1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
30/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 28koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 20ko 36/2012 Foru Agindua. Foru agindu horrek makina edo tresna automatikoen bidezko jokoaren gaineko zerga tasaren aitorpen-likidazioari buruzko J-10 eredua onetsi zuen.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 40. artikuluak xedatzen duenez, zozketen, tonbolen, apustuen eta ausazko konbinazioen gaineko zerga tasa Foru Komunitateak ordainaraziko du horretarako baimena Nafarroan eman behar denean. Halaber, ezartzen du jokoaren gaineko zergen kasuan (horretarako baimena Nafarroan eman behar denean) Estatuak zergapeko egitateari eta subjektu pasiboari dagokienez unean-unean ezartzen duen araudi bera aplikatuko duela Nafarroako Foru Komunitateak.
Nafarroako Foru Komunitatean aitorpena eta diru-sarrera egin behar dituzten subjektu pasiboei zerga tasa hori ordainarazteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak J-10 eredua onetsi zuen otsailaren 20ko 36/2012 Foru Aginduaren bidez.
Ondoren, azaroaren 15eko 105/2024 Foru Aginduak otsailaren 20ko 36/2012 Foru Agindua aldatu zuen, subjektu pasiboak informazio gehiago eman diezaion Nafarroako Foru Ogasunari, zerga-tasaren gaineko laguntza, kudeaketa eta kontrol jarduketen eraginkortasuna hobetzeko.
Hala ere, ikusi da alderdi jakin batzuk aldatu behar direla 36/2012 Foru Aginduaren eranskinetan, non autolikidazio eredua eta erregistro-diseinuak arautzen baitira, J-10 eredua aurkeztu behar dutenei karga administratiboak murrizte aldera zerga arloko betebeharrak betetzean, ondorioak sortzen dituztela 2025eko apirilaren 1etik aurrera hasten diren likidazio-aldietarako.
Horrenbestez, foru agindu honek J-10 eredua aldatzen du, xehetasunak eskatzearren likidazio-aldian joko-operadore bakoitzak bere titulartasunean duen makina aktibo bakoitzaren mota, gida eta jokalari-kopuruari buruz, eta urteko azken hiruhilekoa bada, urtean zehar aktibo egon diren makina guztienei buruz.
Horrez gain, urteko azken hiruhilekoan kontagailuen irakurketaren berri eman beharko da. Ildo horretan, aldi hori amaitzean aktibo dauden makinen kontagailuen irakurketa izan daiteke urte horretako abenduaren edozein egunetakoa, eta, aldiz, aktibo jarraitzen ez badute, bajako egunekoa izan beharko du irakurketak.
Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitatean Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituen abenduaren 28ko 27/2016 Foru Legearen 13.1 artikuluan emandako gaikuntza erabiliz, honako hau,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak otsailaren 20an eman 36/2012 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, makina edo tresna automatikoen bidezko jokoaren gaineko zerga tasaren aitorpen-likidazioari buruzko J-10 eredua onetsi zen.
Otsailaren 20ko 36/2012 Foru Aginduaren eranskin hauek aldatu eta honako testu hau izanen dute:
Bat. Otsailaren 20ko 36/2012 Foru Aginduaren I. eranskina aldatzen da. Haren ordez, foru agindu honetan ageri den I. eranskina erabiliko da.
Bi. Otsailaren 20ko 36/2012 Foru Aginduaren II. eranskina aldatzen da. Haren ordez, foru agindu honetan ageri den II. eranskina erabiliko da.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2025eko apirilaren 1etik aurrera hasten den likidazio aldia dagokien aitorpenei aplikatuko zaie.
Iruñean, 2025eko martxoaren 28an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
I. ERANSKINA.–AUTOLIKIDAZIO EREDUA
Zergaren aitorpena egiteko, adierazi beharko da zein diren likidazio-aldian joko-operadore bakoitzak bere titulartasunean duen makina aktibo bakoitzaren mota, gida eta jokalari-kopurua, eta urteko azken hiruhilekoa bada, zein diren urtean zehar aktibo egon diren makina guztienak.
Horrez gain, urteko azken hiruhilekoan kontagailuen irakurketaren berri eman beharko da. Ildo horretan, aldi hori amaitzean aktibo dauden makinen kontagailuen irakurketa izan daiteke urte horretako abenduaren edozein egunetakoa, eta, aldiz, aktibo jarraitzen ez badute, bajako egunekoa izan beharko du irakurketak.
Aitorpenaren laburpena.
24 laukitxoa: Hiru hilean behin ordaindu beharreko kuota.
Datua kalkulatzen da inprimakian alta emandako makinen edo tresna automatikoen zerrendatik abiatuta.
Makina edo tresna automatikoen zerrenda.
Lauki hauek beteko dira:
200 laukitxoa: gidaren zenbakia / makina ustiatzeko baimenaren zenbakia.
201 laukitxoa: makina mota.
221 laukitxoa: jokalari-kopurua.
903 laukitxoa: baja emandako makina.
Urteko lehen hiru hiruhilekoetan jakinarazi beharko dira, bakar-bakarrik, aitorpenari dagokion likidazio-aldian makinei emandako bajak.
Urteko laugarren hiruhilekoan jakinarazi beharko dira urteko edozein unetan makinei emandako bajak.
904 laukitxoa: Baja mota.
903 laukia markatuz emanen da horren berri, eta bi aukera hauetako bat adierazi beharko da:
1. Ea trukea edo eskualdaketa den.
2. Ea behin betiko baja den.
905 laukitxoa: Kontagailuen irakurketa-data.
Urteko azken hiruhilekoan bakarrik emanen da horren berri, urtean zehar aktibo egon ziren makina guztietarako. Honela jakinarazi beharko da:
- Makinak laugarren hiruhilekoko azken egunean aktibo baldin bazeuden, hau da, 903 laukia markatu ez bada, irakurketa data izanen da urte horretako abenduaren edozein egunetakoa.
- Makinei urtean zehar baja eman bazaie, hau da, 903 laukia markatu bada, irakurketa izanen da baja egunekoa.
901 laukitxoa: sarreren kontagailu metatua.
Urteko azken hiruhilekoan bakarrik emanen da horren berri, eurotan adierazita.
902 laukitxoa: irteeren kontagailu metatua.
Urteko azken hiruhilekoan bakarrik emanen da horren berri, eurotan adierazita.
261 laukitxoa: kuota makina bakoitzeko.
Datua kalkulatzen da aurreko laukietan sartutako datuetatik abiatuta.
II. ERANSKINA.–ERREGISTRO-DISEINUAK
J10 ereduaren bidez bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek honako zehaztapen hauek bete beharko dituzte:
- Inportatu beharreko fitxategia testu formatukoa izanen da, eta, eremuak, (;) karakterearekin bereiziak. Kalkulu-orriaren formatu estandarrarekin (CSV) inportatzen ahalko da.
- Fitxategiak ez du goibururik edo eremuen deskribapenik izan behar.
- Inportatu daitezkeen gehieneko erregistro kopurua 500 da.
- Erregistroaren formatua:
EREMUA | LUZERA | MOTA | AZALPENA |
1 | 50 | A | Gida zk./Baimen zk. |
2 | 50 | A | Makina mota |
3 | 15 | N | Jokalari-kopurua |
4 | 1 | N | Baja emandako makina |
5 | 1 | N | Baja mota |
6 | 10 | D | Kontagailuen irakurketa-data |
7 | 15,2 | N | Sarreren kontagailua (€) |
8 | 15,2 | N | Irteeren kontagailua (€) |
Adibideak:
2024-12345;BGM;2;1;1;;;
2024-12345;BGM;2;1;0;;;
2024-54321;BS;1;0;;;;
2024-12345;BGM;2;1;1;01/04/2025;5555.01;100000.01
2024-12345;BGM;2;1;1;01/10/2025;5555.01;100000.01
2024-12345;BGM;2;1;2;01/04/2025;5555.01;100000.01
2024-12345;BGM;2;1;2;01/10/2025;5555.01;100000.01
2024-54321;BS;1;0;;20/12/2025;5555.01;100000.01
Eremuen deskribapena:
Gida zk./Baimen zk.
Nahitaezko eremua.
Makina mota.
Nahitaezko eremua.
Jokalari-kopurua.
Nahitaezko eremua.
0 baino handiagoa izan behar du, eta, zehazki, BM, BGM eta BMB motako makinen kasuan, 1 baino handiagoa izan beharko du.
Baja emandako makina.
Nahitaezko eremua.
Aukerak:
1H, 2H edo 3Hri dagokion likidazio-aldia:
0. Aldi horretan baja eman ez bazaio.
1. Aldi horretan baja eman bazaio.
4Hri dagokion likidazio-aldia:
0. Urtean zehar baja eman ez bazaio, edozein hiruhilekotan.
1. Urtean zehar baja eman bazaio, edozein hiruhilekotan.
Baja mota.
Baldintzazko eremua.
"Baja emandako makina" eremua ‘1’ aukerarekin bete denean jakinaraziko da.
Aukerak:
1. Ea trukea edo eskualdaketa den.
2. Ea behin betiko baja den.
Sarreren eta irteeren kontagailuen irakurketa data.
Baldintzazko eremua.
Urteko laugarren hiruhilekoan baino ez da jakinaraziko.
Formatua: XX/YY/ZZZZ. Honela jakinarazi beharko da:
- Makinak laugarren hiruhilekoko azken egunean aktibo baldin bazeuden, hau da, "baja emandako makina" eremuan ‘0’ aukera markatu bada, sarreren eta irteeren kontagailuen irakurketa data izanen da urte horretako abenduaren edozein egunetakoa.
- Makinei urtean zehar baja eman bazaie, hau da, "baja emandako makina" eremuan ‘1’ aukera markatu denean, sarreren eta irteeren kontagailuen irakurketak baja egunekoa izan beharko du.
Sarreren kontagailua.
Baldintzazko eremua.
Urteko laugarren hiruhilekoan baino ez da jakinaraziko.
Sarreren kontagailu metatua, eurotan adierazia, "Kontagailuen irakurketa-data" eremuan adierazitako eguna.
Irteeren kontagailua.
Baldintzazko eremua.
Urteko laugarren hiruhilekoan baino ez da jakinaraziko.
Irteeren kontagailu metatua, eurotan adierazia, "Kontagailuen irakurketa-data" eremuan adierazitako eguna.
Iragarkiaren kodea: F2504858