2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SORLADA
Ordenantza, energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Sorladako Udalak, 2024ko uztailaren 4an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioak arautzen dituen ordenantza. Onespenaren erabakia 2025eko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 11n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onesten da eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.
Sorladan, 2025eko martxoaren 25ean.–Alkatea, Joaquín Lana Marquínez.
ORDENANTZA, ENERGIA ELEKTRIKOAREN AUTOKONTSUMORAKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA. BEHIN BETIKO ONESPENA
ZIOEN AZALPENA
Energiaren eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Bateratuak, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legeak eta Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak helburu handiak ezartzen dituzte Espainiarako eta Nafarroarako, 2050erako neutraltasun klimatikoa erdiesteko, eta horretarako gakoetako bat da erregai fosiletatik datorren energiatik trantsizioa egitea iturri berriztagarrietatik datorren energiarako.
Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuaren (IDAE) arabera, autokontsumoa sustatzeko xedez udalerrientzat prestatu duen orientabide gidan esaten baitu, energia elektrikoaren autokontsumoa funtsezko zutabeetako bat da energia berriztagarriak garatzeko, eta hura ezartzea hiri-inguruneekin lotua dago hein handi batean. Beraz, autokontsumoa garapenerako aukera bat da udalerrientzat eta, gainera, trantsizio energetikoan laguntzeko mekanismo eraginkorra eskaintzen die.
Udalaren indarreko hirigintza plangintzan, 2012an onetsi baitzen, energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioak ez daude behar bezala araututa, energiaren eta klimaren aipatu helburuetara egokituta. Are gehiago, indarreko eraikingintza ordenantzek, 44. artikuluan, debekatu egiten dute Sorladako herrigune historikoan panel fotovoltaikoak instalatzea.
Nolanahi ere, eraikuntzaren ordenantzek berek 5. artikuluan ezartzen dutenez, udalak ordenantza horien eguneratzea sustatuko du, egokitu daitezen gizartearen premien eta eraikuntza tekniken bilakaerara, bai eta ordenantzen xede diren alderdiei buruz ematen diren arau xedapen berrietara ere.
Horiek horrela, ordenantza honen xedea da arautzea zer baldintzatan ezartzen ahalko diren energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioak Sorladako udal mugartean.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da arautzea zer baldintza bete behar dituzten energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioek Sorladako udal mugartean.
2. artikulua. Eremua.
Ordenantza honen aplikazio eremuan energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioak sartzen dira, Sorladako udal mugarteko edozein ondasun higiezinetan paratzen direnak, dela lur gainean, estalkietan, teilatuetan, aparkalekuen pergoletan edo egokia den beste edozein gainazaletan.
3. artikulua. Interpretazioa.
Ordenantza hau interpretatzean, kontuan hartuko da zer testuingurutan kokatzen den, eta interpretazioak ezin dira izan ez ilogikoak, eta ezin diete kontra egin Europan, Espainian, Nafarroan eta tokiko esparruan ezarrita dauden energia eta klima arloko helburuei.
Energia elektrikoaren autokontsumotzat hartuko da horretarako baldintzak betetzen dituena, hau da, une bakoitzean aplikatzekoa den sektoreko legedian halakotzat hartzeko baldintzak betetzen dituena.
II. KAPITULUA.–ADMINISTRAZIOAREN ESKU-HARTZEA
4. artikulua. Administrazioaren esku-hartzearen araubidea.
Energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioak administrazioaren esku-hartzearen araubidearen mende geldituko dira (baimena, lizentzia, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko jakinarazpena), jarraikiz hirigintzari buruzko foru legediak une bakoitzean ezartzen duenari.
III. KAPITULUA.–BALDINTZAK
5. artikulua. Legedi sektoriala betetzea.
Energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioak ezartzen ahalko dira, baldin eta kasu bakoitzean aplikatzekoak diren lege sektorialak betetzen badira, besteak beste, ingurumen arlokoak, industria segurtasunekoak eta kultur ondarearen arlokoak.
Beraz, ez da ezartzen alderdi morfologiko edo estetikorik, ez eta eraikuntza baldintzarik ere, une bakoitzean aplikatzekoa den araudi sektorialean eskatzen direnez gain.
Xedapen iragankor bakarra.
Ordenantza hau aplikatuko zaie udalerrian dauden energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioei.
Xedapen indargabetzaile bakarra.
Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten, kontraesanean dauden edo bateraezinak diren maila bereko udal xedapen guztiak.
Azken xedapen bakarra.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.
Iragarkiaren kodea: L2505087