35. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12/2025 FORU AGINDUA, urtarrilaren 30ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez familiaren esparrurako laguntza ekonomiko batzuk emateko deialdia onesten baita, familia ugarietan eta gurasobakarretan 2025. urtean sortzen diren ohiz kanpoko eta beharrezko gastuei aurre egiteko, eta horretarako behar den gastua egitea baimentzen baita. DDBN identifikazioa: 809218.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 101/2024 Foru Aginduaren bidez, oinarri arautzaileak onetsi ziren familia ugarietan eta gurasobakarretan sortzen diren ohiz kanpoko eta beharrezko gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoak emateko 2024tik 2027ra bitarte; zehazki, entzumen protesiak eta optikako gaiak erosi edo ordezteko eta ortodontziako tratamenduetarako.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Plan Integraletan jasotzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea, bai eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Gobernuak 2024ko martxoaren 20an hartutako 3291 Erabakiaren bidez, baimendu zen laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez ematea; hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Espedienteko txosten teknikoak eta txosten juridikoak adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Familiei laguntza ekonomiko batzuk emateko deialdia onestea, 2025. urtean familia ugarietan eta gurasobakarretan sortzen diren ohiz kanpoko eta beharrezko gastuak ordaintzeko, hau da, entzumen protesiak eta optikako gaiak erosteko edo ordezteko eta ortodontziako tratamenduetarako, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 101/2024 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarri arautzaileekin bat.

2. 430.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko gastu aurrekontuko "Familia ugarientzako laguntzak" izeneko 920006 93300 4809 231509 partidaren kargura.

Dirulaguntzaren xedeko lerro bakoitzerako gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da:

  • 10.000 euro entzumen protesiak erosteko edo ordezteko aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
  • 150.000 euro optikako gaiak erosteko edo ordezteko aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
  • 270.000 euro ortodontziako tratamenduetarako aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.

3. 100.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko gastu aurrekontuko "Familia gurasobakarrentzako laguntzak" izeneko 920006 93300 4809 231500 partidaren kargura.

Dirulaguntzaren xedeko lerro bakoitzerako gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da:

  • 5.000 euro entzumen protesiak erosteko edo ordezteko aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
  • 40.000 euro optikako gaiak erosteko edo ordezteko aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
  • 55.000 euro ortodontziako tratamenduetarako aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.

Kasu horietakoren baterako, bai gurasobakarren kasurako, bai familia ugarien kasurako, aurreikusitako zenbatekoa agortzen ez bada, gainerako kasuetarako eskaerei emateko eta horiek ordaintzeko erabiltzen ahalko da, haiek kreditu eskasiagatik laguntzarik gabe geldituz gero; halakoetan, eskaera zer egunetan jaso zen hartuko da aintzat.

4. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea familia ugarientzat eta familia gurasobakarrentzat. Honako hauek izanen dira 2025erako:

a) Entzumen protesiak erosteko edo ordezteko dirulaguntzak:

  • 500 euro, edo protesiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5etik beherakoa denean (14 ordainketa).
  • 350 euro, edo protesiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5 edo hortik gorakoa denean (14 ordainketa) baina OAEAP halako 1,9tik beherakoa denean (14 ordainketa).

b) Optikako gaiak erosteko edo ordezteko dirulaguntzak:

  • 160 euro, edo optikako gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5etik beherakoa denean (14 ordainketa).
  • 120 euro, edo optikako gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5 edo hortik gorakoa denean (14 ordainketa) baina OAEAP halako 1,9tik beherakoa denean (14 ordainketa).

c) Ortodontziako tratamenduetarako dirulaguntza:

  • 600 euro, edo ortodontziako tratamenduaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5etik beherakoa denean (14 ordainketa).
  • 300 euro, edo ortodontziako tratamenduaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5 edo hortik gorakoa denean (14 ordainketa) baina OAEAP halako 1,9tik beherakoa denean (14 ordainketa).

5. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, partida bakoitzean 200.000 euro gehituz, gehienez, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

6. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara dadila agintzea.

8. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzara, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 30ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2501487