90. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

131E/2025 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Nafarroako unibertsitateetako katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntza" izeneko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 824308.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, eta bertan proposatu Nafarroan egoitza duten unibertsitateen katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntzen 2025eko deialdia onets eta argitara dadila.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Nafarroako unibertsitateetako katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntza" izeneko 2025eko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Gehienez, 100.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko aurrekontuko "Nafarroako unibertsitateendako laguntzak katedrak garatzeko" izeneko G10001 G1100 4819 322305 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Sarrigurenen, 2025eko martxoaren 21ean.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Eva Perujuániz Bermúdez.

ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATEETAKO KATEDREK EGINDAKO PROIEKTUETARAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA. 2025. URTEA

OINARRIAK

1. artikulua. Xedea.

a) Deialdi honen xedea da Nafarroako unibertsitateetako katedrek garatutako proiektuak finantzatzea, helburu hauekin: unibertsitateen eta haien ingurune sozialaren arteko harremana sustatzea, Nafarroako gizarteari ezagutza transferitzea, eta gizartearen prestakuntza eta sentsibilizazioa bultzatzea.

b) Proiektuak lehentasunez lotu beharko dira Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S4). Beste proiektu batzuk ere baloratuko dira: Nafarroako kultura-ondasunei eta Nafarroako Foru Komunitateko berezko hizkuntzei buruzkoak, gure gizartean dauden arrakalak murriztera bideratutako gaiak garatzen dituztenak (generoa, arraza, etnia, migrazioa, maila sozioekonomikoa, aniztasun funtzionala, adinkeria, geografikoa...), eta, orobat, helburu dutenak bizikidetzaren, demokraziaren eta ongizatearen balioak bultzatzea eta giza eta gizarte zientzien zeharkakotasuna bultzatzea zientzian, teknologian eta osasunean.

2. artikulua. Parte-hartzaileak.

Nafarroan egoitza duten unibertsitateek parte hartzen ahal dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentroek. Unibertsitate zentro bakoitzak 3 eskaera aurkez ditzake gehienez, eta eskaera bakoitzak proiektu bat edo batzuk izan ditzake.

3. artikulua. Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura.

a) Laguntzak finantzatzeko deialdiaren zenbatekoa 100.000 eurokoa da.

b) Gehienez sei katedra onuradun egonen dira.

c) Unibertsitate zentro bakoitzak gehienez bi katedratarako jasoko du laguntza.

d) Katedra bakoitzak 16.666,66 euroko dirulaguntza jasotzen ahalko du gehienez.

4. artikulua. Gauzatze-epea.

Proiektuak osatzen dituzten jarduerak eta haiei dagokien gastua 2025. urteko aurrekontu-ekitaldiaren barruan eginen dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, eta, edonola ere, inoiz ez aurtengo azaroaren 21a baino geroago. Egun hori, halaber, azken eguna izanen da gastuaren justifikazioko kontua aurkezteko, zeina beharrezkoa baita dirulaguntza ordaintzeko.

5. artikulua. Proiektuen betebeharrak.

a) Laguntza eskatzen duten proiektuek honako jarduera hauek jasotzen ahal dituzte:

–Ezagutza transferitzeko eta zabaltzeko jarduerak.

–Hitzaldi, jardunaldi, mintegi edo ikastaroen zikloa.

–Sentsibilizazio kanpainak.

–Erakusketak.

–Bokazio eta gaitasun zientifiko, teknologiko edo berrikuntzakoak garatzeko jarduerak.

–Hezkuntza eta prestakuntza materialak sortzea (argitalpen-euskarria edo ikus-entzunezkoa).

b) Hizlariak behar diren jardueretan, hala nola ikastaroetan, mahai inguruetan eta antzekoetan, katedra antolatzaileak gizonen eta emakumeen presentzia orekatua dela bermatu beharko du.

c) Garatuko diren jarduerak aurrez aurrekoak direnean, jarduera horiek garatzen diren ingurune fisikoaren irisgarritasun unibertsala bermatu beharko da. Online jarduerak direnean, horietarako irisgarritasun kognitiboa bermatuko da. Jarduera horien informazioa zabaltzen denean, irisgarriak direla behar bezala jakinarazi beharko da.

6. artikulua. Eskaerak.

a) Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Katedraren unibertsitateak izanen du eskaera aurkezteko ardura.

b) Banakako eskaera aurkeztuko da katedra bakoitzeko, eta unibertsitate zentro bakoitzak hiru aurkez ditzake gehienez. Eskaeran laguntzaren xede diren proiektu guztiak agertuko dira.

c) Aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Erantsitako dokumentazioa fitxategi bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

d) Honako hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera:

1.–Proiektu bakoitzaren memoria, gehienez 10 orrialdekoa (3.000-3.500 hitz). Puntu hauek izanen ditu:

–Proiektuaren testuingurua: katedraren jarduerak eta proiektuaren azalpena: zer lan egiten duen eta zer eragin duen gizartean.

–Proposatutako jardueren deskripzio zehatza eta horien helburuak.

–Jarduerak gauzatzeko kronograma.

2.–Katedra osatzen duen taldearen eta proposaturiko hizlarien curriculumaren, ikerketa-jardueraren eta argitalpenen laburpena.

3.–Gastuen aurrekontua, proiektu bakoitzaren arabera xehakatua, laguntzaren fitxako ereduari jarraituta.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskaera gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko da, eta artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

7. artikulua. Gastu diruz lagungarriak eta proiektuen finantzaketa.

a) Gastuen aurrekontu bat aurkeztuko da, laguntzaren fitxan ezarritako ereduaren araberakoa. Aurrekontuan, katedrak egiten dituen proiektuak xehakatuko dira, eta, proiektu bakoitzean, bere jarduerak.

b) Proiektuen araberako aurrekontuan haiei lotutako gastuak agertuko dira bakarrik, hau da, proiektua osatzen duten jardueretako bakoitzari lotutakoak. Zuzeneko gastu horiek izaeraren arabera xehakatu beharko dira (ordainsariak, materialak, eskuorriak, etab.).

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak dira zalantzarik gabe bat datozenak garatu beharreko jardueraren izaerarekin, baldin deialdi honetan ezarritako epean egin eta memorian sartu badira.

Gastu diruz lagungarriak dira egindako jarduerak eragindako zuzeneko gastuak, kontzeptu hauengatik: hizlarien ordainsariak, bidaiak, ostatatzea eta dietak; jardueren publizitatea eta propaganda; dibulgaziorako materialen argitalpena (liburuak, entzunezko materiala...), halako materiala behar duten zabalkunde jardueretan; egindako jarduera bakoitzean erabili diren zabalkunde materialen katalogazioa eta digitalizazioa (adibidez, konferentziak eta hitzaldiak grabatzea, gero web-orrian jartzeko); eta garatu beharreko jarduerei eta zuzenean lotutako beste edozein gastu. Zabalkunde materialen edizio gastua diruz laguntzeko modukoa izan dadin, material horiek erabat garatuta, editatuta eta erabiltzeko moduan egon beharko dute 11. artikuluan aipatutako justifikazioko kontua aurkezteko unean. Liburuen kasuan, inprimatuta egon eta, hala badagokio, ISBN zenbakia izan beharko dute.

Kontratatzen diren langileen gastua ere diruz laguntzen ahalko da, deialdi honetan aurkezten diren proiektuetako jarduerak garatzeko kontratatzen badira, dedikazio zuzen eta esklusiboan. Gastu hori ez da izanen proiektuetako kostu diruz lagungarri guztien %15 baino gehiago.

Hitzaldien, ikastaroen eta antzekoen ordainsarien kontzeptuan, gehienez 200 euroko dirulaguntza emanen da orduko, eta barnean hartuko du prestatze lana. Pertsona batek baino gehiagok parte hartzea dakarten hitzaldi, eztabaida, mahai inguru eta gainerako jarduera jendetsuei dagokienez, muga hori horietan parte hartzen duten pertsona guztien artean banatuko da.

Ez dira diruz lagunduko katedraren barneko langileria gastuak, unibertsitatearen jarduera arruntarenak, ez eta idazkaritzako, kudeaketako eta gisako gastuak ere. Zeharkako gastuak ere ez dira inola ere lagunduko, urtebetetik gorako bizitza baliagarria duten ekipamendu informatikoak edo antzekoak barne.

Unibertsitateko langileek egindako lanaren kostua diruz laguntzen ahalko da, baldin eta langile horiek hizlariak badira hitzaldi eta ikastaroetan. Horretarako, dagokion faktura egin beharko da zerbitzu horiek egiteagatik.

Jasandako BEZa justifikatu beharreko zenbatekoan sar daiteke, unibertsitate eskatzailearen jarduerei aplikatzen ahal zaien BEZeko salbuespenari dagokion zati proportzionalean. Horretarako, unibertsitateek egiaztagiri fiskala aurkeztuko dute.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, dirulaguntzaren xede den gastua 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina erakunde. Aukeraketa hori egiteko, gutxienez 3 hornitzaile desberdinen aurrekontuak hartuko dira kontuan.

Diru-sarrerak dituzten jarduerengatik aurreikusitako diru-sarrerak (adibidez, parte-hartzaileen matrikulak) gastuen aurrekontuan sartu beharko dira, eta guztizko zenbatekoa txikiagotuko dute.

8. artikulua. Hautaketa irizpideak eta prozedura.

a) Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraituta emanen dira, objektibotasun, gardentasun, berdintasun, publikotasun eta diskriminaziorik ezeko printzipioekin bat.

b) Lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira katedra bakoitzak aurkeztutako proiektuak, unibertsitate bakoitzeko gehienezko katedra kopurua errespetatuta.

c) Prozedura instruitzeko organo eskuduna Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusia da, eta, haren barnean, Unibertsitateko Zerbitzua. Balorazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak. Batzorde hori Unibertsitateen Zerbitzuko teknikariek osatuko dute, eta Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuetako teknikarien laguntza eskatzen ahalko dute.

d) Gutxienez 60 puntu lortu behar dira dirulaguntza jasotzeko aukera izateko. Eskaerak irizpide hauek kontuan hartuta ebaluatuko dira:

–Gehienez 40 puntu 1. artikuluan aipatzen diren gaietara egokitzeagatik.

–Gehienez 40 puntu proiektuaren kalitateagatik eta koherentziagatik (jardueren memoria).

–Gehienez 10 puntu proiektua garatzen duen katedraren esperientzia eta gaitasun operatiboagatik. Irizpide honetan kontuan hartuko da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko oreka katedraren taldearen eta proposatutako hizlarien osaeran, bai eta generoaren zeharkakotasunaren aplikazioa ere garapenean.

–Gehienez 10 puntu proiektuan eginen diren jarduerak zabaltzeagatik (sare sozialak, neswsletterra, webgunea, etab.).

Unibertsitate baten eskaerek puntuazio bera lortzen badute, lehenbiziko irizpidean puntu gehien lortu duena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, bigarren irizpidean puntu gehien lortu dituena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, hirugarren irizpidean puntu gehien lortu dituena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, eta bi katedrak unibertsitate berekoak badira, unibertsitateak erabakiko du zer katedra lehenetsi.

9. artikulua. Deialdia ebaztea eta laguntzak ematea.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, eta eskaerak ebaluatu ondoren, Unibertsitateko zuzendari nagusiak, hilabeteko epean gehienez, ebazpen bat emanen du laguntzak emateko. Ebazpena Nafarroako Gobernuko Atariko izapideen katalogoan argitaratuko da (www.nafarroa.eus), eta zentro interesdunei jakinaraziko zaie gaitutako helbide elektronikoan (DEHu). Gastuen aurrekontua eta ebazpen horretan onesten den laguntza ezin izanen dira gainditu behin betiko laguntzaren justifikazioan eta ordainketan.

10. artikulua. Jarduerak ordeztea.

Gerora sortu eta katedra onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak direla-eta ezin bada aurreikusitako jardueraren bat egin, 4. artikuluan aurreikusitako gauzatze-epea amaitu baino lehen, katedra horrek proposatzen ahalko du beste bat egitea, zeina, hasierakoen artean ez egon arren, ordeztu nahi denaren antzeko formatua eta kostua izanen baititu, eta, gainera, behar bezala eta garaiz egiteko modukoa izanen baita.

Kasu horretan, katedra onuradunak eskaera arrazoitu bat egin beharko dio Unibertsitateko Zerbitzuari, eta hark, baloratu ondoren, eta egokitzat jotzen badu, eskatutako aldaketa baimenduko du. Jarduera berriaren kostua justifikatu beharko da dirulaguntzaren xede diren gainerako jardueren baldintza berberetan. Jaso beharreko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa izanen da 9. artikuluan aipatutako ebazpenean emandako zenbatekoa.

11. artikulua. Ordainketa eta justifikazioa.

a) Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez baimenduko da dirulaguntzaren ordainketa, zentro onuradunek aurkeztu ondoren proiektuen gastuaren justifikazio kontua Nafarroako Gobernuko Atariko tramiteen katalogoan, 4. artikuluan zehaztutako epearen barnean (2024ko azaroaren 22a baino lehen).

b) Justifikazioko kontuak bi atal izanen ditu: memoria ekonomikoa eta memoria akademikoa.

A.–Justifikazio ekonomikoa - Memoria ekonomikoa.

a) Proiektuetako gastuen laburpena aurkeztuko da, dagozkien fakturak xehakaturik, laguntzaren fitxako ereduari jarraituta.

b) Gastua justifikatzeko, fakturen kopiak eta egiaztatzeko moduko ordainagirienak aurkeztu beharko dira.

c) Hizlariek aurkezten dituzten fakturetan zehaztu beharko da zenbat ordu egin duten zerbitzuan.

d) Deialdi honetan aurkezten diren proiektuetako jarduerak garatzeko asmoz dedikazio zuzen eta esklusiboarekin kontratatzen diren langileen gastuaren kasuan, kontratua aurkeztu beharko da. Horrez gain, unibertsitateko langileria arduradunak egindako ziurtagiria erantsiko da, non adieraziko baita kontratazio horren kostua; bertan zehaztu beharko da nola banatzen eta egozten den kostu hori langile horien parte-hartzea izan duten proiektuetako bakoitzean.

e) Laguntza horien zenbatekoa laguntzaren xedeko proiektuak egitean zuzenean sortzen diren gastuei aplikatzen ahal zaie soilik, deialdi honen 7. artikuluan zehaztutakoa kontuan harturik. Gastuen ordainagirien eguna, hots, fakturena, 2024. urtekoa izanen da. 4. artikuluan ezarritako justifikazio epea bukatu aurretik egiazki ordaindu diren gastuak soilik izanen dira diruz lagungarriak.

f) Diru sarrerak izan dituzten jardueren kasuan, diru sarrera horiek zenbatu eta justifikatu beharko dira (adibidez, parte hartzaileen matrikulak). Diru-sarrera horiek jardueren gastuetatik kenduko dira jarduera horietan diruz lagundu daitekeen kostua kalkulatzean.

B.–Justifikazio akademikoa - Memoria akademikoa.

Memoria horrek, gutxienez, honako hauek jaso beharko ditu:

–Deialdi honen kargura finantzatu diren urteko proiektuen eta jardueren edukia eta xehetasunak.

–Hedabideak (sare sozialak, prentsa, webgunea, etab.) eta horretarako diseinatutako materialak.

–Beste edozein bitarteko, jarduerak egiazki egin direla justifikatzeko.

–Jardueretan parte hartu duten pertsonen kopurua, sexuaren arabera bereizita; parte hartu duten erakundeen eta enpresen kopurua; eta eman daitezkeen irismen-adierazle guztiak.

–Memoria horrek 5 a) eta 5 b) artikuluetan adierazitakoa bete dela egiaztatzeko beharrezko datuak jaso beharko ditu.

12. artikulua. Zentro onuradunen betebeharrak.

a) Hautatutako proiektua gauzatzea aurkezturiko proposamenean aurreikusi zen gisan.

b) Proiektuaren aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin daitezkeen bitartean.

c) Proiektuen justifikazioko kontua 2025eko azaroaren 21a baino lehen aurkeztea. Memoria akademikoa eta ekonomikoa izanen ditu.

d) Egindako jardueretan Nafarroako Gobernuaren lankidetza aipatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

e) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa betetzea. Betebehar horiek bete behar badira, onuradunak arauan eskatzen den informazioa emanen du. Betebehar horretatik salbuetsita badago, hori adierazten duen deklarazioa aurkeztuko du.

13. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek aurkeztutako proiektuen gastu justifikatu guztiak finantzatzen dituztenez, 2. artikuluan aipatzen den muga kontuan hartuta, bateraezinak izanen dira katedrek proiektu horietarako jasotzen dituzten beste edozein laguntzarekin edo kanpoko finantzaketarekin. Horretarako, zentro eskatzaile bakoitzak, bai eskaera egitean, bai azken justifikazio ekonomikoa aurkeztean, ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, adierazteko deialdi honetan aurkeztutako proiektuek ez dutela jaso beste laguntza edo kanpoko finantzaketarik egin behar diren gastuei aurre egiteko.

14. artikulua. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

15. artikulua. Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2505063