Iragarkia
75. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
44E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Generazinema Emanaldia" izeneko dirulaguntzaren deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 823078.
Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du onets daitezela "Generazinema Emanaldia 2025" laguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak, baimen dadila 116.800 euroko gastua eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela foru agindu hau eta eranskinak.
Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. "Generazinema Emanaldia" dirulaguntzaren deialdia onestea.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20002-A2500-4709-334102 [PEP: E-24/000742-01 ]: GENERAZINEMA: Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak | 2025 | 116.800,00 |
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko martxoaren 26an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
ERANSKINA.–GENERAZINEMA EMANALDIA 2025 DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1.1. Deialdiaren xedea da arautzea nola eman laguntzak, norgehiagoka, Nafarroan dauden zinema-aretoei eta zinemaguneei, haien jarduera, programazioen aniztasuna eta programa bereziak sustatzeko. Dirulaguntzaren xede diren ekintzak 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean egin beharko dira, biak barne.
Abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hauxe ulertuko da:
–Zinema-aretoa: jendearentzat irekita dagoen zinema-lekua edo -esparrua, iraunkorra edo sasoikoa izan, prezio edo kontraprestazio baten truke eskubidea ematen duena film jakin batzuen proiekziora joateko.
–Zinemagunea: emanaldietarako bi pantaila edo gehiago dituen lokala, baldin eta errotulu berean identifikatuta dagoen pertsona fisiko edo juridiko beraren titulartasunpean ustiatzen bada.
Dirulaguntza hauek barne merkatuarekin bateragarriak diren estatu laguntzak dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.3 artikuluaren arabera, eta salbuetsita daude jakinarazteko betebeharretik (Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarrita dago), bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu horren bidez zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz). Erregelamenduaren 9. eta 11. artikuluetan xedatutakoa betetzeko, dirulaguntzaren xede diren laguntzei buruzko informazio laburtua igorri beharko zaio Batzordeari, aurreikusitako formatu normalizatuaren bidez, indarra hartu eta 20 egun balioduneko epean.
Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektoreetan eta baldintzetan jarduten duten erakundeak.
1.2. Eskatzaile bera zinema-areto edo zinemagune bat baino gehiagoren titularra baldin bada, laguntza eskaera bat aurkeztu beharko du areto edo gune bakoitzeko.
2.–Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
2.1. Pertsona eta entitate hauek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:
a) Pertsona fisikoak, gutxienez 2024ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.
b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate.
Entitate horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izan behar dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2024ko urtarrilaren 1etik. Horrez gain, zinema-emanaldien jarduerak egitea izan behar dute sozietatearen xede edo helburu sozial gisa, eta gutxienez 2024ko urtarrilaren 1etik jendeari irekitako zinema-areto edo zinemagune baten edo batzuen titularrak izan behar dute, txarteldegi-sistema batekin eta diru-sarreren aitorpenarekin.
2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona fisiko eta juridikoek inskribatuta egon beharko dute, eskaera egiten denean, ICAAren Zinemagintzako eta Ikus-entzunezko Enpresen Erregistroan, Emanaldi atalean.
2.3. Pertsona edo entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.
2.2. Eskatzaileek ezin izanen dute laguntzen deialdian parte hartu zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.3. Ezin izanen dira onuradun izan krisian dauden enpresak, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan xedatuarekin. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Ezin izanen dira onuradun izan, halaber, betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mendeko enpresak, baldin Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.
2.4. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako entitate hauek:
a) Nafarroako Gobernuaren 2025eko aurrekontuetan xede bererako partida izenduna duten entitateak.
b) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.
c) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta lanbide elkarteak.
d) Toki entitateak, haien erakunde autonomoak eta partaidetzaren gehiengoa Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateena duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.
3.–Aurrekontuko kontsignazioa eta laguntzen zenbatekoa.
3.1. Deialdiak 116.800 euroko zenbatekoa izanen du guztira, 2025eko aurrekontuko partida honen kargura: A20002 A2500 4709 334102 Generazinema: ikus-entzunezko sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak.
3.2. Laguntzen zenbatekoak 3.1 oinarrian ezarritako muga izanen du, eta ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa, gehienez ere:
–Zinema-aretoak: 15.000 euro.
–Zinemaguneak: 20.000 euro.
3.3. Onetsitako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: entitateak aurkeztutako aurrekontua ken BEZari dagozkion zenbatekoak eta, hala denean, deialdi honen 5. oinarrian xedatuaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.
3.4. Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.
3.5. Laguntzak emateko, laguntzen deialdi honetan erabiliko den guztizko zenbateko maximoa hainbanatuko da dirulaguntzaren onuradunen artean, bat etorriz Nafarroako Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 17.1 puntuan ezarritakoarekin. 3.1 oinarrian aurreikusitako zuzkidura proportzionalki banatuko da 8.1 oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu duten aretoen artean, lortutako puntuazioaren arabera, esleitutako baliabideak agortu arte. Eskatzaile bakoitzari esleituko zaion zenbatekoa kalkulatzeko, lortu duen guztizko puntuazioa bider guztizko zenbatekoa eginen da, eta, ondoren, horren biderkadura zati eskatzaile guztien puntuazioen batura.
4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:
–Pertsona juridikoek eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo tramiteen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxaren bidez. Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat adierazi beharko da, bide hori erabiliko baita zerbitzu arduradunaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpenetarako.
Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.
–Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).
Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta izapideen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri.
4.3. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:
a) I. eranskina (Informazio teknikoa eta ekonomikoa), EXCEL formatuan, laguntza eskaeraren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.
Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:
–Aurrekontu diruz lagungarria: Soil-soilik sartuko dira 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitarteko aldiari dagozkion gastuak (biak barne) eta 5. oinarrian gastu diruz lagungarritzat jotzen direnak, kontuan hartu gabe 5.1g eta 5.1h oinarrietan ezarritako portzentaje-mugak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.
–Soldata gastuak eta gizarte segurantzakoak: Aurrekontuan sartutako soldatapeko langileen gastuak jasoko dira, 5.1l oinarrian ezarritako mugak kontuan hartu gabe.
–Finantzaketa iturriak: Proiektua finantzatzeko dauden finantza-baliabideei dagozkien zenbatekoak jasoko dira. Baliabideak motaren arabera sailkatuko dira, betiere behar bezala egiazta badaitezke.
–Onartutako aurrekontua: Emandako informaziotik abiatuta, Excel dokumentuak onartutako aurrekontutzat hartzen ahal den zenbatekoaren eta Nafarroako gastuaren ehunekoaren kalkulu automatikoa eginen du. Organo kudeatzaileak azterketa teknikoa egin ondoren berretsiko da.
I.A eranskina (Eskaera), sinatuta eta PDF formatuan.
I.B eranskina (Proiektuaren azalpen memoria), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 8. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak betetzeari buruzko informazioa.
Aukeran, "Memoriari erantsitako materiala" izeneko dokumentu bat aurkezten ahalko da, formatu librean egina, proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen balorazio artistikoa egiteko garrantzitsutzat jotzen den ororekin.
b) Frogagiria, frogatzen duena eskatzailea alta emanik dagoela Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Enpresen Erregistroan.
c) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:
–Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakiarena, hurrenez hurren.
–Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.
–Merkataritza sozietateen kasuan: eraketa eskrituraren kopia edo, hala denean, estatutuen aldaketarena, eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren eta identifikazio fiskaleko kodearen kopiak.
d) Eskaera telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.
4.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdi batzuetan parte hartu duten entitate edo pertsona eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko ataleko b, c eta d letrei dagozkien agiriak, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan, eta adieraziko da zer espedientetan dagoen dokumentazio hori.
4.5. Izapideen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxaren bidez bete eta izapidetuko dira eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak.
4.6. Baldin dirulaguntzaren eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, ebazpena eman ondoren, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
4.7. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.
4.8. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.
5.–Gastu diruz lagungarriak.
5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik diruz lagundutako proiektua gauzatzeko eta deialdiak ezarritako epean eginak badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:
a) Emanaldien negozioaren administrazioarekin eta kudeaketarekin lotuta dauden programa informatikoen kuotak eta lizentziak.
b) Publikoak fidelizatzeko eta sortzeko jardueren kostuak, besteak beste, eskola, hezkuntza, gizarteratze edo kultura arloko programei lotutako jarduerak.
c) Europako edo Iberoamerikako filmen programazioari lotutako kultura-proiektuen kostuak: Proiektua ekoitzi eta gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola profesionalen eta enpresen zerbitzuak, eta ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.
d) Gonbidatuak: Ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak, muga hauekin:
–Ostatua: Nafarroatik kanpo etortzen badira soilik, eta gehienez ere 75 euro gau bakoitzeko (fakturan gaua igarotzen duen pertsonaren izena jaso beharko da).
–Mantenua: Gehienez 40 euro pertsonako eta eguneko (bazkarietarako eta afarietarako bakarrik). Fakturen zerrendan, gastua zenbat pertsonari dagokion adierazi behar da.
–Joan-etorriak: norberaren autoa erabiliz gero, 0,35 euro ordainduko dira kilometroko, gehi aparkalekuen eta bidesarien gastuak. Alokatutako ibilgailu bat erabiltzen bada, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira alokairuaren kostua eta erregaia. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da. Gainera, diruz lagungarritzat hartuko dira herri barruko ibilbideetarako taxi edo AIG gastuak.
e) Jasangarritasunari eta kontziliazioari lotutako gastuak:
–Hirugarrenekin kontratatutako kontziliazio eta jasangarritasun planei lotutako gastuak.
–Jasangarritasunaren arloko prestakuntza jarduerak.
–Erakunde aitortuen jasangarritasun ziurtagiriak lortzea.
–Ziurtagiri ekologikoa duten mezularitza zerbitzuen hornitzaileak kontratatzea.
–Edukiontziak eta garbiguneak instalatzea, birziklapena eta berrerabilpena errazteko.
–Jarduera diruz lagungarriak ingurumenean duen inpaktua konpentsatzeko ekintzak egitea.
f) Gastu orokorrak, jaialdiari egozteko modukoak izan ez arren, diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak badira. Gastu horiek aurrekontuan sartu beharko dira, eta ezin izanen dute gainditu 5.1 a) ataletik 5.1 e) atalera bitarte jasotako zenbatekoen baturaren guztizkoaren %20.
g) Pertsona edo entitate onuradunak proiektua abian jartzeko eta gauzatzeko lanetarako kontratatutako langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, haien dedikazioaren proportzioan. Gastu horiek ez dute gaindituko 5.1 a) ataletik 5.1 e) atalera bitarte jasotako zenbatekoen baturaren guztizkoaren %40.
5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.
b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.
c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.
d) Entitateko langileen ordainsarien gehiegizko kopurua, hau da, lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3tik gora dagoena.
e) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.
f) Ordezkaritza gastuak eta protokolozko ekitaldietakoak, hala nola festak, koktelak eta antzeko beste ekitaldi batzuk; elikagaien, edarien eta antzekoen erosketak.
6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.
6.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atala da eskaerak tramitatzeko ardura izanen duen organoa kudeatzailea. Norgehiagokako araubidea erabiliko da deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.
6.2. Organo kudeatzaileak deialdian onartua izateko bete beharreko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.
6.3. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak izapideen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxan argitaratuko dira. Honako hauek izanen dira:
a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.
b) Idazkaria: Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Ataleko teknikari bat, edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.
c) Batzordekideak: Zinemagintzaren edo kultur kudeaketaren arloan entzute handikoa edo aditua den pertsona bat, eta Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Ataleko burua, edo hori izan ezean, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua edo Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.
6.4. Balorazio eta adjudikazio prozesua.
1. fasea. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.
2. fasea. Batzordea bilduko da, aurkeztutako eskaeren puntuazioa ezarriko du, eta dirulaguntza banatuko du 8.1 oinarrian eskatutako 50 puntuak gainditzen dituzten proiektuen artean. Horretarako, lortutako puntuazioen ordena hartuko da kontuan, baita 3.1, 3.2 eta 3.5 oinarrietan ezarritakoa ere.
Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.
7.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.
7.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortzea bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak xede eta helburu bererako 2025ean eman dezakeen beste batekin.
7.2. Halere, dirulaguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, 2025. urtean, xede eta helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin.
7.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
7.4. Dirulaguntza hauek, zeinak norgehiagokako araubidean emanen baitira, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Laguntza hauen zenbatekoa metatzen ahalko da beste batzuekin, baldin eta diruz lagungarriak diren beste kostu identifikagarri batzuei badagozkie, edo, kostu diruz lagungarri berdinei dagozkienean, zenbateko horiek metatuta ez badira gainditzen aipatutako erregelamenduaren arabera aplikatu beharreko laguntzaren intentsitate edo zenbateko handienak.
8.–Proiektuen balorazioa.
8.1. Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:
8.1.1. Eskatzailearen ibilbidea eta aretoaren kokapena (gehienez 25 puntu):
a) Eskatzailearen ibilbidea: zinema-emanaldien arloan jardun duen urte osoen kopurua (gehienez 15 puntu).
IBILBIDEA | HAZTAPENA |
15 urte baino gehiago | 15 puntu |
10 urte baino gehiago eta 15 urte bitarte | 10 puntu |
4 urte baino gehiago eta 10 urte bitarte | 5 puntu |
Urte 1etik 4 urtera bitarte | Puntu bat |
b) 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan kokatutako aretoak (gehienez 5 puntu).
HERRIA | HAZTAPENA |
20.000 biztanle baino gutxiago | 5 puntu |
20.000 eta 30.000 biztanle artean | 3 puntu |
30.000 biztanle baino gehiago | 1 puntu |
c) Eskatzaileak egoitza soziala edo fiskala Nafarroako Foru Komunitatean badu, 5 puntu gehituko zaizkio.
8.1.2. Programazioaren interes kulturala (gehienez 40 puntu). Horretarako, Europar Batasuneko eta Iberoamerikako filmen saioen portzentajea baloratuko da, areto bakoitzak 2024an programatutako saio guztien gainean kalkulatuta. Puntuak eskuratu ahal izateko, %25eko portzentajea eskatuko da gutxienez. Gehienez 40 puntu lor daitezke, tarte hauen arabera:
–%25etik %29,99ra arte: 5 puntu.
–%30etik %34,99ra arte: 10 puntu.
–%35etik %39,99ra arte: 15 puntu.
–%40tik %44,99ra arte: 20 puntu.
–%45etik %49,99ra arte: 25 puntu.
–%50etik %54,99ra arte: 30 puntu.
–%55etik %59,99ra arte: 35 puntu.
–%60tik %100era arte: 40 puntu.
Puntuak esleitzeko, kontuan hartuko dira ICAAk emandako datu ofizialak, zeinak deialdiaren organo kudeatzaileak bilduko baititu.
8.1.3. Ikusleei dagokienez, kudeaketa eta hedapen estrategiak (gehienez 30 puntu).
a) Publikoen prestakuntza eta garapena (gehienez 20 puntu).
Honako hauek baloratuko dira:
–Beste jarduera batzuekin batera ematen diren filmen programazioa, hala nola talde teknikoak eta artistikoak egiten dituzten aurkezpenak, mahai-inguruak eta proiekzioei buruzko solasaldiak.
–Eskolako, hezkuntzako edo integrazio sozial eta/edo kulturalerako programekin lotutako jarduerak.
–Marketin kanpainak, zinera joateko oro har, edo biztanle-talde jakin batzuei zuzenduak.
–Publikoaren prestakuntza eta garapenerako diseinatutako beste edozein jarduera berritzaile.
Egindako ekintza bakoitzeko puntu 1 emanen da, eta gehienez 20 puntu.
b) Ikusleak fidelizatzeko mekanismoak antolatzea: 10 puntu, gehienez.
Eskatzaileak ikusleak fidelizatzeko mekanismoak baditu (hala nola prezio merkeagoko abonuak, doako saioak zinera fideltasunez joateagatik edo urteurren edo ospakizunen batengatik), 10 puntu emanen dira mekanismo horiek deialdiaren urtean aplikatzen ari badira.
8.1.4. "Generazinema Garapena" eta "Generazinema Ekoizpena" deialdietan (2017-2024) edo Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren Navarra Shortzinema programan laguntzak jaso dituzten filmak erakustea: gehienez ere 5 puntu.
Aipatutako deialdi edo programetan laguntza jaso eta 2024an erakutsi den film luze edo film labur bakoitzeko puntu 1 emanen da, eta gehienez 5.
8.2. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.
8.3. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.
9.–Dirulaguntza emateko ebazpena.
9.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.
9.2. Ebazpena pertsona eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta argitaratuko da tramiteen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" laguntzen deialdiaren fitxan.
9.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona zein entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
9.4. Presuntziozko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
10.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.
10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.
10.2. Izapideen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira gardentasun betebeharrerako ereduak.
10.3. Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).
10.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.
10.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
10.6. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, pertsona edo entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio ordainduko emandako dirulaguntza, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
10.7. Pertsona edo entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.
b) Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren.
c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik onespena eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko alteraziorik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.
d) Onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.
e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea aipatutako atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.
g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.
h) Konpromisoa hartzea enpresa ez deslokalizatzeko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.
10.8. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen hedapenerako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.
10.9. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako edozein materialen zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke.
10.10. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko atalean deskribatutako baldintzei jarraituz.
10.11. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: "El Género como prioridad".
11.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.
Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:
11.1. Ordainketa.
Oro har, behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren gastua egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazio hori proiektua amaitzean eginen da. Justifikazio-agiriak aurkezteko azken eguna 2025eko urriaren 31 da (egun hori barne).
Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
Pertsona edo entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (IV. eranskina bete, eranskin horretako jarraibide-orriaren arabera):
a) IV. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) Excel formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.
Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:
1.–Fakturen zerrenda: Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFK; fakturaren kontzeptua; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta), eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, ekoiztetxe eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data.
Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zenbatekoaren zatia bereizita jasoko da.
2.–Nominen zerrenda: Proiektuari lotutako langileen nominen zerrenda zenbakiduna, berariaz adierazita zenbateko gordina, Gizarte Segurantza eta PFEZa: Era berean, proiektuari aplikatutako portzentajea eta Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zatia adieraziko dira.
3.–Finantzaketa iturriak: Finantzaketa iturrien eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).
4.–Azken memorien datuak: Epigrafe honetako c eta d ataletako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.
b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.
Faktura eta frogagiri horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.
100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri). Nominen kasuan, Gizarte Segurantza eta PFEZ kontzeptuei dagozkien ordainagiriak.
Gastuen eta ordainketen frogagiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, IV. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.
c) Gauzatutako jardueraren azalpen memoria, filmen emanaldiei eta programatutako jarduera guztiari buruzko informazioa dakarrena, bai eta bertaratze-datuei buruzko informazioa ere, ahal den neurrian, bertaratutako pertsonen adinaren eta sexuaren arabera segmentatuta.
d) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena: Ikus V. eranskina.
–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.
–Taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).
–Programazioan zer gairi heltzen zaion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).
e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkunderako erabili diren web-orrietarako estekak.
f) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.
11.1.1. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko guztirako gastua justifikatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatzen ez bada, proportzioan murriztuko da laguntza.
11.1.2. Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.
11.2. Konturako ordainketa.
Konturako ordainketa bat egiten ahalko da, pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.
Ordainketa modu hori baliatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko da 2025eko abuztuaren 31 baino lehen (egun hori barne). Horretarako, entitateak eskaera aurkeztu beharko du telematika bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo tramiteen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxaren bidez, dokumentazio honekin batera:
–Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da, nafarroa.eus helbidean dagoen III. eranskina erabilita (Konturako ordainketaren eskaera).
–Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak, aurreko zerrendaren arabera ordenatuta, PDF formatuan.
–Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.
Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren eginen da konturako ordainketa.
11.3. Gastu diruz lagungarrien barruan 2025eko hirugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZaren atxikipenak sartu badira, bai eta 2025eko abuztuko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da, baldin eta kasuan kasuko ordainagiriak ezin badira aurkeztu horretarako ezarritako epean. Behin betiko likidazioa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak, beranduenez 2026ko otsailaren 15ean, dagozkion likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.
11.4. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.
11.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.
11.6. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.
12.–Dirua itzultzea.
Pertsona edo entitate onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.
Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.
13.–Arau-hausteak eta zehapenak.
13.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.
14.–Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
15.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2504611
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
