75. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

113E/2025 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat Nafarroako toki entitateentzat, LGTBI+ arloko sustapen eta babes proiektuak egin daitezen 2025ean. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 821032.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dagokio Nafarroako LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko politikak koordinatzea eta kudeatzea. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Estatutuen arabera, eginkizun hauek esleitzen ditu, besteak beste: LGTBI+ pertsonak ez direla diskriminatzen bermatzeko, proposamenak eta gomendioak egitea politika publikoetarako, LGTBI+ arloko prestakuntzarako eta jarduketetarako; bultzatzea LGTBI+ pertsonen eskubideak txerta daitezela politika publiko sektorialen formulazioan, abiaraztean, jarraipenean eta ebaluazioan; eta bermatzea ongi aplikatzen eta benetan betetzen direla Nafarroako Gobernuak onetsitako jarraibideak, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko Ekintza Planari dagokionez.

Nafarroako LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Legearen 3. artikuluak aplikazio-esparrua eta betetze bermea jorratzen ditu. Zehatzago, 3.2 artikuluan, honako hau dio: "Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako toki entitateek eta haien mendeko edo haiekin lotuta dagoen edozein entitatek, zuzenbide publiko zein pribatukoak izan, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, foru legea betetzen dela bermatuko dute, eta eraginkorra izan dadin behar diren baldintzak sustatuko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan. Ildo horretatik, sexu-joerari, genero-adierazpenari eta sexu- edo genero-identitateari buruzko ekintza positiboak lagunduko dituzte, eta, halaber, Erkidegoko LGTBI+ asoziazionismoari eta dituen proiektuei sostengua emanen diete."

Nafarroako Foru Komunitateko LGTBI+ pertsonek berdintasun soziala lortze aldera, LGTBI+ arloan eskudun den erakundeak laguntza eta aholkularitza emanen die Nafarroako toki entitateei LGTBI+ arloko tokiko politikak sustatu eta bultzatu ditzaten, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko 2019-2022 Ekintza Planean bildu diren alderdiei dagokienez. Gaur egun, ekintza plan berria garatze bidean da.

Nafarroako toki entitateentzako laguntza hori gauzatu dadin, NABIk uste du bidezkoa dela dirulaguntzen deialdi bat onestea Nafarroako toki entitateendako 2025. urterako, LGTBI+ arloaren sustapenaren eta babesaren proiektuak egiteko. NABIk badaki zeinen garrantzitsuak diren Nafarroako toki entitateentzako laguntzak LGTBI+ pertsonen eskubideak errazago erabil daitezen eta LGTBI+ pertsonek tokian tokiko gizartean parte har dezaten. Horregatik, babesten du LGTBI+ arloko tokiko plan eta diagnostiko egitea, LGTBI+ arloko azterlan sektorialak egitea eta jardueren programa berariazkoak diseinatzea alor horretan.

Deialdi honek helburu du toki entitateei laguntzea gastu hauek finantzatuz: LGTBI+ arloko diagnostikoak, azterketak, planak eta jardueren programak egitearen ondoriozkoak, LGTBI+ pertsonen eskubideen berdintasun erreala sustatzen eta bultzatzen badituzte Nafarroan, eta arlo horretan herritar guztientzat 2025ean ikusgaitasunean eta sentsibilizazioan egiten den lana.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta NABI erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat onestea Nafarroako toki entitateentzat, LGTBI+ arloko sustapen eta babes proiektuak egiteko 2025ean.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko 70.000 euroko gastua baimentzen da, 2025eko gastu-aurrekontuko "080001 08300 4609 232200 Nafarroako toki entitateei LGTBI+ sustapenerako eta babeserako dirulaguntza" aurrekontu-partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko martxoaren 14an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak eman diezazkien, 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean proiektuak egiteko, LGTBI+ arloko tokiko politika publikoak bultzatzeko eta laguntzeko, toki entitateek egiten dituzten proiektuen bidez.

2. oinarria. Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.

2.1. Nafarroako toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean daude araututa), baldin eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

Halaber, taldean elkartutako toki entitatek ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskaeran berariaz adierazten bada erakunde bakoitzak zer gauzatze-konpromiso hartzen duen bere gain, eta ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

2.2. Deialdi honetan lau dirulaguntza modalitatetan daude:

a) 1. modalitatea. LGTBI+ arloko diagnostiko lokala. LGTBI+ arloko plan lokal bat egin aurreko azterlana da; horretarako, datuak eta informazioa bilduko dira herriko LGTBI+ arloko eskaerei eta beharrei buruz.

b) 2. modalitatea. LGTBI+ arloko tokiko plana. Modu estrategikoan jasotzen du zer jarraibide, neurri, ekintza eta baliabide egin behar diren udalerrian, epe jakin batean, LGTBI+ arloan proposatzen diren politika publikoak garatzeko.

c) 3. modalitatea. LGTBI+ arloko azterlan sektorialak. Halakoak dira herriko LGTBI+ pertsonek bizi duten egoera, orokorra edo eremu jakin batekoa, islatzen dutenak, non jasotzen baitira haien iritziak (beren intereseko gaiei buruz).

d) 4. modalitatea. Urteko programazioa LGTBI+ arloan.

3. oinarria. Betebeharrak.

3.1. 2025ean ez jasotzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza izendunik xede edo proiektu bererako.

3.2. Nafarroako toki entitateek dirulaguntza eskatzen dutenean 2. modalitaterako (LGTBI+ arloko tokiko plan bat prestatzea), udalerriko LGTBI+ arloko diagnostikoa izan beharko dute, gehienez ere duela 5 urte egina.

4. oinarria. Gauzatzeko epea eta proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak, modalitate guztietakoak, gauzatu beharko dira 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean.

4.2. Toki entitateek modalitate batean edo gehiagotan aurkezten ahalko dute proiektua, 3. oinarrian xedatutakoa salbu.

4.3. Deialdian adierazitako modalitateen arabera diruz lagungarri diren proiektuek, gutxienez, honako hauek jaso beharko dituzte:

1. modalitatea. LGTBI+ arloko diagnostiko lokala: helburuak, metodologia, azterketa soziodemografikoa, LGTBI+ pertsonen eskari eta beharren identifikazioa, LGTBI+ pertsonek udalerrian duten parte-hartzea, politiken balorazioa eta egokitzapena, egungo zerbitzu eta programak, eta jarduketa ildoen definizioa.

2. modalitatea. LGTBI+ arloko tokiko plana: udalerriko LGTBI+ pertsonen egoeraren diagnostikoa eta jarduketen plangintza hiru urterako, gutxienez. Plangintza horrek honako hauek izanen ditu: helburuak, ildo estrategikoak, arloak, ekintzak, adierazleak, ezarpenerako aurrekontu ekonomikoa eta ebaluazioa.

3. modalitatea. LGTBI+ arloko azterlan sektorialak: helburuak, metodologia, herrian LGTBI+ arloak duen eraginaren azterketa eta analisia.

4. modalitatea. Urteko programazioa LGTBI+ arloan: helburuak, hartzaileak, jarduerak, lortu beharreko emaitzak, jarraipen-adierazleak eta aurrekontua.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honetako ondorioetarako, gastuak diruz lagungarritzat hartuko dira baldin eta diruz laguntzeko jardueraren izaerari erantzuten badiote, behar-beharrezkoak badira eta 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egiten diren jarduerei badagozkie. Zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izanen dira:

a) Laguntza teknikoa. Toki entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera osoa azpikontratatzen ahalko du, 1., 2. eta 3. modalitateetan. 4. modalitatearen kasuan, entitate onuradunak hirugarrenekin azpikontratatzen duen diruz lagundutako jarduerak ez du gaindituko diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50.

b) Ekintza diruz lagungarriak gauzatzen dituzten hizlariek eta pertsonek edo erakundeek sortutako ordainsariak, bai eta ekintza horiek joan-etorriengatik eta ostatuagatik ekarritako dietak ere.

c) Jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialen gastuak.

d) Diruz lagundutako jardueren publizitate eta zabalkunde gastuak.

e) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo jarduera garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.

f) Diruz lagundutako jarduerak gauzatu bitartean, eta orduan bakarrik, laguntza beharra duten pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).

g) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

4.5. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitatearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, hala nola ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.e) atalean xedatutakoa salbu.

b) Diseinu, eduki abiarazte eta ebaluazioan LGTBI+ arloko eta generoko ikuspegia ez duten proiektuak.

c) Aisialdiko edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan LGTBI+ arloko ikuspegia jaso ez badute.

d) Ez dira diruz lagunduko eskola komunitatearentzat prestatutako jarduerak (ikasle, familia eta ikastetxeetako langileei zuzendutakoak), edozein hezkuntza ziklotan, 0-3 tartea barne, edozein dela ere titulartasuna, jarduera horiek eskola-orduetan egiten direnean, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

f) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean laguntza behar duten pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnenak, 4.4 ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.

d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).

e) Zenbatetsitako kostua merkatuko balioa baino nabarmen handiagoa duten gastuak.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak. Deialdi honetarako, 70.000 euro bideratu dira guztira.

Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

5.2. Gehienez ere 6.000 euroko dirulaguntza emanen da, nahiz eta entitateak eskaera modalitate batean baino gehiagotan aurkeztu, aurkeztutako proiektuaren kostua edozein dela ere.

5.3. Gutxienez ere 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

  • 81-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %100.
  • 60-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %80.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, ondoko atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan igorri beharko direnak, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak:

a) 3. eranskina. Eskaera (dirulaguntza modalitate batean baino gehiagotan eskatuz gero, modalitate bakoitzeko eskaera bat beteko da), barne daudela proiektua deskribatzen duen memoria eta haren jardueren aurrekontu xehatua. Garatuko diren jarduera guztiak banakatuko dira, eta proiektu horren aurrekontu globala ez da baliozkoa izanen.

Ereduak deialdiaren fitxaren bidez eskuratu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoaren bidez: www.nafarroa.eus. Zenbat modalitatetarako eskatzen den dirulaguntza, hainbat eskaera-eredu aurkeztu beharko dira.

Elkartuta aurkezten diren toki entitateen kasuan, zein erakunde aukeratzen den elkartutakoen ordezkari izateko, harexen ordezkariak sinatu beharko du eskaera. Eskaeran adierazi beharko da hitzarmeneko erakunde bakoitzak zer konpromiso hartu dituen bere gain.

b) 4. eranskina. Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, 3. oinarriko baldintza betetzen duela ziurtatzen duena. 2. modalitaterako eskaera aurkeztuz gero bakarrik (LGTBI+ arloko plan lokal bat egitea).

c) Nafarroako Gobernuan dagoen banku-kontua aldatzen bada, edo NABIrekin eragiketak hasten badira, banku-datuak eguneratu edo sartu beharko dira esteka honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak atzematen duenean entitate eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan. Aditzera emanen dio, orobat, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen 19. artikuluarekin.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehea zehazteko dokumentazioa ezin izanen da zuzendu. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez 10 egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira deialdiaren fitxatik. Fitxa horren esteka 18. oinarrian dago eskuragarri.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko, NABIko LGTBI+ Zuzendariordetzako teknikariek lagunduko diote instrukzio-organoari. Teknikari horiek ebaluazio-txosten bat prestatuko dute, loteslea izanen dena instrukzio-organoarentzat, non jasoko baita entitate onuradunek behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jaso ditzaten eta proiektuak balora dakizkien.

8.3. Eskaeren balorazioa 2. eranskinean jasotako irizpideen arabera eginen da, deialdi honetako 5.2 eta 5.3 oinarrietan adierazitakoari jarraikiz.

8.4. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak, ikusita LGTBI+ arloko Berdintasunerako Zuzendariordetzako teknikariek egindako ebaluazioa, ebazpen proposamena egin, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

9. oinarria. Laguntzak emateko ebazpena.

9.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez emanen dira laguntzak. Ebazpena, gehienez ere, 3 hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie, eta dirulaguntza honetarako fitxan argitaratuko da (fitxa hori tramiteen katalogoan dago eskuragarri).

9.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean, honako hauek agertuko dira: entitate eskatzailean zerrenda, diruz lagunduriko proiektuak, dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa (bat etorriko beharko du onartutako proiektuaren aurrekontuko gastuekin), eta, kasua bada, ezetsitako gainerako eskaerak, arrazoia zehazturik.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2028 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Onartutako dirulaguntza ordainduko da proiektuak gauzatzeko epea amaitutakoan, justifikazio dokumentazioa aurkeztu ondoren.

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2025eko azaroaren 5a baino lehen, ondoko atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan igorrita, eta eskura dauden ereduen arabera eginak:

–5. eranskina. Justifikazio-memoria (dirulaguntza eskatu bada modalitate batean baino gehiagotan, memoria bat beteko da modalitate bakoitzeko).

–6. eranskina. Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria. Honako hau hartuko du barnean: diruz lagundutako proiektuaren gastu osoa eta diruz lagundutako jarduketen eta haien kostuen adierazpena, haiek garatzean izan diren gastuak banan-banan zehaztuta. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita.

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira benetan ordaindu direnak diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko epea bukatu baino lehen, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan badira.

Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.

–7. eranskina. Gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak banakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorrita.

–Behar bezala jaulkitako fakturen kopia eta horiek ordaindu izanaren banku ziurtagiriena: Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

Inola ere ez dira onartuko ordainagiriak, kutxako tiketak, eskaerak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak edo froga-baliorik eta merkataritzako trafiko juridikoan baliorik ez duten bestelako dokumentuak.

–8. eranskina. Enpresaren hautapenaren ziurtagiria. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela enpresa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Horietan, agerian gelditu behar da bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra. Baldintza hori betetzeko, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta proiektuarekin lotuta sortzen den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu behar da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak zati batean aldatu zuenean) xedatutakoari jarraituz.

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona/Diruz laguntzen du". Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, tramiteen webgunean, eskuragarri izanen dira Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren ikur grafikoa. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.

11.3. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen erakundeari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 10 egun balioduneko epean.

11.4. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko guztizko kostua gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko agirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa txikiagoa bada justifikatu beharreko zenbatekoa baino (Emakidaren ebazpenean "Justifikatu beharreko zenbatekoa" gisa zehaztuko da), dirulaguntzaren murrizketa proportzionala eginen da, betiere asmoa guztiz betetzera nabarmen hurbiltzen bada, eta argi eta garbi egiaztatu bada bere konpromisoak betetzeko asmoz aritu dela onuraduna.

Deialdi honetako dirulaguntzen azken zenbatekoa kalkulatzeko, justifikazioan aurkeztutako eta NABIk onartutako zenbatekoari 5. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuko zaizkio.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada handiagoa dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen zeinahi aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean zeinahi aldaketa egiteko, izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko dute proiektuan aldaketak egiteko, betiere aurkezturiko proiektuan funtsezko aldaketarik egin gabe.

c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakiten bada horren berri, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, jasotako funtsei eman zaien erabilera adierazita, eta diruz lagundutako jarduera berberak finantzatzeko jasotako beste dirulaguntza batzuk justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztuta.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuak parte hartzen duela dioen testua agertzea dirulaguntza ematen denetik aurrera diruz lagundutako jarduerei buruz idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan edo diruz lagundutako proiektuko jardueretan, honako hau agertuta: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".

h) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, erantzukidetasunari eta genero rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

i) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautu zituen Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedaturikoa betetzea.

14. oinarria. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

14.1. Entitate onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere ordaindu, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

14.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura arautuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, eta ebatzi beharko da abiarazten denetik 12 hilabeteko epean.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.

17. oinarria. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

18. oinarria. Eredu edo txantiloien zerrenda.

Oinarri arautzaile hauetan aipatutako eranskinak eskura daude "Nafarroako toki entitateei emandako dirulaguntza, LGTBI+ bultzatu eta laguntzeko proiektuak garatzeko" izeneko deialdiaren fitxan (tramiteen katalogoan dago eskuragarri). Eskaera izapidetzeko eta, ondoren, dirulaguntza justifikatzeko, fitxa hau erabiliko da.

https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/subvencion-a-entidades-locales-de-navarra-para-desarrollar-proyectos-dirigidos-al-impulso-y-apoyo-lgtbi-

2. ERANSKINA. – BALORAZIO-IRIZPIDEAK

1., 2. eta 3. modalitateak.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

60 ARTE

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denborak, baliabideak, aurrekontua

55

Proiektuaren helburu orokorra eta berariazko helburuak zehazten ditu

5

Herriaren azterketa soziodemografikoa egiten du

5

Metodologia azaltzen du

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Proiektuaren aurrekontu egokia eta zehatza

10

LGTBI+ herritarren eskariak eta beharrak identifikatzea

5

LGTBI+ pertsonek parte hartzeko erabiliko diren tresnak azaltzen ditu

5

Jarduketa-ildoen zehaztapena

5

Politika, zerbitzu eta programen egokitasuna

5

2. Proiektuan kontuan hartu da irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

C) HEDAPEN ETA KOMUNIKAZIO EKINTZA PROGRAMATUAK

15

D) PROIEKTUAN PARTE HARTZEA BESTE TOKI ENTITATE BATZUEK, LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEKO BESTE ARLO BATZUEK

15

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua jardunbide egokitzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

4. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

65

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denborak, baliabideak, aurrekontua

50

Proiektuaren helburu orokorra eta berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Proiektuaren aurrekontu egokia eta zehatza

15

2. Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3. Proiektuan kontuan hartu da irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEAREN BESTE ARLO BATZUEK PARTE HARTZEA PROIEKTUAN

15

C) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

D) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua jardunbide egokitzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

Iragarkiaren kodea: F2504208