2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR
Aldaketa, Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena
Zizur Zendeako Udalak, 2025eko urtarrilaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.
Iragarkia 2025eko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 28an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurreko aldia iragan da inork aurkeztu gabe erreklamaziorik, kexarik edo oharrik; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da.
Jarraian testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Gazolatzen, 2025eko apirilaren 3an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.
ORDENANTZA FISKALA, AZTERKETA ESKUBIDEEN TASAK ARAUTZEN DITUENA
I.–Oinarria eta izaera
1. artikulua. Tasa hau ezarri da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 106. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoarekin, eta jarraituz lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari.
II.–Zerga-egitatea
2. artikulua. Tasaren zerga-egitatea sortzen da honako hauetan izangai gisa parte hartzeko eskaera egiten denean: funtzionarioen edo lan-kontratudunen lanpostu hutsak jabetzan betetzeko lehiaketetan, oposizioetan eta oposizio-lehiaketetan, irekiak edo murriztuak izan, eta kontratazio zerrendak eratzeko hautapen prozesuetan, betiere deialdia Zizur Zendeako Udalak egiten duenean.
III.–Subjektu pasiboa
3. artikulua. Subjektu pasiboak –zergadunak– dira pertsona fisikoak, parte hartzen dutenak Zizur Zendeako Udalak deitzen dituen lehiaketa, oposizio eta oposizio-lehiaketetan (irekietan nahiz murriztuetan), eta kontratazio zerrendak sortzeko hautapen-prozesuetan.
IV.–Zerga-kuota
4. artikulua. Oposiziogile, lehiatzaile edo izangai bakoitzak 20,00 euroko kuota ordaindu beharko du.
Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
1. Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilabetero.
2. Ehuneko 33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortuta duten pertsonak.
Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
Interesdunaren adierazpen bidez frogatuko da ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik hilean. Adierazpen-eredua emanen da.
Desgaitasuna justifikatuko da desgaitasun-mailaren kalifikazioa jasotzen duen dokumentu ofizialarekin, baldin eta inskripzioaren egunean indarrean badago.
V.–Sortzapena
5. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da espedientea egiten denean, eta eskubide horiek ez zaizkie itzuliko izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertuak izan direnei.
VI.–Likidazioa eta diru-sarrera
6. artikulua. Tasaren ordainketa, izenduna eta bana-banakoa izanen baita bete nahi den lanpostu bakoitzeko, gauzatuko da Udalaren banku-kontuan diru-sarrera eginez (deialdi bakoitzean adieraziko da kontu zenbakia), eta horren frogagiria eskabideari erantsiko zaio. Izangaiak diru-sarreraren gordekina gorde beharko du.
Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, ez da inolaz ere tasa itzultzeko eskabiderik onartuko.
AZKEN XEDAPENA
7. artikulua. Arau fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridikoak izanen ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L2505154