90. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

41/2025 FORU DEKRETUA, apirilaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko zenbait departamentuk proposatu dute haien plantilla organikoko plaza batzuetan, eranskinean zehazten direnetan, euskararen eta/edo Europar Batasuneko lan hizkuntzen ezagutza merezimendu gisa balora dadila, bat etorrita azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin, foru dekretu horrek arautzen baitu nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko. Aldaketa horrek ez du kostu ekonomikorik.

Azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuko departamentu bakoitzak justifikazio txosten bat igorri zuen Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira, euskara eta Europar Batasuneko laneko hizkuntzak merezimendu gisa baloratuko diren plaza zehatzen banakako balorazioarekin.

Azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarria betez, eta sindikatuen ordezkariekin negoziazio kolektiboa egin ondoren, zehaztu da zer plazatan baloratuko diren merezimendu gisa euskara eta Europar Batasuneko laneko hizkuntzak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioen eta haren erakunde autonomoen esparruan.

Hori horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko apirilaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Plazen zehaztapena, zeinetan merezimendu gisa baloratuko baitira euskara eta Europar Batasuneko laneko hizkuntzak, departamentuz departamentu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen da, zehaztuta zein plazatan sartuko den euskararen eta/edo Europar Batasuneko laneko hizkuntzen balorazioa merezimendu gisa, departamentuz departamentu, eranskinaren arabera.

2. Plantilla organikoko plazei merezimendu balorazio hori esleitzeak azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuan xedatutako ondorioak ekarriko ditu, foru dekretu horrek arautzen baitu nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko.

3. Foru dekretu honetan aldatzen diren plazetan ezarritako hizkuntza-ezagutzaren balorazioak ez die eraginen lanpostuetan sartzeko hautapen prozeduren deialdiei, baldin eta foru dekretu honek indarra hartzen duenerako deituak badaude.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretu hau garatu eta betearazteko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2025eko apirilaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Amparo López Antelo.

ERANSKINA.–Plazen zehaztapena, zeinetan merezimendu gisa baloratuko baitira euskara eta Europar Batasuneko laneko hizkuntzak.

Iragarkiaren kodea: F2506368