75. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

206E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez proiektu honen ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita: "Mendigorriko "El Saso" parajean EEHak tratatzeko planta bat instalatzea eta legarren ustiategi zaharrak eta material-isurketek ukitutako lursaila lehengoratzea"; Estructuras y Encofrados Cimance SL enpresa da proiektuaren sustatzailea.

2024ko urriaren 31n, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Proiektuaren xedea da Mendigorriko "El Saso" eremuan aurretik egin izan diren legar-erauzketen eta ondorengo isurketen ondorioz degradatuta dauden lurrak lehengoratzea (Mendigorriko 7. poligonoko 420. lurzatia eta 416. lurzatiaren zati bat). Era berean, 420. lurzatian eraikuntza- eta eraispen-hondakinen (EEH) tratamendurako planta bat instalatzeko asmoa dago. Instalazio hori agregakin birziklatuak ekoizteko erabiliko da, eta horren bidez sustatzaileak, batez ere, Mendigorriko Udalari eta bertako bizilagunei emanen die zerbitzua.

Proiektu hori, dauzkan ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean dago (9 taldea, b) letra). Beraz, lege horren 7. artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du. Txosten honen I. eranskinean deskribatzen da proposamen hori.

Aurkezturiko ingurumen-dokumentua bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterlanean zero aukera baztertu da, tokia lehengoratu gabe uztea ekarriko lukeelako, bai eta 1. aukera ere (degradatutako eremua lehengoratzea, EEHen planta instalatu gabe), sustatzailearentzat ez litzatekeelako bideragarria izanen. Azkenik, ingurumen-dokumentuak proposamenaren baterako ingurumen-inpaktua bateragarri edo ez-eragozgarritzat jotzen du (betiere proposatutako ingurumen-neurrien mende), eta, bereziki, ez-eragozgarritzat jotzen du ingurune biotikoaren gaineko inpaktua, planteatutako leheneratzeak bertako balio ekologikoa behin betiko lehengoratzea eta handitzea lortuko duelako, eta lehengoratze lan horiek sobera gaindituko dituztelako obra-fasean faunaren gainean eragiten ahal den inpaktua eta lehengoratu beharreko eremuko habitatak (urmaelak eta landaredia) ezabatu eta okupatzearen ondoriozko inpaktua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Lege horren 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, zehazki, Hondakinen Atalari (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua). Kontsulten izapidean erantzuteko lege horretan ezarritako epea igaro ondoren, Atal honek erantzun du aurkeztutako proiektua bateragarria dela 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planarekin, eta ez du kokapen eta prozesurako murrizketarik aurkeztu. Gainera, adierazi du instalazioaren funtzionamendu baldintza espezifikoak instalazioaren ingurumen-baimenean zehaztuko direla.

2025eko urtarrilaren 13an, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak jakinarazi zuen zein izan zen proiektuaren ingurumen-baimen bateratuaren tramitazioan informazioa jendaurrean jartzearen emaitza: alegazio bakarra jaso zen, pertsona partikular batek aurkeztua, eta aipatzen zuen zer inpaktu eraginen liratekeen ingurumen-kalitatean, arrisku sanitarioan etab.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen-inpaktuaren txostena dagokion.

Proiektuaren analisia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Proiektuak, EEHak eta hondeaketako soberako lur eta harriak kudeatuz, Mendigorriko eremu degradatu bat zaharberritzeko aukera ematen du. Bestalde, lagungarria izanen da Nafarroan hondakinak murrizteko, ekonomia zirkularra bultzatuko du eta eraikuntzarako lehengaien premia murriztuko du.

Planta horrek ingurumen-kalitatean izanen dituen gainerako ondorioen (airearen kalitatea, hautsa, zarata, lurrunkorrak, lurzoruaren eta uren kutsadura, etab.) balorazioa eta kontrola jardueraren ingurumen-baimen bateratuaren espedientean egiten da. Horren bidez, gainera, hurbileko udalerriei eragozpenak eta afekzioak sortzea eragotziko da. Nolanahi ere, proposamenak baztertu egiten du lehengoratze proiektuaren garapenean eta/edo EEHen tratamendurako plantaren instalazioan beste edozein motatako hondakin geldoak edo hondakin arriskutsuak, lur kutsatuak eta abar erabiltzea.

Proiektua agregakinen ustiategi zahar abandonatu batean gauzatzekoa da, Arga ibaiaren ezkerraldean goi ibilguko terrazan, Natura 2000 Saretik kanpo, Nafarroako ubidearen 1. faseko II-2 sektoreko eremu ureztagarrien barruko lurzatietan. Terraza horretan, lurrak sinplifikatu egin dira Mendigorriko ekialdean ezarritako eremu ureztagarrien ondorioz, eta ezponda, mazela eta lurzati landu gabeek eta eremu hori drainatzen duten ibilguek elementu dibertsifikatzaileen sare bat osatzen dute, Argaren ibai-eremuaren eta Mendigorria, Artaxoa eta Nequeas lotzen dituzten mendilerroen arteko konektibitatean laguntzen dutenak.

Lehengoratu beharreko eremuaren barnealdean eta hegoaldean, 15.000 m² inguruko azaleran, II-2 sektorearen kontserbaziorako balio naturalak sartzen dira (416 C, D eta E azpilurzatiak): urmael bat, eta haren inguruan lezkadiak, belardiak eta sastrakak eta ibaiertzeko zuhaitzak, eta ondoan larre mediterraneoak, fauna generalistako espezieak dituztenak, bai eta beste batzuk ere, barneko urmaelari eta haren inguruneari lotuak, eta katalogatuak.

Kontuan izan behar da, alde batetik, jarduketa mugatzea bideragarria dela aurreikusitako lanek eta betelanek lehengoratu beharreko eremuaren ondoko edo barruko ingurumen-balioko eremu horietan eta/edo bertan dauden populazio edo fauna-ale katalogatuetan eragin ditzaketen kalteak saihesteko edo minimizatzeko, eta, beste alde batetik, adierazi den bezala, jardueraren ingurumen-baimen bateratuan ezarriko diren neurriak aplikatuta, instalazioaren funtzionamenduaren ondoriozko zeharkako afekzioak eragotziko direla balio naturaleko elementu horietan.

Kontsulten emaitzatik abiatuta, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez zehazten du jarduerak ez duela inpaktu kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta jarduera berriaren ingurumen-baimen bateratuan eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezartzen dena betetzen bada; gainera indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren gainerako beste baimen guztiak lortu beharko dira.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak abuztuaren 17an emandako 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. "Mendigorriko "El Saso" parajean EEHak tratatzeko planta bat instalatzea eta legarren ustiategi zaharrak eta material-isurketek ukitutako lursaila lehengoratzea" proiektuak, Estructuras y Encofrados Cimance SL enpresak sustatua denak, ez du aurreikusteko moduko inpaktu esanguratsurik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan adierazten diren baldintzetan. Beraz, ez da egin behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusia.

2. Aurrekoari jarraikiz, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

a) Ez dira belar-sastrakak kenduko eta betelanak eginen Mendigorriko 7. poligonoko 416. lurzatiko C, D eta E azpilurzatietan, ez eta egungo zuloaren hegoaldean dagoen urmaelean, haren inguruko habitat naturaletan eta 416 B azpilurzatiko kalitate handieneko larre mediterraneoko eremuetan ere. Lanetatik kanpo utzitako eremu horietan hondakinak garbitzen ahalko dira, lezkadien eta sastrakadien gaineko eragina minimizatuz eta bertan hazten diren zuhaitzak moztea saihestuz.

b) Ingurumen-kalitate handiagoko eremu hori zaintzeak berekin dakar nekazaritzako erabilera berreskuratzeko betetzen den espazioaren tamaina eta perimetroa aldatzea. Horrela, laborantzarako plataforma eta haren perimetroko ezpondak UTM ETRS89 30TN koordenatuek zehaztutako esparrura mugatu beharko dira: 595558- 4716661; 595452-4716611; 595421-4716618; 595413-4716635; 595411-4716651; 595410-4716707; 595554-4716765; 595586-4716778; 595759-4716768; 595743-4716561; 595698-4716564 eta 595558-4716661.

c) Lehengoratu beharreko lurzatiaren iparraldeko mugan zehar dagoen 8 metro inguruko zabalerako zerrenda babestuko da, bertan hazten den zuhaitz lerrokadura babesteko, eta, gainera, ahal den neurrian, laborantzarako mugatutako eremuaren hegoaldeko mugatik hurbilen dauden zuhaitz aleak moztu behar izatea saihestuko da.

d) Laboretarako lehengoratzen den eremuaren perimetroko ezpondek 2H:1V-ko edo gutxiagoko malda izan beharko dute, eta, eratu ondoren, mendebaldeko aldean berriz ere landareak hazteko erabilitako espezieen hazi nahaste bera ereinen da.

e) Obraren zuinketa egin aurretik, abisua emanen zaio Ingurumena Zaintzeko Taldeari –9. barrutia, "Lizarra Hegoa"– (948 84 70 33, 609 90 49 57, gmaestellasur@navarra.es), obraren arduradunekin batera aurreko baldintzen irismen zehatza zehaztu eta behar bezala betetzen dela ikuskatu ahal izateko.

f) Ingurumen-kalitatea babesteko ingurumen-baimen bateratuan ezartzen diren neurriak bete beharko dira, eta, bereziki, lehengoratu beharreko eremuan ur kutsatuak eremu beheratuetara eta ingurumen-balioko urmaeletara ez iristeko neurriak, bai eta instalazioko hautsen, lurrunkorren edo bestelako kutsatzaileen jalkipenak eragozteko neurriak ere. Gainera, kontrolatzeko plan bati jarraitu beharko zaio, instalazioan ez pilatzeko tratatu edo kudeatu beharreko hondakin gehiegi edo handik ateratzeko dauden agregakin birziklatu gehiegi.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Ebazpen hau helaraztea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, eta Basozaintzari (9. barrutia, "Lizarra Hegoa"), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Proiektuaren bidez, lehengoratu egin nahi dira Mendigorriko "El Saso" eremuan (Mendigorriko 7. poligonoko 420. lurzatian, 416 B azpilurzatian eta 416 C azpilurzatiaren zati txiki batean) aurretik egin izan diren legar-erauzketen eta ondorengo isurketen ondorioz degradatuta dauden lurrak. Azkenean, ekialdean 54.756,25 m² inguru laborantzarako erabiliko dira, eta gainerakoa, 30.526,30 m², baso-larreen eremua izanen da; azken horrek erdiko eremu beheratua eta hezetasun freatikoa izanen ditu, 420. lurzatitik 416. lurzatiaren mendebaldeko mugaraino. EEHak tratatzeko instalazio bat ere proiektatu da, eraikuntza lanetarako agregakin birziklatuak ekoizteko. Instalazio horrek 420. lurzatian jada berdindutako zatiaren 5.000 m² inguru hartuko ditu. Planta horren bizitza erabilgarria bukatutakoan, hark okupatutako espazioa bertan landatu ahal izateko moduan utziko da.

Hasierako fasean, lehengoratu beharreko eremuaren azalera osoan hondakinak, zaborrak eta hondeatze-lanetako lurren metaketak garbituko dira.

Horren ondoren, lehengoratu beharreko eremuaren mendebaldeko zatirako, proiektuak baso-estaldura eta estaldura naturala hobetzea baino ez du proposatzen. Horretarako, bertako espezie mediterraneoen hazi nahaste bat ereitea proposatzen du, % 95 belarkiak izanen dituena (% 25, Agropyrum cristatum; % 15, Agropyrum desertorum; % 30, Lolium rigidum; % 10, Medicago sativa; % 15, Melilotus officinalis eta % 5, Melilotus alba), eta gainerako % 5a zuhaixka espezieak (% 40, Dorycnium pentaphyllum; % 35, Coronilla juncea; % 10, Santolina chamaecyparisus eta % 15, Helichrysum stoechas).

Bestalde, ekialdeko eta ipar-ekialdeko zatiei dagokienez, 5 urtetan zehar, hondeaketetako lur eta harri soberakinekin (hondakin ez-arriskutsua, EHZ 170504 kodea) 72.240,94 m³ inguruko zuloa betetzea planteatzen da, eta lurra berdindu eta landare-lurrez estaliko da, erauzketen aurreko topografia lehengoratzeko eta nekazaritza erabilera berreskuratzeko.

Garbiketa horretatik lortutako EEHak planta berrian tratatuko dira; hondeaketa-lurrak eta lortutako lur emankorrak behar bezala erabiliko dira lehengoratze proiektuan bertan, eta kentzen diren gainerako hondakinak hondakinen arloan indarrean dagoen legeria betez kudeatuko dira, baimendutako kudeatzaileari entregatuta. Kalkuluen arabera, barneko lur-mugimenduari dagokionez, mendebaldeko eremuan 5.393,45 m³-ko betelana eginen da, eta ekialdeko eremuan, kudeatu beharreko 2.764,01 m³-ko soberakina izanen da.

Plantaren jarduerak honako fase hauek izanen ditu: 500 m²-ko eremu batean hondakinak hartzea (onartutako hondakinak jaso eta sailkatzea, trazabilitateari buruzko datuak hartzea eta sailkatutako hondakin onartuen 2.000 m³ inguru biltegiratzea); garbitzea eta sailkatzea (atzerako hondeamakina bidez, kazo, pintza, zizaila, mailu eta abarrekin), onartutakoekin nahastuta dauden hondakin trataezinak kentzeko eta 20-25 m³-ko edukiontzietan gaika biltzeko (papera eta kartoia, burdina, plastikoak eta egurra); makina mugikorrekin ehotzea eta sailkatzea –birrintzea eta bahetzea–, "dena bat" sortzeko, 0-25, 0-40 edo 0-100 mm-ko aldaeretan; eta, azkenik, plataformaren iparraldean sortutako materialak pilatzea, zeina handituko baita lurren ekarpenarekin.

Iragarkiaren kodea: F2504941