1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
152/2025 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean 2024-2025 ikasturtean unibertsitatean sartzeko proba egiteko datak zehazten dituena.
Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu zen, eta 38. artikuluaren idazketa berrian, xedatu zen Batxilergoa gainditu duten ikasleek proba bat gainditu beharko dutela unibertsitate ikasketak egiteko. Proba horrek, Batxilergoan lortutako kalifikazioekin batera, honako hauek baloratuko ditu, objektibotasunez: heldutasun akademikoa, Batxilergoan eskuratutako ezagutzak eta unibertsitate ikasketak arrakastaz egiteko gaitasuna. Halaber, xedatzen da Gobernuak, autonomia erkidegoei kontsulta egin ondoren, proba horren oinarrizko ezaugarriak ezarri beharko dituela, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Orokorrari kontsulta egin ondoren eta Unibertsitateen Kontseiluak eta Estatuko Eskola Kontseiluak aldez aurretik txostena eginda.
Hala xedatzen baitu 17. artikuluan ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuak, zeinaren bidez graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko baldintzak, sartzeko probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozeduren oinarrizko araudia arautzen baitira, hezkuntza administrazioek eta unibertsitate publikoek sarrera proba antolatzean, bermatuko dute proba Batxilergoko curriculumari lotutako konpetentzien araberakoa dela. Unibertsitateek eta etapa hori ematen duten ikastetxeek koordinatuta jardunen dute proba antolatu eta gauzatzeko. Halaber, hezkuntza administrazio bakoitzak bere unibertsitateen lankidetzaren norainokoa mugatzen ahalko du ondorio horietarako.
Bestalde, eta ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuan ezarritakoa osatzeko eta betetzeko, Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 12ko 114/2024 Foru Aginduak zenbait alderdi garatzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera probari buruz, unibertsitate publikoetan onartua izateko notari buruz eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko prozedurari buruz.
Foru agindu horren II. kapituluak unibertsitatean sartzeko proba arautzen du Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko titulua edo baliokidea dutenentzat, eta 7.2 artikuluan xedatzen duenez, Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoari kontsulta egin ondoren, unibertsitatean sartzeko proba egiteko datak finkatuko ditu urteko ebazpen bat emanez.
Gauzak horrela, eta Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 12ko 114/2024 Foru Aginduaren 7.2 artikuluan jasotakoa betez, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean 2024-2025 ikasturtean unibertsitatean sartzeko proba egiteko datak zehaztea.
Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako Foru Komunitatean 2024-2025 ikasturtean unibertsitatean sartzeko proba egiteko datak onesteko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean 2024-2025 ikasturtean unibertsitatean sartzeko proba egiteko datak onestea. Hona hemen:
–Deialdi arrunta: 2025eko ekainaren 3a, 4a eta 5a.
–Deialdi berezia: 2025eko ekainaren 25a, 26a eta 27a.
Egun horietan eginen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko proba.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusira, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2025eko martxoaren 26an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
Iragarkiaren kodea: F2504702