Iragarkia
75. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 15a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TUTERA
Deialdia, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko hezitzaile espezializatuaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa (B maila/taldearekin parekatua)
Alkatetzaren martxoaren 27ko 1053/2025 ebazpenaren bidez, onetsi dira deialdia eta oinarriak oposizio-lehiaketa bidez bete dadin hezitzaile espezializatuaren lanpostu bat, plantillan hutsik dagoena (2114B03605 kodea plantillan), B maila.
Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta honako oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
Oposizio-lehiaketa hau eginen da honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia); estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko idatzitako sarrera erregelamendua; gainerako aplikazio arauak; eta honako oinarri hauek:
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udalaren zerbitzuko hezitzaile espezializatuaren lanpostu bat, plantillan hutsik dagoena, oposizio-lehiaketa bidez betetzea; lanpostua B mailakoa eta funtzionarioen araubidekoa da, eta lanaldi osoan aritzekoa. Lanpostua Tuterako Udalaren 2021eko lan publikoaren eskaintzan dago (2022ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 13an).
1.2. Deialdi honen bidez betetzekoa den lanpostu hutsak 2114B03605 kodea du plantilla organikoan; Tuterako Udalaren Gizarte Eskubideetako alorrari atxikia dago. Lanpostua txanda irekiari dagokio, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren 15.3 artikuluan ezarritako formularen arabera (testu bategina abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
1.3. Era berean eta jarraikiz 11. oinarriari, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, hezitzaile espezializatuaren lanpostua aldi baterako betetzeko, hautapen prozeduran probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.
1.4. Deialdiaren xede den lanpostuaren eginkizuna izanen da gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzeak eta harremanak garatzeaz eta ezartzeaz arduratzea, gizarte-lanaren eremuan, udaleko Gizarte Zerbitzuaren programen bidez; eta parte hartzea prebentzio, esku-hartze eta gizarteratze proiektuen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan, prozesu pertsonalak, familiakoak eta komunitarioak detektatzeko, aztertzeko, baloratzeko, programatzeko, gauzatzeko eta jarraitzeko eginkizunak betez; bai eta bere eskumen-eremuko bertze edozein funtzio ere.
1.5. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena bihurtuko da nomina eta plantillako funtzionario, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu eta kidetuko da.
1.6. Lanpostuak B mailako ordainsariak izanen ditu, maila horretarako honako arau hauetan oro har ezarritakoaren araberakoak: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena; uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua onesten duena; eta Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den akordioa. Horrez gain, ordainsari osagarriak jasotzen ahalko ditu, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.
1.7. Lan eta enplegu baldintzei dagokienez, oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, eta udal honi dagokionez, men eginen zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den akordioari.
Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
1.8. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira Administrazioarendako, hautaproben epaimahaiendako eta parte-hartzaileendako.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Gizarte Hezkuntzako unibertsitate diploma edo gradua edo haien baliokidea den bertze bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, deialdian parte hartzeko eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean (azkeneko hori gordekin bidez justifikatuko da).
Atzerrian lortutako unibertsitateko tituluak dituzten izangaiek aurkeztu beharko dute kasuan kasuko titulua homologatzeko frogagiria, edo, kasua bada, baliokide izatearen ziurtagiria.
D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.
2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.3. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aurreko baldintzak, deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiak baldintza horiek bete beharko ditu eskabideak aurkezteko epea bukatzean, bai eta hautapen-prozedura osoan mantendu ere, izendatua izan arte.
Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da titulazio-baldintza betetzen dela.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es). Horretarako, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean sartu beharko da, deialdi bakoitzaren aipamenean, 30 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.
3.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin; eredu hori egonen da deialdiaren aipamenean, sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.
3.3. Izangaiek eskabidea behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, eta, horretaz gain, deialdiko baremoan ezarritakoaren arabera alegatu nahi dituzten merezimenduen frogagirien kopia arruntak. Izangaiek behar bezala ordenaturik alegatuko eta frogatuko dituzte merezimenduak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz (II. eranskina). Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako merezimendurik.
3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.6. Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Tuterako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
4.4. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du erran nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdietan eskatutako baldintzak. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
Epaimahaiburua: Laura Casanova Sainz-Ajá, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaiburuaren ordezkoa: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Francisco Xabier Soto Bermejo, Tuterako Udaleko gizarte-hezitzailea.
Ordezko epaimahaikidea: María Pilar Larrauri Ugarte, Tuterako Udaleko gizarte-hezitzailea.
Epaimahaikidea: María Concepción Tanco Lanas, Tuterako Udaleko gizarte-hezitzailea.
Ordezko epaimahaikidea: José Antonio Aragón Celigüeta, Tuterako Udaleko gizarte-hezitzailea.
Epaimahaikidea: Mikel Ciordia Osta, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.
Ordezko epaimahaikidea: José Miguel Catalán Ayuso, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.
Epaimahaikide idazkaria: Alicia Ezquerra Díaz, Eskubide Sozialetako administrari-ofiziala.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: Irache Lanz Peón, Eskubide Sozialetako erdi mailako tituluduna.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.
6.1. Oposizioa azaroan hasiko da, gutxi gorabehera, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik. Hautapen-prozesua bi alditan eginen da; lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zer ordutan hasiko den. Ondoren, epaimahaiak iragarkien bidez emanen du aditzera gainerako probak noiz eginen diren. Iragarkiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
7.–Lehiaketaldia.
7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, 7.3 apartatuan aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
7.3. Alegatu eta frogatutako merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 20 puntu gehienez.
B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 10 puntu gehienez.
7.4. Epaimahaiak merezimenduak baloratutakoan, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du balorazioa (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipuan, izangai bakoitzak erdietsitako puntuazioa zehaztuta.
8.–Oposizioaldia.
8.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:
–Lehen ariketa: teorikoa. Test motako 60 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen III. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Ariketa egiteko, izangaiek 90 minutu izanen dituzte gehienez.
–Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Deialdi honen III. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko bi kasu ebatzi beharko dira. Ariketa egiteko, izangaiek 180 minutu izanen dituzte gehienez.
–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak. Helburua izanen da zehaztea izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiaren xede den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko psikologia zerbitzuaren laguntzaz eginen da.
8.2. Oposizioko ariketen balorazioan 110 puntu ematen ahalko dira gehienez, honela banatuak:
–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.
–Bigarren ariketa: 60 puntu gehienez.
–Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez.
8.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
8.4. Lehen eta bigarren ariketak gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen dira, salbu eta epaimahaiak erabakitzen badu, bigarren ariketan, jendaurrean irakur dadila hura egindakoan. Azken kasu horretan, epaimahaiak behar den denboraz jakinaraziko du.
8.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du (ariketa egin den tokian eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan –sede.tudela.es–, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean) gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Halaber, azalduko ditu oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.
8.6. Dei bakarra eginen da ariketa bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.
8.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
8.8. Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko. Orobat, epaimahaiak zehaztuko du zer material behar den probak egiteko, eta behar den denboraz iragarriko du Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
8.9. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa lortzeko, batuko dira ariketa guztietan lortutako puntuazioak.
9.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.
9.1. Azkeneko ariketa kalifikatutakoan, epaimahaiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, oposizioa gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuazio-ordenaren arabera, eta alkate udalburuari igorriko dio izendapen proposamena, probak gainditu eta deialdiaren xedeko lanpostuan sartzen den izangaiaren alde. Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, lehen eta hirugarren ariketetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenkera horretan. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.
Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean:
–Nortasun agiri nazionalaren kopia.
2.–Eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena.
3.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
4.–Osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.
5.–Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Araubidea begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
Baldin eta izangaia Nafarroako bertze Administrazio Publikoren bateko langile finkoa bada (ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta bertze batekoa), goikoez gain, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abarri buruzkoa) aurkeztu beharko du.
9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da funtzionario izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe deialdian parte hartzeko bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 9.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
10.1. Behin hautapen prozesua bukaturik eta behin izendatzeko proposatutako izangaiak aurkezturik 9.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak, alkate udalburuak behar den izangaia izendatuko du Tuterako Udaleko funtzionario, hezitzaile espezializatuaren lanpostua bete dezan.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Tuterako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 9.3 eta 9.4 oinarriek ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan bertze administrazio publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiko 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.3 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
11.2. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es) argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
11.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
11.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda arautuko da hauetan xedatutakoari jarraikiz: Tuterako Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakia (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bertan onartu baitziren Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak; edo irizpideak aldatuz gero, horiek ordezkatzen dituztenak; eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia.
12.–Datu pertsonalak babestea.
Tuterako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.
Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Bertzalde, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak bete beharko dira.
Datuen hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta bertze eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Erregistro Orokorrera (Plaza Vieja 1, 31500 Tutera), edo egoitza elektronikora (www.tudela.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
A atala.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
–Administrazio publikoetan, xede den lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan, B mailan, emandako zerbitzuak, baldin lanposturako nahitaezkoa bazen Gizarte Hezkuntzako gradua edo diplomadun titulua izatea: 2 puntu urteko.
–Administrazio publikoetan, aurrekoak ez diren B mailako bertze lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak, edo A mailakoetan: 1 puntu urteko.
–Administrazio publikoetan, C, D edo E mailako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,5 puntu urteko.
Oharrak A atalerako:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, emanen da proportzioan dagokion puntuazioa.
2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
3. A atalean dagokion puntuazioa gehienez 20 puntu izanen da.
B atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertzelako merezimenduak.
1. Prestakuntza akademikoa eta etengabea.
–Unibertsitateko tituluengatik (lizentzia, gradua edo diploma), deialdi honetan eskatzen ez den bertze batzuengatik, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute: 3 puntu.
–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu). Atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 10 puntukoa izanen da.
Oharrak B.1 azpiatalerako. (Prestakuntza akademikoa eta etengabea):
1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.
4. Atal honetan baloratutako prestakuntza ekintza bakoitzaren puntuazioa 2 puntukoa izanen da gehienez.
5. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta ez bete erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek antolatutakoak, administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean.
6. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbertzeko baldintza den titulua.
2. Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifikoak edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez. Kalifikazio epaimahaiak baloratuko du, kontuan hartuta lana edo jarduera bakarrik edo taldeka egin den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den ere.
3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea edo horrelakoak antolatzea: 1 puntu gehienez ere; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.
Oharrak B) atal osorako:
1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.
2. B ataleko puntuazioa ez da 10 puntutik gorakoa izanen.
III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
I. zatia (zati orokorra).
1. Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
2. Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Europar Batasuneko Justizia Auzitegia.
3. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta erranahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
4. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. Administrazioarteko harremanak. Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarren partaidetza eta informazioa.
5. 2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: toki erakundeen beharrezko antolaketa: udalerria.
6. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: xedapen orokorrak. Prozeduretako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua.
7. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: xedapen orokorrak. Administrazio publikoetako organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
8. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
9. 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako toki ogasunen baliabide motak eta haien ezaugarri nagusiak. Aurrekontua eta gastu publikoa.
10. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
11. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
12. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
II. zatia (espezifikoa).
13. 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
14. 48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema: oinarrizko gizarte-laguntzaren oinarrizko programak: atarikoa. I. kapitulua: xedapen orokorrak. II. kapitulua: oinarrizko gizarte zerbitzuen programak.
15. Gizarte zerbitzu orokorren zorroa Nafarroan: prestazio bermatuak eta bermatu gabeak oinarrizko arretan.
16. Gizarte zerbitzu orokorren zorroa Nafarroan: prestazio bermatuak eta bermatu gabeak gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonendako arretan.
17. Gizarte zerbitzu orokorren zorroa Nafarroan: prestazio bermatuak eta bermatu gabeak adingabeendako arretan.
18. Gizarte zerbitzu orokorren zorroa Nafarroan: prestazio bermatuak eta bermatu gabeak genero-indarkeriaren biktimendako arretan.
19. 12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.
20. Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua: lege esparrua. Printzipio teknikoak. Babesgabetasun egoeretan esku hartzeko eta horiek prebenitzeko eskumenak.
21. Haurrak babesteko egoeretan jarduteko gidaliburua Nafarroako Foru Komunitateko Oinarrizko Laguntzako Gizarte Zerbitzuetarako –2. liburukia– (Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua).
22. Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesgabetasun egoerak baloratzeko tresna. Haurren kontrako tratu txarrak: tipologia eta larritasun mailak.
23. 15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak Arautzen dituena. 26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Gizarteratzerako eta Errenta Bermaturako Eskubideak Garatzeari buruzkoa.
24. 1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa, eta Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk aldatzekoa. 8/2015 Lege Organikoa, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema Aldatzekoa. 26/2015 Legea, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema Aldatzekoa.
25. 5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzen duena.
26. 6/2011 Foru Dekretua, urtarrilaren 24koa, Nafarroako gizarte zerbitzuetako erreferentziako profesionala arautzen duena.
27. 2019-2025 Desgaitasun Plana.
28. Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Planaren (2021-2026) diagnostikoa.
29. Nafarroako Kultura arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026).
30. Nafarroako gizarte zerbitzuen oinarrizko laguntzari buruzko esparru-dokumentua.
31. Adikzioak prebenitzeko Tuterako udal plana, 2019-2024 aldirako: 2. jarduketa-eremua: kontsumoen prebentzioa, arriskuak gutxitzea eta ohitura osasungarriak sustatzea.
32. Oinarri arautzaileak, larrialdi sozialean dauden pertsona edo familiendako Tuterako Udalaren banakako dirulaguntza sozialak emateko (2020ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 26koa).
33. Oinarri arautzaileak, ikastetxeetan jateko prestazio ekonomikoetarako dirulaguntzak emateko (2017ko 232. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 1ekoa).
34. Gizarte-hezitzailearen kode deontologikoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.
35. Eginkizunen eta eskumenen katalogoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.
36. Akonpainamendua, esku hartzeko metodoa inklusio prozesuetan. Nuevas reflexiones (Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak argitaratua. 2016).
37. Pertsonarengan zentratutako arreta eredu integrala Nafarroan (Documentos de Trabajo Social, 54. zenbakia, 2014. urtea).
38. El trabajo en equipo (Ezequiel Ander-Egg eta María José Aguilar).
39. Gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzearen metodologia: ezaugarriak, diseinua eta garapena, eta.
40. Diseño y evaluación de programas socioeducativos (Foro de Educación, 2009. urtea, 11. zenbakia).
41. Elkarrizketa (Gizarte laneko esku hartzeko teknikak, EHU).
Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari jarraikiz, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.
Tuteran, 2025eko martxoaren 31n.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.
Iragarkiaren kodea: L2504976
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
