90. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZIZUR NAGUSIA

Deialdia, agente lehenaren 3 lanpostu betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez

Zizur Nagusiko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2025eko apirilaren 4an hartutako erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi du agente lehenaren 3 plaza betetzeko kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez, honako hauen arabera:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Zizur Nagusiko Udaltzaingoko agente lehenaren 3 lanpostu huts betetzea, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, kategoriaz igotzeko lehiaketa-prozeduraren bidez.

Plaza horiek 37000, 37100 eta 37105 zenbakiekin identifikatzen dira plantilla organikoan, eta kategoriaz igotzeko lehiaketa-prozeduren bidez beteko dira, honako txanda hauetan banatuta:

a) Bi lanpostu barne-igoerako txandan, Zizur Nagusiko Udaltzaingoko kideendako.

b) Lanpostu bat igoera-txanda irekian, ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako polizia kidego guztietako kideendako.

Barne-igoerako txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute igoera-txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekiko lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Barne-igoerako txandan betetzen ez diren lanpostu hutsak betegabe deklaratuko dira, txanda irekian bete gabe gelditu direnak metatuta, horrelakorik baldin bada.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario publiko eta Udaltzaingoko agente lehen izanen dira. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta bertan alta emanen zaie, eta araubide horren babespean geldituko dira.

Deialdiko lanpostuak betetzeko izendatzen diren funtzionarioek, baldin kidetuta badaude Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek jasotzen duten eskubide pasiboen eta osasun zein gizarte laguntzaren sisteman, aukera izanen dute horretan segitzeko edo Gizarte Segurantzakoan kidetzeko.

1.3. Zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dauden izangaiek, Nafarroako polizia kidegoetako kideak mailaz igotzeko trebakuntza ikastaroak egin bitartean, jasoko dituzte beren jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkaten ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.

1.4. Izendatzen diren izangaiek izanen dituzte azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea).

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honetako oinarriak.

3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Barne-igoerako txanda:

a) Gutxienez hiru urte lehenagotik izatea, jabetza hartu zuen egunetik zenbatzen hasita, Zizur Nagusiko Udaltzaingoaren zerbitzuko agente lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan egotea jarduneko zerbitzuan, edo zerbitzu berezietan edo eszedentzian.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien balio bereko beste bat edukitzea.

3.1.2. Igoerako txanda irekia:

a) Gutxienez 3 urte lehenagotik izatea, jabetza hartu zuen egunetik zenbatzen hasita, Nafarroako polizia kidego bateko agente lanpostuan.

b) Udal agenteak: lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez ere 3 urte lehenagotik izatea udal agente lanpostuan, eta egiaztatzea gainditu dutela Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolak emandako Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa, beharrezkoa baita polizia izateko.

c) Jatorrizko lanpostuan egotea jarduneko zerbitzuan, edo zerbitzu berezietan edo eszedentzian.

d) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien balio bereko beste bat edukitzea.

3.2. Bi txandetako izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dituzte betebehar horiek.

4. oinarria.–Eskabideen aurkezpena eta tasen ordainketa.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren:

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

b) Hautapen-prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko dute, deialdi honen I. eranskineko ereduaren arabera; horretarako, Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoko eskabide orokorra erabiliko dute.

4.2. Eskabidea aurkezteko unean, barne-igoerako txandako izangaiek (Zizur Nagusiko Udaltzaingoko kideak), eskabideaz gain (I. eranskina, beteta eta sinatuta), honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Zizur Nagusiko Udaltzaingoko agente lanpostuaren jabetza hartuz geroztik, Udalak ofizioz aurkeztuko du hiru urteko antzinatasuna gutxienez ere baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere, eta 3.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluak.

–Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen frogagiriak. Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak administrazio honen esku badaude, esan egin beharko du, eta berariaz adierazi beharko du zein prozedura zehatzetan dauden.

4.3. Eskabidea telematikoki aurkezteko unean, igoera-txanda irekiko izangaiek (Nafarroako polizia-kidegoetako kideak eta udal-agenteak), eskabideaz gain (I. eranskina, beteta eta sinatuta), honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Organo eskudunak emandako ziurtagiria, frogatzen duena interesduna Nafarroako polizia kidego bateko kide dela gutxienez 3 urte lehenagotik, lanpostuaren jabetza hartu zuen egunetik kontatzen hasita. Ziurtagiri berean interesdunaren egoera administratiboa zein den adierazi beharko da.

–Udal agenteek gehituko dute organo eskudunak emandako ziurtagiria, frogatzen duena interesduna udal agentearen lanpostuan gutxienez 3 urte lehenagotik dagoela, jabetza hartu zuenetik zenbatzen hasita. Ziurtagiri berean interesdunaren egoera administratiboa zein den adierazi beharko da.

–Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ziurtagiria, egiaztatzen duena interesdunak gainditu duela polizia izateko beharrezkoa den Oinarrizko Ikastaroa, eskola horrek emandakoa. Betebehar hau Administrazioak ofizioz egiaztatuko du, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak deialdia egin duen organoaren aurrean egindako ziurtagiriaren bitartez.

–Izangaiek alegatutako merezimenduen frogagiriak. Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatu beharko dira.

–3.1.2.d oinarrian eskatutako titulazio akademikoa.

4.4. Izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio jatorrizkoa edo kopia konpultsatua edo behar bezala autentifikatua, indarrean dagoen legeriaren arabera.

4.5. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa nominal eta indibidual hori egoitza elektronikoaren bidez ordainduko da, "Tasen autolikidazioa" izapidean.

Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritza, Funtzio Publiko eta Herritar Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du, kategoriaz igotzeko lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

5.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan datu hauek baizik ez dira jasoko: udaltzain-agentearen edo udal agentearen zenbakia, Nafarroako zein polizia kidegotakoa den edo atxikipeneko toki-erakundea zein den, eta zein igoera-txandatan aurkezten den.

6. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.

6.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketak hiru fase izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero proba teoriko-praktikoa eta hondarrean trebakuntza ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan hasiko diren kategoriaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan emanen dira argitara, gutxienez ere, 48 ordu lehenago.

6.2. Lehiaketaldia.

6.2.1. Lehiaketa-fasean, lehiakideek aurkeztutako eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratuko dira, eta gehienez 69,4 puntu izanen dituzte:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu, gehienez.

b) Polizia eginkizunarekin lotuta dauden prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: gehienez ere 25 puntu eskuratzen ahalko dira.

c) Euskaraz jakitea: gehienez ere 6,9 puntu eskuratzen ahalko dira.

d) Sariak: 2,5 puntu, gehienez.

Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu aurreko apartatuetarako aurkeztu eta justifikatutako merezimenduak, deialdi honen II. eranskineko baremoaren arabera. Lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean aurkeztu eta frogatu beharko dira merezimendu horiek, agiri bidez.

Epaimahaiak inola ere ezin izanen du frogatutzat hartu aurkeztu ez den eta agiri batez frogatu ez den merezimendurik, eta ezin izanen du eman, apartatu bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

Fase hau bukatutakoan, epaimahaiak udal egoitza elektronikoan argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak, eta erreklamazioak aurkezteko 5 egun balioduneko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek komeni zaiena alegatu ahal dezaten beren eskubideen arabera.

Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epaimahaiak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta udal egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko ditu.

6.3. Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba teoriko-praktikoa.

6.3.1. Fase honetan proba hau eginen da:

a) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba teoriko-praktikoa: 150 puntu gehienez.

Proba hori deialdi bakarraren bidez eginen da. Bazterturik geldituko dira probara agertzen ez diren izangaiak.

Proba teoriko-praktikoek gehienez ere 150 puntu izanen dituzte guztira, eta test motako azterketa eginen da, hots, 100 galdera III. eranskineko gai-zerrendari buruz, eta galdera bakoitzak balizko hiru erantzun izanen ditu. Galdera zuzen bakoitzeko 1,5 puntu emanen dira, eta oker bakoitzeko 0,5 puntu kenduko da.

Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, gutxienez 75 puntu lortu beharko dira.

Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

6.4. Alegatutako eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratu ondoren, eta proba teoriko-praktikoko puntuak batuta, epaimahaiak udal iragarki-taulan argitaratuko ditu parte-hartzaileek lortutako puntuazioak, eta 5 eguneko epea irekiko du interesdunek erreklamazioak egin eta beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, epaimahaiak Zizur Nagusiko Udalaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko du lehiaketako izangaien zerrenda, guztizko puntuazioak adierazita.

Berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasun onarturik handiena dutenen alde joko da. Horrekin ere berdinketa baldin badirau, lehiatzaile zaharrenaren alde joko da.

7. oinarria.–Igoerarako trebakuntza ikastaroa.

7.1. Zerbitzu berezien egoeran deklaratzea.

Zizur Nagusiko Udaltzaingoko agente lehenaren enplegura sartzeko ikastaroa egiteko, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietarako Eskolak emanen baitu, beharrezkoa izanen da hautaketa-prozedura gainditu duten eta eman beharreko lanpostu hutsen kopuruan sartzen diren izangaiek dagokien Nafarroako Administrazio Publikoari eskatzea zerbitzu berezietako egoera deklaratzeko, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 50.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen zerrendarekin batera adieraziko da ikastaroa zer toki, egun eta ordutan hasiko den.

7.2. Izaera baztertzailea.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako prestakuntza-ikastaroa baztertzailea izanen da. Ikastaroa bukatutakoan, izangaiei "Gai" edo "Ez gai" kalifikazioa emanen zaie, eta azken horiek ezin izanen dira izendatu.

Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, eta Eskolak berak erabakitzen duena iraunen du. Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arlo guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

7.3. Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezietako egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dauden izangaiek, Nafarroako polizia kidegoetako kideak mailaz igotzeko trebakuntza ikastaroak egin bitartean, jasoko dituzte beren jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkaten ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.

Izangaiek beren jatorriko administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, aurreko paragrafoan adierazten diren alderdien gainekoa, eta hartan zehaztuko da trebakuntza ikastaroa hasteko dataren aurreko hilean kontzeptu horiengatik jasotakoa.

Zerbitzu berezietako egoera bukatutakoan, aurreko apartatuan aipatutako ordainsari-erregimena izateari utziko zaio, eta horrek ez du ekarriko eskuratutako eskubiderik, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

8. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

8.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Jesús Cemborain Luquin, Zizur Nagusiko Udaleko kudeatzailea.

Ordezkoa: Andoni Serrano Zabalza, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria.

1. epaimahaikidea: Juan Tomás Zubasti Madoz, Elortzibarko Udaleko Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Xabier Martínez Urroz, Nafarroako Foruzaingoko foruzain-agentea.

2. epaimahaikidea: Jesus María Belzunce Galbarra, Zizur Nagusiko Udaltzaingoko udaltzain-agente lehena.

Ordezkoa: Iñaki Izal Elorz, Zizur Nagusiko Udaleko udaltzain-agentea.

3. epaimahaikidea: Iker Severiano Azcárate, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Itxaso de las Heras Goñi, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.

Epaimahaikide idazkaria: Cristina Fabo Legarda, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Olatz Arizaleta Azcona, Zizur Nagusiko Udaleko administrazio publikoko teknikaria.

8.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.

8.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

8.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

9. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

Prestakuntza-ikastaroa bururatu ondoan, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari zuzendariari igorriko dizkio izangaiek prestakuntza-ikastaroan lortutako kalifikazioak, izendatu ditzan eta lanpostu hutsak esleitu diezazkien.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak Zizur Nagusiko Udaltzaingoko funtzionario eta agente lehen izendatuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu duten izangaiak, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta aginduko du izendapena argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

10.2. Izendatutako izangaiek karguaren jabetza hartuko dute haien izendapen ebazpenean erabakitzen den egunean. Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek igoerarako eskubidea galduko dute.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz honen oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Zizur Nagusian, 2025eko apirilaren 4an.–Alkate udalburua, Jon Gondán Cabrera.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

DEIALDIA, BETE DAITEZEN ZIZUR NAGUSIKO UDALTZAINGOKO AGENTE LEHENAREN HIRU PLAZA, KATEGORIAZ IGOTZEKO LEHIAKETAREN BIDEZ

1) Datu pertsonalak.

Izen-deiturak

NAN/AIZ

Nazionalitatea

Jaioteguna

Helbidea eta herria

Probintzia

Posta kodea

Tel. zk.:

Helbide elektronikoa

2) Azterketa eskubideak eta espedientea formalizatzea (markatu X batez).

Ordaindu ditut azterketa eskubideak eta espedientea formalizatzea (diru-sarreraren frogagiriaren fotokopia erantsi dut).

3) Honako txanda honetan parte hartzeko eskabidea: (markatu X batez).

Barne-igoerako txanda, Zizur Nagusiko Udaltzaingoko kideendako.

Igoera txanda irekia, Nafarroako polizia kidego guztietako kideendako.

4) Halaber, honako hau adierazten dut:

–Ez dut karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik, ez eta indarreko xedapenetan ezarritako ezintasunik ere.

–Ez naiz diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan, eta ez nago desgaitua, ez eta gabetua ere, eginkizun publikoak betetzeko.

–Baditut deialdian eskatzen diren tituluak, eta betetzen ditut hartan parte hartzeko baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

ESKATZEN DUT onartua izatea honako deialdi honetan: deialdia, agente lehenaren 3 lanpostu betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez.

.............................................(e)n, 2025eko .....................................aren ........(e)(a)n

(Sinadura)

Datuen babesa: Zizur Nagusiko Udala da datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna; zer administrazio prozeduratarako aurkeztu edo eskatu diren, haren izapideak kudeatzeko erabiliko dira. Hirugarrenei ez zaie daturik lagako, salbu legezko betebeharra badago. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu; horretarako, udal bulegoetara jo behar duzu. Datu-tratamenduaren zerrenda kontsulta dezakezu, bai eta datuen babesari buruzko beste argibide zehatz batzuk ere, gure webgunean: www.zizurmayor.es/eu/.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

1.–Nafarroako polizietakoren batean modu finkoan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1,50 puntu, polizia edo agente postuan.

2.–Deialdiaren xede den enpleguan, Nafarroako Polizia-kidegoetan bitarteko gisa egindako zerbitzuen urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

3.–Administrazio publiko baten bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu, polizia edo agente lanpostuan.

4.–Edozein Administrazio Publikotan polizia kidegoetakoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 25 puntu gehienez.

1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,01 puntu egiaztatutako ordu bakoitzeko. Gehienez ere, 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0,10 puntuko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 1 puntuko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea. Horien artean berariaz sartzen dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.

5. Ikastaro bakoitzeko gehienez ere eman daitekeen balorazioa 1,0 puntu da.

2.–Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea:

3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den, eta biltzarra edo argitalpena zer mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.

3.–Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez 2 puntu, haien iraupenaren arabera kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoak.

4.–Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: 6 puntu, gehienez.

Oharrak:

1. Unibertsitateko lizentzia edo gradua: 2,0 puntu.

2. Unibertsitateko diplomak eta doktoretza: 1,0 puntu.

3. Masterrak: 0,75 puntu, gehienez.

4. Segurtasun pribatuko zuzendaria: 0,50 puntu.

5. Adituak eta espezialistak: 0,25 puntu.

5.–Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk, betiere zerikusirik badute poliziaren eginkizunekin: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: gehienez ere lau (4) puntu.

Oharra B atal osoari: atal honetan, deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baino ez dira baloratuko. Inola ere ez dira baloratuko agente lehenaren lanpostua eskuratzeko behar diren prestakuntza-ikastaroak.

C) Euskara jakitea : 6,9 puntu gehienez.

a) A1 maila: 1,38.

b) A2 maila: 2,76.

c) B1 maila: 4,14.

d) B2 maila: 5,52.

e) C1 maila: 6,9.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari gerentearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean daude jasota (2010eko irailaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 117. zenbakia). Ebazpen horren bidez, euskararen eta Europako Erkidegoko hizkuntzen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak ezartzen dira.

Goragoko mailari dagokion puntuazioa emanen da, eta ez dira inoiz batuko hizkuntza bereko bi maila edo gehiagoko puntuazioak.

D) Sariak: 2,50 puntu gehienez.

1. Zerbitzu Goraipagarrien plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

2.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

3.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

4.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onesten duena, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –zeina onetsi baitzen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

5.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, "Habeas Corpus" prozedura arautzen duena.

6.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, hizpide duena Segurtasun Indar eta Kidegoek bideokamerak erabiltzea eremu publikoetan.

7.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

  • Atariko titulua.
  • I. titulua: legearen aplikazio esparrua.
  • III. titulua: prozeduraren instrukzioa.

8.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

9.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.

10.–Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretua. Horren bidez, establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi zen eta enpresa eta lokalen erregistroak arautu ziren.

11.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

  • I. titulua. Xedapen orokorrak.
  • IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta.
  • VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.

12.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

13.–Zigor Kodea. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa.

  • Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa.
  • I. titulua: arau-hauste penala.
  • II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

14.–Prozedura Kriminalari buruzko Legea. Irailaren 14ko Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea.

  • I. liburua, IV. titulua: nori dagokion delitu eta falten ondoriozko akzioak gauzatzea.
  • II. liburua, I. titulua: salaketa.
  • II. liburua, VI. titulua:
  • II. kapitulua: atxiloketa.
  • IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua.
  • II. liburua, VIII. titulua: Konstituzioaren 18. artikuluan aitortutako eskubideak mugatzen dituzten ikerketa neurriak.

15.–Zizur Nagusiko mugikortasunari eta trafikoari buruzko udal ordenantza.

16.–Ordenantza, Zizur Nagusiko herritarren arteko elkarbizitza sustatzeko eta eremu publikoa babesteko neurriei buruzkoa.

17.–Zizur Nagusiko publizitateari buruzko udal ordenantza.

18.–Zizur Nagusiko terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea arautzen duen udal ordenantza.

19.–Zizur Nagusiko aisialdiko lokalen funtzionamendua arautzen duen udal ordenantza.

20.–Zizur Nagusiko bide publikoan barbakoak egiteko araudia.

Iragarkiaren kodea: L2505864