1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
193E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez proiektu honen ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita: "BESS - Corral del Molino I P. E. hibridazioa", baterien bidez energia elektrikoa biltegiratzeko instalazio bat ezartzeari buruzkoa, barnean hartzen duena Corral del Molino I 33/66 kV SETerainoko ebakuazio-instalazioaren azpiegitura, eta Eólica Montes de Cierzo SL enpresak Corellako udal mugartean sustatzen duena.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura haste aldera, Nafarroako Gobernuaren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusira bidali du "BESS - Corral del Molino I P. E. hibridazioa" proiektua, baterien bidez energia elektrikoa biltegiratzeko instalazio bat ezartzeari buruzkoa, barnean hartzen duena Corral del Molino I 33/66 kV SETerainoko ebakuazio-instalazioaren azpiegitura, eta Eólica Montes de Cierzo SL enpresak Corellako udal mugartean sustatzen duena.
Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, jarduera sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko n) apartatuan, bai eta Legeak izan dituen ondorengo aldaketetan ere. Beraz, han ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.
2024ko urrian, sustatzaileak baterien bidez energia elektrikoa biltegiratzeko instalazio baterako "BESS - Corral del Molino I P. E. hibridazioa" proiektua aurkeztu zion organo eskudunari, ebakuazio-azpiegitura ere barnean hartzen duena, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiarazteko eskaera egin zuen, bai eta aurretiazko administrazio baimena nahiz eraikitzeko administrazio baimena, eta proiektuaren onura publikoaren deklarazioa eskatu ere.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jasotako dokumentaziori buruzko kontsultak egin zituen eta proiektua jendaurrean jarri zuen, iragarkia argitaratuta 2024ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 19koan. Orobat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraztea helburu, proiektuaren dokumentazioa bidali zion Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin die proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta interesdunei, oharrak edota iradokizunak egin ditzaten, haien eskumeneko gaiei buruz. I. eranskinean zehaztutako 7 erakundeei kontsulta egin zaie, eta ez da erantzunik jaso.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen-organoak ebazpen arrazoitua emanen duela aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera argitzeko ea proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.
Aurkeztutako dokumentazioan bada ingurumenari buruzko agiri bat, bat datorrena Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterlanak honako alderdi hauek jasotzen ditu: alternatiben analisia, kaltea hartzeko arriskua duten ingurumen-faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sorraraz ditzaketen ekintzen identifikazioa eta ingurumen-faktoreen gaineko eragin nabarmenen ebaluazioa –horien artean, eragin sinergikoena eta metatuena–, eta ezbehar larri edota hondamendiekiko kalteberatasunaren ondoriozkoena–, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak eta ingurumen-jarraipena egiteko jarduketak. Neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu ondoren, azterlanak uste du inpaktu gehienak ez direla eragozgarriak edo esanguratsuak.
2.–Proiektuaren deskribapena.
Bateria bidez energia biltegiratzeko "BESS - Corral del Molino I P. E. hibridazioa" energia metatzeko sistema bat da, ion-litio teknologiako biltegiratze elektrokimikoan oinarritua. Ezarpen eremua Corral del Molino I parke eolikoaren eta eguzki-parkearen ondoan dago, eta hibridatu egiten da horiekin. Proiektuaren helburua sarearen malgutasunean laguntzea da, ekoizpen handiko uneetan energia biltegiratuz eta eskaera handieneko uneetan sarera isuriz, eta, hala, energia berriztagarrien integrazioa sustatzen da.
Proiektuak honako hauek izanen ditu: perimetroan hesitutako eremu bat, 2.105 m² ingurukoa, Corellako 11. poligonoko 143. lurzatian, biltegiratze-planta osatzen duten ekipo guztiak barnean hartuko dituena, eta 33 kV-ko lurpeko ebakuazio-linea bat, guztira 222 m ingurukoa Corral del Molino I 33/66 kV azpiestazioko lotuneraino, Corral del Molino I parke eolikoari eta izen bereko planta fotovoltaikoari ere zerbitzua emanen diena. Bertatik,El Montecillo, Corral del Molino I eta Corral del Molino II parke eolikoetarako baterako ebakuazio-sistema integratua erabiliko da. Sistema horretatik, La Serna (REE) 220/400 kV azpiestazioan energia elektrikoaren garraio-sarearekiko lotunera sartzen da.

3.–Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.
–Alternatiben azterketa:
Ingurumen gaiei buruz aurkeztutako dokumentuak barnean hartzen du alternatiben analisi bat, 0 alternatibaz gain beste hiru aukera jasotzen dituena. Sustatzaileak baztertu egin du 0 alternatiba, uste baitu proiektua gauzatzeak nabarmen hobetuko duela sarera konektatzeko lehendik dagoen azpiegituraren aprobetxamendua, eta horrek, aldi berean, berekin ekarriko duela kutsadura gutxiago, energia-mendekotasun txikiagoa eta berotegi efektuko gasen ekoizpena murriztea.
Beste hiru alternatibetarako, irizpide anitzeko azterketa egin da, alderdi teknikoak, ingurumenekoak eta sozialak kontuan hartuta, eta ondorioztatu da 1. alternatiba dela proiektua ezartzeko egokiena.
–Geomorfologia eta lurzoruak:
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuaren arabera, lurzoruaren gaineko inpakturik esanguratsuena eraikuntza-fasean gertatuko da, lurrean aldaketak eraginen baitira eta higadura-arriskua handitu eginen baita lur mugimenduen eta landare estalkia kentzearen ondorioz, batez ere eremu maldatsuetan.
Hala ere, instalazioa ezarriko den eremuaren ezaugarri geomorfologiko adierazgarriena da forma lau eta leuneko erliebeak daudela, eta lurrak, gehienbat, profil laua duela, % 3tik beherako maldekin. Hori dela eta, lur mugimenduak oso txikiak izanen dira, eta alterazio geomorfologikoak eta higadura-arriskua oso txikia.
Faktore horien gaineko inpaktu gehienak ez-esanguratsutzat jotzen ditu ingurumen-dokumentuak, eta inpakturik garrantzitsuenak bateragarri edo ez-eragozgarritzat.
–Flora eta landaredia:
Azterketa eremua biziki antropizatua da, eta nekazaritza erabilera nagusitzen da: labore belarkaren eta zurkaren hazkuntza, lehorrekoak nahiz ureztatuak. Zehazki, instalazioaren ezarpen eremua lehorreko almendrondo abandonatuen eremu batean proiektatu da, eta eremu horretako zati batzuk alfer-lur ezkaidunak bilakatu dira. Ez dio kalterik eraginen mehatxatutako flora bereziari.
Inpaktu nagusiak obren fasean izanen dira, hau da, ukitutako azalera guztietan landare estalkiaren alterazioa gertatu eta obra eremuaren ondoko inguruetan landaredia degradatu eginen da.
Bi kasu horiek ez-eragozgarritzat jo ditu ingurumen-dokumentuak; nolanahi ere, kontuan hartuta ez direla esanguratsuak, indarrean dagoen araudia nahitaez bete beharrekoa dela, obrak iraun bitartean jarraipena eginen dela eta neurri prebentibo nahiz zuzentzaileak eta proposatutako leheneratze-plana aplikatuko direla, inpaktua ez-esanguratsutzat jo da.
–Fauna, eta faunaren aldetik interesa duten guneak:
Ingurumen gaiei buruzko dokumentuan, proiektuak eragindako laukietan aipatutako espezieen inbentario bibliografikoa jaso da, aldeko 10 km-rekin, UTM koordenatu sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera. Inbentario horretan aipatzen dira 88 hegazti espezie, 20 ugaztun espezie, 7 anfibio espezie, 12 narrasti espezie eta 14 arrain espezie. Instalazioaren ezarpen eremuak ez du ukitzen faunaren aldetik interesa duen eremurik.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hauek izanen dira, batez ere, faunaren gaineko inpaktuak: habitataren alterazioa eta/edo galera, eragozpenak sortzea eta desplazamenduak gertatzea, eta heriotza eragitea, dela harrapatzeagatik, dela talka egiteagatik edota elektrokutatzeagatik.
Hala ere, ingurumen-dokumentuaren arabera, ezarpen eremuak ez du eragin handirik intereseko faunan, haren hedadura txikiagatik, kokapenagatik eta hartzen duen eremuaren kalitate ekologiko eskasagatik. Beraz, eremua erabiltzen duten espezie gehienek ez dute kontserbazio arazo larririk; aitzitik, espezie generalistak dira, gizakiaren presentziara egokituak, eta inguruan ohikoak. Era berean, uste du inguru horretako lurralde osoan ezarpen-eremua galtzeak ez diola eraginen tokiko harraparien jardun eremuari. Sustatzailearen arabera, faunari eraginen zaizkion afekzioak bateragarriak dira.
Atal honen ustez, nahiz eta instalazioa ezarri nahi den lurzatiko habitata egokia izan faunak une batzuetan erabiltzeko, kontuan hartuta haren kalitate eskasa, ingurunearen antropizazio handia eta dauden gainerako azpiegiturekin batera sortzen diren eragin metatuak eta sinergikoak, ez dirudi instalazioaren ezartze eremua inguru aproposa denik intereseko espezieak edo espezie katalogatuak ezartzeko, eta, beraz, proiektua gauzatzea faktore horrekin bateragarria dela uste da.
–Historia eta kultur ondarea:
Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektua gauzatzeak ez du inolako aztarnategi arkeologikorik edo kultur intereseko ondasunik ukituko; ez da horrelakorik hauteman Corral del Molino I parke eolikorako eta eguzki-instalaziorako egindako azterlanetan, ez eta parke eoliko hori egiteko lanetan ere.
4.–Proposamena.
Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak txostena eman du, eta adierazi ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela haren ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio arruntaren tramitazioa hasi behar, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen-inpaktua bateragarria izatea ingurune hartako naturaren balioekin, betiere proiektuak betetzen baditu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen-dokumentuan proposatzen diren neurriak, eta, horiez gain, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak abuztuaren 17an emandako 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. "BESS - Corral del Molino I P. E. hibridazioa" proiektuak, baterien bidez energia elektrikoa biltegiratzeko instalazio bat ezartzeari buruzkoak, Corral del Molino I 33/66 kV SETerainoko ebakuazio-instalazioaren azpiegitura ere barnean hartzen duenak, eta Eólica Montes de Cierzo SL enpresak Corellako udal mugartean sustatua denak, ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez dela egin behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.
2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du honako baldintza hauek betetzea:
–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da obrak egiten hasi aurretik.
Lanak egin bitartean lur azpian agertuko balitz aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.
–Lanak egin bitartean katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.
–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta, horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm altxatua.
–Argi-puntuak jartzen badira, ezinbesteko gutxienekora mugatuko dira, eta, ahal den guztietan, talka egiteko arriskua dakarten guneetatik urrun jarriko dira. Argi-kutsadura minimizatzen duten argiak erabiliko dira, intentsitate txikikoak, eta lurrerantz pantailatuak, argi-puntuek igorritako goiko hemisferioaren fluxua ahalik eta gehien murrizteko (% 5etik behera). Argi zuri-urdinxkaren ordez argi zuri-horixka erabiliko da.
–Ingurumen-arloko integrazioa:
- Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da, eta eragin ezin dituen eremuak balizatuko dira.
- Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek aldi baterako nahiz iraunkorki eragindako azalera guztietatik landare-lurra kenduko da, gutxienez 20 cm-ko sakonerako profil batean. Material hori propio horretarako hautatutako guneetan metatuko da, 2,0 metrotik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, geroago lehengoratze lanetan berrerabiltze aldera.
- Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obra berean erabiliz. Lur soberakinak, halakorik izanez gero, hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.
- Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta okupatu den eremu osoko obra-hondarrak garbituko dira, hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuz.
Obrek ukitutako eremu osoa, aldi baterako ukitzen badute ere, harrotu eta ereintzarako prestatuko dira, eta belardi autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da bertan. Belar horiek egin beharreko jarduerarekin bateragarriak izan beharko dute, eta agente polinizatzaileen presentzia erraztu. Lanak egin bitartean landare-lurraren geruza kendu edo kaltetu bada edo halako geruzarik ez bada, belarra erein baino lehen landare-lurrez estaliko da gainazala, gutxienez 30 cm-ko geruza batekin; geruza hori aurretik behar bezala erauzi eta metatu behar da. Lanak bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia.
–Instalazioari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.
–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ohartarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako Koordinazio Unitatea) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–KONTSULTA EGIN ZAIEN ERAKUNDEAK
–Corellako Udala.
–Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción.
–Ekologistak Martxan Erribera-Landazuria.
–Gurelur - Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa.
–Lurra, Lurraren Defentsaren Aldeko Elkartea.
–Eder Partzuergoa.
–Sustrai Erakuntza fundazioa.
Iragarkiaren kodea: F2504929