1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
514/2025 EBAZPENA, 2025eko martxoaren 14koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, deialdi bat onesten da sari bat emateko enpresa familiarren arloarekin lotutako arloei buruz 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedra Nafarroako Familia Enpresaren garapenerako Elkartearen (ADEFAN), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Familia Enpresa Institutuaren, ARPA Abogados Consultores enpresaren eta SONAGARen arteko lankidetza-tresna da, eta haren xedea da enpresa familiarren arloari lotutako arloetan ezagutza teorikoa eta praktikoa sortzen, eskura jartzen eta zabaltzen laguntzea, enpresa horiek gure gizartearen garapen eta ongizate ekonomikorako funtsezko tresnak baitira.
Hori horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak erabaki zuen enpresa familiarren arloei buruz 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari (gradukoa nahiz masterrekoa) sari bat emateko deialdiaren oinarriak onestea 2025. urterako jarduera programaren barnean.
Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak egin duen proposamena eta akta.
Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.
Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.
Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 134. NAOa, ekainaren 27koa) eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Deialdi bat onestea sari bat emateko, ebazpen honen eranskinean dauden oinarrien arabera, enpresa familiarren arloarekin lotutako arloei buruz 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari (gradukoa nahiz masterrekoa).
Bigarrena.–Deialdi honek sortutako gastua baimentzea. 600,00 eurokoa izanen da gehienez gastu hori, sarirako baliatuko da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.
Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2025eko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:
30.30.00.8325.480.25 Katedren sariak 600,00 euro.
Sari hau Nafarroan ondare-irabazitzat hartzen da, eta ez du atxikipenik, ez baita joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko saria.
Hirugarrena.–Sari honen deialdia egiten da:
600,00 euroko sari bat, Ikasketa Amaierako Lan hoberenarentzat.
Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Kontu-hartzailetzari.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.
Horretaz gainera, Enpresa Familiarren Katedraren webgunearen bidez ere zabalduko da ebazpen hau (https://www.unavarra.es/catedra-empresa-familiar/?languageId=100001).
Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, haren kontra, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2025eko martxoaren 14an.–Ikerketako errektoreordea, Martín Larraza Quintana.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
NUP-EKO ENPRESA FAMILIARREN KATEDRAREN SARIA (IV. EDIZIOA) GRADUKO NAHIZ MASTERREKO IKASKETA AMAIERAKO LAN HOBERENARI
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, ADEFANekin, Familia Enpresa Institutuarekin, ARPA Abogados Consultores enpresarekin eta SONAGARekin lankidetzan (Enpresa Familiarren Katedra osatzen duten entitateak), beharrezkotzat jotzen du enpresa familiarren arloarekin lotutako arloetan ezagutza teorikoa eta praktikoa sortu, eskura jarri eta zabaltzea, enpresa horiek gure gizartearen garapen eta ongizate ekonomikorako funtsezko tresnak baitira.
Ildo horretan, Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak erabaki du enpresa familiarren arloarekin lotutako arloei buruz 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan NUPen graduko nahiz masterreko ikasketetan egindako eta defendatutako Ikasketa Amaierako Lan hoberenari sari bat emateko deialdia egitea.
Horiek horrela, Enpresa Familiarren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak deialdi hau egiten du.
1.–Deialdiaren xedea.
Enpresa familiarren arloarekin loturiko gaiei buruz 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari (gradukoa nahiz masterrekoa) sari bat emateko prozedura arautzea da deialdi honen xedea, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.
2.–Finantzaketa.
Deialdi honek 600,00 euroko aurrekontua du osotara. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2025eko gastuen aurrekontuko 30.30.00.8325 0380 480.25 Katedren sarietarako izeneko partidaren kargura ordainduko dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedrak jarriko du zenbateko hori.
3.–Deialdiko saria.
–600,00 euroko sari bat.
Sari hau Nafarroan ondare-irabazitzat hartzen da, eta ez du atxikipenik, ez baita joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko saria.
4.–Hautagai izateko baldintzak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkezten ahal dira, baldin eta enpresa familiarren arloarekin lotutako arloei buruz egin badute Ikasketa Amaierako Lana eta 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan aurkeztu eta defendatu badute.
5.–Hautagaitzak aurkezteko modua.
Sari hau eskuratu nahi duenak inprimaki normalizatu bat aurkeztu beharko du katalogoan horretarako prestatutako prozeduran, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, eta, halaber, Ikasketa Amaierako Lana erantsi beharko du.
Eskaerak aurkezteko epea 2025eko irailaren 22an bukatuko da.
6.–Saridunen betebeharrak.
1. Saridunak nahieran erabiltzen ahalko du jasoko duen diru kopurua.
2. Deialdiaren oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.
3. Lehiaketan parte hartzeak deialdiko oinarrien eduki guztia onartzea dakar berekin. Horien aplikazioan sortzen den edozein gorabehera Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak ebatziko du.
7.–Sariaren epaimahaia.
Honako bost kide hauek izanen dira saria emateaz arduratuko den epaimahaiko partaideak:
–Lucía Garcés, Enpresa Familiarren Katedraren zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Beatriz Rodríguez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Iñigo Ayerra, ADEFANen ordezkaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
–José Antonio Arrieta, ARPAko zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Pablo Cámara, SONAGAReko zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
Enpresa Familiarren Katedrako zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, dei eginen die epaimahaikideei. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.
8.–Sariaren esleipena.
Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat proposamenak baloratzerakoan:
–Originaltasuna eta sakontasuna lanaren xedea den gaia aztertzeko.
–Ondorio praktikoak eta ikerketarako ekarpena.
Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio saria emateko proposamena, eta hark dagokion ebazpena emanen du. Ebazpenean saritutako lana besterik ez da jasoko.
Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiak hala erabakita.
Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Ekitaldi publikoa eginen da saria emateko.
Saria emateko ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko prozeduren katalogoan argitaratuko da, eta, halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedrak zabalduko du; hori dena saria emateko ekitaldi publikoaren aurretik eginen da.
Saria emateko ekitaldia 2025eko urriaren 24an eginen da, NUPeko ikasgelategian.
9.–Datuen babesa.
Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamendua hauen arabera eginen da: Europar Batasunaren Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa) eta Datu Pertsonalak Babesteko 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa.
Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.
DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua NUPen Enpresa Familiarren Katedrari lotutako sariketa antolatzea eta saria ematea da.
Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.
Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Parte-hartzaileek zilegi izanen dute bere datuetara sartzeko, informazioa lortzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk erabiltzea Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).
10.–Argitalpena.
Deialdi honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira.
Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren prozeduren katalogoan eta iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira.
11.–Zabalpena.
Deialdi hau, haren oinarriak eta hura aplikatzeko gainerako egintzak zabaltzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedrak bere webgunea erabiliko du, mezu elektronikoak bidaliko dizkie interesdunei, edo publizitaterako egokiak iruditzen zaizkion beste bide edo tresna batzuk erabiliko ditu.
12.–Errekurtsoak.
Interesdunek, deialdi honen eta bere oinarrien aurka, zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere deialdia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iragarkiaren kodea: F2504430