46. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Auzo-kontseiluen Erregelamendu Orokorra. Behin betiko onespena

Iruñeko Udalak, 2025eko otsailaren 6an egindako Osoko Bilkuran, Iruñeko Udaleko Auzo-kontseiluen behin betiko erregelamendua onetsi zuen.

Udaleko Osoko Bilkurak 2024ko azaroaren 7an hasiera batean onetsi zuen Iruñeko Udaleko Auzo-kontseiluen Erregelamendu Orokorra, eta argitara eman zen 2024ko 242. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 28koan. Behin jendaurreko epea alegaziorik aurkeztu gabe iraganda, Iruñeko Udaleko Auzo-kontseiluen Erregelamendua behin betiko onetsi da, eta testua oso-osorik argitaratzea xedatu da, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2025eko otsailaren 6an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

AUZO KONTSEILUEN ERAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEKO ERREGELAMENDUA

ZIOEN AZALPENA

I

2019an, NAOren 251. zenbakian, abenduaren 24koan, Iruñeko Udalaren Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduaren zirriborroa onetsi zen. Erregelamendu horretan adierazten da sufragio unibertsalaz gain parte hartzea ere herritarren oinarrizko eskubidea dela, 1978ko Espainiako Konstituzioan jasoa, eta agintzen da Administrazio Publikoek jarrera proaktiboa izan behar dutela parte hartzeari dagokionez.

Era horretan, parte hartzeko eskubidea ezinbesteko baldintza dugu gobernagarritasun demokratiko osoa erdiesteko; izan ere, pertsona guztiek beren bizimoduaren eta ingurunearen diseinuan eta eraikuntzan parte hartzeko eta horren protagonista izateko duten eskubidea baliatzea dakar. Eskubide hori erabat baliatzeko, ez da nahikoa hura bermatzea: tresna egokiak behar dira eskubide hori eraginkortasun osoz erabili ahal izateko eta horretarako dauden bideak ez daitezen nagusiki instituzioen ekintzen mende egon, eta kontrara, herritarren ekimen autonomo, aske eta pluralak pisu nabarmena izan dezan prozesu horietan.

Erregelamendu honen xedea, beraz, Iruñeko herritarrek udalerriko bizitzan eta kudeaketan parte hartzeko dituzten moduak, bitartekoak eta prozedurak arautzea da, bai banaka, bai herritarrak biltzen dituzten elkarte, talde eta erakundeen bitartez. Herritarrek erabakiak hartzeko prozesuen definizioan eta garapenean parte hartzea lortu nahi da, bai eta haiengatik eta haientzat dauden udal-zerbitzuen funtzionamenduan ere; izan ere, zerbitzu horiek haiengatik eta haientzat sortu direnez, haien beharrizanen eta eskaeren arabera antolatu behar dute, efizientzia eta eraginkortasun handiagoa izateko.

II. tituluak herritarren zerbitzura dauden herritarren partaidetzako organoetan jartzen du arreta. Partaidetzako organo guztiek dituzten zenbait ezaugarri azaldu ondoren, martxan dauden organismoen izaera juridikoa, helburuak, eginkizunak eta osaera eta egitura zehazten ditu, organo hauena alegia: Hirigunea-Hiriko Gizarte Kontseilua, Auzoguneak-Lurraldeko Partaidetza Organoak, Elkarguneak-Sektoreko Partaidetza Organoak, eta azkenik, Behatokiak eta Demokrazia Parte-hartzailearen Tokiko Behatokia.

Auzo Kontseiluak eratzeko eta haien funtzionamendurako erregelamendu honek Auzoguneak-Lurraldeko Partaidetza Organoen zati bat garatzen du.

II

Auzo Kontseiluak lurraldeko partaidetzarako organoak dira, eta Auzo Foroekin batera, Auzoguneak-Lurraldeko Partaidetza Organoak osatzen dituzte.

Tokiko antolakundearen organo osagarriak dira, eta herritarren partaidetza bideratzen, errazten eta sustatzen dute udalerriari dagozkion gaien kudeaketan. Parte hartzea zerbitzu, plan, programa, proiektu eta udalaren jarduketa jakin batzuei buruz izaten da.

Auzo Kontseiluek erraztu egiten dute auzoko erakundeekin eta herritar aktiboen ordezkariekin eztabaidatzeko guneak sortzea, Auzo Foroek baino modu iraunkorragoan eta jarraituagoan gainera, erabakiak denen artean adostuta hartu ahal izateko; nolanahi ere, kontuan izan behar da azken erabakia Udalaren gobernu-organoei dagokiela, legeak ezartzen duenaren arabera.

Helburu horiek lortzeko, mekanismo egokiak ezarri beharko dira Kontseiluetan parte hartzen duten eragileei informazioa helarazteko eta babesa emateko, egoki funtziona dezan bermatuko duten baliabideak erabiliz.

III

Erregelamendu hau Iruñeko Udalari dagokion erregelamendu-ahalmena erabiliz ematen da, tokiko araubidearen oinarriak ezartzen dituen legearen 4. artikuluan aitortua, eta baita Nafarroako Tokiko Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4., 7. eta 324. artikuluetan ere. Halaber, tokiko erakundeek herritarren partaidetzaren arloan dituzten eskumenak oinarri hartuta ematen da erregelamendua, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazio publikoa baita Udala, eta herritarrekin harreman handiena duena ere bai.

Partaidetza arautzen duen Iruñeko Udalaren Erregelamendu Organikoak 5.2. artikuluan aurreikusten du Osoko Bilkuran onartzea Iruñeko Udalean sortutako partaidetza organoen funtzionamenduari buruzko berariazko Erregelamenduak.

Erregelamendu hau lantzeko orduan garrantzi berezia eman zaie erregulazio onaren printzipioari, gardentasunari, proportzionaltasunari, eraginkortasunari eta efizientziari, eta dagokion beharrizanari erantzuteko ezinbesteko araubidea ere sartu da erregelamenduan. Gainera, herritarrak ordezkatzeko organoei ezartzen zaien gainerako araudiarekin modu koherentean jokatuz eman da erregelamendua.

Erregelamenduaren hartzaile eta interesdun nagusiekin elkarlanean egin da lanketa, parte hartzeko prozesu baten bidez.

IV

Erregelamenduak lau titulu ditu: I. tituluan Kontseiluen izaera, jarduera-eremua eta eginkizunak zehazten dira; II.a kontseiluen osaerari buruzkoa da; III.a, haien funtzionamenduaren ingurukoa, eta azkenik, IV.ean organoaren koordinazioa eta desegitea azaltzen dira, eta Xedapen Gehigarri bat ere badago.

I. TITULUA.–ORGANOAREN IZAERA, JARDUERA-EREMUA ETA EGINKIZUNAK

1. artikulua. Izaera.

Auzoguneak-Lurraldeko partaidetza-organoak herritarren partaidetzarako organo egonkor gisa eratuko dira, eta herritarrek udalerriko gaien kudeaketan (zerbitzuak, planak, programak, proiektuak eta jarduerak) parte hartzea bideratu, erraztu eta sustatuko dute lurraldean.

2. artikulua. Jarduera-eremua.

1. Auzo Kontseiluak lurraldeko partaidetza-organoak dira, eta hiriaren zati jakin eta zedarritu batean jarduten dute, hala nola auzo batean edo gehiagotan, eremu batean edo barruti batean. Eremu horietako bakoitzak Auzoko zinegotzi ordezkari bat du, Alkateak izendatua.

2. Auzo Kontseilu bakoitza sortzeko akordioan zehaztuko da kontseilu horren eragin-eremua zein den. Salbuespenez eta behar bezala arrazoituta, posible izanen da eremu hori moldatzea Udalaren eta udalerriaren beraren antolatzeko modura egokitzeko. Hauek izanen dira Kontseiluak sortzeko baldintzak:

a) Kontseilua sortzea egokia eta gomendagarria dela adierazten duen txostena eskatu behar zaie Iruñeko Udalean Herritarren Partaidetzan eskumena duen alorrari eta Demokrazia Parte-hartzailearen Tokiko Behatokiari –DPTB– (Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduaren 5.1. artikulua, bigarren paragrafoa).

b) Auzo Foroaren akordioa, 2. bilkura batean baieztatua (Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduaren 18.1. artikulua).

c) Auzo Kontseilu hori sortzeko Osoko Bilkuran egindako akordioa (Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduaren 5.2. artikulua).

3. Auzo Kontseiluak herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen alorrari atxikiko zaizkio.

3. artikulua. Eginkizunak.

1. Auzo Kontseiluen eskumenak informazioa bildu eta ematea, Udalaren galderei erantzutea eta proposamenak egitea dira nagusiki, eta beraz, Kontseiluak egoki jotzen dituen azterketa, proposamen eta iradokizunak egin ahal izanen ditu jarrera bateratuak bilatzeko, bai Kontseiluaren beraren ekimenez, bai beste udal organo batzuek eskatuta.

2. Auzo Kontseiluaren eginkizuna helburuak lortzeko beharrezkoak diren lanak koordinatu, antolatu eta bultzatzea da, eta Auzo Foroak bere esku utzi ditzakeen eskumenez gain, honako hauek ere izanen ditu:

a) Informazioa bildu eta ematea. Auzoari zuzenean eragiten dion orori buruzko informazioa biltzea, gero informazio hori herritarren kolektiboei eta bizilagunei emateko.

b) Udalaren galderei erantzutea. Udalak auzoko herritarren eta erakundeen iritzia galdetuko dio auzoari eragiten dioten erabaki garrantzitsuak hartzeko orduan nagusiki, hala nola hirigintza planak egitean eta zuzkidura esanguratsuen inguruko erabakiak hartzeko orduan.

c) Herritarren partaidetzarekin Udaleko dagokion organo eskudunak aurrez erabaki eta onetsitako gaiak kudeatzea, betiere beren inguruneari erreferentzia esklusiboa egiten badiote, hala nola lurraldeko udal ekipamenduen funtzionamenduan laguntzea eta inplikatzea, eta gune soziokultural eta komunitarioen jarduerak programatzen parte hartzea.

3. Edonola ere, eta aurreko paragrafoan adierazitako funtzio generikoak betetzeaz gain, Auzo Kontseiluak eginkizun hauek bete beharko ditu:

1.–Bere eragin-eremuari eragiten dioten udal akordioen berri ematea.

2.–Informazioa zabaltzea bai lurralde horretan aurreikusitako jarduerei buruz eta bai auzoko ehun sozialak antolatutakoen inguruan, eta arreta berezia eskaintzea emakumeen elkarteen eskaerei eta beharrei, beren pluraltasuna aintzat hartuta.

3.–Lurraldeko udal zerbitzuen funtzionamenduaren berri ematea eta horiek hobetzeko proposamenak egitea.

4.–Bere eragin-eremuari eragiten dioten Udalaren plan estrategikoak aztertzea, eta baita auzoan garatuko diren planak, programak, proiektuak eta jarduerak ere, eta azterketa horietan sartzea generoan izan dezaketen eraginen analisia ere.

5.–Auzoari eragiten dioten edozein motatako hirigintza planen berri emango zaie herritarrei, bereziki emakumeei, eta emakumeen artean kalteberenei, eta auzoko dotazio edo zerbitzu berriei buruzko informazioa ere emango zaie.

6.–Udalari lurraldearen beharrizanak nola dauden azaltzea urtero, adostutako lehentasunak adierazita eta hautatuta, gizon-emakumeen ekarpenak eta beharrak kontuan hartuta. "Diagnostiko partekatu" gisa egingo da, eta aurrez lurraldeko gizarte ehun osoarekin landuko da.

7.–Udal aurrekontuari dagozkion eta auzoaren esku utzi diren partida ekonomikoen parte hartze prozesua antolatzen laguntzea, auzoak erabaki dezan zertara bideratuko diren, betiere emakumeek prozesu hauetan parte hartzen ahal dutela eta eragina dutela bermatuz.

8.–Udalarekin lankidetzan aritzea lurraldeko arazo eta beharrizanei irtenbidea bilatzeko, eta elkarlanean jardutea lurraldeko politikak aplikatzeko.

9.–Hirigunearen aurrean auzoa ordezkatuko duten kideak hautatzeko prozesua antolatzea, betiere emakumeak eta gizonak modu orekatuan ordezkatzen direla bermatuz.

10.–Noizbehinka Auzo Foroak egitea proposatzea, auzotar guztiei zabalik dauden guneak baitira, eta bilkura horietan neurriak hartzea emakumeen parte hartzea sustatu, bermatu eta errazteko, bereziki parte hartzeko baliabide hauek hain eskura ez dituztenena.

11.–Auzoarentzat interesgarriak diren gaiei buruz hitz egiteko bilkurak antolatzea Udalarekin, eta horretarako zenbait mekanismo ezartzea gai horien hautaketa gizon-emakumeen artean modu orekatuan egiten dela bermatzeko.

II. TITULUA.–AUZO KONTSEILUAREN OSAERA ETA EGITURA

4. artikulua. Kontseiluaren osaera.

1. Organo hauek osatuko dute Auzo Kontseilua:

a) Lehendakaria: Udalak posible izanen du auzoko zinegotziaren esku uztea.

b) Lehendakariordea: Auzo Kontseilua sortzeko saioan hautatuko da, Udalekoak ez diren eta Auzo Kontseilua osatzen dutenen artean.

c) Idazkaria: udal teknikarien lana izanen da. Herritarren Partaidetzako teknikari batek beteko du kargu hori, eta idazkari lanak egiteaz gain, metodologiari buruzko aholkularitza ere emanen du, eta saioak egitea erraztuko. Hala behar izanez gero, aukera izanen da Alorreko beste pertsona baten esku uztea, betiere horretarako eskumena badu.

d) Osoko Bilkura, Auzo Kontseiluaren kide anitzeko organo gorena: Auzo Kontseiluko kide guztiek osatuko dute, eta Auzo Kontseilua sortzeko akordioan Udaleko Osoko Bilkurak ezarritako kide kopurua izanen du.

e) Lantaldeak.

Udalekoak ez diren eta osoko bilkurako parte diren kideak soldatarik gabeko karguak izanen dira.

2. Auzo Kontseiluko kideen hautaketa pluraltasun- eta dibertsitate-printzipioak aintzat hartuta eginen da, betiere aukera zabalena errazten dela. Organoaren osaera parekidea izanen da sexuari dagokionez, eta %40-60ko ordezkaritza tarteak mantenduko dira: horrek esan nahi du sexu bakoitzeko kide kopuruak ezinen duela %60 baino handiagoa izan, eta ezta %40 baino txikiagoa ere.

3. Organo hauetako Lehendakaritza eta Lehendakariordetza parekideak izanen dira: hau da, auzo zinegotzia gizonezkoa bada, lehendakariordea emakumezkoa izanen da, eta alderantziz, eta hurrengo izendapenak eta ordezkapenak sexuen arteko oreka eta txandakatzea bermatuz eginen dira.

4. Auzo Kontseiluan ezinbestean parte hartu beharko dute Udalarekin zerikusirik ez dutenek, hau da, zinegotzi, zuzendari edo teknikari ez direnek. Kasu guztietan, zinegotzien eta udal-teknikarien ordezkaritza txikiagoa izanen da kopuruz herritarrena baino.

5. artikulua. Kide kopurua, eta udaleko eta gizarteko ordezkariak.

1. Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak onetsitako sortze akordioan zehaztuko da Auzo Kontseilu bakoitzak zenbat kide izanen dituen zehazki, eragin-eremuko biztanle kopuruaren arabera, kontuan hartuta bai elkarte mugimenduaren pluraltasuna eta berezitasunak, bai auzo bakoitzaren ezaugarri bereziak. Auzo Kontseilua ezin izanen dute 15 lagunek baino gutxiagok osatu, ezta 30 baino gehiagok ere, eta kide hauek izanen ditu, besteak beste:

a) Kontseiluaren lurraldeko udal teknikariak (Gizarte Zerbitzuetako Auzo Unitatea, Polizia Komunitarioa...).

b) Kontseiluaren lurraldeko Udala baino goragoko erakundeetako teknikariak (Mankomunitatea, Nafarroako Gobernua –hezkuntza eta osasuna nagusiki–, eta beste batzuk).

c) Herritar Antolatuak, auzoan eragina duten elkarteetako eta erakundeetako kideak.

d) Herritar aktibo gisa inskribatuta dauden eta ezein elkartetako kide ez diren herritarrak.

e) Udaleko udal talde bakoitzak izendatutako ordezkari bat.

2. Landuko diren gaien arabera, udal teknikariak edo goragoko erakunderen batekoak gonbidatzen ahalko dira saioetara, eta baita auzoan erreferente diren beste erakunde eta pertsona batzuk ere, landuko den gaiarekin zerikusia badute betiere: horiek guztiek hitz egiteko eskubidea izanen dute, baina ez bozka ematekoa.

3. Kontseiluko kide diren zinegotziei dagokienez, Lehendakaritzaren parte diren auzoko zinegotziez gain, Auzo Kontseiluaren parte izanen da Udalean ordezkaritza duten talde bakoitzeko zinegotzi bat ere, Auzo Kontseiluko kide gisa.

6. artikulua. Gizarteko eta sektoreko ordezkariak.

1. Auzoko gizarte eta ekonomia ehunaren edo jarduera-eremuaren parte diren kide komunitarioei dagokienez, orientazio gisa, Auzo Kontseiluan ordezkaritza duten kide hauek izan ahal dituzte:

–Auzoko bizilagunen elkarteen ordezkari 1.

–Kultur elkarteen 3 gizarte ordezkari, arloko aniztasuna aintzat hartuta. Hiru horietatik 1ek gutxienez migratzaileen eta kultur aniztasunaren elkarteen ordezkaria izan behar du.

–Haur eta nerabeen elkarteen sektore ordezkari 1.

–Gazteen elkarteen sektore ordezkari 1.

–Adinekoen elkarteen sektore ordezkari 1.

–Emakumeen elkarteen, elkarte feministen edo gizon-emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteen sektore ordezkari 1.

–Desgaitasunekin zerikusia duten eta irisgarritasun unibertsalaren alde lan egiten duten elkarteen sektore ordezkari 1.

–Hezkuntzako elkarteen sektore ordezkari 1 (guraso elkarteena).

–Kirol elkarte edo entitateen sektore ordezkari 1 (auzoko kirol klubena).

–Merkatarien eta ostalarien elkarteen sektore ordezkari 1.

–Ingurumenaren aldeko elkarteen eta elkarte ekologisten sektore ordezkari 1.

–Erlijioarekin eta komunitate erlijiosoekin lotutako elkarte edo entitateen sektore ordezkari 1.

–Beste mota batzuetako elkarteen sektore ordezkari 1: adibidez, osasunaren eta ongizatearen arloko erakundeena, auzoan garrantzia badute.

Horiek guztiak batuta, 15 lagun izanen dira hainbat sektore ikuspegiren ordezkari, eta Auzo Kontseilua sortzeko akordioan kontseilu bakoitzaren ezaugarrietara egokituko dira.

2. Herritar aktiboen 2 ordezkari izanen dira gutxienez Auzo Kontseiluan (izenez hautatuak), eta erregelamendu honetako 8. artikuluak ezartzen duen moduan hautatu behar dira; beraz, artikulu horrek zehazten duen moduan, kide gehiago ere izan daitezke baldin eta auzoko eragile soziokultural eta ekonomiko komunitarioen ikuspegia bete gabe gelditu baldin bada.

3. Arlo komunitariokoak diren eta auzoan presentzia duten teknikariek 6 ordezkari izan ahal dituzte gehienez Kontseiluan. Hauek izan daitezke, orientazio moduan:

–Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen ordezkari 1.

–Lehen mailako osasun arretarako zentroaren ordezkari 1.

–Lehen mailako arretako gizarte zerbitzuen ordezkari 1.

–Bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuen ordezkari 1.

–Jarduera-eremuko polizia komunitario 1.

–Auzoko Civivoxaren eta/edo liburutegiaren ordezkari 1.

4. Halaber, Kontseilua eratzean bi "aulki huts" gordeko dira noizbehinka edo aldi batez Kontseiluan parte hartuko duten plataforma eta mugimenduentzat, formalki Kontseiluko parte izan gabe ere auzoan garrantzitsuak direnentzat alegia. Osoko Bilkurak onetsiko du plataforma edo mugimendu horiek Kontseiluan sartzea, eta "aulki huts" horiek zenbat denboraz beteko dituzten ere erabakiko du: ezin izanen du bi urte baino gehiago izan, eta gehienez ere beste bi urtez luzatu ahal izanen da parte hartzea. Aulki hutsak hartzen dituzten erakunde horiek ez dira Kontseilua eratzeko orduan ezarritako kide kopuruaren barruan sartuko.

5. Hainbat mekanismo sortuko dira Kontseiluaren behin betiko osaeran gizon eta emakumeen kopurua orekatua izan dadin bermatzeko, 4. artikuluan zehazten den moduan.

7. artikulua. Auzo kontseiluko kide izateko baldintzak.

1. Herritarren erakundeek legearekin bat eraturik eta Erakundeen Udal Erregistroan izena emanda egon beharko dute ordezkaritza eduki ahal izateko.

2. Herritar aktiboek Herritar Aktiboen Udal Erregistroan izena emanda izan beharko dute Kontseiluko parte izateko.

3. Bazterkeriarekin zerikusia duen arau hauste edo delituren bat egin izanagatik ebazpen irmo baten bidez isun edo zigorren bat jaso duten pertsona juridiko eta fisikoek ezin izanen dute inolaz ere Auzo Kontseiluko kide izan.

4. Auzo Kontseiluko kideek ez dute soldatarik izanen.

8. artikulua. Sektore bakoitzeko ordezkariak hautatzea.

1. Sektore entitateen ordezkariak akordio bidez hautatuko dira arlo bakoitzeko bilera sektorialean, erakunde bakar bat dagoen arloetan salbu. Bilera horretan, aintzat hartuko da bi lagun proposatzeko baldintza, bata gizona eta bestea emakumea. Hiritarren Partaidetzako Alorreko pertsona batek hartuko du bilera horren akta. Akordiorik ezean, txandakatzeko sistema bat ezarriko da, eta erakundeen antzinatasunaren arabera egingo da txandaketa, erakunde zaharrenetik hasita.

2. Horretarako, Auzo Kontseiluen dinamikan parte hartu nahi duten erakundeek interesa dutela jakinarazi beharko dute Auzo Kontseilua eratzeko aldia zabaltzen denean: erabakitzen den moduan erakundeko bi lagunen izena aurkeztu beharko dute Kontseiluko kide izateko, eta horietako batek gutxienez emakumezkoa izan beharko du. Hautapen prozesuan, zozketa bat egingo da sektore bakoitzak Kontseiluan izanen duen ordezkaria zer sexutakoa izanen den zehazteko (arlo bakoitzeko erakundeak), Berdintasunerako Ordenantzak eskatzen duen parekidetasuna betez.

3. Sektoreko ordezkariak konpromisoa hartzen du sektoreko gainerako erakundeekin harremana izateko bere ordezkaritzak iraun bitartean, Kontseiluaren bilerak egin baino lehen ekarpenak eta proposamenak bildu, eta bileren ondoren haietan hitz egindako gaien eta akordioen berri emateko.

4. Sektoreko erakundeen ordezkaritza bi urtean behin aldatuko da, eta bi urtean behin akordio berri bat eginen da, betiere gerora etorriko diren izendapenetan sexuen arteko oreka bilatuz eta sexu bateko eta besteko ordezkariak ordezkatuz.

5. Herritar aktiboen ordezkariak hautatzeko, auzo horretan herritar aktibo gisa inskribatuta daudenek bilera bat eginen dute, eta Herritarren Partaidetzako Alorreko lagun batek ere parte hartuko du bileran, ordezkaritzan sexuen arteko oreka bilatuz egiten diren akordioak aktan jasotzeko.

6. Auzoko sektore edo arloren batek ez badu Kontseiluan ordezkatuko dituen erakunderik eta auzoko ikuspegi hori bete gabe gelditzen bada, ordezkaririk gabe dagoen sektorearen perfila duen eta Herritar Aktiboen Erregistroan izena emana duen lagun batek hartu ahal izanen du toki hori.

7. Nolanahi ere, herritarren erakundeek beren dinamika propioak sortu ahal izanen dituzte elkartzeko, eztabaidatzeko eta koordinatzeko, horrela auzoko bizitza komunitarioa sustatu eta auzoaren eta Kontseiluaren arteko komunikazioa errazteko.

9. artikulua. Auzo kontseilua berritzea.

1. Behin kontseilua osatuta, bi urtean behin berrituko dira herritarren ordezkariak, baina Kontseilua eratu ondorengo bigarren urtean lurraldeko herritarren ordezkaritzaren %50 baino ez da berrituko, eta beste erdia lau urtez jarraian mantenduko da, salbuespen gisa.

2. Sektorean ez badago beste ordezkaririk edo sektorean bertan ados badaude, kontseilua osatu eta bi urtera aldatu beharreko ordezkariek ere luzatzen ahal dute jarduna, betiere hautagai interesdunik ez badago, izan pertsonak, izan erakundeak. Herritar aktiboen ordezkarientzat ere balio du horrek.

3. Kontseiluko kide izateko hautatzen den edonork 8 urtez jarraian egon ahal izanen du gehienez hor.

4. Bai Kontseilua berritzeko eta bai Kontseiluko kideak ordezkatzeko orduan, ordezkaritzan sexuen arteko oreka mantenduko da.

10. artikulua. Kideak izendatzea.

1. Auzo Kontseilua eratzeko orduan, alkatearen ebazpen bidez onetsiko da kideen izendapena, eta auzoko zinegotziak tramitatuko du.

2. Gerora sartzen diren kideak eta ordezkapenak eginen dituztenak auzoko zinegotziak izendatuko ditu.

11. artikulua. Auzo kontseiluko kide izateari uzteko arrazoiak.

1. Arrazoi hauek direla-eta utziko zaio Auzo Kontseiluko kide izateari:

a) Dimisioa eman izana.

b) Hil egin izana.

c) Kide izendatua izateko arrazoia bertan behera gelditu izana.

d) Hiru aldiz jarraian edo jarraian izan gabe bost aldiz Kontseiluaren Osoko Bilkurara joan ez izana. Ez da aintzat hartuko osasun eta lan arrazoiengatik bilkurara joan ez izana. Norbaitek behin eta berriz huts egiten badu arrazoi horiengatik, Osoko Bilkurak hausnartu eginen du ea kide horrek behar besteko inplikazioa eta parte hartzea duen, horrela saihestuko baita organoarekin konpromisorik adierazten ez duen inork ez betetzea postu hori, eta kanpoan ez geratzea Kontseiluaren dinamikarekin konprometituago eta lanerako gogo handiagoarekin dagoen jendea.

e) Osoko Bilkurak hala erabaki izana, norbaitek Iruñeko Udalaren edozein Ordenantzatan jasotako arau hauste larri edo oso larriren bat egiten duenean, eta, edonola ere, arau hauste edo delitu larriren bat egiteagatik norbaiti isunen bat edo zigorren bat jarri badiote.

12. artikulua. Kontseiluaren osoko bilkura.

1. Kontseiluaren Osoko Bilkura Auzo Kontseiluaren kide anitzeko organo gorena da: Auzo Kontseiluko kide guztiek osatuko dute, eta Auzo Kontseilua sortzeko akordioan Udaleko Osoko Bilkurak erregelamendu honetan aurreikusitako hautaketa arauekin bat ezarritako kide kopurua izanen du.

2. Hauek izanen dira Auzo Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eskudantziak:

–Kontseiluaren arloan udal esku-hartzeei buruzko kontsultak jaso eta horien inguruan eztabaidatzea.

–Iruñeko Udalean ekiteko duen eskubidea erabiltzea: hau da, udal administrazioari proposamenak egitea neurriak hartu ditzan.

–Udalak auzoan egiten dituen lanen eta ematen dituen zerbitzuen etengabeko jarraipena egitea, arlo hauetan nagusiki: hezkuntza, kultura, kirola, hirigintza, gizartea eta osasuna, irisgarritasun unibertsala eta ingurumenaren babesa.

–Alkatetzari, Auzo Foroei eta/edo eskumena duten udal organoei helaraztea bizilagunek zer lehentasun edo premia ikusten dituzten auzoari eragiten dioten eta Kontseiluak garrantzi berezikotzat jotzen dituen udal-lanak, -instalazioak eta -zerbitzuak egiteko, berritzeko edo hobetzeko, betiere gogoan hartuta lan horiek zer eragin duten irisgarritasun unibertsalari eta genero-harremanei dagokienez.

–Iritzia ematea beste administrazio batzuek garatzen dituzten eta auzoan eragina duten lurraldearekin lotutako kontuen inguruan.

–Gai hauen inguruko informazioa helaraztea: auzoko udal-zerbitzuen egoera, auzoaren beharrak, Ordenantzetan eta Erregelamenduetan egiten diren arau-hausteak, eta baita kexak eta iradokizunak ere, betiere interes orokorrekoak badira eta datu pertsonalen inguruko araudia betetzen bada; hori bermatzeko, prozedura egokiak ezarri behar dira informazioa bildu eta transmititzeko.

–Informazioa zabaltzea herritarrek jarduerak egiteko eskura dituzten laguntza ekonomikoen inguruan, eta, aldi berean, gizarte ekintzan diharduten erakundeen iradokizunak eta proposamenak biltzea auzoaren beharrei erantzuteko egokiak izan daitezkeen laguntzen inguruan.

–Elkarteak eta ehun komunitarioa gara daitezen sustatzea bizilagunen interes orokorrak defendatzeko, eta mekanismoak ezartzea emakumeen interesak identifikatzea errazteko.

–Lurraldearekin zerikusia duten planen, programen, proiektuen eta jardueren jarraipena egitea gizarte-, kultur-, kirol-, hezkuntza- eta osasun-zerbitzuen eta beste zerbitzu batzuen arloan, eta horiek ondo garatzen direla zaintzea.

–Baliteke kontseiluko kideek gonbidapenak jasotzea auzoan egiten ari diren lanen jarraipena egitera joateko, eta proposamenak egin ahal izanen dituzte interes orokorraren mesedetan.

–Auzoaren beharrei buruzko azterketak egitea, eta genero ikuspegia txertatzea horiek zehaztu, hautatu eta garatzeko, irisgarritasun unibertsala ere kontuan hartuta.

–Hirigintzako eta hiriaren kontserbaziorako proiektuak eztabaidatu eta proposatzea, eta baita lurraldean lehentasunezkoak diren zerbitzu publikoei dagozkienak ere, udal aurrekontuak egin baino lehen.

–Bizilagunei, Auzo Foroei eta auzoko erakundeei udal-jarduera orokorrei buruzko informazioa helaraztea, eta baita zehazki Kontseiluari buruzkoa ere.

–Kontseiluaren ekintzek eraginkortasun eta parte hartze handiagoa izan dezaten beharrezkoak diren lantaldeak edo organo osagarriak sortzea.

–Ezarritako helburuak lortzeko eta bere izaera juridikoaren ondorioz dituen helburuak betetzeko beharrezkoak diren eskumenak.

13. artikulua. Lantaldeak.

1. Lantaldeak Auzo Kontseiluaren Osoko Bilkuran sortuko dira, akordio bidez. Lantalde horien helburua gai jakin batzuk aztertu eta horien inguruko txostenak egitea izanen da, eta gai horiek sortze-akordioan zehaztuko dira.

2. Sortze-akordioan zehaztuko da lantaldeak nolakoak izanen diren: iraunkorrak ala aldi batekoak, kontu jakin bat lantzeko sortuak. Lantaldeetan parte hartzen ahalko dute Kontseiluko kideek, eta posible izanen da erakundeen ordezkariei eta herritarrei aukera ematea parte hartzeko. Lantaldeak osatzeko orduan bi sexuak modu orekatuan ordezkatuta daudela begiratuko da.

3. Auzo arteko lantaldeak sortu ahal izanen dira auzo bati baino gehiagori eragiten dieten gaiak lantzeko, elkartu nahi duten Auzo Kontseiluen sortze-akordioan zehazten denarekin bat. Lantalde horietan ere parte hartzen ahalko dute Kontseiluko kideek, eta posible izanen da erakundeen ordezkariei eta herritarrei aukera ematea parte hartzeko. Lantaldeak osatzeko orduan bi sexuak modu orekatuan ordezkatuta daudela begiratuko da.

4. Lantalde bakoitzak buru bat izanen du, eta hauek izanen dira haren eginkizunak: bilkura zuzentzea, taldeari indarra ematea eta bilerak antolatzea, nahiz eta Kontseiluaren lehendakariak beharrezkoa iruditzen zaionean antolatu ahal izanen dituen taldearen bilkurak.

5. Auzo Kontseiluaren Osoko Bilkuran adostuko da nor izanen den lantalde bakoitzaren burua: beren burua horretarako boluntario aurkezten dutenen artean hautatuko da, edo bestela, Kontseiluko 4 kide proposatuko dira horretarako. Emakumeen presentzia eta haiek ordezkaritza horretarako hautatzea erraztuko duten mekanismoak ezarri beharko dira.

6. Bilera bakoitzean akta bat eginen da, eta hor zehaztuko da zenbat lagun joan diren, sexuaren arabera sailkatuta, zer gai landu diren eta zer akordio lortu diren.

7. Auzo Kontseiluak lantaldeen funtzionamendua bermatzeko beharrezkoak diren mekanismoak eta baliabideak ezarriko ditu, betiere horrek ez badio betebehar ekonomikorik ekartzen Iruñeko Udalari. Auzo Kontseiluaren Osoko Bilkurak lantaldeetan aldaketak egiteko eskatu ahal izanen du eraginkortasun handiagoa lortu eta auzoko beharrizanei hobeto egokitzeko.

14. artikulua. Kontseiluko lehendakaria.

1. Udaleko Osoko Bilkura osatzen duten zinegotzien artean, Alkatetzak zinegotzi ordezkari bat izendatuko du auzo bakoitzarentzat, eta zinegotzi hori dagokion lurraldeko Auzo Kontseiluko lehendakaria izanen da aldi berean.

2. Kontseiluko lehendakariak ezin badu bileraren batera joan edo gaixo badago, Auzo Kontseiluko kide den beste zinegotzi batek ordezkatuko du behin-behinean.

3. Kontseiluko lehendakariak eginkizun hauek izanen ditu:

–Kontseilua zuzendu eta kudeatzea.

  • Kontseilua eta Udala ordezkatzea auzoan.
  • Kontseiluaren Osoko Bilkura antolatu eta zuzentzea.
  • Auzo Foroak sustatu, antolatu eta horien buru izatea.

–Kontseiluaren akordioen berri ematea Alkatetzari, dagokion Batzordeari eta/edo Udaleko Osoko Bilkurari, gai bakoitzaren eskumena nork duen, horren arabera.

–Kontseiluaren akordioak betetzen direla begiratzea.

–Kontseiluaren akordioen inguruko akta eta agiri guztiak baliozkotzea, oniritzia emanda.

–Kontseiluan eztabaidatzen diren gaien garapenaren berri ematea.

–Auzo Foroak antolatzea auzoko bizilagun guztientzat, bai informazioa emateko eta bai eztabaidatzeko.

–Kontseiluak bizilagunekin kontaktua eta harremana duela bermatzea, bileren eta bisiten bidez eta ezartzen diren beste mekanismo batzuen bidez.

–Erregelamenduan ezartzen diren baldintzak betetzen direla begiratzea, eta bereziki, Kontseilua sexuen banaketa orekatua zainduz osatzen dela eta emakumeek kide karguak eta beste ordezkari karguak betetzen dituztela bermatzea.

–Auzo Kontseiluak osatu ondoren horietan sartuko diren kideak izendatzea.

–Lehendakari karguak bereak dituen eginkizunak eta Kontseiluaren Osoko Bilkurak berariaz ezartzen dizkionak.

15. artikulua. Lehendakariordea.

1. Halaber, Kontseilua osatzean lehendakariorde bat izendatuko da: Auzo Kontseiluko kide izan behar du, eta auzoko herritarren elkarte bateko kideren bat edo lurraldeko Herritar Aktiboen ordezkariren bat izanen da.

2. Lehendakariordeak eginkizun hauek izanen ditu:

–Aldez aurretik bileretako gai-zerrenda prestatzea Lehendakariarekin batera, auzotarrendako interesgarriak diren gaiak sartuz, eta Osoko Bilkurara eramanen diren udal gaiak egiaztatzea.

–Kontseiluak egindako akordioak betetzen direla zaintzea, eta sortutako lantaldeen funtzionamenduari jarraipena egitea.

–Kontseiluaren Osoko Bilkurak berariaz ezartzen dizkion eginkizunak.

16. artikulua. Idazkaria.

Herritarren Partaidetzako udal teknikari bat izanen da Auzo Kontseiluko idazkaria, eta bestela, alor horretako beste langileren bat, hark eskuordetuta. Idazkariak hitz egiteko eskubidea izanen du osoko bilkuretan, baina ez bozka ematekoa, eta bideratzaile lanak egin eta saioaren akta jasoko du, lortu diren akordioak adieraziz. Idazkaria baliabideak martxan jartzen saiatuko da deialdiak eta aktak eskuragarri daudela bermatzeko.

III. TITULUA.–AUZO KONTSEILUAREN FUNTZIONAMENDUA

17. artikulua. Kontseiluaren bilkuren funtzionamendua.

1. Udalak edo Kontseiluko kideek proposatuko dituzte bilkuretan landuko diren gaiak, eta bilerara deitu baino lehen lehendakariaren eta lehendakariordearen artean adostuko dute gai-zerrenda.

2. Auzoarendako interesekoak diren gaiak landuko dira, eta mekanismoak ezarriko dira emakumeek proposatutakoak aintzat hartzeko eta genero-desorekari erantzuten diotenak lantzeko; eta, oro har, gai-zerrendako gai guztiak genero ikuspegiarekin landuko dira.

3. Kideek gai-zerrendan sartzeko konturen bat proposatu nahi badute, organoaren idazkariari helarazi beharko diote proposamena bilera egin baino bi egun lehenago gutxienez.

4. Gaia bileran lantzeko eskaera ez bada aintzat hartzen, eskaera egin duenak aukera izanen du Osoko Bilkurak hori sartzeari buruzko iritzia eman dezala eskatzeko, eta Osoko Bilkuran ere ez bada erabakitzen egokia dela gai hori gai-zerrendan sartzea, kexa bat aurkezten ahalko dio Demokrazia Parte-hartzailearen Tokiko Behatokiari (DPTB), Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduaren II. tituluko V. kapituluan arautzen denarekin bat.

5. Bilerak toki irisgarri batean eginen dira, eta bai bilerarako datak, bai ordutegiak zehazteko orduan aintzat hartu beharko da lan produktiboarekin eta zaintza lanekin bateragarriak izan behar dutela. Zer ordutan hasi eta zer ordutan amaituko den zehaztu beharko da, eta, errespetua eta bateragarritasuna erakusteko neurri gisa, garaiz iritsi beharko da bileretara.

6. Kontseiluaren txostenak eta gomendioak publikoak izanen dira, eta ebazteko eskumena duten udal organoei aholku ematea izanen dute xede. Txosten eta gomendio horiek genero ikuspegia aintzat hartuta eginen dira, eta horrek esan nahi du aintzat hartu beharko direla lantzen den arloan emakumeen eta gizonen artean dauden desparekotasunak, eta horiek desagerrarazten saiatu beharko da eginen dituen proposamenetan. Parte hartzaileen edo beste edozein pertsonaren datuak sexuaren arabera banatuta zehaztu beharko dira, eta hizkuntza inklusiboa erabili beharko da horiek idazteko, emakumeei ikusgaitasuna emanez.

7. Adostutako txostenak eta gomendioak dagozkien udal alorretara igorriko dira, eta haiek beharrezko txostenak egin ostean, eskumena duten gobernu-organoetara bidaliko dituzte, haiek erabaki dezaten.

8. Auzo Kontseiluaren Osoko Bilkura egiten den bakoitzean dagokion akta egin beharko da, hauek zehaztuta: bilkura zer egunetan egin den, zer ordutan hasi eta bukatu den, zer gai eztabaidatu diren eta zer akordio lortu diren. Hurrengo ohiko bilkuran onetsiko da akta hori. Aktak itzuli eta erraz irakurtzeko moduan jarriko dira hilabeteko epean, herritarren esku jarri ahal izateko.

9. Posible izanen da mintzaldi baten transkripzio osoa eskatzea, betiere testu osoa idatziz helarazten bada.

10. Auzo Kontseiluko kideek parte hartzaileen eta mintzaldiak egin dituztenen datuak biltzeko orduan, haien adina, sexua, jatorria eta halakorik badu zer desgaitasun duen jaso beharko da, kontuan hartu ahal izateko nork eta nola hartzen duen parte, eta beharrezkoa balitz konpentsazio-neurriak hartu ahal izateko aldagai horiek kontuan hartuta.

11. Bileren deialdiak, eta bileretan egindako akordioak, sortutako dokumentuak eta bileren aktak, onetsi ondoren, bizilagunen esku izanen dira Kontseiluaren bilerak egiten diren zentroaren iragarki taulan eta Erabaki Iruña udal plataforman edo dagokion parte hartze plataforman.

12. Auzo Kontseiluaren deialdiak, gai-zerrendak, aktak, txostenak eta gainerako idatzi eta ikus-entzunezkoak hizkuntza inklusiboa erabiliz sortu beharko dira, aniztasuna eta generoa errespetatuz.

13. Herritarren Partaidetzarako Udal Erregelamenduak 10. artikuluan zehazten duenarekin bat, posible izanen da online parte hartzeko guneak gaitzea.

18. artikulua. Funtzionamenduaren gastuak.

Herritarren Partaidetza atxikita dagoen alorrak partida ekonomiko bat sortu ahal izanen du Auzo Kontseiluaren funtzionamenduak edo jarduerak eragindako gastuak ordaintzeko, eta gastu horiek dagokion udal alorrak kudeatuko ditu.

19. artikulua. Kontseiluaren funtzionamendua ebaluatzea.

Demokrazia Parte-hartzailearen Tokiko Behatokiaren (DPTB) ardura izanen da Auzo Kontseiluen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egitea.

Gainera, urtero, Kontseiluaren ebaluazioa eginen da Auzo Kontseiluaren bileraren batean, hurrengo urtera begira funtzionamendua hobetze aldera, eta erregelamendu honek ezartzen dituen generoarekiko eta irisgarritasun unibertsalarekiko konpromisoak betetzen diren edo ez ere aztertuko da. Mekanismoak ezarriko dira iritzi guztiak entzunen direla bermatu eta errazteko, eta bereziki, emakume kalteberenen iritziak eta desgaitasunen bat dutenenak.

20. artikulua. Bilkuren araubidea.

Auzo Kontseiluaren Osoko Bilkurak arau hauen arabera funtzionatu beharko du:

a) Lau hilean behin ohiko bilkura bat eginen da (irail-urrietan, urtarril-otsailetan eta maiatz-ekainetan), eta bilkura berezi bat eginen da lehendakariak erabakitzen duenean edo Kontseiluko kideen legezko kopuruaren laurdenak gutxienez eskatzen duenean. Bilkura berezi bat eginen bada, lehendakariak eskaria egin duten egunetik hasi eta 10 eguneko epean antolatu beharko du bilera derrigor, eta hilabeteko epean egin beharko da bilera gehienez.

b) Kontseiluaren Osoko Bilkurak, ohikoak nahiz bereziak, gutxienez astebete lehenago antolatu behar dira, non eta ez diren presazkoak.

c) Deialdiarekin batera gai-zerrenda ere zabalduko da, eta lehendakariak eta lehendakariordeak osatuko dute gai-zerrenda. Posible izanen da Kontseiluko kideek idazkariaren bidez proposatutako gaiak ere gai-zerrendan sartzea, eta idazkariak hamabost egun lehenago emanen die bileraren berri Kontseiluko kide guztiei.

d) Kontseiluaren Osoko Bilkurak baliozkotasuna izanen du gutxieneko quorumik gabe ere, baina lehendakariak, idazkariak eta arlo politikoko, teknikoko eta herritarren arteko ordezkari batek derrigor egon beharko dute.

e) Akordioak egin ahal izateko, gutxienez kideen herenak egon beharko du bileran.

f) Lehendakariak proposamenen baten berri eman eta inork ez badu eragozpenik edo aurkako iritzirik adierazten, baiespen bidez onetsitzat joko da proposamena.

g) Bilera irisgarritasun kontuengatik egokitzeko zerbitzua eskatzen ahalko da gutxienez 10 egun lehenago.

h) Idazkariak antolatuko ditu hitz-txandak, eta mekanismoak ezarriko ditu Kontseiluan ordeztuta dagoen aniztasuna kontuan hartuz denek parte hartzen dutela bermatzeko eta elkarrizketa arin doala ziurtatzeko.

Inork ezin du kide baten ordez joan bilerara, baina zilegi da bozka kontseiluko beste kide baten esku uztea.

IV. TITULUA.–AUZO KONTSEILUAREN KOORDINAZIOA ETA DESEGITEA

21. artikulua. Hiriko auzo kontseiluen arteko koordinazioa.

1. Iruñeko hiru auzotan Auzo Kontseiluak eratzen direnean, lantalde bat sortuko da Auzo Kontseiluen jarraipena egiteko. Lurraldeen arteko koordinaziorako gunea izanen da, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Auzo Kontseilu desberdinen jardueraren berri izatea.

b) Elkarrekin egiteko moduko ekintzak ezartzea Auzo Kontseiluen jarduera indartzeko.

c) Auzoei lotutako eta hiri osoarendako interesekoak diren gaiak proposatzea.

d) Organo horren sortze-akordioak ezartzen dituen beste eginkizunak.

2. Auzo Kontseilu bakoitzeko 2 ordezkari izanen dira gehienez lantalde horretan, eta Herritarren Partaidetzako langileak. Egindako akordioak akta batean jasoko dira, eta parte hartzen ari den udal langile batek idatziko du akta hori.

3. Talde hori gutxienez urtean behin bilduko da, eta bilkura berezi bat eginen da Auzo Kontseiluetako lehendakariek eta lehendakariordeek eskatzen duten aldiro.

4. Gutxienez astebete lehenago eginen dira bileretarako deialdiak, eta taldea osatzen dutenek bilera baino hamar egun lehenago proposatutako gaiak sartu ahal izanen dira deialdiarekin batera plazaratuko den gai-zerrendan.

22. artikulua. Auzo kontseiluak desegitea.

1. Herritarren Partaidetzarako Udal Erregelamenduaren 12. artikuluarekin bat, Udaleko Osoko Bilkurari dagokio partaidetza-organo hauek moldatu edo desegitea.

2. Halaber, partaidetza-organo batek ez badu gutxienez urtean behin bilerarik egiten, Udaleko Osoko Bilkurak deuseztatu egin dezake aurrez Demokrazia Parte-hartzailearen Tokiko Behatokiak aldeko txostena ematen badu eta Osoko Bilkurak horretarako arrazoiak ematen baditu.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Iruñeko Udalak erraz irakurtzeko moduko erregelamendu honen bertsio bat egokituko du onesten denetik hasi eta 6 hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: L2503130