2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, Udaleko gizarte hezitzailearen 19 lanpostu gehienez ere barne-igoera murriztuan oposizio bidez betetzeko
Giza Baliabideetako zuzendariak deialdi hau onetsi du 2025eko apirilaren 16an:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udaleko gizarte-hezitzailearen 19 lanpostu gehienez ere barne-igoera murriztuan oposizio bidez betetzea.
1.2. Oposizio honen deialdia egin da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.
1.3. Hautapen probak gainditu eta deialdi honen ondorioz lanpostua betetzeko izendatuak direnak gizarte-hezitzaileak izanen dira, B mailakoak, lanpostuaren jabetza hartu edo lanean hasten diren egunetik aitzina, betiere automatikoki amortizatuko direlarik lehenago betetzen zituzten lanpostuak eta, hortaz, plantilla organikoaren lanpostu kopurua handitu gabe.
1.4. Maila-igoera honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inongo kasutan, igoera egin aurretik langileak zuen araubide juridikoa (funtzionarioena edo lan-araubidekoa) aldatzea.
2.–Betekizunak.
2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:
a) Iruñeko Udaleko langile finkoak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, gizarteratzeko goi-mailako teknikariaren lanpostuan.
b) C mailakoa edo taldekoa izatea.
c) Titulu hauen jabe izatea: Gizarte Hezkuntzako diplomatura edo unibertsitateko gradua edo horien baliokidea. Halaber, administrazio publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua egiaztatu beharko da.
d) Borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea, borondatezko eszedentzian dagoen pertsona Iruñeko Udaleko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean ari denean izan ezik.
2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte mantendu beharko dituzte.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamenean.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren eta/edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.3 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Unibertsitateko diplomatura- edo gradu-titulua Gizarte Lanean edo horien baliokidea den titulu bat edukitzea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskabideak aurkezteko mugaegunean.
Hala nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, baimena eman ahalko dio kudeatzaileari Hezkuntza Ministerioaren Datuak Ziurtatzeko zerbitzuan titulazioa egiaztatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan titulua ez baitago Ministerio horretan jasota.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
–Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudunak emana– aurkeztu beharko dute.
3.4. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
3.5. Aski izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiz, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Rubén Unanua Ruiz, Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorreko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Alorreko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Sara Moreno Conde, Gizarte Ekintzako Alorreko Haurtzaro eta Familiendako programako eta EUAZko arduraduna.
Epaimahaikide ordezkoa: Richard Elizalde Ábrego, Iruñeko Udalaren Gizarteratze eta laneratzeko ibilbideetako enplegu-programen arduraduna.
Epaimahaikidea: Virginia Eraso Barrio, Gizarte Ekintzako Alorreko gizarteratzeko programen arduraduna.
Epaimahaikide ordezkoa: Gizarte Ekintzako Alorreko Gizarte-laneko erdi-mailako tituludun osagarriduna.
Epaimahaikidea: Santiago Legaria Lerga, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Sergio Urdiciain Beortegui, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Idazkaria: Margot Moreno Fernández, Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorreko idazkari teknikoa.
Idazkari ordezkoa: Arantxa Campo Mayo, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Alorreko idazkari teknikoa.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisa izendatutakoak, bigarren ordezkapen bat egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioaren garapena.
6.1. Oposizioa 2025eko irailetik aurrera hasiko da.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.3. Oposizioak proba bakarra izanen du:
Teoriko-praktikoa. Izangaiek kasu bat edo batzuk ebatzi beharko dituzte, I. eranskineko gaitegian jasotako gaiei buruz eta lanpostuaren zereginak betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei buruz.
Proban plika-sistema erabiliko da.
Proba honetan gehienez ere 50 puntu eskuratzen ahalko dira. Proba gaindituko dute ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 (25 puntu), gutxienez, lortzen duten izangaiek.
6.4. Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan.
6.6. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, proba egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiendako.
6.7. Proba amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balioespenei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Behin hautapen-prozesua amaituta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko du proba gainditu duten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran.
7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, zozketa bidez ebatziko da, horretarako deituko den ekitaldi publikoan.
8.–Lanpostu hutsak hautatzea.
8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat), eta 10 egun balioduneko epea irekiko du deitutako izangai bakoitzak egindako hautaketa Iruñeko erregistroan aurkez dezan.
Nolanahi ere, lanpostu hutsak hautatu ondoren lanposturen bat bete gabe geratuko balitz, baldin eta arauek hala aginduta gizarte-hezitzaile batek bete beharrekoak badira, parte-hartzaileei proposatuko zaie hautaturiko lanpostua haien borondatez aldatzea. Hala eta guztiz ere, aipatutako lanposturen bat oraindik ere bete gabe geratuko balitz, deialdiaren ondoriozko lehentasun-ordenaren arabera esleituko dira lanpostuak, eta puntuaziorik txikiena duten pertsonei esleitzen ahalko zaizkie horiek.
9.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin lanpostu hutsak hautatuta, epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, espediente osoarekin batera, proba gainditu duten izangaien izendapen-proposamena.
Aipatutako izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.
10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak gizarte-hezitzaile izendatuko ditu epaimahaiak emandako proposamenean agertzen diren izangaiak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
10.2. Izendatutako izangaiek izendapen-erabakian zehazten den egunean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek gizarte-hezitzaile bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak.
12.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2025eko apirilaren 16an.–Giza Baliabideetako Alorreko zuzendaria, Xabier Burgui Vergara.
1. ERANSKINA.–GAITEGIA
1.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.
2.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesgabetasun egoeretan detekzioa, jakinarazpena, balorazioa eta esku-hartzea egiteko prozeduraren II. eskuliburua.
3.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena. 26/2018 Foru Dekretua, Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzkoa.
4.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onesten duena. Atariko Titulua, I. Titulua eta II. Titulua.
5.–Gizarte Zerbitzuen Zorro Orokorra, erraz irakurtzeko moduan. Prestazio bermatuak eta bermatu gabeak.
6.–Gizarte-hezitzaileen deontologia-kodea. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren agiri profesionalizatzaileak.
7.–Lagun-egitea inklusio-prozesuetan esku hartzeko metodo gisa. Hausnarketa berriak. Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Nafarroako Sarea. 2016.
8.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. Xedapen orokorrak, eskubideak eta betebeharrak. Gizarte-zerbitzuen sistema publikoa. Eskumen- eta antolaketa-araubidea.
9.–Haurrak babesteko egoeretan jarduteko gidaliburua Nafarroako Foru Komunitateko Oinarrizko Laguntzako Gizarte-zerbitzuetarako.
10.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.
11.–Udalaren prestazioak: etxebizitzaren alde, larrialdietarako laguntzak, 0-12 kontziliazioa, jantokirako bekak eta bonotaxia (Udalaren webgunean eskuragarri).
12.–Familietan esku hartzeko udal programa arautzen duen ordenantza, Iruñeko haurrak babestu eta sustatzeko jardueraren esparruan.
Iragarkiaren kodea: L2505950