90. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORTES

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, hautaprobak eginez, funtzionarioen araubidean jardun dezan

Alkatetzaren apirilaren 11ko 236/2025 Ebazpenaren bitartez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidezko hautaprobak eginez, funtzionarioen araubidean jardun dezan.

Alkatetzaren ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cortesen, 2025eko apirilaren 11n.–Alkate udalburua, María Concepción Ausejo Gómez.

DEIALDIA, ADMINISTRARI-OFIZIALAREN LANPOSTU BAT BETETZEKO OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ, FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN JARDUN DEZAN

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea administrari-ofizialaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, Cortesko Udalaren bulegoetan jardun dezan; zazpi zenbakia du Cortesko Udalaren plantilla organikoan.

Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Cortesko Udaleko funtzionarioa izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta hartan alta emanen zaio.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak ditu lanpostuak, bai eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, bertzeak bertze, aipamen hutsez eta bertzelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Jendeari arreta ematea eta administrari-ofizialek udal bulegoetan betetzen dituzten eginkizunak.

–Kontabilitate publikoa, eta idazkaritzari eta kontu-hartzailetzari laguntzea betearazpen lanetan.

–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, betearazpen lanak barne.

–Bere lanpostuarekin zerikusia duten bertze eginkizun batzuk, Cortesko Udalak agintzen dizkionak.

–Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta gestioak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko bertze estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hauetako bat izatea gutxienez, edo lortzeko moduan egotea: Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) Cortesko Udalaren kontuan (3.3 oinarrian zehaztua) 10 euro sartzea, azterketa eskubideak ordaintzeko.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cortesko Udaleko alkate udalburuari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Cortesko Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ortziralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoa erabiliz (http://cortes.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Eskabide horiek izan beharko dute I. eranskin gisa argitaratutako ereduaren araberakoak. Eredu hori Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko esteka honetan deskarga daiteke: https://cortes.sedelectronica.es/transparency/2bd09b5f-468f-4569-966a-44afe0b722c9/.

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.

b) 10 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko.

Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu honetan:

–Caixabank: ES65 2100 4958 9222 0002 9718.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Administrari-ofizialaren azterketa.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

3.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko dokumentazioa ere, organo eskudunak emana.

3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Cortesko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren gardentasun atarian, honako esteka honetan: https://cortes.sedelectronica.es/transparency/2bd09b5f-468f-4569-966a-44afe0b722c9/.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzitakoan, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, honako esteka honetan: https://cortes.sedelectronica.es/transparency/2bd09b5f-468f-4569-966a-44afe0b722c9/.

Ez badago izangai bazterturik behin-behineko zerrendarako, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren gardentasun atarian eta iragarki-taulan.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: María Concepción Ausejo Gómez, Cortesko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Inmaculada Concepción Ciriza Marco, Cortesko Udaleko lehen alkateordea.

Epaimahaikidea: José Ángel Ipiña Paris, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Epaimahaikidea: Brenda Luna Sánchez, Cortesko Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: María Reyes Lorente Fernández, Cortesko Udaleko administrari-ofiziala.

Epaimahaikidea: Elena Duarte Badía, Cortesko Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Natividad Aldaz Calvo, Ribaforadako Udaleko administrari-ofiziala, langileen ordezkariek izendatua.

Epaimahaikide idazkaria: Jesús Litago Zardoya, Cortesko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Jesús Manuel Rosón Lete, Cascanteko Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek–. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero.

6.2. Oposizioa 2025eko urritik aurrera hasiko da.

6.3. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

6.3.a) Nafarroako toki-erakunde batendako administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 3 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

6.3.b) Gainerako administrazio publikoendako administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 1,50 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei, zerbitzuan emandako egunen araberakoa.

Aurreko apartatuen batura ez da izanen 10 puntu baino handiagoa.

6.3.c) Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Cortesko Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak lehiaketaldian eskuratu dituen puntuak zehazturik. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bortz egun naturaleko epean, Cortesko Udaleko erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ortziralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://cortes.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.4. Oposizioaldia: honako ariketa hauek izanen ditu:

6.4.1. Lehenbiziko proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati; galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honengatik gehienez 40 puntu emanen dira, eta gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Erantzun okerrei puntuak kenduko zaizkie, proba egin aurretik kalifikazio epaimahaiak erranen duen moduan.

6.4.2. Bigarren proba: praktikoa. Administrazio-agiri batzuk prestatu beharko dira eta/edo galdera praktiko labur batzuei erantzun, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin: lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak izanen dira, eta deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik hautatuko ditu epaimahaiak.

Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edo ahoz edo ordenagailuz egiten ahalko du epaimahaiak. Era berean, eskuz edo ordenagailuz aritzeko eska dezake epaimahaiak, agiria prestatzeko edo galdera praktiko laburrei erantzuteko.

Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak, agiriaren aurkezpena, eta epaimahaiak emaniko datuak ongi jaso izana.

Bigarren proban gehienez 50 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko 25 puntu erdietsi behar dira gutxienez.

6.4.3. Ariketak baztertzaileak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da.

6.4.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Cortesko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

6.4.5. Epaimahaiak, gutun-azal itxiak jendaurrean ireki ondotik, Cortesko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian argitaratuko ditu oposizioko ariketa bakoitzaren behin-behineko emaitzak. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bortz egun naturaleko epean, Cortesko Udaleko erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ortziralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://cortes.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.4.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen bertze identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Proposamen hori Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.

Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Cortesko Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.

d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek deusetan galarazi gabe erantzukizuna eskatzea eskabidean egindako faltsukeriagatik, kasua bada.

7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Hautapen prozesua bukatu ondoren, eta probak gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Cortesko Udaleko alkate udalburuak Cortesko Udaleko funtzionario izendatuko du, administrari-ofizialaren lanpostuan jardun dezan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbertzeko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Cortesko Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien bertze zerrenda bat eratuko da, halaber, oposizioko lehen ariketan gutxienez 12 puntu lortu dituzten izangai baztertuekin. Zerrenda horretan ez da gehituko lehiaketaldia, lehen ariketan lortutako puntuazio-ordenari jarraikiko zaio, eta zerrendan berdinketa gertatzen bada, zozketa bidez ebatziko da.

9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da udaletxeko iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

9.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

9.4. Kontratazio-zerrendek lehentasuna izanen dute indarrean diren aurreko zerrenden aurretik, halakorik badago; halaber, indarrean iraunen dute bertze deialdi bat egiten den arte.

9.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.

Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide, izangai bat lanean ari denean edo aritu denean Cortesko Udalean, baldin eta kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabeteen barnean berdina den lanpostu bat bete behar bada Udalean, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, dagokion zerrendan libre badago dei egiten zaionean.

Kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko bertze bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio hurrenkeraren arabera.

B) Uko egitea:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.

3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala nahiz adoptatua.

4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Foru Legea), balio bereko egoeran sartu berria, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabortz egun naturalen barnean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Zerrendatik kanpo gelditzea:

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.6. Kontratatzen direnei alta emanen zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko; beraz, haien kargura egonen da kasuan kasuko kuota, bai eta PFEZaren atxikipena ere (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), bidezko diren zenbatekoetan.

10.–Datuen babesa.

Cortesko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Tratamenduaren helburua da administrari-ofizialaren lanposturako lekualdatze-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea.

Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko).

Eman diren datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legea eta Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Legez ezarritako kasuetan argitaratuko dira datuak, deialdian ezarritakoaren arabera, eta komunikatzen ahalko dira bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea).

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteari buruzko izapideak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@cortes.es).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bertzela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Cortesko Udaleko alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA

Izena: ........................................................................................................................, adinez nagusia, NAN zenbakia: .................................... (edo balio bereko bertze agiriren bat), sorteguna: ..............(e)ko ......................................aren ..........(e)(a)n, sorterria: .................................... (.....................................), nazionalitatea:..............................................., egungo bizitokia:................................................................. (..............................................), kalea: ................................................................................................, posta kodea: ............................, telefonoa: ............................................................................... eta posta elektronikoa: .......................................................................................................................................................

Honako hau adierazten dut:

Betetzen ditudala eskatutako baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko emandako epea bukatzen den egunean, Cortesko Udalean administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, zeina argitaratu baitzen .......... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ...............(e)ko ..............................aren ..........(e)(a)n.

–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

(Kasua bada) Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (bertze orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).

(Kasua bada) Desgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

–Eskabidearekin batera aurkezten dudala lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.

Horiek horrela, eskatzen dut eskabide hau onartzea eta, beraz, onartua izatea Cortesko Udaleko administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean betetzeko hautaprobetan.

Cortesen, 2025eko ..............................aren ..........(e)(a)n.

(Sinadura)

CORTESKO UDALEKO ALKATEA.

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Cortesko Udala. Helburua: administrari-ofizialaren lanposturako oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bertze eskubide batzuk ere, deialdiaren 10. oinarriko informazio gehigarrian azaldutakoarekin bat.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, 15. artikulutik 17. artikulura.

1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua: biztanleria eta errolda.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak. Administrazio egintzak: baldintzak eta efikazia. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak: II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua: udalerriak. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarren partaidetza eta informazioa. IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

7.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea garatu duena aurrekontuen eta herri gastuaren arloan. II. kapitulua: 1. atala: aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: gastu-aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontu-aldaketak. IV. kapitulua: gastu-aurrekontua betearaztea. Arauak eta betearazteko faseak.

8.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra.

9.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.

10.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.

11.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

12.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena: I. tituluaren V. kapitulua: jarduera sailkaturako udal lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua: diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea.

13.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

14.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.

15.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua.

16.–Cortesko Udalaren Erregelamendu Organikoa, 2020ko 180. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 14an.

17.–Cortesko Udalaren administrazio-prozedura erkide elektronikoa arautzen duen ordenantza, 2018ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 14an.

18.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

19.–Cortesko Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza, 2018ko 173. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaren 6an.

20.–Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen indarreko ordenantza 2023ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 20koan.

Oharrak: gai-zerrenda dagokio deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen araudiari.

Iragarkiaren kodea: L2505726