90. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

42/2025 FORU DEKRETUA, apirilaren 30ekoa, 2025eko enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onesten duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako.

2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legeak, zeina 2025era arte luzatu baita, 20.Bat artikuluaren 1. apartatuan xedatzen duenez, administrazio publikoekin harreman mugagabea izanen duten langile berriak enplegu publikoaren eskaintzaren bidez sartuko dira, urte anitzeko esparru batean gauzatuko den plangintza baten ondorioz.

Era berean, 20.Bi artikuluaren 1. apartatuan ezartzen duenez, enplegu publikoaren eskaintza honela artikulatuko da: langileen ordezte-tasa ehuneko 120koa izanen da lehentasunezko sektoreetan, eta ehuneko 110ekoa gainerako sektoreetan, eta ehuneko 125ekoa autonomia erkidegoetako polizia kidegoetarako, lehentasunezko sektoretzat jotzen baita.

Era berean, 20.Bi artikuluaren 4. apartatuan ezartzen du administrazio bakoitzak, salbuespenez, behar den tasa espezifikoa baimentzen ahalko duela betetzeko abenduaren 28ko 20/2021 Legean, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoan, aurreikusitako helburua, hau da, enplegu publikoko behin-behinekotasunak ez dezala gainditu bere eremu bakoitzeko egiturazko lanpostuen ehuneko 8, betiere eduki beharko duen urte anitzeko plangintza-tresnaren arabera justifikatuta.

Azkenik, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legeak, 20.Hiru artikuluan, administrazio publikoetan langile berriak sartzeko muga batzuk ezartzen ditu, bai eta jarduera publikoaren sektore jakin batzuetan aplikatzen ahal diren salbuespenak ere. Salbuespen horiei dagokienez, xedatzen da ezen, gehieneko ordezte-tasa gainditu ote den zehaztearen ondorioetarako, ez direla aintzat hartuko barne igoera publikoaren bidez betetzeko deitzen diren lanpostuak.

Azterturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Administrazio Erroaren eremuko plantillaren datuak, ondorioztatu da ezen 2025erako enplegu publikoaren eskaintza partzial honetan 315 lanpostu sartu behar direla, Administrazio Erroaren eremukoak, honela banatuak: 269 lanpostu ordezte-tasa espezifikoari dagozkio, goian aipatutako 31/2022 Legearen 20.Bi artikuluaren 4. apartatuen ezarritako moduan; 20 lanpostu foruzain-agenteenak dira, eta langileak ordezteko tasari dagozkio, goian aipatutako 31/2022 Legearen 20.Bi artikuluaren 1. apartatuen ezarritako moduan; eta 26 lanpostu suhiltzaile-kaboenak dira, kontuan hartzen ez direnak 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean finkatutako ordezte-tasa kalkulatzearen ondorioetarako.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak, negoziazioa egin ondoren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahai Orokorrean, Nafarroako Gobernuari proposatu dio onets dezala 2025erako enplegu publikoaren eskaintza partzial bat. Eskaintza horretan 315 lanpostu sartu dira guztira Administrazio Erroaren eremurako.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean, 315 lanpostu horiek hutsik agertuko dira plantilla organikoan, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago haiek betetzeko.

Azkenik, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean ezarritakoa betetzeko, enplegu publikoaren eskaintza partzial honetako lanpostuetatik 23 gordeko dira %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandetarako, eta, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko organo eskudunek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan desgaitasuna duten pertsonen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoak horren gaineko txostena egin ondoren, zehazten da zer lanpostutan aplikatuko den erreserba hori.

Era berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa betetzeko asmoz, enplegu publikoaren eskaintza partzial honetan 7 lanpostu gordeko dira genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandarako, eta zehazten da zer lanpostutan aplikatuko den erreserba hori.

Horrenbestez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko apirilaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enplegu publikoaren eskaintza partziala onestea, non lanpostu hauek sartzen baitira:

1.1. 2025. urterako enplegu publikoaren eskaintza partzial bat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Eskaintza horrek 269 lanpostu biltzen ditu, eta ordezte-tasa espezifikoari dagokio, zeina aurreikusita baitago 2025era arte luzatutako 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 20.Bi artikuluaren 4. apartatuan.

1.2. Enplegu publikoaren eskaintza partzial bat, non lanpostu hauek sartzen baitira: suhiltzaile-kaboen 26 lanpostu Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzurako, eta foruzain-agenteen 20 lanpostu, langileak ordezteko tasari dagozkionak.

1.3. I. eranskinean biltzen dira lanpostu horien xehetasunak.

1.4. Sarrerako deialdietan bete beharreko lanpostuen zenbakiak kasuan kasuko lekualdatze-lehiaketen ondorioz gelditzen diren lanpostuenak izanen dira.

Hala ere, enplegu publikoaren eskaintza partzial honetan sartutako lanpostuen kopuru osoari (315) eusteko, lanpostuen zenbakiak beste batzuekin ordezten ahalko dira, baldin eta lanpostu bat esleituz gero lanpostu erreserbarik ez duen burutza bat uzten duen langile finko bati, edo borondatezko eszedentzia bukatu eta jardunean hasten direnei, lanpostu izendapen ezberdinak dituzten lekualdatze-lehiaketetako parte-hartzaileei, edo antolamendu juridikoan lanpostuak betetzeko aurreikusitako beste edozein moduagatik edo kausagatik, baita antolaketa-arrazoiengatik eta behar bezala justifikatutako zerbitzu beharrengatik ere.

2. artikulua. Erreserba txandak, desgaitasuna dutenentzat.

Bat.–Enplegu publikoaren eskaintza partzial honetan, 23 lanpostu gordeko dira %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzako erreserba txandetarako.

Bi.–Erreserba hori honako lanpostu hauetan aplikatuko da:

–Administrazio publikoko teknikariak (arlo ekonomikoa): 1 lanpostu.

–Enpresa zientzietako diplomadunak: 1 lanpostu.

–Prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituludunak: 1 lanpostu.

–Gizarte-langileak: 1 lanpostu.

–Administrariak: 8 lanpostu.

–1. mailako ofizialak: 1 lanpostu.

–Mantentze-lanetako ofizialak: 1 lanpostu.

–Atezainak: 3 lanpostu.

–Zaintzaile gerontologikoak: 1 lanpostu.

–Zerbitzu orokorretako langileak: 5 lanpostu.

3. artikulua. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txanda.

Bat.–Enplegu publikoaren eskaintza partzial honetan, 7 lanpostu gordeko dira genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandarako.

Bi.–Erreserba hori honako lanpostu hauetan aplikatuko da:

–Industria ingeniariak: 1 lanpostu.

–Administrazio publikoko teknikariak (arlo ekonomikoa): 1 lanpostu.

–Enpresa zientzietako diplomadunak: 1 lanpostu.

–Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunak: 1 lanpostu.

–Erdi mailako euskara teknikariak: 1 lanpostu.

–Lan harremanak: 1 lanpostu.

–Gizarte-langileak: 1 lanpostu.

4. artikulua. Espainiako nazionalitatea izatea beharrezkoa duten lanpostuak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio ebazpen bidez zehaztu dezan, kasuan kasuko sarrerako hautaprobak egiteko deialdiak onetsi aurretik, zein lanpostuk duten atxikia ahal publikoak betetzea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak zaintzeko erantzukizuna, lanpostu horietan sartzeko Espainiako nazionalitatea izatea exijituko baita.

5. artikulua. Foru dekretu honen bidez onesten den enplegu publikoaren eskaintzan sartzen diren lanpostuak eskainiko dira kasuan kasuko sarrerako deialdia onesten den egunean plantilla organikoan agertzen diren betebeharrekin.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretu hau garatu eta betearazteko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2025eko apirilaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Amparo López Antelo.

I. ERANSKINA.–2025eko enplegu publikoaren eskaintza Administrazio Erroaren eremurako.

Iragarkiaren kodea: F2506381