2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ANTSOAIN
Bertan behera uztea aldi baterako bizitegi-erabilerarekin lotutako lizentziak
Apartamentu turistikoen eskaria gero eta handiagoa da hirietan; hortaz, Antsoaingo Udalak aurrea hartu nahi izan dio etxebizitzak apartamentu turistiko bihurtzean sor dezakeen arazoari.
Hain zuzen ere, asko ugaritu direnez gero etxebizitza iraunkorrak ordezten dituzten apartamentu turistikoak, etxebizitza eskuratzeko arazoa larriagotzen ahal da, baita herritarrak kanpora joatera behartu ere.
Hirigintzako Araudi Orokorraren 27. artikuluak ezartzen ditu erabilera xehatuak, eta horien artean jasotzen du aldi baterako egoitzarena. Apartamentu turistikoak erabilera horretan sar daitezke; aipatu artikuluaren arabera, halaber, erabilera hori bateragarria da familia bakarreko eta kolektiboko bizitegi-erabilerarekin, bai beheko solairuan bai goikoetan.
Ondorioz, beharrezkoa da Antsoainen prebentziozko araudi bat sortzea, babestu ahal izateko bizitegi eredua, udalerriko merkataritza-sarea eta sare soziokomunitarioa, baita turismo jasangarriaren eredua sustatzeko ere. Izan ere, badirudi apartamentu edo pisu turistikoen kopurua haziko dela.
Antsoaingo Udal Plan Orokorrean jasota dago area finkatuen erabilera aldatzen ahal dela dagokion lizentzia tramitatuz; bertan arrazoitu beharko dira erabilera aldaketa, dentsitatea eta Hirigintza Arauen erabileraren egungo egoera.
Sortzen den araudiaren xedea izanen da apartamentu turistikoen lizentziak definitzea. Gainera, zehaztuko du zer egoeratan aldatzen ahal den lurzatien erabilera xehatua (familia bakarreko edo bizitegi kolektiboko bizitegi-erabilera izatetik aldi baterako bizitegi –apartamentu turistiko– izatera pasatzeko), justifikatu beharreko hirigintza arloko edo bestelako baldintzak, etab.
Ondorioz, familia bakarreko edo bizitegi kolektiboko bizitegi-erabilerako erabilera xehatuko lurzatien barruan aldi baterako bizitegi-erabilerarekin lotutako lizentzien emakida eteteko beharra ezartzen da, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legear en testu bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Horrekin guztiarekin, eta 2025eko martxoaren 20ko Informazio Batzordean gaiaren aldeko irizpena eman zenez,
ERABAKITZEN DA:
1.–Aldi baterako bizitegi-erabilera xehakatuaren lizentziak emateari uztea, Antsoaingo udal mugarte osoan, familia bakarreko edo bizitegi kolektiboko bizitegi-erabilera izatetik aldi baterako bizitegi –apartamentu turistiko– izatera pasatzeko. Gero, gaia udal hirigintza araudian arautzeko dagokion tramitea eginen da.
2.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean editatzen diren bi egunkarietan, orok jakin dezan.
Antsoainen, 2025eko martxoaren 28an.–Alkatea, Marta Díez Napal.
Iragarkiaren kodea: L2504875