75. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

32E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, "Evoluciona: trebakuntza jarduerak egiteko ikerketa zentroentzako eta zentro teknologikoentzako laguntzak" deialdia onesten duena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 823163.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak hitzaurrean ezartzen duenez, I+G+b izenekoak oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sormenezko konponbideak ekartzen ditu gure gizartearen erronka handietarako. Era berean, 21. artikuluak foru lege horren xedea eta helburuak betetzeko aurreikusitako neurriak zehazten ditu, besteak beste bikaintasuna sustatzen dutenak, laguntza berariazkoak emanez Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileei, bikaintasunaren adierazleen hobekuntza baloratuz, esaterako, argitalpenak, patenteak, transferentzia, nazioartekotzea eta industriarekin egindako kontratuak (21.1.g) artikulua).

15/2018 Foru Legeak Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen erregistroa sortzen du 13. artikuluan, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak exekuzioko eragileen akreditaziorako eta erregistro publikoan inskribatzeko prozedura ezartzen du. Foru agindu horrek SINAIn akreditatutako entitate batzuek 2025. urterako bete behar dituzten bikaintasun, transferentzia eta gardentasun adierazleak biltzen ditu eranskinean, Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legearen 9.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Helburu horrekin 2021ean abiatu zen zentro teknologikoei "EvolTECH" trebakuntza jardueretarako laguntzak emateko lehen deialdia, Nafarroako zentro teknologikoen trebakuntza, sendotzea eta bikaintasuna bultzatzeko, emaitzak haien adierazleen hobekuntzara bideratuta. Zentro parte-hartzaileek positibotzat jo dute deialdi hau, eta laguntza tresna bihurtu da helburu zientifiko-teknologikoetara ez ezik, bikaintasunera ere bideratutako jarduera baterantz eboluzionatzeko. Era berean, 2024an, ikerketa zentroentzako "EVOLTIN 2024" trebakuntza jardueretarako laguntzen lehen deialdia egin zen, zentro horien trebakuntza, finkapena eta bikaintasuna indartzeko Nafarroan, adierazleak hobetuz eta bikaintasuneranzko bilakaera babestuz.

Nafarroako ikerketa zentro eta zentro teknologikoei trebakuntza jardueretarako ematen zaizkien laguntzen 2025eko deialdiak bateratu egiten ditu aurreko deialdiak ("EvolTECH" eta "EVOLTIN"), eta Nafarroako zentro teknologikoen eta ikerketa zentroen trebakuntza, finkapena eta bikaintasuna bultzatzen jarraitzeko helburuari eusten dio, zentro horiei adierazleak hobetzeko eta jardueren bikaintasuna lortzeko bidean ematen zaien laguntza indartuz.

Laguntzen deialdi honetan bateratzen diren laguntzak Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekainaren 19ko Erabakiaren bidez onetsitako 2024-2026 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte dira. Erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2024-2026 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa berrikustea eta eguneratzea onetsi zen.

Bidezkoa da, beraz, deialdi hau onestea, proposatutako helburuak erdiesteko.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Trebakuntza jarduerak egiteko ikerketa zentroentzako eta zentro teknologikoentzako laguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako aurrekontu-kreditu hauek baimentzea:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001-G2100-4819-467310: Zentro teknologikoak eta ikerketa zentroak trebatzeko laguntzak

2025

4.029.000,00

G20001-G2100-4819-467310: Zentro teknologikoak eta ikerketa zentroak trebatzeko laguntzak

2026

4.029.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauek helburu dute Nafarroako ikerketa zentroen eta zentro teknologikoen trebakuntza, sendotzea eta bikaintasuna sustatzea, emaitzak beren adierazleak mantendu eta hobetzera bideratuta, Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 21.1.g artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako I+G+b Sistemaren Erregistroan (SINAI) akreditatutako Nafarroako ikerketa zentroak eta zentro teknologikoak, erregistroak duen tipologia horren barruan.

2. Ezin dira onuradun izan:

a) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat urratzen dutenak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

4. Laguntzen eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da baldintza guztiak betetzen direla.

3. oinarria. Jarduera diruz lagungarriak.

1. Diruz lagunduko dira zentroek aurkeztutako jarduketa planetan jasotako jarduerak, baldin eta helburu badute erdiestea bikaintasunaren, transferentziaren eta talentuaren arloetako adierazleak, 2E/2020 Foru Aginduaren eranskinean finkatutakoak.

2. Jarduketa planari erantsi behar zaio zentroak aipatutako adierazleei dagokienez dituen ahulguneen azterketa bat, bai eta zentro bakoitzak helburu gisa hautatzen dituen adierazleak hobetzeko jardueren proposamen bat ere. Zentro bakoitzak hobetu nahi dituen adierazleen hazkunde kuantifikagarria proposatuko du, eta jarduerak gauzatzeko aldia amaitzean ebaluatuko dira.

Zentroak adierazleak kuantifikatzeko moduan gehitzea ez dakarten jarduerak proposatzen baditu, bere proposamena behar bezala justifikatu beharko du, eta jarduera horiek ezarritako adierazleak ez okertzea lagunduko dutela argudiatu. Proposamen horiek onartzeko, aurkeztutako justifikazioa baloratu beharko da, eta eskaerak ebaluatzeko prozesuan onartu edo ezetsi ahal izanen dira.

Zentroko bikaintasun, transferentzia eta talentu eremuetako adierazleren bat 2E/2020 Foru Aginduak 2025erako ezarritako helburuaren azpitik badago, jarduketa planak lehenetsi beharko du adierazle horiek sartzea beste batzuen aurretik (2.1 adierazlea izan ezik, zentro teknologikoen kasuan).

Planak gauzatu nahi diren jardueren planifikazioa izanen du, barne hartuta kronograma, aurrekontua eta gauzatzeko aldia amaitzean lortu nahi diren helburuak. Horrez gain, adieraziko da zenbat ikertzailek jarduten duten I+Gren alorrean, eskaera egiten den egunean.

3. Xede hauek izan ditzakete jarduerek:

a) Zentroak bere ezagutza arloko funtsezko teknologietan duen trebakuntza hobetzea.

b) Zentroaren posizionamendua hobetzea, bere ingurukoekin alderatuta (bai Espainia mailakoak, bai nazioartekoak).

c) Zentroaren ezagutza arloetako aurrerapen zientifiko berriak, orientazio teknologikoak eta joera berriak aurkitzea.

d) Espainiako eta Europako I+Gren arloko proiektuetan parte hartzea sustatzea.

e) Foroetan, plataforma teknologikoetan eta elkarteetan gehiago parte hartzea, bai Espainian bai nazioartean.

f) Hitzaldiak ematea edo posterrak aurkeztea biltzarretan, azoketan eta jardunaldi espezializatuetan.

g) Sinergiak bultzatzea Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) beste eragile batzuekin, Espainiako eta nazioarteko erreferentziazko zentroekin eta abarrekin.

h) Indexatutako aldizkarietan artikuluak argitaratzea.

i) Eskatutako eta emandako patenteen kopurua handitzea.

j) Ezagutzaren transferentzia hobetzea.

k) Zentroko ikertzaileen prestakuntza hobetzea.

l) Ikertzaile berriak kontratatzea.

m) Zentro teknologikoen kasuan, industriara transferitutako langileen kopurua handitzea.

n) Ikerketa zentroen kasuan, bertako ikertzaileek nazioarteko beste ikerketa zentro batzuetan egiten dituzten aldi baterako egonaldiak ugaltzea.

o) Ikerketa zentroen kasuan, bertako ikertzaileek nazioarteko ikerketa zentroan bertan egiten dituzten aldi baterako egonaldiak ugaltzea.

p) Zentroak egokitzat jotzen dituen eta 2E/2020 Foru Aginduko adierazleak betetzera bideratuta dauden beste jarduera batzuk.

4. Aipatutako jarduerak zentroak egiten duen jarduera ez-ekonomikoarekin daude lotuta. Jarduera ez-ekonomikoa honetan definitutakoa da: "Ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatu-laguntzen esparrua" (Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2022ko urriaren 28an).

Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

4. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak dira honako gastu hauek, baldin eta zuzeneko lotura badute jarduketa planean jasotako jarduerekin:

a) Ikertzaileak, teknikariak eta laguntzaileak, langile berriak kontratatzea barne hartuta.

b) Ekipamendu, patente eta baliagarritasun modeloen amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek ikerketa jardueretarako erabiltzen diren neurrian eta denboran, proiektuan laguntzen den aldirako bakarrik, zehaztapen hauekin:

i) Ez dira sartzen inbentariatu ezin diren ekipamenduak edo administrazio publikoren batek osorik diruz lagundu dituenak; beraz, horren inguruko erantzukizuneko adierazpena aurkeztuko da.

ii) Dirulaguntza honen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

c) Ikerketarako ekipamendua erostea, laguntzaren %5era arte gehienez, ekipo bakoitzeko 15.000 euroko mugarekin (BEZa kanpo).

d) Ikerketarako ekipamenduaren mantentze, konpontze eta egokitze lanak.

e) Software lizentzien urteroko berritzeak eta harpidetzeak, salbu eta generikoak (esaterako, Microsoft Office, etab.).

f) Ondare elementuek proiektua gauzatu bitartean sortzen dituzten gastuak ere diruz lagunduko dira, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

g) Material suntsikorra eta bestelako hornigaiak.

h) Kanpoko lankidetzak, barne hartuta proiektuen gaineko aholkularitza, aholkularitza estrategikoa eta zaintza teknologikoa, bai eta laguntza tekniko eta legala ere.

i) Espainiako edo Europako azpiegitura zientifiko-teknologikoak erabiltzea, bai eta SIESS sistemakoak ere (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System of Navarra).

j) Zentroak jarduerak gauzatu ahal izateko egin behar dituen beste gastu batzuk:

–Prestakuntza.

–Bidaiak, dietak eta egonaldiak.

–Artikulu zientifikoak itzultzea eta argitaratzea.

–Espainiako eta nazioarteko ikerketa sareetan parte hartzea.

–Ikerketen emaitzak babestea, jabetza industrialaren erregistroaren bitartez.

–Ekitaldiak antolatzeko gastuak.

–Antzeko beste gastu batzuk, justifikatzen bada beharrezkoak direla entitatearen jarduketa planean aurreikusitako jarduerak modu egokian betetzeko (adibidez, aldizkari, datu-base eta arauetarako sarrera edo harpidetza, elkarteen, plataformen eta clusterren kuotak, doktorego tasak, zabalkunderako ikus-entzunezko materiala, biltzarretako inskripzioak eta abar).

k) Auditoretza-txostenaren kostua ere diruz lagungarria izanen da; urtean 1.500 euro emanen dira, gehienez ere.

2. Zeharkako kostuak ez dira diruz lagungarriak izanen.

3. Nafarroako aurrekontu orokorretan edo Estatuko Administrazio Orokorrarenetan jasotako finantzaketa duten zentroen kasuan, gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, aurrekoez gainera:

a) Laguntzek kostu marjinalen modalitateari jarraituko diote. Ulertzen da halakoak direla eskatutako jarduketak egiteari dagozkion jarduerak gauzatze hutsak zuzenean sortzen dituen gastuak.

b) Langileria gastuaren barnean, beste finantzaketa publikorik ez duten langileria kostuak bakarrik dira hautagarriak; alegia, ez dira hautagarriak ez administrazio publikoen aurrekontu orokorretan sartuta daudenak, ez laguntza publikoekin finantzatzen direnak.

4. Diruz lagungarria den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ondasunen hornidurarako edo aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza erantsiko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen.

Ez dira hiru eskaintzak erantsi beharko, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Lotutako entitate batekin egindako gastuen kasuan, 10.5 oinarrian adierazitako moduan eginen da justifikazioa, eta ez oinarri honetan ezarritako moduan. Lotutako enpresatzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen).

5. oinarria. Gauzatze aldia.

Jarduerak 24 hilabetez gauzatzen ahalko dira, gehienez, honela banatuta:

–1. urtea: 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra.

–2. urtea: 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra.

6. oinarria. Eskaerak eta beharrezko agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat (GHE) eduki beharko da nahitaez.

3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa izan beharko duena:

a) Eskabide telematikoa, 2.4 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.

b) Jarduketa plana, 3.2 oinarrian adierazitako irismenarekin.

c) Eskabide orria, 2024an zentroan ari ziren ikerlarien kopuru osoa (EJC) erakutsiz, aurrekontuaren aurreikuspen xehakatua, ardatzaren, adierazlearen, jardueraren eta gastu bakoitzaren kategorien arabera.

d) Zentroan 2024an I+G+b proiektuetan parte hartu duten ikertzaile guztien zerrenda, beren urteko lanaldi orduak, I+G+b proiektuetan edo I+G+b arloko beste jarduera batzuetan egindako orduak, zehaztuta, kontabilitate proiektuaren kodearekin eta proiektuen izena emanez.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Laguntzak emateko prozedura eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntza emateko prozedura norgehiagoka izanen da, eta zentro tipologiaren arabera bereiziko da, aurrekontuaren urteko banaketa eta tipologia honen arabera:

ZENTROAREN TIPOLOGIA

2025EKO
AURREKONTU-EKITALDIA

2026KO
AURREKONTU-EKITALDIA

GUZTIRA

Ikerketa zentroak

2.014.500

2.014.500

4.029.000

Zentro teknologikoak

2.014.500

2.014.500

4.029.000

GUZTIRA

4.029.0000

4.029.000

8.058.000

Zentroek aurkeztutako jarduketa planak eta plan horietako jardueren eta gastu diruz lagungarrien aurrekontua aztertu ondoren, hala badagokio, onetsi eginen dira aurrekontuak.

2. Zentro bakoitzari dagokion gehieneko laguntza zehazteko, modulu unitarioa bider zentro bakoitzeko ikertzaileen kopurua egin behar da:

a) Modulu unitarioa honela kalkulatzen da, zentro mota bakoitzerako: deialdian tipologia horretarako erabilgarri dagoen kredituaren eta kategoria horretako zentro guztietako ikertzaile guztien arteko zatidura. Modulu unitario hori zehaztuko da eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren.

b) Zentro publikoetan, ikertzaileen kopurua %50 murriztuko da, modulu unitarioa kalkulatzeko ateratzen den kopurua kontuan hartuta.

c) I+Gn aritzen diren ikertzaileak adierazita daude jarduketa planetan eta lanaldi osoko ikertzaileen arabera neurtzen dira.

d) Entitate eskatzaileren batentzat onetsitako aurrekontua dagokion gehieneko laguntza baino txikiagoa bada, arestian esandako kalkuluaren arabera, laguntza mugatuko da onetsitako aurrekontu horretara.

3. I+Gn aritzen diren ikertzaileak dira ezagutza berriak sortzen edo egiten diharduten profesionalak. Kontzeptu, teoria, eredu, ekipo eta tresna, software edo metodo operatiboak ikertu eta hobetzen edo garatzen dituzte (ez dira sartzen ez teknikariak ez laguntzaileak).

4. Eskaera guztiei erantzun ondoren tipologoetako batean gerakina egonez gero deialdiaren kredituan, gerakin hori proportzionalki banatuko da, tipologia horretan aurrekontu onartua lehen itzulian banatutako laguntza baino handiagoa duten zentro eskatzaileetako ikertzaileen kopuruaren arabera. Prozesu hori errepikatuko da kreditua ahitu arte.

5. Jarduera ez-ekonomikoak direnez, laguntza gastu diruz lagungarrien %100 izanen da, 7.2 oinarrian adierazten den gehienekora arte.

8. oinarria. Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, SINAIren Bikaintasuna Sustatzeko Atalak, ebazpen proposamena eginen dio organo eskudunari, eta bertan adieraziko du entitate onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa adierazita; zenbatekoa xehakatuta agertu beharko du, hura ordainduko den bi aurrekontu ekitaldien arabera. Zentro bakoitzari emandako laguntzari dagokion saldo osoa zati berdinetan banatuko da bi aurrekontu ekitaldietan.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntzak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

9. oinarria. Jarduketa planaren aldaketak.

1. Jarduketa plana gauzatzen ari den bitartean zentro batek funtsezko aldaketak egin nahi baditu hasieran onartu eta aurreikusitako jardueretan, aldez aurretik eskatu beharko dio organo kudeatzaileari, eta berariaz baimendu beharko da.

Hauek dira funtsezko aldaketak:

a) Hasiera batean aurreikusitako eta jarduketa planean onartutako jarduerak kentzea edo hasieran aurreikusi gabeko neurri berriak sartzea.

b) Diruz lagundutako gastuen guztizko zenbatekoa %20tik gora aldatzea, beste partida bateko gastua jaitsiz konpentsatzen bada.

2. Gainerako aldaketetarako ez da aldez aurreko eskaerarik egin beharko, baina modu egokian justifikatu beharko da 10.3.b) oinarrian adierazitako gauzatze txostenean.

Organo kudeatzaileak ezezkoa ematen ahalko die aldaketei, irizten badie horien justifikazioa ez dela nahikoa.

3. Hasiera batean aurkeztutako jarduketa planaren aldaketek ez dute inola ere ekarriko entitate onuradunari emandako laguntza handitzea.

10. oinarria. Diruz lagundutako jarduerak justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak:

a) 2025. urteko jarduketak:

–Gastuen aitorpena: 2025eko azaroaren 30era arte.

–Gastuak dokumentu bidez justifikatzea: 2026ko apirilaren 30era arte.

b) 2026. urteko jarduketak:

–Gastuen aitorpena: 2026ko azaroaren 30era arte.

–Gastuak dokumentu bidez justifikatzea: 2027ko apirilaren 30era arte.

2. Gastuen aitorpen bakoitzean aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

a) Jarduketa planean sartutako jardueren aurrerapenari buruzko txostena, zentroak aukeratutako adierazleetan izandako aurrerapena baloratuta.

b) Aldi bakoitzean egindako gastuen aitorpena, jardueren eta kontzeptuen arabera banakatuta. Gastuen aitorpen horretan, aurkezte datara arte egindako gastuak sartu beharko dira, eta, egoki iritziz gero, hurrengo hilabeteetarako egindako gastuen estimazioa edo konpromisoa, aldi bakoitzaren justifikazioa aurkezteko epemugara artekoa.

Konprometitutako gastu horiek aurreko paragrafoan aipatutako gastuen aitorpenarekin batera ordainduko dira.

3. "Agiri bidezko justifikazio" bakoitzean agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez, auditore baten txostena aurkeztuta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan xedatuarekin bat (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa).

b) Jarduketa planean sartutako jardueren gauzatze txostena. Horrekin batera, adierazleetan, abiapuntuko egoerarekin alderatuta, lortutako aurrerapenaren balorazioa ere jasoko du, eta, aurretiazko baimenik behar ez zuten aldaketak egin badira, aldaketa horiek egiteko arrazoiak azalduko ditu.

c) Zentroko ikertzaile guztien zerrenda, I+G+b proiektuetan edo I+G+b arloko beste jarduera batzuetan emandako ordu kopurua, kontabilitate proiektuaren kodearekin eta jasotako finantziazioarekin duten erlazioa zehaztuta.

4. Justifikazio agiriak modu telematikoan aurkeztu behar dira beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.

5. Lotutako entitateek eragindako gastuak justifikatzeko, entitate onuradunaren eta hari lotutakoaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuko dira, eta, gainera, fakturaren kontzeptuak frogatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira, entitate onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).

6. Onuraduna behartuta dago dirulaguntzen kudeaketa organoak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jardueren finantzaketa justifikatzeko.

11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Gastuen aitorpena aurkeztu ondoren, konturako ordainketa bat eginen da, aurreko oinarrian adierazitakoaren arabera.

2. Aurkeztutako gastu aitorpenari dagokion dokumentazioa aztertu ondoren, laguntzaren kudeaketa organoak konturako ordainketa egiteko proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak.

3. Konturako ordainketak gehienez sei hilabeteko epean eginen dira, 10. oinarrian eskatutako dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

4. Urte bakoitzeko "Agiri bidezko justifikazioa" aztertu ondoren, ebazpen bat emanen da, justifikatutako aldian baliozkotutako zenbatekoa zehaztuko duena. Justifikatu eta onartu arren ordaindu ez diren gastuak hurrengo aldian ordainduko dira.

Baldin gastua txikiagoa izan bada ordaindutako dirulaguntza baino, dirulaguntza hori hurrengo aldian justifikatuko da.

Bigarren urteko azterketa egiten denean egiaztatuko da jarduketa planean proposatutako adierazleen hobekuntza bete dela, 12. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako.

5. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek justifikatzen badute funtsak behar dituztela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.

Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 10. oinarrian dokumentu bidezko justifikazioetarako adierazitako moduan eginen da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, zentroek ez dute bermerik eman beharko emandako funtsen aurrerakinak jasotzeko; izan ere, ikerketa erakundeen definizioa betetzen dute, Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu laguntzen esparruari buruzko Europako Batzordearen Komunikazioan (2014C 198/01) definitzen diren moduan.

12. oinarria. Adierazleak hobetzea.

Jardueren gauzatze aldia amaitzean, zentro bakoitzak proposatutako adierazleen hobekuntza baloratuko da.

Adierazleren batentzat lortutako balioa adierazle horretarako Jarduketa Planean planteatutako helburua baino txikiagoa bada, hura hobetzeko egindako jardueren laguntza murriztuko da, baldintza hauetan:

a) Lortutako adierazlearen balioa planteatutako helburuaren %90 baino txikiagoa bada, dagokion laguntza %5 murriztuko da.

b) Lortutako adierazlearen balioa ezarritako helburuaren %60 baino txikiagoa bada, dagokion laguntza %15 murriztuko da.

Emandako dirulaguntza doitzeak dagokion zenbatekoa itzultzea ekarriko du.

13. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

c) Entitate onuradunek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, laguntzari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

d) Entitate onuradunen kontabilitateak bide eman behar du jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak argi bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere.

e) Diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

f) Laguntzen deialdi honekin lotuta finantzatutako jardueren inguruan dokumentazio, publizitate, zabalkunde ekitaldi, kartel, kongresu edo bestelako difusio egintzarik egiten bada, espresuki aipatu beharko da horietan guztietan Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari.

14. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuek edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren %100.

15. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

16. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

17. oinarria. Datuen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak parte hartzen duten entitateen datuak tratatzea.

Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin.

Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo agintariei, auzitegiei eta kontroleko erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.

Iragarkiaren kodea: F2504742