Iragarkia
46. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gidarien hiru lanpostu, lan-kontratudun finkoen araubidean
Mankomunitateko buruaren otsailaren 17ko 2025/0021 Ebazpenaren bidez, deialdi honen oinarriak onetsi dira: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gidarien hiru lanpostu, lan-kontratudun finkoen araubidean jardun dezaten Mairagako Mankomunitatearen zerbitzura. Hona hemen:
OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea gidarien hiru lanpostu, lan-kontratudun finkoen araubidean jardun dezaten Hondakinen Atalean. Lanpostuok Mairagarako Mairagako Mankomunitateko plantilla organikoan sartuta daude (2025eko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 17koan, argitaratu zen plantilla). Hona hemen:
–Lanpostua: gidaria. Lanpostu kopurua: 2. Maila: D. Sarbidea: oposizio-lehiaketa. Mailako osagarria: %12. Lanpostuko osagarria: %52,94. Arrisku bereziko osagarria: %5. Administrazio-egoera: hutsik.
–Lanpostua: gidaria. Lanpostu kopurua: 1. Maila: D. Sarbidea: oposizio-lehiaketa. Mailako osagarria: %12. Lanpostuko osagarria: %52,94. Arrisku bereziko osagarria: %5. Administrazio egoera: jardunean (aurreikusita dago apiriletik aurrera egonen dela hutsik).
Halaber, deialdi honen bidez, honako zerrenda hauek osatu nahi dira, hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, aldi baterako lan kontratuak egiteko, 9. oinarrian xedatutakoarekin bat:
a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun finko bihurtuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanen zaio.
1.3. Lanpostuek izanen dituzte Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien D mailako ordainsariak, bai eta plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak ere (2025eko 17. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 27koa).
1.4. Urteko lanaldia izanen da zerbitzu osagarrietako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Mankomunitateak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.5. Bete beharreko eginkizunak deialdiaren kategoriari egokituko zaizkio, eta bere mailari dagozkionak izanen dira; ibilbideen eta hondakin-bilketaren beharrei erantzutea, horiek behar bezala kudeatzen direla bermatzeko, indarrean dagoen araudiaren eta enpresaren jarraibide eta prozeduren arabera. Deialdiaren III. eranskinean zehazten dira erantzukizunak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat izatea: DBHko Graduatua, Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo Erdi Mailako Lanbide Heziketa, edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu horietako bat eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.
Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
f) C mailako gidabaimena edukitzea, lanbide gaikuntzako agiria indarrean izanik. Ezinbestekoa da baimena indarrean egotea kontratatu ahal izateko.
2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mairagako Mankomunitateko buruari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://mairaga.sedelectronica.es), eskabide orokorraren izapidea baliatuta. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabideak I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira.
3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia.
b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.
c) Indarrean dagoen C motako gidabaimenaren kopia sinplea.
d) Indarrean dagoen lanbide gaikuntzaren agiriaren kopia.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.5. Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.
3.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskaera-orrian adieraziko dute, aparteko orri batean azalduz nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.
Denborak eta baliabideak egokitu daitezela eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du, onesteko deialdiko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Mairagako Mankomunitatearen gardentasun atarian, honako esteka honetan: https://mairaga.sedelectronica.es/.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Mairagako Mankomunitatearen gardentasun atarian argitaratzeko aginduko du, honako esteka honetan: https://mairaga.sedelectronica.es/.
Ez badago izangai bazterturik behin-behineko zerrendarako, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak garaiz argitaratuko ditu, Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Carlos Alcuaz Monente, Mairagako Mankomunitateko burua.
Ordezkoa: Miguel Ibiricu Varona, Mairagako Mankomunitateko buruordea.
–1. epaimahaikidea: José Antonio Echeverría Cerdán, Mairagako Mankomunitateko aholkulari ekonomikoa.
Ordezkoa: Laura Irigoyen Azpilicueta, Mairagako Mankomunitateko Arlo Teknikoko ingeniaria.
–2. epaimahaikidea: José María Alcuaz, Mairagako Mankomunitateko Hondakinen arduraduna.
Ordezkoa: María Victoria García Muro, Mairagako Mankomunitateko administrari-ofiziala.
–3. epaimahaikidea: Luis Usoz Josué, Mairagako Mankomunitateko taldeen koordinatzailea eta langileen ordezkaria.
Ordezkoa: Eva Berango Úrsua, Mairagako Mankomunitateko administrari-ofiziala.
–Epaimahaikide idazkaria: Julen Jiménez Jiménez, Mairagako Mankomunitateko idazkaria.
Ordezkoa: Jesús Marco Del Rincón, Erriberriko Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean.
5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizioa 2025eko martxotik aurrera hasiko da.
6.2. Oposizioaldia. Oposizioaldian 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:
6.2.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati. Galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Ariketa honengatik gehienez 20 puntu emanen dira, eta gutxienez 10 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Puntuak kenduko dira erantzun okerrengatik, proba egin aurretik kalifikazio-epaimahaiak erranen duen eran.
6.2.2. Bigarren proba: praktikoa. Kamioi bat gidatu beharko da Mankomunitateko herri bateko kaleetan barna, hondakinak biltzeko ibilbideak simulatuz, eta hondakinak biltzeko ibilgailua erabiltzeko gaitasuna baloratuko da.
Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean ala gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.
Proba praktikoan 50 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.2.3. Hirugarren proba: gaitasun psikoteknikoaren ebaluazioa. Proba batzuk egin beharko dira, neurtu dadin izangaiak noraino egokitzen diren lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hauek eginen ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, zehazki Psikologia Aplikatuaren Atalak, edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.
Gaitasun psikoteknikoaren proban 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Aurreko bi probak (teorikoa eta praktikoa) gainditu dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.
6.2.4. Oposizioaldiko ariketak baztertzaileak izanen dira. Baztertuta geldituko dira ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez dutenak.
6.2.5. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da proba teorikoan. Ariketa zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen ditu, Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoaren gardentasun atarian, kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.
6.2.6. Epaimahaiak oposizioko ariketaren behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoaren gardentasun atarian. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://mairaga.sedelectronica.es), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.
6.2.7. Ariketa praktikorako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu dokumentuetako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
6.2.8. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, eskabidean azaldutakoaren arabera.
6.3. Lehiaketaldia: lehiaketaldia oposizioaldiaren ondoren eginen da, eta deialdiko 6.2 puntuan xedatutakoaren arabera oposizioaldia gainditu duten izangaiek soilik parte hartzen ahalko dute. Lehiaketaldian gehienez 20 puntu emanen dira, honako baremo honen arabera:
6.3.a) Gidari edo trakzio mekanikoko ibilgailuen gidari gisa lan egin izanagatik, baldin eta C motako gidabaimena behar izan badute. Laneko eskarmentu hori frogatzeko, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko da: 2 puntu, urte oso bakoitzeko. Urte-zatietarako, puntuazioa proportzionala. Apartatu honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Oharrak:
–Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.
–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio (hilabete oso bat izanen da kontuan hartuko den gutxieneko denbora).
–Hori frogatuko da dagokion administrazio publikoko edo enpresa pribatuko organo eskudunaren ziurtagiriaren bidez; bertan, berariaz agertu beharko da zerbitzu-ematearen iraupen osoa. Zerbitzuak lanaldi partzialean ematen diren kasuetan, honako hauek ere adierazi beharko dira: a) edo eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko ordu kopurua, eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia; b) edo horiek ohiko lanaldiarekiko duten ehunekoa.
–Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
–Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko zerbitzuak.
–Ez du balioko soilik aurkeztea curriculum vitaea edo lan-bizitza.
6.3.b) Deialdian eskatutakoa baino titulazio handiagoa izatea (erdi mailako edo goi mailako lanbide-heziketako titulua izatea garraioaren, logistikaren, mekanikaren edo automozioaren edo trakzio mekanikoko ibilgailuen mekanikaren arloetan). Hori frogatu beharko da dagokion ikastetxe publiko edo pribatuaren ziurtagiriaren bidez. Apartatu honetan gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira:
–Garraioaren, logistikaren, mekanikaren edo automozioaren edo trakzio mekanikoko ibilgailuen mekanikaren arloekin lotutako gaietan oinarrizko edo erdi mailako lanbide-heziketako titulu bakoitzeko: 5 puntu/ikastaroa.
–Garraioaren, logistikaren, mekanikaren edo automozioaren edo trakzio mekanikoko ibilgailuen mekanikaren arloekin lotutako gaietan goi-mailako lanbide-heziketako titulua izateagatik: 10 puntu/ikastaroa.
Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
Aurreko apartatuen batura ez da izanen 20 puntu baino handiagoa.
Lehiaketaldiaren balorazioari dagokionez, oposizioaldia gainditu duten izangaiek soilik aurkeztu beharko dituzte alegatutako merezimenduen frogagiriak, betiere deialdiaren 6. oinarrian ezarritako baremoaren arabera.
Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, fase hori gainditu duten izangaiek 10 egun balioduneko epea izanen dute alegatutako merezimendu guztien frogagiriak aurkezteko.
6.3.c) Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan, eta zehaztuko ditu bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara, edo Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://mairaga.sedelectronica.es), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren gardentasun atarian jarriko du lanpostu bakoitzeko gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik altuenak lortu dituzten bi izangaien aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Mankomunitatearen iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da proposamen hori.
Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, batuko dira oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioak.
Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.
7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, frogatzeko betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak; zehazki, honako agiri hauek:
a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko atala), edo, hala badagokio, behar bezala akreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
b) Zinpeko deklarazio edo deklarazio solemne bat, aditzera emateko pertsona ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.
c) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
d) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
e) Izangaia baldin bada Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoa, deialdi hau egin duena ez beste batekoa, aurrekoaz gain aurkeztu beharko du ziurtagiri bat, frogatzen dituena aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak: sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar.
7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiek ez badituzte dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, galarazi gabe egozten ahal zaizkien erantzukizunak, hasierako eskabidean gezurra esateagatik.
7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Mairagako Mankomunitateko buruak izendatuko du Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun finko, jardun dezan gidariaren lanpostuan.
8.2. Izendapen horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
8.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badute (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko dituzte Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun finko izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.
9.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Mairagako Mankomunitatean kontratatzeko izangaien zerrenda.
Epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, eta horren bidez onetsiko dira probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrendak; hori guztia, jarraikiz une oro indarra duten kudeaketa arauei. Zerrenda horiek argitara emanen dira Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan eta gardentasun atarian.
Hautatze prozesuan ateratako puntuazio handienaren arabera erabakiko da aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaien ordena, probak gaindituta ere lanposturik eskuratzen ez dutenendako. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.
Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartu izana 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den eran.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direlako frogagiriak, kontratua formalizatzerakoan ekarri ere, horretarako aurkeztuz jatorrizko agiriak edo kopia behar bezala konpultsatuak.
Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen zaizkien agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, horrek deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.
Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte. Deialdi honetako aldi baterako kontratazio-zerrendak lehentasuna izanen du Mairagako Mankomunitatean lehendik dauden aldi baterako kontratazio-zerrenden aurrean.
9.3. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
9.4. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.
Hautaprobak gainditzen dituztenak sartuko dira izangaien zerrendetan, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aldi baterako betetzeko toki-erakundean hutsik gelditzen diren lanpostuak, edo izan daitezkeen beste behar batzuei erantzuteko.
Aldi baterako kontratatzeko prozesua arau hauen arabera kudeatuko da:
9.4.1. Izangaien zerrendak onesteko irizpide orokorrak.
9.4.1.1. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Aldi baterako kontratazioa eginen duen erakunde eskatzaileari dagokio egiaztatzea kasuan kasuko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.
9.4.2. Dei egiteko sistema.
9.4.2.1. Deiak egiteko arau orokorrak.
Langileak kontratatzeko beharrak betetzeko, izangaiei banakako deiak eginen zaizkie, kasuan kasuko zerrendako izangaien hurrenkeraren arabera, eta kontuan hartuta lanpostuaren eskakizunak.
Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.
Kontratua eskaintzeko deiak izangaiek emandako zenbakietara eginen dira, zerrendako hurrenkerari jarraikiz. Deiaren emaitza jasoko da, hauetako bat adierazita: "interesatzen zaio", "ez zaio interesatzen", "ez du erantzun".
Betiere, azkar eginen dira banakako deiak, kontratazio premiak lehenbailehen bete daitezen. Bi egunean hiru dei, bederen, eginen dira kontratua eskaintzen zaion izangaiak emandako telefonora.
Lehenbiziko deian ezin bada izangaiarekin harremanetan jarri, SMS bat eta/edo posta elektroniko bat igorriko zaio horren berri emateko.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, eta horrela jokatuko da harik eta eskaintzen den lanpostua edo lanpostuak bete arte.
Interesdunak 24 ordu izanen ditu deiari baiezkoa emateko. Izangaiak eskaintzari uko egiten badio edo epe hori igarota erantzunik jasotzen ez bada, atzera egin duela ulertuko da, eta zerrendako azken postura igaroko da.
Izangaiarekin ezin bada harremanetan jartzea, lehenik telefonoz, eta bigarrenik SMS eta posta elektronikoz, zerrendako azken postua beteko du hurrengo deietarako.
Sei hilabeteko epean behin ere aurkitu ez den izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da zerrendan.
Kontratazioa presakoa bada (eta halakoa izanen da lanpostuan 24 orduko epean hasi behar denean) eta, aurreikuspenen arabera, kontratuaren iraupena 3 hilabetetik beherakoa, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenbiziko izangaiari eskainiko zaio, gorago ezarritakoa bete behar izan gabe.
Espedientean jasoko dira egiten diren deien ondorioz zerrendan gertatzen diren aldaketak. Zerrendako edozein kidek kontsultatzen ahalko du. Egindako aldaketak ez dira pertsonalki jakinaraziko.
9.4.2.2. Administrazio araubideko kontratazioa.
Aldi baterako langileak administrazio araubidean kontratatzeko, jarraituko zaio irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan ezarritako araubide juridikoari. Dekretu horrek ezartzen ditu arauak Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko. Dei egiteko, deialdi honetan jasotako sistema aplikatuko da, 68/2009 Foru Dekretuari aurka egiten ez dion orotan.
9.4.2.3. Araubide orokorraren salbuespenak.
a) Mairagako Mankomunitatearekin aldi baterako lotua dagoenak indarreko kontratuari uko egiten ahal dio baldin kontratua hobetzeko beste bat eskaintzen bazaio, betiere kontratatua dagoen eremu berekoa denean, kasuan kasuko zerrendan dagoenean eta kasu hau gertatzen denean:
–Kontratu labur bat izatea indarrean eta kontratu luze bat eskaintzen bazaio (kontratua laburtzat hartuko da baldin aurreikusitako iraupena gehienez 6 hilabetekoa bada, eta luzetzat hortik gorakoa bada).
b) Izangai bat jada lanpostu batean ari bada ordezte kontratu batekin, eta baldin kontratua bukatzen denetik 20 egun iragan baino lehen sortzen bada lanpostu bera aldi baterako betetzeko premia, kontratua izangai berari eskainiko zaio, baldin dei egiten zaion unean baldintza hauek betetzen badira:
–Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.
–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.
–Aurreko kontratua bukatzeko arrazoia ez izatea zerrendatik kanpo uzteko arrazoietako bat.
c) Izangai batek lanaldi partzialeko kontratua daukanean, premia bat sortzen bada eta lanpostu hori betetzen ahal badu, berari eskainiko zaio premia hori lanaldiaren %100 bete arte, baldin kontratazio berriaren ondorioz hartu behar dituen ordu guztiak bateragarriak badira ordura arte esleituta zituenekin. Langile batek baino gehiagok baldin badute lanaldi partzialeko kontratua, dagokionari eskainiko zaio, zorrotz jarraikiz aldi baterako kontrataziorako indarrean den zerrendako hurrenkerari.
9.4.2.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.
Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horretako azken tokira pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetakoren batean dagoela, kasu horretan, hain zuzen, duen postuari eutsiko baitio:
–Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.
–Aldi baterako ezintasuna izatea.
–Lan-kontratu bat indarrean izatea.
–6 urte baino gutxiagoko alaba edo semea zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.
–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.
–Norberaren ezkontza edota, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, pareko egoeran suertatzea (Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.
Kasu horietan izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak "deitzeko moduan" agertzea eskatzen duen arte, alegatutako inguruabarra desagertu delako. "Deitzeko moduan" dagoela adierazten duen unean agiri bidez eta modu sinesgarrian frogatu beharko du kontratua eskaini zitzaion unean alegatu zuen egoera.
9.4.2.5. Zerrendako azken tokira joatea.
Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:
a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu 8.2.4 apartatuan aurreikusitako kasuetan.
9.4.2.6. Zerrendetatik baztertzea.
Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:
a) Kontratua probaldian hutsaldu izana zuzendaritzak txosten arrazoitua eman ondoren.
b) Lanpostua bertan behera uztea bidezko arrazoirik izan gabe eta zuzendaritzari jakinarazi gabe.
c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiengatik, dela kontratatutako langilearen lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, hala agertzen bada lanpostuaren eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasean, dela lanpostuaren edukia aldatzeagatik, betiere interesdunari entzunaldia eman ondotik eta Langileen Batzordeak edo langileen ordezkariek txostena egin ondotik.
10.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Mairagako Mankomunitatea da.
Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta DBEOren 6.1.c) artikulua: tratamendua beharrezkoa da bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat.
Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo webgunearen bitartez. Azken horretan informazio gehiago dago eskura (https://mairaga.sedelectronica.es/info.11).
Datuak babesteko ordezkariarekin ere jar daitezke harremanetan, mairaga@mairaga.es helbidean, eta erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
11.–Errekurtsoak.
11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Mairagako Mankomunitateko buruari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Tafallan, 2025eko otsailaren 17an.–Mankomunitateko burua, Carlos Alcuaz Monente.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Deialdia, gidarien hiru lanpostu betetzeko Mairagako Mankomunitatean
Izen-abizenak: ………………........................................................ Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: …….…….... Jaioteguna: ..........................................., Jaioterria: ............................., (.................................) eta Bizitokia, herri honetan: ..................................................(.................................)
Helbide honetan: ................................................................................. kalea, ........ zk., ........ solairua
Posta kodea: ........................
Telefono finkoa: ............................................
Telefono mugikorra: ......................................
Mairagako Mankomunitatearen aurrean agertzen naiz eta
Honako hau adierazten dut:
1.–Honako honetan parte hartu nahi dudala: deialdia, Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuko gidarien lanpostuak betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez eta aldizkako langile finkoen lan-araubidean.
2.–Ezen, hori helburu, adierazten dudala deialdi honetako 2. oinarrian eskatzen diren betebehar guztiak betetzen ditudala eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.–Ezen deialdian ezarritako ondorioetarako, honako dokumentazio hau eransten dudala:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia.
b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.
c) Indarrean dagoen C motako gidabaimenaren kopia sinplea.
d) Indarrean dagoen lanbide gaikuntzaren agiriaren kopia.
e) Hala badagokio, %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren frogagiria, deialdian adierazi bezala aurkeztu behar dena.
4.–Baimena ematen dut prozedura hau tramitatzeko jarduketen ondoriozko jakinarazpenak lehen adierazitako helbide elektronikora egiteko.
ESKATZEN DUT eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izateko, eta AITORTZEN DUT, erantzukizuna nirea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.
……….(e)n, 2025eko ................aren .................(e)(a)n
SINADURA
II. ERANSKINA.–PROBA TEORIKOKO GAIAK
1) Mairagako Mankomunitatearen eremu geografikoa.
https://mairaga.es/poblaciones-mairaga/
2) Hondakin-bilketa motak Mairagako Mankomunitatean.
https://mairaga.es/category/residuos/
3) Mairagako Mankomunitatearen hondakinen bilketa arautzen duen ordenantza.
https://mairaga.es/ordenanzas-ordenantzak/
4) 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa (artikuluak: 1, 6, 7, 20, 21 eta 22).
https://www.boe.es/buscar/pdf/2018/BOE-A-2018-8953-consolidado.pdf
5) 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: 3. artikulua. Definizioak.
https://www.boe.es/buscar/pdf/2019/BOE-A-2019-6777-consolidado.pdf
6) Bide segurtasuna: Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina: II. titulua: "Portaera arauak zirkulazioan"; eta III. titulua: "Seinaleztapena".
https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2015-11722
7) 1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–:
II. titulua.–"Ibilgailuen zirkulazioa":
–I. kapitulua.–"Tokia bidean".
–II. kapitulua.–"Abiadura".
–III. kapitulua.–"Bide lehentasuna".
–V. kapitulua.–"Zirkulazioan sartzea".
–VI. kapitulua.–"Norabide eta noranzko aldaketak eta atzerako martxa".
VII. kapitulua.–"Aurreratzea".
–VIII. kapitulua.–"Gelditzea eta aparkatzea".
–X. kapitulua.–"Argien erabilera".
–XI. kapitulua.–"Gidarien ohartarazpenak".
https://www.boe.es/buscar/pdf/2003/BOE-A-2003-23514-consolidado.pdf
III. ERANSKINA.–LANPOSTUAREN ERANTZUKIZUNEN FITXA
GIDARIA | ||
Arloa: | Noren aginduetara arituko den: | |
Hondakinak | Hondakinen arloko arduradunaren aginduetara arituko da, eta hark koordinatuko du lana. | |
Lanpostua: | Titular kop.: | |
Gidaria | ||
Egitekoa: | ||
Ibilbideen eta hondakin-bilketaren beharrei erantzutea, horiek behar bezala kudeatzen direla bermatzeko, indarrean dagoen araudiaren eta enpresaren jarraibide eta prozeduren arabera. | ||
ARLOA | ERANTZUKIZUNAK |
1.–Gidatze lanak eta ibilbideak egitea | –Dagokion kamioia gidatzea (zabor-bilketakoa, edukiontzi-garbigailua, luma-kamioia, edukiontzien garraioa, eta abar) ezarritako ibilbidean, eta kamioiaren edukia eramatea transferentzia-instalazioetara, tratamendu-instalazioetara edo dagokion tokira edo sekzioaren koordinatzaileak edo arduradunak adierazitako tokira. –Beharrezkoa denean, ura garraiatzea depositu-zisterna betetzeko, edo zerbitzuaren plangintza eta kalitatea betetzeko behar den beste edozein garraio egiteko. –Instalazioan sartu eta ateratzen den paper kartoia kontrolatzea, bai eta kiloak plantako (ontzia, organikoa, etab.), dokumentu batean erregistratzea eta bulegoan entregatzea ere. |
2.–Hondakinak biltzeko lanak | –Mota guztietako hondakinak biltzea, bakoitzarentzat ezarritako prozesuen arabera, eguneroko, asteroko eta hileroko plangintza betetzeko, betiere bilketa espazioak eta objektuak ahalik eta hobekien zainduz eta erabiliz. –Garbiguneak edo ekopuntuak mantentzea, irekitzea, ixtea, eta herritarrek utzitako hondakinak sailkatzea, ordenatzea eta manipulatzea. –Kartoia jasotzea, txukuntzea, paketatzea eta kokatzea, dagozkion espazioetan (atez ate, garbiguneak...) jarduera horretarako zehaztutako prozesuei jarraituz eta materia birziklagarria aprobetxatzen laguntzeko plangintza betez, Mairagako Mankomunitateak zehaztutako estandarren eta helburuen arabera. –Konpostaje-eremuen mantentze-lanak eta jarraipena egitea. |
3.–Gorabeheren kudeaketa | –Gorabeheren parteak egitea eta betetzea, ezarritako prozeduraren arabera. –Abonatuen eskaera sinpleei erantzutea, orientazio eta argibide egokiak emanez edo, hala badagokio, enpresaren barruan dagokion pertsonarengana edo arlora behar bezala eta eraginkortasunez bideratuz, adeitasuna eta tratu ona izanik harremanaren funtsezko ardatzak. |
4.–Lan-eremua eta ekipamenduak garbitzea, antolatzea, konpontzea eta mantentzea | –Kamioiaren mantentze-lanak egitea, olio-mailak berrikustea, koipeztatzea, bateria. Tarteka, tailerrera eramatea. –Kartoia paketatzeko eta instalazioak mantentzeko eta garbitzeko beharrei erantzutea. –Ibilgailuak, lanabesak, edukiontziak, erremintak eta laneko espazioak mantendu, garbitu eta konpontzeko lanak behar bezala egitea, baliabideen aprobetxamendu eta iraunkortasun handiagoa lortzeko, enpresak lanposturako ezarritako jarraibideen eta protokoloen arabera. |
5.–Lanaren eraginkortasuna eta kalitatea | –Eraginkorrak izatea eta egindako lanaren kalitaterik handiena une oro bilatzea, enpresaren helburuak eta emaitzak betetzen laguntzeko eta enpresaren kanpoko eta barruko irudi onena helarazteko. |
6.–Segurtasuna eta arriskuen prebentzioa | –Enpresak ezarritako jarraibideak eta araudiak une oro aplikatzea, jarduerak segurtasun eta osasun baldintza onenetan egiten direla bermatzeko, eta horren inguruko edozein gorabehera une oro minimizatzea. |
7.–Prestakuntza eta autoprestakuntza | –Prestakuntza jasotzea, enpresaren errendimendua eta emaitza eta helburuekiko ekarpen orokorra hobetzea ahalbidetzen duten ezagutzei, trebetasunei eta gaitasunei buruz, eta horiei buruzko autoprestakuntzako ekimenak hartzea. |
8.–Barne-lankidetza | –Ahal den neurrian, enpresako lankideei laguntzea eta haiekin lankidetzan aritzea, horren bidez sortzeko behar den giroa eta eraginkortasuna, bermatzeko helburuak betetzen direla eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena ematen zaiela. –Euskara Zerbitzua eskatzea, barruko eta kanpoko komunikazioak ele bitan daudela bermatzeko. –Berdintasun Zerbitzua eskatzea, berdintasun-printzipioa eguneroko kudeaketan pixkanaka txertatzeko eta baterako ekintzak garatzen laguntzeko. |
Eskakizunak:
Ezagutzak | Trebetasunak | Konpetentziak |
–C motako gidabaimena + lanbide gaikuntzaren agiria –Hondakinen kudeaketa –Arriskuen prebentzioa –Ibilgailuen mantentze-lana –Gidatze efizientea –Eskorga erabiltzeko txartela | –Barne araudia –Denboraren kudeaketa –Idatzizko komunikazioa –Arriskuen prebentzioa –Euskara (hizkuntza-eskakizunaren azterketaren arabera) | –Kalitaterako orientazioa –Emaitzetarako orientazioa –Moldagarritasuna |
Kualifikazioa | Eskarmentua | |
Maila akademikoa | Espezialitatea | |
DBH, Eskola Graduatua edo LH I (erdi mailakoa) | C motako gidabaimena + lanbide gaikuntzaren agiria | Ez da beharrezkoa |
Iragarkiaren kodea: L2502501
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
