90. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

43/2025 FORU DEKRETUA, apirilaren 30ekoa, 2025eko enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onesten duena osasun langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Enplegu eskaintza hori 2025era arte luzatu den 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasa espezifikoari dagokio.

Abenduaren 23ko 31/2022 Legeak, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, 20.Bat artikuluaren 1. apartatuan xedatzen duenez, administrazio publikoekin harreman mugagabea izanen duten langile berriak enplegu publikoaren eskaintzaren bidez sartuko dira, urte anitzeko esparru batean gauzatuko den plangintza baten ondorioz. Era berean, 20.Bi artikuluaren 4. apartatuan ezartzen du administrazio bakoitzak, salbuespenez, behar den tasa espezifikoa baimentzen ahalko duela betetzeko abenduaren 28ko 20/2021 Legean, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoan, aurreikusitako helburua, hau da, enplegu publikoko behin-behinekotasunak ez dezala gainditu bere eremu bakoitzeko egiturazko lanpostuen ehuneko 8, betiere eduki beharko duen urte anitzeko plangintza-tresnaren arabera justifikatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako datuak azterturik, ondorioztatzen da ezen 2025erako enplegu publikoaren eskaintza partzial honetan 288 lanpostu sartuko direla guztira: 282 lanpostu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun langileenak eta 6 lanpostu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko osasun langileenak. Enplegu eskaintza hau langileen ordezte-tasa espezifikoari dagokio, aipatu 31/2022 Legearen 20.Bi artikuluaren 4. apartatuan ezartzen den bezala.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak eta Osasun Departamentuak, negoziazioa egin ondoren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahai Orokorrean, Nafarroako Gobernuari proposatu diote onets dezan 2025erako enplegu publikoaren eskaintza partzial bat, ordezte-tasa espezifikoari dagokiona, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko osasun langileen 288 lanpostu biltzen dituena guztira.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean, 288 lanpostu horiek hutsik agertuko dira plantilla organikoan, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago haiek betetzeko.

Azkenik, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean ezarritakoa betetzeko, enplegu publikoaren eskaintza partzial honetako lanpostuetatik 21 gordeko dira %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandetarako, eta, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko organo eskudunek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan desgaitasuna duten pertsonen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoak horren gaineko txostena egin ondoren, zehazten da zer lanpostutan aplikatuko den erreserba hori.

Era berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa betetzeko asmoz, enplegu publikoaren eskaintza partzial honetan 6 lanpostu gordeko dira genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandarako, eta zehazten da zer lanpostutan aplikatuko den erreserba hori.

Horrenbestez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko apirilaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enplegu publikoaren eskaintza partziala onestea.

1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onesten da 2025. urterako. Eskaintza hori langileen ordezte-tasa espezifikoari dagokio, zeina 2025era arte luzatu den 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 20.Bi artikuluaren 4. apartatuan ezarrita baitago, eta bertan 288 lanpostu sartzen dira guztira: 282 lanpostu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun langileenak eta 6 lanpostu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko osasun langileenak.

1.2. I. eranskinean biltzen dira lanpostuen xehetasunak.

1.3. Sarrera-deialdietan bete beharreko lanpostuen zenbakiak kasuan kasuko lekualdatze-lehiaketen ondorioz gelditzen diren lanpostuenak izanen dira.

Hala ere, enplegu publikoaren eskaintza partzial honetan sartutako lanpostuen kopuru osoari (288) eusteko, lanpostuen zenbakiak beste batzuekin ordezten ahalko dira, baldin eta lanpostu bat esleituz gero borondatezko eszedentzia bukatu eta jardunean hasten direnei, lanpostu izendapen ezberdinak dituzten lekualdatze-lehiaketetako parte-hartzaileei edo esparru nazionaleko lekualdatze-lehiaketetan parte hartzen dutenei, edo antolamendu juridikoan lanpostuak betetzeko aurreikusitako beste edozein modurengatik edo kausagatik, baita antolaketa-arrazoiengatik eta behar bezala justifikatutako zerbitzu beharrengatik ere.

2. artikulua. Erreserba txandak, desgaitasuna dutenentzat.

Bat.–Enplegu publikoaren eskaintza partzial honetan, 21 lanpostu gordeko dira %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzako erreserba txandetarako.

Bi.–Erreserba hori honako lanpostu hauetan aplikatuko da:

Hematologia eta Hemoterapiako AFEak/albokoak: 1 lanpostu.

Psikologo espezialista klinikoak: 1 lanpostu.

Osasun publikoko ikuskatzaileak (albaitariak): 1 lanpostu.

Erizainak: 7 lanpostu.

Fisioterapeutak: 2 lanpostu.

Laborategiko teknikari espezialistak (LTEak): 2 lanpostu.

Erradiodiagnostikoko teknikari espezialistak (ETEak): 1 lanpostu.

Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak (EZLTak): 5 lanpostu.

Zeladoreak: 1 lanpostu.

3. artikulua. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txanda.

Bat.–Enplegu publikoaren eskaintza partzial honetan, 6 lanpostu gordeko dira genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandarako.

Bi.–Erreserba hori honako lanpostu hauetan aplikatuko da:

Medikuak (OOLTkoak): 1 lanpostu.

Erizainak: 1 lanpostu.

Fisioterapeutak: 1 lanpostu.

Laborategiko teknikari espezialistak (LTEak): 1 lanpostu.

Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak (EZLTak): 1 lanpostu.

Osasun publikoko ikuskatzaileak (albaitariak): 1 lanpostu.

4. artikulua. Espainiako nazionalitatea izatea beharrezkoa duten lanpostuak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio ebazpen bidez zehaztu dezan, kasuan kasuko sarrerako hautaprobak egiteko deialdiak onetsi aurretik, zein lanpostuk duten atxikia ahal publikoak betetzea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak zaintzeko erantzukizuna, lanpostu horietan sartzeko Espainiako nazionalitatea izatea exijituko baita.

5. artikulua. Foru dekretu honen bidez onesten den enplegu publikoaren eskaintzan sartzen diren lanpostuak eskainiko dira kasuan kasuko sarrerako deialdia onesten den egunean plantilla organikoan agertzen diren betebeharrekin.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretu hau garatu eta betearazteko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2025eko apirilaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Amparo López Antelo.

I. ERANSKINA.–2025eko ohiz kanpoko enplegu eskaintza publikoaren proposamena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako.

Iragarkiaren kodea: F2506371