90. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORELLA

Oinarri partikularrak, 5., 8., 9., 10. eta 11. poligonoetan (Montes de Cierzo) dauden zenbait lurzatitan herri-ondasunak berreskuratzeari buruzko transakzio-hitzarmenak sinatzeko. Hasierako onespena

Corellako Udalak, 2025eko apirilaren 11n egin osoko bilkura berezian, honako erabaki hau hartu zuen:

Corellako Udala herri-lur batzuen adjudikazioduna izan zen 1902an, Cierzo eta Argenzón mendietako fazeria banatu zenean, fazeriako partaide baitzen, eta immatrikulatu ez bazituen ere, lasai eta bakean hartu zuen lur horien jabetza 1902ko ekainaren 26an, herri-lurren izaera juridikoarekin.

Dena den, urteen joanean, nahasmenak izan dira herritarrek aprobetxamendurako, erabilerarako eta lurrak lantzeko duten eskubideari dagokionez eta lurren jabetzaren (herri-lur gisa) titulartasunari dagokionez, eta horrek eztabaida ekarri du aipatu lurren izaera juridikoaren inguruan eta horien jabetza pribatu edo publikoaren inguruan.

2021eko apirilaren 15eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi ziren herri-lurretako ondasunak berreskuratzeko oinarri orokorrak, eta behin betiko onetsi ziren Nafarroako Gobernuak 2022ko ekainaren 22an hartutako Erabakiaren bidez (2022ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, uztailaren 18an).

Nafarroako Ubideko obrak (2. fasea) egiteko proiektua izapidetzen ari da, Corellan ureztalur berriak sortzeko. Horretarako, lurzatiak biltzeko proiektu bat egin behar da aldez aurretik, eta horrek eskatzen du, aldi berean, konponbidea ematea Montes de Cierzon ukitutako lursailen titulartasunari, auzitan dauden herri-lurrak baitira.

Kontuan hartuta Udalaren borondatea dela irtenbidea itundua izatea, helburua baita, partikularrekin transakzioak eginez, auzitan dauden herri-ondasunak berreskuratzea, eta, aldi berean, konponbidea ematea Nafarroako Ubidearen adarra gauzatzeko xede nagusiari, ureztalur berrien hedadura handia delarik.

Kontuan hartuta beharrezkoa dela oinarri partikularrek baldintza onenak biltzea transakzio-helburu horiek ahalbidetzeko, Nafarroako Ubidearen 2. faseko obrak esleitzeko eta lurzatiak biltzeko erabakia hartu aurretik.

Aintzat hartuta, hala 6/1990 Foru Legearen 116. artikuluak nola Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduari buruzko 280/1990 Foru Dekretuak ahalbidetzen dutela, bidezkoa den prozedura jarraituz, herri-ondasunekin transakzioa egitea, aldez aurretik Nafarroako Gobernuak espresuki onetsita, gatazkak ekiditeko transakzio-hitzarmenak eginez, oinarri orokorretan funtsaturik Corellako herri-lur guztietarako eta transakzioa egin nahi den eremu bakoitzerako.

Ikusita instruitu den espedientea, oinarri partikularrak onesten dituena etorkizuneko transakzio-hitzarmenak arautze aldera 5., 8., 9., 10. eta 11. poligonoetako lurzati eta lursailetan (Montes de Cierzo) dauden herri-lurrak berreskuratzeko.

Kontuan hartuta egindako txosten teknikoak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herri-lurren Informazio Batzordearen aldeko txostena, 2025eko apirilaren 3koa.

Aplika dadin honako artikulu hauetan xedatua: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 116., 139., 239 bis, 324., 325., 326. artikuluak, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduari buruzko 280/1990 Foru Dekretuaren 30., 31. eta 32. artikuluak eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 22. eta 47. artikuluak.

Udalbatza osatzen duten kideen legezko kopuruaren gehiengo osoarekin, honako hau erabaki da:

Lehenengoa.–Oinarri partikularrak (eranskinak barne) hasiera batez onestea Corellako 5., 8., 9., 10. eta 11. poligonoetan (Montes de Cierzo) dauden zenbait lurzatitan herri-ondasunak berreskuratzeari buruzko transakzio-hitzarmenak sinatzeko.

Bigarrena.–Jendaurrean jartzea hasierako onespenaren erabakia, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, eta hasierako onespenaren iragarkia jartzea Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan, herritarrek eta interesdunek espedientea aztertu dezaten eta bidezko iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ditzaten.

Hirugarrena.–Zehaztea, alegaziorik aurkezten ez bada, erabakia behin betikoa bilakatuko dela. Alegaziorik balego, osoko bilkurara eramanen da proposamena, bertan ebatzi eta behin betiko erabakia har dadin.

Laugarrena.–Behin betiko erabakia hartu ondoren (espresuki edo automatikoki, alegazio ezagatik), espedientea bidaltzea, behar bezala eginbidetuta, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura, eskatuz organo eskudunak behin betiko onespena eman diezaiela hemen zehaztu diren eta Corellako 5., 8., 9., 10. eta 11. poligonoetan (Montes de Cierzo) dauden zenbait lurzatitan herri-ondasunak berreskuratzeari buruzko transakzio-hitzarmenak sinatzeko oinarri partikularrei.

Corellan, 2025eko apirilaren 15ean.–Alkatea, Gorka García Izal.

Iragarkiaren kodea: L2505853