90. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VALTIERRA

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio bidez betetzeko, Valtierrako Udalean jarduteko

Valtierrako Udalak, Alkatetzaren apirilaren 10eko 182/2025 Ebazpenaren bidez, honako erabaki hau hartu zuen:

Ikusita Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuari buruzko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 5. artikulua, zeinean arautzen baita funtzionario izateko izangaiak hautatzeko deialdi publikoa egiteko modua.

Ikusita Valtierrako Udaleko plantilla organikoan hutsik dagoela administrari-ofizialaren lanpostua.

Eta ikusita Alkatetzak esleiturik dituen eskumenak, jarraituz Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari.

EBATZI DUT:

Lehena.–Deialdi bat onestea, oposizio bidez betetzeko administrari-ofizialaren lanpostu bat, C mailakoa, Valtierrako Udalean. Lanpostu hori betetzeak ez du ekarriko plantilla handitzea.

Bigarrena.–Hautapen prozesua arautuko duten oinarriak onestea, eta argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Hirugarrena.–Ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo osoko bilkura arruntean.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzea, oposizio bidez, funtzionarioen araubideakoa eta C mailakoa, Valtierrako Udalaren plantilla organikoan dagoena, Valtierrako Udaleko bulegoetan aritzeko.

Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen denak Valtierrako Udaleko funtzionario bilakatuko dira, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak izango ditu lanpostuak, baita plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, bertzeak bertze, aipamen hutsez eta bertzelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Jendeari arreta ematea eta administrari-ofizialek udal bulegoetan betetzen dituzten eginkizunak.

–Kontabilitate publikoa, eta idazkaritzari eta kontu-hartzailetzari laguntzea betearazpen lanetan.

–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, betearazpen lanak barne.

–Bere lanpostuarekin zerikusia duten bertze eginkizun batzuk, Valtierrako Udalak agintzen dizkionak.

Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta kudeaketak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko bertze estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hauetako bat izatea gutxienez, edo lortzeko moduan egotea: Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea egonen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta modu telematikoan aurkeztu behar dira Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez, "eskabide orokorra" izapidea baliatuta.

3.2. Eskabideak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, bertze orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean.

3.5. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

NANaren edo nortasuna frogatzen duen bertze agiri baten fotokopia.

Deialdiko 2.1. c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

Desgaitasuna izanik, egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan edota bitartekoetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzen duen agiriaren kopia aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Valtierrako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoan argitara dadila.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko. Telematikoki aurkeztu beharko dira erreklamazioak .

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko.

Ez badago izangai bazterturik behin-behineko zerrendarako, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.5. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoan.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Manuel Resa Conde, Valtierrako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Alfonso Pérez Hualde, Valtierrako Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Blanca Esther Perez Rodrigo, Valtierrako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: María José Ramírez Blanco, Valtierrako Udaleko administrari-ofiziala.

–Epaimahaikidea: David Urdín Sola, Valtierrako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Blanca Sola Martínez, Arguedasko Udaleko administrari-ofiziala.

–Epaimahaikidea: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: José Ángel Ipiña Paris, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

–Epaimahaikide idazkaria: Javier San Miguel Puig, Valtierrako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: José Luis Sagaseta Pérez, Arguedasko Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek–. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2025eko uztailetik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Halakorik bada, epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoan 48 orduko aurrerapenarekin; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta oposizioaldiko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.

Oposizioaldiko probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, bai eta bolaluma urdina edo beltza ere. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati. Galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honengatik gehienez 50 puntu emanen dira, eta gutxienez 25 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Erantzun okerrei puntuak kenduko zaizkie, proba egin aurretik kalifikazio epaimahaiak erranen duen moduan.

6.3.2. Bigarren proba: praktikoa. Idatziz ebatzi beharko dira galdera labur bat edo batzuk, izangaiei ematen zaizkien datuekin eta/edo administrazio agiri ofizial bat edo batzuk prestatu beharko dira. Deialdiaren II. eranskinean aurreikusitako gai-zerrendako gaien aplikazio praktikoa izanen da.

Bigarren proban gehienez 40 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko 20 puntu erdietsi behar dira gutxienez.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik edo bertzelako materialik ere, boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.3. Hirugarren proba: proba informatikoa. Ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, toki administrazioan erabili ohi diren aplikazio informatikoei buruz. Proba honetan, gehienez, 10 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Ariketak baztertzaileak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da.

6.5. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu kalifikazioen zerrenda eta plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoan.

6.6. Epaimahaiak, oposizioko ariketa bakoitzaren plikak jendaurrean ireki ondotik, behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoan. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bortz egun naturaleko epean Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroan, eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen bertze identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratutako du gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta puntuazio handienarekin gainditutako izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio Alkatetzari. Proposamen hori Udalaren egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Valtierrako Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Interesdunak lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duen osasun ziurtagiri ofiziala.

c) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.

d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

7.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, 7.1 apartatuan aipatzen den gainditutakoen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da baja, aurreko apartatuetan adierazitako moduan.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen-prozesua amaitu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Valtierrako Udaleko alkate udalburuak ebatziko du Valtierrako Udaleko funtzionario izendatzea, administrari-ofizial lanpostuan jardun dezan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbertzeko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Valtierrako Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 7.4 atalean ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien bertze zerrenda bat eratuko da, halaber, oposizioko lehen ariketan gutxienez gehieneko puntuazioaren %30 lortu duten izangai baztertuekin.

Gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena. Halaber, hautapen prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da lehen ariketan lortutako puntuazioaren arabera, eta zerrenda horretan berdinketa badago, zozketa bidez ebatziko da.

9.2. Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

9.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

9.4. Deialdi honetan sortuko diren kontratazio zerrendek bortz urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo bertze deialdi bat egiten bada.

9.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda arautuko da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduaren bidez (haren bidez onesten dira aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak) deialdi honen xedeari eta eremuari aplika dakiokeen heinean.

10.–Datuen babesa.

Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) zehazki, haren 13. artikuluari:

–Valtierrako Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Hona hemen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz (Foruen plaza, 1, Valtierra), ayuntamiento@valtierra.es helbide elektronikora idatziz edo web-orria kontsultatuz (www.valtierra.es).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoan, Valtierrako Udaleko alkateari zuzendua.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. I. titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. I. titulua. Prozeduran interesdun direnak. II. titulua. Administrazio Publikoen jarduna. III. titulua. Administrazio egintzak. IV. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak. V. titulua. Egintzak bide administratiboan berrikustea.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua. III. Titulua. Administrazioen arteko harremanak: I. kapitulua. Printzipio orokorrak.

4.–Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua. Udalerria. V. titulua: toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarren informazioa eta parte-hartzea.

5.–Udal errolda: 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua: biztanleria eta errolda. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, 15. artikulutik 17. artikulura.

6.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa. III. titulua. Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarren partaidetza eta informazioa. IV. titulua. Toki entitateen ondasunak. V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua.–Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako Toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

7.–Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretua.

8.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea. I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak. III. titulua. Aurrekontua eta gastu publikoa.

9.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuei eta gastu publikoari buruzkoa. IV. kapitulua. Gastuen aurrekontuaren betearazpena. V. kapitulua. Aurrekontuen likidazioa.

10.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorra onesten duena.

11.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura onesten duena.

12.–614/1996 Foru Dekretua, azaroaren 11koa, ekonomia-jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskala kudeatzeko arauak ematen dituena.

13.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana.

14.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

15.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua, V. kapitulua: jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua. Diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea; I. kapitulua: baimen edo lizentziarik gabeko jarduerak legeztatzea; II. kapitulua: ziurtatzeko eta zuzentzeko neurriak eta aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko betebeharra; eta III. kapitulua: ingurumenerako diziplina. 3. eranskina: jarduera sailkaturako lizentzia behar duten jarduerak.

16.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Administrazio Publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak. III. titulua. Administrazio Publikoen kontratuen araubide juridikoa.

17.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak: I. kapitulua: funtzionario publikoen hautaketa; II. kapitulua: funtzionario-izaera eskuratzea eta galtzea; V. kapitulua: plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak; VI. kapitulua: administrazio-egoerak; VIII. kapitulua: eskubideak eta betebeharrak. IV. titulua. Langile kontratudunak: I. kapitulua: administrazio-kontratudun langileak; II. kapitulua: lan araubidean kontratatutako langileak.

18.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: I. titulua (xedapen orokorrak); II. titulua, I. kapitulua (gardentasuna jarduera publikoan) eta III. kapitulua (publizitate aktiboa).

19.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulua (xedapen orokorrak), II. titulua (berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema) eta III. titulua (berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak).

20.–11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa: I. titulua, II. kapitulua (dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko prozedura), III. kapitulua (dirulaguntzak zuzenean emateko prozedura), IV. kapitulua (dirulaguntzak kudeatu eta justifikatzeko prozedura) eta V. kapitulua (dirulaguntzen kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontu-kudeaketa). II. titulua (dirulaguntzak itzultzea) eta III. titulua (dirulaguntzen jarraipena eta kontrola).

21.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua.

22.–Word 2010 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; estekak txertatzea; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.

23.–Excel 2010 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta funtzio aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea Excel-en; txantiloiak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.

24.–Access 2010 datu basea: oinarrizko elementuak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; kanpoko datuak inportatzea, esportatzea eta estekatzea.

25.–Oinarrizko kontzeptuak Interneti eta posta elektronikoari buruz.

Valtierran, 2025eko apirilaren 15ean.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

Iragarkiaren kodea: L2505614