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Gizarte Kontseiluari, Ikerketako errektoreordeari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Irakaskuntza Zerbitzuari eta Kontu-hartzailetzari.
Seigarrena.–Ebazpen hau eta eranskin gisa ageri diren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki oholean argitara daitezela agintzea. Halaber, Unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez ahalik eta hedapen handiena izan dezan arduratuko da Ikerketa Zerbitzua.
Zazpigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, haren kontra, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2025ko apirilaren 16an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAK BANCO SANTANDERREKIN BATERA FINANTZATURIKO DOKTORATU AURREKO KONTRATUEN 2025-2026 IKASTURTEKO DEIALDIA
Ebazpenaren eranskina
Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikerketa bultzatu eta sustatzeko politikaren barruan, Ikerketa Batzordeak ikertzaile gazteen prestakuntza beharrezkotzat jo du beti lehentasunezko jarduera gisa. Zalantzarik gabe, orain arte erabilitako tresna eraginkorrena 1999az geroztik urtero egiten den deialdia da, ikertzaileak prestatzeko kontratuak ematen dituena. Gainera, deialdiak bateragarria izan behar du prestakuntzan dauden ikertzaileek beren lana garatzeko baldintza duinak izatearekin, jaso behar dituzten ordain ekonomiko eta onura sozialei dagokienez, eta aintzat hartu behar ditu ikertzaileei eragiten dieten goragoko lege esparruak ere.
2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren bidez, Prestakuntzan dauden Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua onetsi zen.
2022ko irailaren 7an, indarrean sartu zen 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legea, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legea aldatzen duena. Lege horretan egindako aldaketen artean daude, besteak beste, doktoratu aurreko kontratuaren barrenean Doktoratu Ondoko Orientazio Aldia sartzea eta doktoratu aurreko kontratua amaitzeagatiko kalte-ordaina; hala, doktoratu aurreko ikertzaileei lan-eskubide berriak bermatu zizkieten.
Hori guztia kontuan hartuz, doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzeko kontratuen deialdi hau onestea proposatu du Ikerketa Batzordeak.
1. Deialdiaren xedea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzeko eskaera berriko kontratuen deialdia, 2025-2026 ikasturterako dena, deialdian dauden xedapenek arautuko dute. Laguntzak emateko, behar adinako aurrekontua egon behar da.
Lehenbiziko eskaerako 20 kontratu emateko deialdia egin da doktoratu aurreko ikertzaileen prestakuntzarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza-tesia egiteko. Aurrekontuko baliabideen arabera, baliteke laguntza gehiago ematea.
2. Parte hartzeko baldintzak.
2.1. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
2.1.1. 2025-2026 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean onartuak egotea, edo programa horretako onarpena eskatua izatea eskabideak aurkezteko epearen barrenean, eta baldintza hauetako bat betetzea:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean sartzeko gaitzen duten aurretiazko ikasketak izatea.
b. Doktoretzarako sarbidea ematen duen master batean matrikulatua egotea 2024-2025 ikasturtean. Eskatzaileek masterra amaitzeko beharrezkoak diren kreditu guztietan matrikulatua egon behar dute, Master Amaierako Lanaren kredituetan barne, eta 2025eko uztailaren 31 baino lehen amaitu beharko dituzte ikasketak.
Kontratua esleitzeko hautatuak izanez gero, eskatzaileek 2025-2026 ikasturterako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programa batean matrikula egin dutela egiaztatu beharko dute laguntzen behin betiko esleipena argitaratzen denean ezartzen den epean. Doktoretza-programaren matrikula NADOEk ezarritako ohiko epeetatik kanpo egin ahal izateko, doktoretzaren onarpen eskaera aurkeztu beharko da; matrikula egiteko, beharrezkoa izanen da doktoratu aurreko kontratua lortzea.
2.1.2. Deialdi honetan ezin izanen dute parte hartu eskaera egiteko epea ixten den egunean doktoretza-tesi bat egiteko bestelako laguntza homologagarririk jaso dutenek, 12 hilabete edo gehiagoko laguntzak izan badira.
Eskatzailea 12 hilabete baino gutxiagoko laguntza homologagarri baten onuraduna izan bada, murriztu eginen da deialdi honetan jasotako doktoratu aurreko kontratuaren eta haren luzapenen gehieneko iraupena kontratatua egon den denboran (hilabeteak eta egunak), Zientziaren Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Murrizketa hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da eskatzailea zenbat denbora egon den kontratatua deialdi honetako doktoratu aurreko kontratua formalizatzen den egunera arte.
2.1.3. Momenturen batean ikusten bada eskatzaileak ez dituela baldintzak betetzen, eskatzaile hori hautaketa-prozesutik kanpo geldituko da.
2.2. Betekizun gehigarriak:
2.2.a) 2025eko irailaren 30a baino lehen bukatuko ez den deialdi publiko baten bidez edo hitzarmen edo kontratu espezifiko baten bidez finantzaturiko ikerketa-proiektu baten barrenean kokatu behar da doktoretza-tesia, eta, horretarako, beharrezkoa izanen da proiektuaren arduradunaren oniritzia. Proiektu mota kontuan hartuko da eskaeraren ebaluazioan, oinarri hauen 6. apartatuaren arabera. Estatuko Planaren proiektuen behin-behineko esleipenen bidez babestutako eskabideak tramitera onartuko dira, kontratuak behin betiko esleitu arte.
2.2.b) Ikerketa-proiektua Nafarroako Unibertsitate Publikoan edo Navarrabiomeden garatu beharko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2025eko katalogoan erroldatuta dagoen ikerketa-talde batek edo Navarrabiomedeko langileren bat buru duen talde batek. Proiektuaren ikertzaile nagusia doktore bat izanen da, eta onuradunaren proiektua zer ikerketa-talderi atxikitzen zaion, talde horretako partaide izanen da doktore hori. Unibertsitateko talde batek baino gehiagok parte hartzen duten proiektuetan, Ikerketa Batzordeari eskatzen ahalko zaio onuraduna proiektuan parte hartzen duen talde bati atxikitzeko, proiektuaren arduradunaren taldea ez eta beste bat bada ere.
2.2.c) Aurreko bi baldintzak betetzen ez badira, Unibertsitateko ikerketa-talde bateko arduradun batek babestutako izangaien eskabideak onartuko dira, baldin eta talde hori 2025eko Taldeen Sustapen Planaren onuradun izan bada.
2.2.d) Eskatzaileak bere gain hartuko du eskaeran aurkeztutako ikerketa-proiektuak oinarri honen a) eta b) apartatuetan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko ardura. Izan ere, hala ez bada, ezin izanen du proiektua aldatu akatsak zuzentzeko epean.
2.2.e) Oro har, ezin izanen dira aldatu ez zuzendaria, ez ikerketa-proiektua, ez eta kontratuaren eskaera hasieran bermatu zuen ikerketa-taldea ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik. Ikerketa Batzordeak aldaketa egiteko eskaera aztertuko du, eta behar den proposamena igorriko dio Ikerketako errektoreordeari, zeinak dagokion ebazpena emanen baitu.
2.3. Kontratuaren zuzendariaren betekizunak:
2.3.a) Kontratuaren zuzendaria doktoregaiaren tesi-zuzendaria izanen da, eta deialdi honen I. eranskinean jasotako kontratu-loturetako bat izanen du. Doktoratu aurreko kontratuaren zuzendariak NUPeko ikerketa-talde batean erroldatua egon beharko du eskabideak aurkezteko epearen barnean, edo Navarrabiomedeko talde batean, erakunde horretako ikertzaileen kasuan.
2.3.b) Kontratuaren zuzendari bakoitzak ezin izanen du ez babestu ez zuzendu deialdi honen babesean emandako esleipen berriko kontratuaren onuradun bat baino gehiago, ezta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren deialdi honetako eta aurreko deialdietako doktoratu aurreko kontratuaren bi onuradun baino gehiago ere.
2.3.c) Ezin izanen dira kontratuaren zuzendari izan eskabideak aurkezteko epea amaitu aurreko 3 urteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Prestatzeko Kontratuen Programaren barnean tesi baten zuzendari izan diren ikertzaileak, baldin eta lau urteko kontratua amaituta eta justifikatutako arrazoirik gabe doktoregaiak ez badu bere doktoretza-tesia gordailutu.
3. Kontratuen araubide juridikoa.
3.1. Kontratuen onuradunen eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezartzen direnak izanen dira, eta Prestakuntzan dauden Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutuan ezartzen den beste edozein (2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsitakoa).
3.2. Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu doktoratu aurreko kontratuak, bai eta 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legean ezarritakoak ere -lege horrek aldatzen du aipaturiko 21. artikulua-.
3.3. Kontratatuari bere zuzendariak duen ikerketa-talde bera esleituko zaio, eta bere zuzendaria atxikia dagoen sail eta/edo institutu berari atxikia geldituko da. Zuzendaria Navarrabiomedekoa izanez gero, dagokion Navarrabiomedeko taldea esleituko zaio, eta bere tesiaren tutorea atxikia dagoen NUPeko sailari atxikia geldituko da.
3.4. Deialdi honetan jasotzen diren kontratuek ez dute inolaz ere konpromisorik ezartzen onuradunak gerora Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.
3.5. Deialdi honen babesean kontratu bat jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko xede bereko beste laguntza edo beka batzuekin, bai eta kontratuaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:
–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+Gko proiektuetako parte-hartze baimenduak eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa aplikatuz egindako kontratuak.
–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.
–Bestelako jarduerengatik noizean behin jasotako ordainsariak, betiere Ikerketako errektoreordearen ustez emandako kontratuaren xedea garatzeari traba egiten ez badiote.
4. Eskaeren aurkezpena.
Telematikoki aurkeztu behar dira eskaerak, Banco Santander Universidades programako "Open Academy" plataformaren bidez: https://www.santanderopenacademy.com.
Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdia NAOn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
Oro har, eskatzen diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.
5. Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.
Eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Inprimaki normalizatua. Hemen dago:
https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8314&blockType=AREAS–SEDE&entity=1096
Doktoratu aurreko kontratuaren zuzendariak oniritzia adieraziz gero eskabide inprimakian, ulertuko da sinatzaileak tutore izatea onartzen duela Prestakuntzan dauden Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua eta Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak ezartzen dituzten ondorioetarako, eta deialdi honetan ezarritako oinarriak onartzen direla.
b) Merezimenduen zerrendaren inprimakia. Hemen dago:
https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8314&blockType=AREAS–SEDE&entity=1096
Inprimakiarekin batera, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da. Eskabideak aurkezteko epean agiri bidez egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, ez besterik. Merezimenduak ez egiaztatzea ez da baztertzeko arrazoia, eta, beraz, ez da inola ere eskatuko egiaztapen-falta hori zuzentzeko.
Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.
c) Indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia.
d) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren edo titulazioen kopia, kontratua eskatzeko inprimakian adierazitakoaren eta IV. eranskinaren arabera. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.
e) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren edo titulazioen ziurtagiri akademiko zehaztuaren kopia, aurreko apartatuaren arabera. Ziurtagiri horretan, lorturiko kalifikazioak jaso beharko dira, bai eta noiz lortu diren ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.
Atzerriko ikastegiek ematen dituzten kalifikazioen ziurtagirietan, dagokion ebaluazio sistemaren barruan kalifikaziorik handiena eta txikiena zein izan diren agertuko da, baita gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere.
Eskatzaileek ikasketak atzerrian egin badituzte, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak egindako noten baliokidetasuna aurkeztu beharko dute gainera. Baliokidetasun hori hemen eskatzen ahal da:
Ziurtagiriak prozeduraren fitxaren bidez eta eskaerak egiteko epean aurkeztu beharko dira; bestela, ez dira kalifikazioak kontuan hartuko.
f) Eskatzaileak egindako ikasketen promozioko batez besteko notaren ziurtagiria. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.
Master bereko 2023-2024 ikasturteko promozioaren batezbestekoa onartzen da, baldin eta 2024-2025 ikasturtean masterra amaituko duten eskatzaileei ezinezkoa bazaie oraingo ikasturteko batezbestekoa izatea.
Ziurtagiriak prozeduraren fitxaren bidez eta eskaerak egiteko epean aurkeztu beharko dira; bestela, ez dira kalifikazioak kontuan hartuko.
g) Aitorturiko desgaitasun mailaren egiaztagiria eta desgaitasunari buruzko datuen tratamenduaren onespena, halakorik egonen balitz.
2.1.1.b) apartatuan jasotako egoeran dauden eskatzaileek, eskaera egiteko epean, egoera hori egiaztatzen duen kopia emanen dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulatutakoek izan ezik. Beren espediente akademikoaren ziurtagiria eta masterraren aurreko ikasketen promozioko batez besteko nota entregatuko dituzte eskabideak aurkezteko epearen barnean. Gainera, 2025eko abuztuaren 7a baino lehen, aurreko e eta f apartatuetan adierazitako dokumentazioa aurkeztuko dute Unibertsitatearen egoitza elektronikoan.
Zuzendariaren merezimenduak Ikerketa Zerbitzuak baloratuko ditu, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa kudeatzeko duen datu-basean jasotakoaren arabera, deialdi honen II. eranskinean zehaztutako baremoarekin bat. Navarrabiomedeko zuzendarien kasuan, Navarrabiomedek emandako merezimenduak baloratuko dira.
Deialdi honen oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egongo, baina zirkunstantzia hori jakinarazi beharko dute idazki baten bidez. Idazki horretan identifikatu behar dute zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen.
Agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.
Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpen soila erantsi beharko da, eta Ikerketa Batzordearen esku utziko da zinpeko itzulpena eskatzea, beharrezkoa izanez gero.
Prozeduraren edozein fasetan, eskaerak aurkezteko epean aurkeztutako egiaztagirien jatorrizko dokumentuak aurkezteko eskatzen ahalko die Ikerketa Zerbitzuak interesdunei.
Aurkeztutako informazioa faltsua bada edo dokumenturen bat manipulatu bada, eskatzaile horrek galdu eginen du hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskubidea, eta dagokion erantzukizuna eskatzen ahalko da.
6. Izangaien hautaketa.
6.1. Kontratuak 2024ko ikerketa-taldeen katalogoan ezarritako arloko taldeen arabera (A, B, C, D) banatuko dira, talde horietako bakoitzean tramitera onartutako eskaerei D’Hondt sistema aplikatuz eta baldintza hau errespetatuz: gutxienez kontratu bat aipatutako arloko talde bakoitzeko, zeina emanen baitzaio arlo horietako bakoitzean espediente ponderatu hoberena duenari.
Beste kontratu bat gordeko da % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, eta baldintza hori betetzen duten eskabide guztien artean espediente ponderatu hoberena duenari emanen zaio, kontratua zein arlotan eskatzen den kontuan hartu gabe.
6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak egingo du izangaien aukeraketa, honako hauek kontuan hartuz:
a) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren espedientearen batez besteko nota, IV. eranskinaren arabera: 5 puntu.
Batez besteko nota ponderatua honela kalkulatuko da:
Nota ponderatua = (IN + 5 DN) / 2
Non IN ikaslearen batez besteko nota den eta DN, berriz, INaren desbideratze normalizatua promozioaren batez besteko notarekiko (NT). Izangai bakoitzaren DNaren balioa lortzeko, bere IN-NT desbideratzea zati bere arloan onartutako izangaien IN-NT desbideratzerik altuena (Dmax) bider 5 egin behar da, hots: DN=5(IN-NT)/Dmax.
Modalitate edo arlo guztietako hautagai guztiek 6,5eko batez besteko nota (IN) edo hortik gorakoa eduki behar dute kontraturako hautagai izateko.
Aurkeztutako espediente onena zein den kalkulatzeko, prozedura berari jarraitu behar zaio, baina, kasu horretan, arlo guztietan onartutako izangai guztien IN-NT desbideratzerik altuena izanen da Dmax.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek ez dute aurkeztu beharko informazio hau, Laguntza Akademikorako eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuak emanen baitu. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztiei aplikatuko zaie ezarri den ponderazio formula.
Beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleen kasuan, haien ardura izanen da behar den dokumentazioa epe barnean aurkeztea aipatutako ponderazio formula aplikatzeko. Promozioaren batez besteko notaren (NT) egiaztagiririk aurkezten ez duten eskatzaileei, promozioaren batez besteko nota gisa bi hauen artean handiena den balioa aplikatuko zaie: deialdi honetako beste izangaiei beren Arloko Taldearen barnean (A, B, C edo D) aplikatutako promozioaren batez besteko nota altuena edo eskatzaileak lortutako batez besteko nota indibiduala.
Masterreko ikasketen kasuan, doktoretzako ikasketetara sartzeko erabiltzen den masterraren eta master horren aurreko unibertsitateko ikasketen batezbesteko ponderatua kalkulatuko da, titulazio bakoitzari dagozkion kredituen arabera, IV. eranskinaren arabera.
Eskatzaileak 5.e) apartatuan adierazitako beharrezko dokumentazioa aurkezten ez badu, Unibertsitateak ez du hura egiaztatzeko eskatuko, eta espedienteari 0 puntu emanen zaizkio.
Aurreko batezbestekoa kalkulatu eta gero, espediente guztiak normalizatuko dira Arloko Talde bakoitzean. 5 puntu emanen zaizkio espediente onenari, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.
Normalizazio hori eskatzaile guztien artean eginen da, tramitera onartutako eskaera guztien artean espediente onenari ematen zaion kontratua nori eman erabakitzeko.
b) Izangaiaren merezimenduak: 0,5 puntu gehienez.
–Ikerketa: 0,3.
–Ikastaroak: 0,1.
–Mugikortasuna: 0,1.
(Deialdiaren II. eranskinak ezartzen duenaren arabera)
c) Zuzendariaren balioespena: 2 puntu gehienez.
(Arloko Talde bakoitzari dagokiona)
(Deialdiaren III. eranskinak ezartzen duenaren arabera)
d) Ikerketa proiektua edo hitzarmenak: 1 puntu gehienez.
Esparru Programa (EB), edo antzeko baldintza- eta lehia-ezaugarriak dituen beste programaren bat: 1.
Estatuko Plana: 0,8.
Nafarroako Gobernua: 0,5.
Beste proiektu batzuk (83. artikuluaren araberako kontratuak edo hitzarmenak): 0,3.
Proiektu bati atxiki gabeko eskabideak, 2025eko Taldeen Sustapen Planaren onuradun den ikerketa-talde batek babestuak daudenak, zero punturekin baloratuko dira apartatu honetan.
6.3. Kontratua eskatzeko inprimakian doktoretzako ikasketetara zein titulazioren bidez sartzen den adieraziko da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batezbestekoa. Master baten bidez sartzen bada, masterra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere hartuko da kontuan, IV. eranskinaren arabera.
Espediente akademikoaren batez besteko nota 0tik 10era bitarteko eskalan kalkulatuko da, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera.
batez besteko nota = ∑(irakasgaiaren kreditu kopurua x nota)/ tituluaren kreditu kopuru totala.
1044/2003 Errege Dekretua ere aplikatuko da, 2003ko abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena.
Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei "Gainditua" kalifikazioa emanen zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emanen zaie, eta, kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzean.
Espedientean kalifikazio kualitatiboa baizik jaso ez bada, baliokidetasun hau aplikatuko zaio:
–Ohorezko matrikula: 10.
–Bikain: 9,25.
–Oso ongi: 7,75.
–Gainditua: 5,75.
6.4. Eskatzaileek espediente akademikoaren batez besteko nota adierazi behar dute, beren jatorrizko erakundeak informazio hori ez badu espedientean sartzen. Kalkuluan akats esanguratsuren bat detektatuz gero, hura egiaztatzeko edo argitzeko eskatuko zaie. Garaiz eta forman egiaztatzen ez bada, kontratua ukatzeko arrazoi nahikoa izan daiteke.
7. Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, gehienez ere hilabeteko epean, tramitera onartutako eta eskatutako kontraturako ezarritako baldintzaren bat ez egiaztatzeagatik edo eskatutako dokumentazioa ez aurkezteagatik baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda onetsiko da, Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Banco Santander Open Academyren plataforman argitaratuko da. Ebazpen horretan 10 egun balioduneko epea emanen zaie eskatzaileei, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hautemandako akatsak zuzendu edo erreklamazioa aurkez dezaten. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ez da tramitera onartuko.
7.2. Ikerketa Batzordeko Batzorde Iraunkorrak proposamena eginen du aurkeztutako erreklamazioei buruz eta tramiterako onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrendari buruz, eta Ikerketako errektoreordeari helaraziko dio. Orduan, errektoreordeak dagokion ebazpena emanen du, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektronikoan eta Banco Santander Open Academyren plataforman argitaratuko da. Ebazpen horren aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
7.3. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean gehienez ere, izangaien puntuazioak eta kontratuen behin-behineko esleipen proposamena onetsiko dira Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez. Ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan eta Banco Santander Open Academyren plataforman argitaratuko da, eta gehienez ere 10 egun balioduneko epea izanen dute interesdunek erreklamazioak aurkezteko, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
7.4. Ikerketa Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu, puntuazioak eta behin betiko esleipen proposamenak onetsiko ditu, eta behar den proposamena bidaliko dio Ikerketako errektoreordeari.
Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez, deialdi honetako kontratuen behin betiko puntuazioak eta esleipenak onetsiko dira. Ebazpen hori Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan eta Banco Santander Open Academyren plataforman argitaratuko da, eta, haren aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
7.5. Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan https://www.unavarra.es/sede/tablon-electronico eta Banco Santander Open Academyren plataforman https://www.santanderopenacademy.com argitaratzea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzea da Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra. Hala ere, interesdunei posta elektronikoz jakinarazten ahalko zaie, modu osagarrian eta ez-ofizialean.
8. Doktoratu aurreko kontratuaren helburua eta baldintzak.
8.1. Kontratuaren xedea doktoratu aurreko kontratu bat formalizatzea izanen da.
8.2. Kontratuaren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programa batean onartuak izateko aukera ematen dien titulua dutenek ikerketa-lanak egitea proiektu espezifiko eta berritzaile baten barnean. Kontratudun horiek prestakuntzan dauden doktoratu aurreko ikertzaileak izanen dira.
Prestakuntzan dagoen doktoratu aurreko ikertzaileak, langilea denez, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, enplegatzailea denez, gauzatuko dute kontratua. Kontratuari doktoretza-programan onartua dela adierazten duen agiria erantsiko zaio, programaren arduradunak emana, edo Doktoretza Eskolak edo Graduondoko Bulegoak, hala badagokio. Kontratuek eta luzapenek osotara lau urte iraunen dute gehienez. % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenetatik espediente ponderatu hoberena duenari emandako kontratuaren kasuan, ordea, 5 urte irauten ahalko du kontratuak.
Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta, hasiera batean, lau urteko iraupena izanen du gehienez. Beharrezkoa izanen da urtero aldeko txostena egitea doktoretza-programako Batzorde Akademikoak, edo, bestela, doktoretza-eskolak, ikertzaileak programan irauten duen bitartean. Lehenago doktoratu aurreko kontratu paretsu bat izan duten onuradunen kasuan, lau urte horiei kendu eginen zaie kontratatua egon diren denbora. Doktoretza-tesia eta doktoretza-programako matrikula arduraldi osokoak izanen dira.
Doktoretza-titulua lortzeak amaiera emanen dio ikertzaileen prestakuntza-etapari, eta, une horretatik aurrera, doktoratu ondoko etapari heltzen ahalko dio, zeinak, gehienez ere hamabi hilabetez, doktoratu ondoko orientazioa ematea izanen baitu xede. Nolanahi ere, kontratuaren iraupena ezin izanen da aurreko paragrafoan adierazitako gehienekoa baino luzeagoa izan.
8.3. Kontratua eten eginen da honako kasu hauetan:
–Kontratuaren gehieneko epea bukatzen bada.
–Doktoretza-programan egoteko aldia bukatzen bada edo tesia irakurri baino lehen doktoregaia ez badago matrikulatua doktoretza-programan.
–Doktoregaiak doktoretza-programako Batzorde Akademikoa egindako aurkako txostena jasotzen badu.
–11. artikuluan jasotako baldintzak betetzen ez badira, eta horrek Ikerketa Batzordearen iritziz kontratua amaitzea ekartzen badu.
8.4. Doktoratu aurreko kontratuak lau urteko iraupena du gehienez ere (bost urtekoa, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenetatik espediente ponderatu hoberena duenari emandako laguntza bada), eta bitarte horretan kontratuen zenbatekoak ez du gaindituko 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa.
–Kontratuaren lehenbiziko eta bigarren urteetan: 1.298,60 euro gordineko 14 lansari.
–Kontratuaren hirugarren urtean: 1.391,36 euro gordineko 14 lansari.
–Kontratuaren laugarren urtean: 1.739,20 euro gordineko 14 lansari.
–Kontratuaren bosgarren urtean, baldin eta %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenetatik espediente ponderatu hoberena duenari emandako kontratua bada: 1.739,20 euro gordineko 14 lansari.
Unibertsitateak hartuko ditu bere gain Gizarte Segurantzaren enpresa-kuotak, indarrean daude legeetan ezarritako baldintzetan.
9. Matrikularen gastuetarako laguntza.
Laguntza hauen onuradunek laguntza gehigarri bat izanen dute doktoretza-ikasketen ondoriozko matrikula gastuak finantzatzeko: tutoretza akademikoko matrikula Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Laguntza gehigarri hori 2025-2026 ikasturtetik aurrera aplikatuko da. Doktoratu aurreko ikertzaileak kontratatzeko laguntza indarrean den bitartean emanen da, eta onuradun bakoitzeko 4 matrikula oso ordaintzeko gehienez ere (bost matrikula oso, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenetatik espediente ponderatu hoberena duenari emandako laguntzaren kasuan).
10. Doktoratu aurreko kontratuen beste deialdi publiko batzuetan parte hartzeko pizgarriak.
Prestakuntzan dauden ikertzaileek NUPetik kanpoko doktoratu aurreko beste kontatu batzuk eska ditzaten sustatzeko eta, horrekin batera, Unibertsitatearen beraren baliabide ekonomikoak optimizatzeko, jarraian deskribatutako neurri pizgarria onartzen da.
Deialdi honetan kontratuen onuradun izan eta, gainera, Nafarroarentzat interesa duten doktoretza-programetan parte hartzeko laguntzen (Nafarroako Gobernua) edo Unibertsitateko langileak prestatzeko laguntzen (Unibertsitateen Ministerioa) 2024ko edo 2025eko deialdietan onuradun diren pertsonek, baldin eta NUPera atxikirik egonen badira, Ikerketa-gastuetarako lansari gehigarri bat jasoko dute, gehienez 5.000 eurokoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren funtsekin finantzatua, doktoretzaren azken bi urteetan gastatzeko.
Lansari gehigarri hori eskuratu ahal izateko, deialdi honen onuradunek lehen aipatutako bi deialdietako kontratu bat onartu beharko dute (Nafarroako Gobernuaren doktoratu aurreko laguntzak edo Unibertsitateko langileak prestatzeko laguntzak) eta NUPen garatu, eta uko egin beharko diote NUPek emandako doktoratu aurreko kontratuari.
11. Onuradunen betebeharrak.
11.1. Onuradunek kontratua onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arauak onartzea, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak kontratuaren jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.
11.2. Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Kontratuaren xedeko ikerketa-lana egiteko helburuz, kontratua emateko ebazpenean eta kontratuan adierazten den egunean bertan hastea lanean Nafarroako Unibertsitate Publikoan; une horretan hasten ez badira, kontratuari uko egiten diotela ulertuko da. Halaber, kontratuari uko egiten diotela ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik hura sinatzeko jakinarazpena jaso eta 5 eguneko epean sinatzen ez bada.
Ikerketako errektoreordeak, interesdunak eskatuta, kontratuaren zuzendariaren oniritziarekin, lanean hasteko eguna atzeratzeko baimena ematen ahal du horretarako larritasun handiko arrazoiak daudenean. Bateraezintasun egoerak ez dira ezinbesteko kausatzat jotzen lanean hasteko eguna atzeratzeko.
Ikertzaileren batek lan-baimena ematen duen bizileku-baimena eskuratu behar badu, 4 hilabeteraino luzatzen ahal da jardunean hasteko epea.
b) Esleituriko ikerketa-taldean beren lana aprobetxamenduz egitea.
c) Kontratuarekin lotutako lana garatzean lortu dituzten informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, zuzendariaren baimenik ez badute.
d) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketarako errektoreordeari igortzea egindako lanari buruz eskatzen dizkioten txostenak, kontratuaren zuzendariak eta lana burutzen ari den ikerketa-taldeko arduradunak ontzat emanak.
e) Doktoretza-programako Batzorde Akademikoaren urteroko aldeko txostena edukitzea. Ebaluazioa aldekoa ez bada, kontratua deuseztatu eginen da, 15 egun lehenago jakinarazita.
f) Urtero, eskatzen zaien epean, lan bizitzaren ziurtagiri eguneratua aurkeztea.
g) Kontratuak irauten duen aldian egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa-jardueretatik eratorritako beste emaitza guztietan agerraraztea Nafarroako Unibertsitate Publikokoak direla (Nafarroako Unibertsitate Publikoko produkzio zientifikoan sinadura normalizatzeko jarraibideekin bat etorriz) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Banco Santanderrek finantzatu dituztela.
h) Ikerketa-emaitza guztiak sarbide irekian jartzea, NUPen Academica-e biltegi instituzionalean gordailutuz argitaratutako artikuluen kopia bat (ofizioz igotzen ez badute) edo, beharrezkoa bada, argitaratutakoaz bestelako bertsio bat, artikulua argitaratzen denetik sei hilabetera beranduenez ere. Ahal dela, halaber, ikerketan sortutako datuak ikerketako datuen biltegi batean gordeko dira.
Hona hemen gai horri buruzko xehetasun gehiago:
https://www.unavarra.es/biblioteca/apoyo-a-la-investigacion/acceso-abierto
i) Kontratuaren aldia behin betiko bukatu ondoren, egindako lanaren azken oroitidazkia aurkeztu beharko da, kontratuaren zuzendariak ontzat emana eta lan bizitzaren ziurtagiriarekin batera.
j) Doktoretza-tesia defendatzea eta gainditzea 4 urteko epean gehienez ere doktoratu aurreko kontratuaren hasiera egunetik kontatzen hasita.
Ikerketako errektoreordeak aukera izanen du betebehar hori betetzeko epea luzatzeko, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, kontratuaren zuzendariak ontzat emana eta NADOEren aldeko txostenarekin.
11.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak, bestalde, esleitutako kontratua ukatzea eta baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru-kopuruak itzuli behar izatea, hala badagokio, dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
11.4. Erdietsitako kontratuari uko egiten diotenek kontratuaren zuzendariaren sinadura daukan idazkia bidaliko diote Ikerketako errektoreordeari, eta, bertan, horretarako arrazoiak eman. Kontratuari uko egiteko eskaerak ondorio-eguna baino 7 egun lehenago aurkeztu behar dira beranduenez.
Deialdi honetako gainerako eskatzaileek beteko dituzte kontratua hasi eta hurrengo 3 hilabeteetan gertatzen diren bajak eta uko egiteak, kontratuak emateko behin betiko ebazpenean onetsitako balorazioan ezarritako ordenaren arabera betiere.
11.5. Kontratuen onuradunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkiote kontratuaren helburu den ikerketa-jardueraren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak kontratuen onuradunei egile eskubideak aitortuko dizkie, lortzen lagundu duten emaitzen gainekoak, Unibertsitateko kontratupeko ikertzaileei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza berdinetan betiere.
12. Onura sozialak.
Sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko dituzte kontratuen onuradunek.
13. Kontratua etetea.
Kontratu hauen onuradunek eskubidea edukiko dute Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, hartan ezarritako moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen 2015eko urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.
Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21 c) artikuluaren arabera, kontratuaren iraupenaren zenbaketa eten eginen da halako kasuengatik: aldi baterako ezintasunagatik; haurdun egoteagatik; arriskua izateagatik haurdunaldian edo esnea emateko aldian; haur baten jaiotzagatik; haur bat adopzioan edo harreran hartzeagatik edo adopzio xedez zaintzeagatik; esnea emateko baimena lanaldi osoetan metatua izateagatik; edo halako zerbaitekin zerikusia duen antzeko egoerengatik, baita, kontratuak irauten duen bitartean, kasu hauengatik ere: lanaldi osoko baimenak hartzea kontziliazioagatik edo adingabeak, senideak edo mendeko pertsonak zaintzeagatik; eta seme-alabak edo senideak zaintzeagatiko eszedentziak baliatzen emandako denboragatik; edo genero indarkeriagatik.
Kontratuak irauten duen bitartean, ondoren adieraziko diren arrazoiengatiko baimenak lanaldi murriztuan hartuz gero, kontratua luzatu eginen da murriztu den lanaldi-zatiaren baliokide den denboran: haur baten jaiotza; amatasuna; aitatasuna; haur bat adopzioan edo harreran hartzea edo adopzio xedez zaintzea; esnea emateko baimenarengatik lanaldia murriztea; haur goiztiarraren jaiotzagatik edo erditzearen ondoren ospitaleratzea; legezko zaintza; minbizia edo gaixotasun larria duten adingabeak zaintzea; gaixotasun larria duten edo istripu bat izan duten senitartekoak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzea; edo antzeko arrazoiengatik lanaldia murriztea; bai eta kontziliazioa edo adingabeak, senideak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko arrazoiak ere.
Luzapen hori egiteko beharrezkoa izanen da behar adinako aurrekontua egotea. Eskaera Unibertsitateko erregistro elektronikoan aurkeztuko da, kontratua amaitu baino bi hilabete lehenago beranduenez.
14. Irakaslanetako lankidetzak.
14.1. Kontratu hauen onuradunek zilegi dute baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean prestakuntzarako xedez irakaskuntza-lanetan laguntzeko, betiere kontratuaren zuzendaria eta inplikatutako saileko zuzendaria ados badaude. Lankidetza hori indarrean dagoen legediaren arabera eginen da.
14.2. Gobernu Kontseiluak 2022ko apirilaren 12an onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da egoitza elektronikoan, aipatutako prozeduran ezarritakoaren arabera:
https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8661&blockType=AREAS–SEDE&entity=1096
15. Datuen babesa.
Deialdi honetako parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak araudi hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
Tratamendu horren helburua ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta haren oinarri juridikoa, berriz, interes publikoko misioa, DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera; izan ere, ikertzaile gazteei prestakuntza ematen die, prestakuntzan dauden ikertzaileentzako kontratuen deialdia eginez. Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da (NUP), eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 12. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoari jarraikiz.
NUPek identifikazio- eta harreman-datuak, sinadura, merezimenduen zerrenda eta titulazioari, kalifikazio akademikoari, curriculumari eta ikerketa-jarduerari buruzko datuak tratatuko ditu. Era berean, zer kontratu esleitu diren eta horien onuradunak nor diren NUPen webgunean argitaratuko da, aurreikuspenen arabera. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira onuradunei ordainketak egiteko.
Halaber, aditzera ematen da deialdi honek Banco Santanderren laguntza eta finantzaketa duela. Deialdian parte hartzeak berekin dakar Banco Santanderrek parte-hartzaileen datuak tratatzea. Datuen tratamenduari dagozkion eskubideak alegatzeko, helbide elektroniko hau erabiltzen ahalko da: privacidad@gruposantander.es, bat etorriz Banco Santanderren datuak babesteko politikarekin https://www.santander.com/es/landing-pages/politica-de-proteccion-de-datos.
Banco Santanderrek babesa eta finantzaketa eman ditzan, Open Academy beka-plataformaren https://www.santanderopenacademy.com bidez kudeatu behar dira kontratuak. Finantzaketa eta laguntzak emateko modua eta baldintzak NUPen eta Banco Santanderren arteko harreman konbentzionalean daude islatuak.
Beken plataforma kudeatzeko datu pertsonalen tratamenduen erantzule dira bai NUP eta bai Banco Santander. Horren ondotik beste tratamenduren bat eginen balu Banco Santanderrek, bankua bera izanen da tratamendu horren erantzule bakarra. Kontratua gauzatzea eta bankuaren beraren interes legitimoa har litezke oinarri halako tratamenduak egiteko, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1 artikuluko b) eta f) apartatuen arabera. Geroago bankuak berriz erabili nahi balitu datu pertsonal horiek, datuak zein testuingurutan lortu dituen hartu beharko luke kontuan, eta behar bezala neurtu zer helbururekin eskuratu dituen eta zer helburuk justifikatzen duten datuok berrerabiltzea.
16. Deialdiaren baldintzak onartzea.
Eskatzaileek eta zuzendariek deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar deialdiaren baldintzak onartzea, baita deialdiaren oinarriak eta ondoriozko gainerako arauak betetzeko konpromisoa hartzea ere.
17. Argitalpena.
Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan eta Open Academy plataforman ere.
18. Errekurtsoak.
Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
I. ERANSKINA.–DOKTORATU AURREKO KONTRATUAREN ZUZENDARIAREN KONTRATU-LOTURA
Eskabideak aurkezteko epean kontratu-lotura hauetako bat duten zuzendariak baizik ezin izanen dira babesle izan:
UK | Unibertsitateko katedraduna |
UT | Unibertsitateko titularra |
KID | Kontratupeko irakasle doktorea |
KBID | Kontratupeko bitarteko irakasle doktorea |
ORD | Irakaslanerako ordezko irakasleak (LOU) |
ILD | Irakasle laguntzaile doktorea |
+ IF | Ikertzaile finkoa |
RYC | Ramón y Cajal |
AND | Andia laguntzaren onuraduna |
NB | Navarrabiomedeko plantillako ikertzailea edo Navarrabiomedeko areagotutako osasun-langileak |
Ezin izanen dira kontratuaren zuzendari izan arestian aipatutakoez bestelako lotura bat duten ikertzaileak.
II. ERANSKINA.–ESKATZAILEAREN MEREZIMENDUEN BAREMOA
–Izangaiaren merezimenduak: 0,5 puntu gehienez ere.
MEREZIMENDUAK | PUNTUAZIOA, GEHIENEZ ERE | |
1 | Ikerketa-jarduera | 0,3 |
2 | Ikastaroak | 0,1 |
3 | Mugikortasun programak | 0,1 |
1.–Ikerketa-jarduera
Kategoria bakoitzeko 3 ekarpen baino ez dira baloratuko (argitalpenak, biltzarrak eta proiektuetan parte hartzea), eskaeran adierazitako zerrendaren arabera.
Ikerketa-jardueraren kategorien puntuazioa:
IKERKETA-JARDUERAREN KATEGORIAK | KATEGORIA BAKOITZEAN | |
1 | Argitalpenak | 0,3 |
2 | Biltzarrak | 0,2 |
3 | Finantzatutako ikerketa-proiektuetan parte hartzea | 0,2 |
1.–Argitalpenen kategoria: gehieneko normalizatua 0,3.
EKARPENA | PUNTUAK | |
1 | Nazioarteko aldizkarietako artikuluak | 1,6 |
2 | Nazioarteko liburuak, osorik | 1,6 |
3 | Liburu nazionalak, osorik, edo nazioarteko liburuetako kapituluak | 0,8 |
4 | Estatuko aldizkarietako artikuluak edo estatuko liburuetako kapituluak | 0,4 |
5 | Beste argitalpen batzuk | 0,2 |
2.–Biltzarren kategoria: gehieneko normalizatua 0,2.
EKARPENA | PUNTUAK | |
1 | Komunikazioak edo posterrak nazioarteko biltzarretan. | 0,5 |
2 | Komunikazioak edo posterrak Espainiako biltzarretan. | 0,3 |
3.–Finantzaturiko ikerketa-proiektuen kategoria: gehieneko normalizatua 0,2.
EKARPENA | PUNTUAK | |
1 | Europar Batasuneko proiektuetan parte hartzea | 1 |
2 | Plan Nazionaleko edo pareko beste plan batzuetako proiektuetan parte hartzea | 0,75 |
3 | Esparru autonomikoko proiektuetan parte hartzea | 0,5 |
4 | LOSUren 60. artikuluan jasotako kontratuetan parte hartzea | 0,1 |
2.–Ikastaroak.
Kategoria bakoitzeko 3 ekarpen baino ez dira baloratuko (ikastaroak eta jardunaldietara eta kongresuetara joatea), eskaeran adierazitako zerrendaren arabera.
Ikastaroen puntuazioa: gehienez 0,1 puntu (100 ordu).
EKARPENA | IRAUPENAREN ZENBAKETA | |
1 | Ikerketarako interesekoak diren ikastaroak | Iraupena zehazten ez bada, 10 ordu zenbatuko dira. |
2 | Jardunaldietara eta biltzarretara joatea | 5 ordu/egun |
3.–Mugikortasun programak.
3 ekarpen baino ez dira baloratuko, eskaeran adierazitako zerrendaren arabera.
Mugikortasunaren puntuazioa: gehienez 0,1 puntu (10 hilabete).
EKARPENA | PUNTUAK | |
1 | Izangaiaren jatorrizkoa ez den unibertsitate edo ikerketa-zentroren batean (NUP barne) egindako ikerketako egonaldiak | 0,01 hilabeteko |
Merezimenduen kalkuluaren xehetasunak.
Kasu guztietan, onartu edo argitaratu diren ekarpenak hartuko dira aintzat. Proiektu, ikastaro eta abarretako parte-hartzea behar bezala dokumentatu behar da.
Agiriz egiaztatutako merezimenduak bakarrik baloratuko dira.
Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.
Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezin izanen da merezimendu bera bi apartatutan aurkeztu.
–Argitalpenak eta komunikazioak: onartu direla edo argitaratu direla egiaztatu behar da. Biltzarretako akta liburuak ez dira argitalpen gisa puntuatuko, nahiz eta ISBNa eduki.
Biltzarretara joatea baina bertan parte ez hartzea ikastaroen atalean hartuko da kontuan.
–Proiektuak: beharrezkoa da eskatzailea ofizialki proiektuaren ikerketa-taldekoa dela egiaztatzea, proiektuaren erakunde arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez bada; kasu horretan, proiektuaren eta deialdiaren datuak adieraziko dira, dokumentazioa errazago topatu ahal izateko. Ez dira baliozkoak izanen proiektuaren ikertzaile arduradunak emandako ziurtagiriak. Lankidetza-bekak ez dira proiektu gisa baloratuko.
–Kontratuak: LOSUren 60. artikuluaren arabera egindako kontratuetara atxikia egotea baloratuko dira soilik, betiere taldekide gisa agertzen badira kontratuan edo lan-kontratu bat izan baldin badute.
–Mugikortasuna: ikerketako egonaldiak bakarrik baloratuko dira, ez dira baloratuko graduko eta masterreko egonaldi akademikoak.
III. ERANSKINA. ZUZENDARIAREN MEREZIMENDUEN BAREMOA
2020tik 2024ra bitarteko merezimenduak baloratuko dira, biak barne.
Zuzendariaren balorazioa: 2 puntu gehienez.
MEREZIMENDUEN KATEGORIA | GEHIENEKO NORMALIZATUA | |
1 | Zuzendaritzapean izandako tesiak | 10 puntu |
2 | Kudeaketa akademikoa | 15 puntu |
3 | Argitalpenak | 37,5 puntu |
4 | NUPeko ikerketa-proiektuak | 37,5 puntu |
1.–Zuzendaritzapean izandako tesiak: gehieneko normalizatua 10.
EKARPENA | PUNTUAK | |
1 | Gidatutako eta defendatutako tesiak | 1/tesi |
2 | Gidatutako eta defendatutako tesiak, nazioarteko aipamena dutenak | 1,25/tesi |
3 | Beste batekin batera gidatutako eta defendatutako tesiak | 0,5/tesi |
4 | Beste batekin batera gidatutako eta defendatutako tesiak, nazioarteko aipamena dutenak | 0,625/tesi |
2.–Kudeaketa akademikoa: gehienekoa normalizatua 15.
PERTSONA BAKARREKO KARGUAK | PUNTUAK | |
1 | Errektorea, errektoreordea, Fakultateko dekanoa, Eskolako zuzendaria, idazkari nagusia, Saileko zuzendaria, Ikerketa Institutuko zuzendaria, NADOEko zuzendaria, Arloko zuzendaria, idazkariorde nagusia, ILUZTeko zuzendaria, Hezkuntzaren Berrikuntzarako Goi Mailako Ikastegiko zuzendaria, Sarbiderako koordinatzaile nagusia | 1/urte |
2 | Eskolako zuzendariordea, Fakultateko dekanordea, Saileko zuzendariordea, Ikerketa Institutuko zuzendariordea, NADOEko zuzendariordea, Eskola edo Fakultateko idazkaria, Saileko idazkaria, Ikerketa Institutuko idazkaria, NADOEko idazkaria | 0,5/urte |
3.–Argitalpenak: gehieneko normalizatua 37,5.
EKARPENA | PUNTUAK | |
1 | Baldintza hauetakoren bat betetzen duten aldizkarietan argitaratutako artikuluak: –JCRko Q1 edo Q2 Journal Impact Factor delakoan –SJRko Q1 –CIRCeko A+ edo A sailkapena –Dialnet-en metriketako C1 | 1 |
2 | Liburu bat izatea izen handiko argitaletxe batean argitaratua: Izen handiko argitaletxeetan argitaratutako liburuak, SPIren (Scholarly Publishers Indicators) azken edizioan argitaraturiko prestigio editorialeko sailkapenei jarraituz: –Sailkapen orokorra: lehenbiziko 25 argitaletxeak, bai Espainiako argitaletxeen sailkapenean bai atzerrikoenean. –Diziplina zehatzen sailkapenetarako: Espainiako argitaletxeen sailkapeneko lehenbiziko 7ak edo lehenbiziko kuartilean daudenak eta atzerriko argitaletxeen sailkapeneko lehenbiziko 10ak edo lehenbiziko kuartilean daudenak. | 1 |
3 | Baldintza hauetakoren bat betetzen duten aldizkarietan argitaratutako artikuluak: –JCRko Q3 edo Q4 Journal Impact Factor delakoan –SJRko Q2 –CIRCeko B edo C sailkapena –Dialnet-en metriketako C2 | 0,5 |
4 | Liburu baten kapituluak izen handiko argitaletxe batean: Izen handiko argitaletxeetan argitaratutako liburuak, SPIren (Scholarly Publishers Indicators) azken edizioan argitaraturiko prestigio editorialeko sailkapenei jarraituz: –Sailkapen orokorra: lehenbiziko 25 argitaletxeak, bai Espainiako argitaletxeen sailkapenean bai atzerrikoenean. –Diziplina zehatzen sailkapenetarako: Espainiako argitaletxeen sailkapeneko lehenbiziko 7ak eta atzerriko argitaletxeen sailkapeneko lehenbiziko 10ak edo lehenbiziko kuartilean daudenak. | 0,5 |
5 | Bestelako argitalpen zientifikoak | 0,2 |
4.–Ikerketa-proiektuak: gehieneko normalizatua 37,5.
PROIEKTUAK | |
1 | Esparru Programako (EB) proiektuak NUPen |
2 | Europako beste proiektu batzuk NUPen |
3 | Proiektu nazionalak NUPen |
4 | Ikertzaile gazteen proiektuak NUPen |
5 | Beste proiektu batzuk |
4.1.–Esparru Programako (EB) proiektuak NUPen.
EKARPENA | PUNTUAK | |
1 | IN | 1/urte edo parte proportzionala |
2 | Proiektuko ikertzailea | 0,75/urte edo parte proportzionala |
3 | Eskaera IN gisa | 0,85/urte edo parte proportzionala |
4.2.–Europako beste proiektu batzuk NUPen.
EKARPENA | PUNTUAK | |
1 | IN | 0,85/urte edo parte proportzionala |
2 | Proiektuko ikertzailea | 0,6/urte edo parte proportzionala |
4.3.–Proiektu nazionalak NUPen.
EKARPENA | PUNTUAK | |
1 | IN | 0,8/urte edo parte proportzionala |
2 | Proiektuko ikertzailea | 0,5/urte edo parte proportzionala |
4.4.–Ikertzaile gazteen proiektuak.
EKARPENA | PUNTUAK | |
1 | IN | 0,4/urte edo parte proportzionala |
4.5.–Bestelako proiektuak
EKARPENA | PUNTUAK | |
1 | IN (eskualdekoak) edo 83. artikuluko kontratuak (sinatutako kontratuan jasotako iraupena hartuko da kontuan) NUPen | 0,4/urte edo parte proportzionala |
2 | Ikertzailea (eskualdekoa) NUPen | 0,2/urte edo parte proportzionala |
3 | NUPetik kanpoko proiektu nazional edo europarrean dagoen ikertzailea | 0,2/urte edo parte proportzionala |
–Merezimenduen kalkuluaren xehetasunak.
Zuzendarien banakako argitalpenen apartatuaren puntuazioa 50 puntukoa izaten ahal da gehienez.
Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezin izanen da merezimendu bera bi apartatutan aurkeztu.
Apartatu bakoitzean lortutako puntuazioak batu eta 2 puntutan normalizatuko dira (zuzendariaren gehieneko puntuazioa).
Azken 5 urteetan NUPen sartu diren zuzendarien kasuan, jatorrizko erakundean garatutako eta erakunde horri atxikitako proiektuak ere baloratuko dira, betiere SIGMAren ikerketarako datu-basean jasota badaude eskabideak aurkezteko epearen barruan.
IV. ERANSKINA. HAUTAGAIEN ESPEDIENTEA BALORATZEKO KONTUAN HARTUKO DIREN TITULAZIOAK
Aukera hauen arteko bat adierazi beharko du hautagaiak eskaeran, eta aukera horren arabera duen espedienteko nota hartuko zaio kontuan:
1. 300 ECTS baino gutxiagoko gradu bat + Espainiako unibertsitate master ofizial bat edo Europako Unibertsitate Eremuko bat.
2. 300 ECTS baino gutxiagoko gradu bat + gutxienez 2 urteko ebaluazio positiboa Osasun Zientzietako espezialitateren bateko titulu ofiziala lortzeko programa batean (aldez aurretik prestakuntza sanitario espezializatuko ikaspostu baterako sarbide proban prestakuntzako ikaspostu bat lortu ondoren)
3. Gutxienez 300 ECTSko gradu bat, Espainiakoa edo Europako Unibertsitate Eremukoa.
4. 1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura.
5. Diplomatura, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + 1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko unibertsitateko ingeniaritza edo lizentzia bat, bigarren ziklokoa.
6. 1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko diplomatura, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + gutxienez 120 ECTSko unibertsitate master bat, Espainiakoa eta ofiziala edo Europako Unibertsitate Eremukoa.
7. 1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko diplomatura, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + Espainiako unibertsitate master ofizial bat edo Europako Unibertsitate Eremuko bat + gutxienez 60 ECTSko master bat + gradu edo masterreko 60 ECTS.
8. Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko atzerriko titulua, eman den herrialdean doktoretzako ikasketak egiteko aukera ematen duena.
9. Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko atzerriko titulua, ez duena aukera ematen hura eman duen herrialdean doktoretzako ikasketak egiteko + Espainiako unibertsitate master ofizial bat, edo Europako Unibertsitate Eremukoa edo eremu horretatik kanpokoa.
Eskatzaileak gradu, lizentzia, diplomatura edo master titulu bat baino gehiago baditu, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko maila bakoitzeko titulazio bat aukeratzen ahalko du eskaeraren inprimakian, kontuan har diezaioten. Hautatutako aukera ez da aldatzen ahalko eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren.
Iragarkiaren kodea: F2506605
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
