35. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JURRAMENDIKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzaren testu bateginean. Behin betiko onespena

Jurramendiko Mankomunitateak, 2024ko azaroaren 20an egin ohiko batzar orokorrean, besteak beste, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Ur Zerbitzuaren Erregelamenduaren testu bateginean.

Erabaki hori 2024ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 10ean. Jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, erakundearen Idazkaritzan, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoaren arabera, aldaketa hori behin betiko onetsirik gelditu da eta bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lizarran, 2025eko urtarrilaren 29an.–Mankomunitateko burua, Susana Castanera García.

HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN TESTU BATEGINA

I. TITULUA.–BALDINTZA OROKORRAK

1. artikulua. Mankomunitatea.

Jurramendiko Mankomunitatea elkarte gisako toki erakundea da, eta bere xedeen artean hiri hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuak egitea dago, hiri hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuan une bakoitzean sartzen diren toki entitateen mugarteetan, xedea izanik behar bezalako baldintzak lortzea garbitasun eta txukuntasun publiko egokiak, ingurumenaren babesa eta hondakinen berreskuratzea lor daitezen.

2. artikulua. Kudeaketa.

Jurramendiko Mankomunitateak berak eratutako merkataritzako sozietate baten bitartez kudeatzen ditu aurreko artikuluak aipatzen dituen zerbitzuak, toki erakundeen zerbitzuak emateari buruz indarra duen araudiari jarraikiz.

3. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da aipatu lurralde-eremuan etxeko eta merkataritzako hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuak kudeatzen dituen erakundearen eta erabiltzaileen arteko harremanak arautzea, eta bi alderdietako bakoitzak dituen eskubide, betebehar eta egitekoak zehaztea.

2. Zerbitzu horien tributu eta diru-bilketa kontuak arautuko ditu toki ogasunei buruz Nafarroan indarrean dagoen araudi berariazkoak eta, batez ere, une bakoitzean indarrean dagoen eta Mankomunitateak onesten duen ordenantza fiskalak.

4. artikulua. Aplikazioa.

1. Ordenantza hau, bere eskumeneko eremuan, etxeko eta merkataritzako hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuetan aplikatuko da oro har, baita delako eremutik at ematen direnetan ere, osoki edo partez.

2. Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko zaizkie espresuki arautu gabeko kasuei, izatez haren aplikazio-eremuan sartzen badira.

3. Jurramendiko Mankomunitateak ordenantza hau aplikatzean sor litezkeen zalantzak argitzeko ahalmena du.

5. artikulua. Salbuespenak.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 2. artikuluak kanpo utzitakoez gain, ordenantza hau ez zaie aplikatuko merkataritzako hondakin arriskutsuei eta industria hondakinei, alegia, lege horren 3 d) artikuluan hala definitzen direnei.

6. artikulua. Printzipioak.

Ordenantza honen arauketa egin da bat etorriz Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen printzipioekin eta aplika daitezkeen gainerako xedapenekin.

7. artikulua. Definizioak.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen arabera:

a) «Hondakina»: edukitzaileak bota duen gai edo gauza oro, edo botatzeko asmoa duena edo botatzeko betebeharra duena.

b) «Etxeko hondakinak»: etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortutako hondakinak, arriskutsuak edo arriskugabeak. Etxeko hondakintzat hartuko dira, halaber, zerbitzu eta industrietan sortutakoak eta aurrekoen antzekoak direnak osaerari eta kantitateari dagokienez, eta ez direnak sortzen zerbitzuaren edo industriaren berezko jardueraren ondorioz.

Kategoria honetan sartzen dira etxeetan sortzen diren hondakinak; besteak beste, sukaldeko olio erabilia, tresna elektrikoak eta elektronikoak, ehunak, pilak, metagailuak, altzariak, tresnak eta koltxoiak, bai eta etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren hondakinak ere.

Honako hauek ere etxeko hondakintzat hartuko dira: bide publikoak, berdeguneak, josteta eremuak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak, etxeko animalia hilak eta ibilgailu abandonatuak.

c) «Tokiko eskumeneko hondakina»: tokiko erakundeek kudeatutako hondakinak.

d) «Udal hondakinak»:

1. Nahastutako hondakinak eta etxetik bereizita bildutako hondakinak, barnean direla papera eta kartoia, beira, metalak, plastikoak, biohondakinak, zura, ehunak, ontziak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak, pilen eta metagailuen hondakinak, etxeko hondakin arriskutsuak eta tamaina handiko hondakinak, koltxoiak eta altzariak barne.

2. Nahastutako hondakinak eta beste iturri batzuetatik bereizita bildutako hondakinak, hondakin horiek etxeko hondakinen izaeraren eta konposizioaren antzekoak direnean.

Udal hondakinen artean ez dira sartzen ekoizpenetik, nekazaritzatik, basogintzatik, arrantzatik, hobi septikoetatik, estolderia-saretik eta hondakin-urak tratatzeko instalazioetatik datozen hondakinak, araztegiko lohiak, balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuak eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinak barne.

e) «Merkataritzako hondakinak»: handizkako nahiz txikizkako merkataritzak berezko duen jardueratik sortuak, bai eta jatetxe eta ostatuetako zerbitzuetatik, bulego eta merkatuetatik eta zerbitzu sektoreko gainerakoetatik heldu direnak ere.

f) «Industria hondakinak»: jarduera nagusiaren ondorioz industria-jarduerak sortutako ekoizpen-, fabrikazio-, eraldaketa-, erabilera-, kontsumo-, garbiketa- edo mantentze-prozesuen ondoriozko hondakinak.

g) «Hondakin arriskutsua»: I. eranskinean zerrendatutako arrisku-ezaugarrietako bat edo batzuk dituen hondakina, eta Gobernuak hondakin arriskutsu gisa kalifikatzen duena, Europar Batasuneko araudian edo Espainiak parte hartzen duen nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoaren arabera. Definizio horretan sartzen dira, halaber, substantzia edo prestakin arriskutsuen hondarrak dituzten edo horiekin kutsatuta dauden ontziak, salbu eta frogatzen bada ez dutela I. eranskinean zerrendatutako arrisku-ezaugarririk.

h) «Olio erabiliak»: jatorriz aurreikusitako erabilerarako egokiak ez diren industriako edo lubrifikazioko olio guztiak, jatorri minerala, naturala edo sintetikoa dutenak, hala nola errekuntza motorren olio erabiliak eta abiadura kutxen olioak, olio lubrifikatzaileak, turbinetarako olioak eta olio hidraulikoak, sukaldeko olio erabiliak izan ezik.

i) «Biohondakina»: etxeetako, lorategietako, parkeetako eta zerbitzuen sektoreko landare hondakin biodegradagarria, baita etxeetako, bulegoetako, jatetxeetako, handizkarietako, jantokietako, sukaldaritza kolektiboko zerbitzuetako eta txikizkako kontsumoko establezimenduetako elikagai- eta sukalde-hondakinak ere, besteak beste, eta elikagaiak eraldatzeko plantetako hondakin konparagarriak.

j) «Zabor sakabanatua»: horretarako jarritako lekuetan uzten ez diren hondakinak, azkenean naturaguneetan edo hiriguneetan uzten direnak, eta garbiketa arrunta edo apartekoa behar dutenak hasierako egoerara itzultzeko.

k) «Konposta»: medeagarri organikoa, bereizita biltzen diren hondakin biodegradagarrien tratamendu biologiko aerobioaren eta termofiloaren bidez lortzen dena. Ez da konpost gisa hartuko hondakin nahasien tratamendu mekaniko biologikoko instalazioetan lortzen den material organikoa, horri material bioegonkortua iritziko baitzaio.

l) «Hondakin-sortzailea»: pertsona fisiko edo juridiko oro, hondakinak sortzen dituzten jarduerak egiten dituena (hasierako hondakin-sortzailea) edo hondakin horien izaeran edo osaeran aldaketa eragiten duten jarduketak egiten dituena, hala nola aldez aurreko tratamendua, nahasketak edo bestelakoak.

m) «Hondakinen edukitzailea»: hondakinak sortzen dituena edo hondakinak dituen beste pertsona fisiko edo juridiko bat. Hondakinen edukitzailetzat hartuko da abandonatutako hondakinak edo zaborra sakabanatuta dagoen lurzatiaren katastroko titularra, eta hondakin horien administrazio-arduraduna izanen da, salbu abandonuaren egile materiala edo aurreko edukitzailea identifikatzea posible den kasuetan.

n) «Hondakin-kudeatzailea»: pertsona edo erakunde bat, publikoa edo pribatua, baimen edo komunikazio bidez erregistratua, egiten duena hondakinen kudeaketa osatzen duten jarduketetariko edozein, haien sortzailea izan zein ez.

ñ) «Hondakinen kudeaketa»: hondakinak biltzea, garraiatzea, balorizatzea eta ezabatzea, sailkapena eta aurretiazko beste eragiketa batzuk barne; bai eta eragiketa horiek zaintzea eta zabortegiak itxi ondotiko mantentze-lanak egitea ere.

o) «Bilketa»: hondakinen hasierako bilketa, sailkapena eta biltegiratzea, modu profesionalean egina, ondotik tratamendu-instalazio batera eramateko.

p) «Gaikako bilketa»: hondakin-korronte baten bilketa bereiz egitea, mota edo izaeraren arabera, berariazko tratamendua errazteko.

q) «Garbigunea»: biltegiratze-instalazioa toki-erakunde baten bilketaren eremuan, non bereizita jasotzen baitira etxeko hondakinak.

8. artikulua. Hondakinen jabetza.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko 7/2022 Legearekin bat, etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakin arrisku gabeak ordenantza honetan finkatzen diren baldintzetan utzi behar edo uzten ahal dira Jurramendiko Mankomunitatearen eskura; eskuratzen dituenetik aurrera, horien jabe bilakatuko da.

Hiri hondakinen edukitzaileek erantzunbeharrik ez dute izanen hondakin horiek egin ditzaketen kalteengatik, betiere begiratu badira haiek ematean aipatu ordenantza nahiz aplikatzeko diren gainerako arauak.

II. TITULUA.–ETXEKO ETA MERKATARITZAKO HONDAKINEN BILKETA

I. KAPITULUA.–BALDINTZA OROKORRAK ETA HONDAKIN KATEGORIAK

9. artikulua. Baldintza orokorrak.

Titulu honek arautuko du Jurramendiko Mankomunitateak zer baldintzatan emanen dituen eta erabiltzaileak zer baldintzatan jasoko dituen hiri hondakinak biltzeko zerbitzuak.

10. artikulua. Pertsona erabiltzaileak.

Zerbitzu hauek emateaz den bezainbatean, erabiltzaileak dira zerbitzu horien eragina edo onura jasotzen duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak, baldin eta bizilekua badute hiri hondakinak biltzeko Jurramendiko Mankomunitatearen zerbitzuan une bakoitzean sarturik dauden udalerri eta kontzejuetan.

Araudiarekin bat, zerbitzu hau nahitaez eman eta, hala behar badu, hartu beharrekoa da.

11. artikulua. Hondakinen kategoriak.

Ordenantza honi dagokionez eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko 7/2022 Legearekin bat etorriz, hondakin kategoria desberdinak ezarri dira, aldi berean zerbitzuak egiteko baldintzak definitzen dituztenak:

a) Etxeko hondakinak, etxeetan, saltokietan eta zerbitzuetan sortuak.

b) Merkataritzako hondakin arrisku gabeak.

c) Etxeko hondakinak, industrietan sortuak.

d) Merkataritzako hondakin arriskutsuak.

e) Industria hondakinak.

12. artikulua. Nahitaezko bilketa.

1. Nahitaez bildu behar dira ETXEKO HONDAKINAK, ETXEETAN, SALTOKIETAN ETA ZERBITZUETAN SORTUAK:

–Etxebizitzetan, herritarrek elikaduraren eta kontsumoaren ondorioz sortzen dituzten hondarrak.

–Etxeko banakako berokuntzaren errautsak eta eraikinetako berokuntza zentralaren instalazioan sortzen direnak.

–Bide publikoak, berdeguneak eta aisialdiko eremuak garbitzetik heldu diren hondakinak.

–Zuhaitzak kimatzean eta landarezaintzako lanetan sortutako saskara, xehakatua utziz gero.

–Zerbitzu, merkataritza edo industria jardueretatik heldu diren hondakinak, etxeetako hondakinen gisako ezaugarriak dituztenak.

–Etxeko obra txikien ondorioz sortutako hondakinak (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpenari eta kudeaketari buruzko Nafarroako araudiarekin bat).

–Etxeko animalia hilak.

–Altzariak, etxeko lanabesak, traste zaharrak eta ehunak.

–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak (AEEH).

–Eta, orokorrean, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 22/2011 Legeak kategoria horretan sartzen dituen guztiak.

2. MERKATARITZAKO HONDAKIN ARRISKU GABEAK izan daitezke zabor bilketa zerbitzuaren xede:

–Saltokietako salgaien azalak, ontziak, bildukiak eta gainerako hondakin solidoak.

–Jaki prestatuak edo edozein motatako kontsumizioak eskaintzen dituzten ostatu, jatetxe edo gainerako establezimenduetan sortzen diren hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta gisako establezimenduetan sortutakoak.

–Egoitza, hotel, ikastetxe eta beste establezimendu publikoek sortzen dituzten kontsumoko hondakinak, oro har.

–Udal azoken jardueretatik heldu direnak.

–Hondakin kliniko kutsatu gabeak.

–Eta, orokorrean, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak kategoria honetan sartzen dituen guztiak, "arriskutsuen" sailean sartuta ez badaude.

Ondoko artikuluan esaten denagatik ere, hondakin mota honen ekoizle edo edukitzaileak, Jurramendiko Mankomunitatearen esku uzten ez baditu, agiri bidez frogatu beharko du horiek zuzen kudeatzen dituela.

13. artikulua. Bilketa bereziak.

1. Aurreko artikuluan esanagatik ere, "arriskutsuen" sailean sartuta dauden etxeko hondakinen edukitzaileek Jurramendiko Mankomunitateak berariaz esaten dituen moduan eta tokian utzi beharko dituzte.

2. Jurramendiko Mankomunitatearen zerbitzuen iritziz nahitaezko bilketaren bidez ezin bil daitezkeen etxeko edo merkataritzako hondakinak, haien aurkezpena, bolumena, pisua, egunero ateratzen den kantitatea, hezetasun edukia eta bestelakoak direla-eta. Orokorrean, sail honen barnean daude egunean 50 litrotik gorako bolumena gainditzen duten hondakinak, ezertan ukatu gabe 35. artikuluan ezartzen dena etxean egiten diren eraikuntza edo konponketako obra txikien hondakinetarako. Halakoak bilketa berezien xede izanen dira, ordenantza honen IV. kapituluan arautzen denaren arabera.

3. Orobat, bilketa bereziaren xede izanen dira industriako hondakinak, etxekoekin parekatzen ahal direnean.

14. artikulua. Hartuko ez diren hondakinak.

Ordenantza honen 5. artikuluan ezartzen diren salbuespenez gain, ez dira inola ere hartuko:

–Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietatik heldu direnak.

–Hondakin arriskutsuak, etxeko jardueratik eratorritakoak izan ezik.

–Industriako edo merkataritzako hondakinak, haien izaera, osaera edo itxura dela-eta ez badira etxeko hondakinekin parekatzen ahal.

–Pneumatikoak.

–Hondakin klinikoak, ez badira hiri hondakinekin parekatzen ahal.

–M.A.R. (Arrisku Handiko Materialak) eta M.E.R. (Arriskuko Material Espezifikoak) gisa sailkatutako hondakinak, haragi ustiategi eta harategietatik heldu direnak.

–Hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak.

–Hondakin erradioaktiboak.

–Beren izaera, osaera edo ezaugarriak direla-eta etxeko hondakinekin parekatzen ahal ez direnak.

II. KAPITULUA.–DERRIGORREZKO BILKETA

1. ATALA–EMATEN DIREN ZERBITZUAK

15. artikulua. Egiten diren zerbitzuak.

Bilketa honen xede izaten ahalko dira 12. artikuluan definituriko hondakinak; jarduketa hauek sartzen dira haren barnean:

a) Edukiontziak uzteko tokietatik bilketa ibilgailuetara eramatea.

b) Edukiontziak ibilgailu horietako zama-tokietan hustea.

c) Hustu eta gero edukiontziak beren lehen lekuetara itzultzea.

d) Lan horien ondorioz eremu publikoan botatako hondakinak garbitzea.

e) Hondakinen garraioa eta hustuketa Jurramendiko Mankomunitateak horretarako prestaturiko tratamendu zentroetan.

f) Edukiontziak garbitzea eta mantentze-lanak egitea.

16. artikulua. Tasak.

Jurramendiko Mankomunitateak urtero ezarriko du behar den tasa nahitaezko zabor bilketaren zerbitzuagatik eta, bidezko denetan, ondoko tratamenduagatik, dagokion ordenantza fiskalak horri buruz adierazten duenaren arabera.

17. artikulua. Programazioa.

1. Jurramendiko Mankomunitateak nahitaezko zabor bilketa eginen du egokiena iruditzen zaion maiztasunarekin, betiere hiri hondakinen zerbitzua osatzen duten entitateen interesei begira.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoari jarraikiz, Jurramendiko Mankomunitatearen zerbitzuek jendaurrera aterako dute urtero (eta aldatzen den guztietan) bilketa zerbitzuetarako ezartzen den ordutegien programazioa, hura osatzen duten entitateetako bakoitzari dagokion egutegiarekin.

Halako kasu berezietan, batez ere saltokiak badira, haiek ireki eta ixteko ordutegia bat heldu ez bada Jurramendiko Mankomunitateak orokorrean izan ohi duenarekin, eta hondakinak bide publikoan bildu gabe geldi ez daitezen, ordutegi berezia ezar dezake, egokiagoa, halakoetako zaborrak uzteko.

3. Jurramendiko Mankomunitateak, interes publikoari begira, komenigarritzat jotzen duenean, noiznahi sar ditzake bilketa zerbitzuen programan iruditzen zaizkion aldaketa guztiak. Horretarako, edozein aldaketa argitaratuko du zerbitzua emateko ordutegian, moduan edo maiztasunean.

4. Larrialdi egoeran Mankomunitateko buruak emandako xedapenek ez dute aurretiazko publizitaterik beharko.

2. ATALA.–EDUKIONTZI BIDEZKO NAHITAEZKO ZABOR BILKETA

18. artikulua. Arau orokorrak.

1. Jurramendiko Mankomunitateak edukiontzi bidezko nahitaezko zabor bilketa zerbitzua antolatua du; erabiltzailea behartua dago hura egokiro erabiltzera.

2. Jurramendiko Mankomunitateko zerbitzuek finkatuko dituzte, ukituriko udal eta kontzejuen lankidetzarekin, edukiontzi mota, haien ezaugarri teknikoak, etxe multzo, industria edo merkataritza gune edo saltoki bakoitzean erabiliko den edukiontzi kopurua, eta haien kokapena; egoera berezia suertatuz gero, zerbitzu horiek kentzen ahalko dituzte.

Mankomunitateak edukiontzien kokalekua halako toki batean finkatuz gero, ez da aldatzen ahalko baldin Mankomunitateko teknikariek espresuki oniritzia ematen ez badute.

Edukiontziak ez dira haien tokitik mugitzen ahalko, ezta aldi baterako ere.

Arau bereziak: Bilketa instalazioak, egun dagoen parkea handituz edo aldatuz.

Jurramendiko Mankomunitatearen eskumen eremuaren barrenean, urbanizazio berriko eremuetan edo egun dauden instalazioak handitzea edo aldatzea eskatzen duten hiriguneetan bilketa puntu berriak instalatzeko, kontuan hartuko da biltzeko modurik ba ote den eta betiere Udalaren hirigintza arauetan ezarritako baldintzei jarraikiko zaie.

Urbanizazio proiektu bat sustatzen duenak bilketa instalaziorik ez dagoen edo behar baino instalazio gutxiago dagoen eremuren batean, itzuli beharrik gabe eta bere kontura ordaindu beharko ditu instalazioen handitze edo aldatzea, zerbitzu eskari berriari erantzuteko beharrezkoa baldin bada. Eginen diren instalazioen ezaugarriak (aire zabaleko edukiontziak, lurrazpikoak, bilketa pneumatikoa etab.) Udalaren hirigintza arauetan agertzen direnak izanen dira edo, bestela, urbanizazio proiektuaren edo obra lizentziaren gainean egin txostenean Mankomunitateak berak adieraziak.

Instalazioa handitzen edo instalazio berria jartzen denean, enpresa zerbitzu emaileak ezarriko ditu baldintza teknikoak eta kontrolatuko du, obrak gauzatzen direnean, baldintzok betetzen ote diren.

Instalazio hori enpresa zerbitzu emaileak nahi bezala bukatu ondotik, berariazko edo esan gabeko obra-harrera egin eta Udalaren ondasun publiko bihurtuko da instalazioa.

3. Edukiontziak jabetza publikoko elementuak direnez gero, Jurramendiko Mankomunitateko zerbitzuek berrituko dituzte. Erabilera okerragatik zerbitzurako erabili ezinak suertatu direnetan, erabiltzaileari ordaindu beharra ezartzen ahalko zaio.

4. Jurramendiko Mankomunitateko zerbitzuek beren edukiontzien aldizkako garbiketa eginen dute.

5. Jurramendiko Mankomunitateak hiri eremuan pasabideak eta erreserba bereziak paratzeko eskatzen ahalko du, zamalanetarako eta edukiontziak era egokian mantentzeko gainerakoak egiteko.

6. Barneko karriketan bilketako ibilgailuen joan-etorria debekatua bada edo ezinezkoa bada, finketako jabeen erkidegoek edo egoileek eraman beharko dituzte euren hondakinak bertatik hurbilen dauden bilketako kamioiaren geldilekuetara, betiere ordenantza hauetan agindutakoari jarraikiz.

Titularrak eskatuta, edukiontziak jabego pribatuen barnean paratzen ahalko dira, betiere bilketa aldaketarik gabe egiten ahal bada, eta bilketako ibilgailua trabarik gabe ailegatzen ahal bada haietara.

Aurrekoa deusetan ukatu gabe, Mankomunitateak, bere baliabideak erabiliz edo udalen lankidetzaren bidez, ezar ditzake edukiontziak non eta bilketako kamioiak ailega ez daitezkeen lekuetan, betiere inguruabar bereziengatik hori egitea komenigarria bada.

19. artikulua. Erabiltzailearen betebeharrak.

18. artikuluan eta kapitulu honetako hirugarren atalean ezarritakoez gain, erabiltzaileak, orokorrean, honako betebehar hauek izanen ditu:

1. Jurramendiko Mankomunitateak hondakinetarako kasu bakoitzean zehazten dituen edukiontziak erabiltzea, indarrean dagoen legezko araudiari jarraikiz. Aipatu edukiontziak Jurramendiko Mankomunitatearenak izanen dira, salbu eta zerbitzu teknikoen iritziz eta hondakin produkzio handiarengatik, zentro ekoizleak haiek erostera behartzen badira, halakoetan Mankomunitateak ezarritako edukiontzi motakoak izan eta arau teknikoak bete beharko baitituzte, entitate honek haiek bildu eta garbitzeko dituen bitartekoekin bat etor daitezen. Hondakinak edukiontzien barnean utzi beharko dituzte erabiltzaileek, eta erabili ondotik estalkiak itxi. Debeku da bilketa elementu hauek uzteko dauden eremuen inguruan hondakinik uztea.

2. Hondakinak Mankomunitatearen esku jartzea, zehazten diren zatietan bereizita eta ordenantza honetan ezartzen diren baldintzen ataletan.

3. Hondakinak edukiontzien barnean utzi beharko dituzte erabiltzaileek, eta erabili ondotik estalkiak itxi. Debeku da bilketa elementu hauek uzteko dauden eremuen inguruan hondakinik uztea, zabor sakabanatua sortuz.

4. Debeku da handizkako hondakin organikoak botatzea. Erabiltzaileak hondakin horiek poltsetan sartu beharko ditu, zikinkeria saihesteko. Orobat, debeku da likidoak edo likidotzen ahal diren produktuak edukiontzietara botatzea.

5. Erabiltzaileek nahiz hondakin-biltzaileek arreta handiz erabiliko dituzte hondakinen edukiontziak, kalterik jasan ez dezaten.

6. Herritarrek ez dituzte edukiontzien zamalanak, garraioa eta garbiketa-lanak eragotziko.

7. Kasuan kasu, hondakinak tolestea edo zatitzea (kartoizko kutxak, zura, plastikoa eta abar).

8. Kalteak eragiten ahal dituzten hondakinak (beira laua, toska, latorria eta abar) kalterik ez egiteko moduan utzi beharko dira.

9. Errautsak aldez aurretik itzalita eta hoztuta botatzea.

Jurramendiko Mankomunitatearen zerbitzuek behar bezala eta aurreko zehaztasunekin bat utzi ez diren hondakinak jasotzeari uko egiten ahalko diote.

3. ATALA.–ZABORREN GAIKAKO BILKETA

20. artikulua. Helburuak.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak helburu ditu prebentzioa, berrerabilpena, birziklatzea eta hondakinak balorizatzeko beste modu batzuk, horiek denak ingurumena eta jendearen osasuna zaintzeko. Halaber, beste helburu batzuk dira hondakinak aprobetxatzea eta baliabide energetikoen eta lehengaien optimizazioa.

21. artikulua. Gaikako bilketa sistema.

1. Aurreko artikuluan ezarritakoa bete dadin, Jurramendiko Mankomunitateak gaikako bilketa sistema, sorburuko bereizketarekin, ezarri du, eta erabiltzaile guztiak horretara behartzen ditu. Hona hemen:

Ontzi-hondakinetarako edukiontzia: Edozein motatako plastikozko ontzien hondakinak (botilak, erretiluak, poltsak eta abar), kontserba-latak eta edarienak, bai eta brik ontziak ere. Edukiontzi horrek bereizgarri edo tapa horia dauka.

–Gai organikoetarako edukiontzia: biohondakinak (sukaldeetatik eta janari hondarretatik heldu diren gai organikoak, lorezaintzako hondar txikiak etab.), kortxoak, infusioak, kafe hondarrak, sukaldeetako paper zikinak, paperezko ezpainzapi edo zapiak, eta oro har, konpostatzen ahal diren produktuak. Edukiontzi horrek bereizgarri edo tapa marroia dauka.

Paperarendako edukiontzia (urdina): kartoi eta paper garbia horretarako bereizten den edukiontzi urdinean utziko da.

Beirarako edukiontzia ("igloo" motakoa): botilak, poteak eta beirazko potoak, gisa horretako ontziak sartuko dira edukiontzi mota hauetan.

Errefusarako edukiontzia: pixoihalak, konpresak, bendak, zeramika-hondarrak, erraztakinak, sokak, zumitzak, errautsa, animalien gorozkiak, katuen harea. Beste hondakin batzuk, beste bilketa berariazkoa ezarrita ez dutenak. Edukiontzi horrek bereizgarri edo tapa grisa dauka.

2. Debeku da etxeko hondakin arriskutsuak (pilak, olioak, fluoreszenteak, pinturak, disolbatzaileak, bateriak, botikak eta hondakin arriskutsuei buruzko araudiak araututako gainerakoak) edukiontzi mota guztietara botatzea, ezertan ukatu gabe Jurramendiko Mankomunitateak entitate eskudunekin haien kudeaketaz laguntza eskaini ahal izatea indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

Hondakin horiek eta haien ontziak Jurramendiko Mankomunitateak horretarako paratzen dituen garbiguneetan utzi beharko dira.

3. Hondakin guztiak edukiontzietan uztean, ez da zaborra sakabanatuko, eta ez da edukiontzia edo bide publikoa zikinduko. Horretarako, bada, poltsak erabiliko dira. Hondakin organikoetarako poltsak, ahal dela, material konpostagarriz eginak izanen dira. Hondakinak, gaizki jartzearen ondorioz isurketak gertatzen badira, isurketa eragin duen erabiltzailea izanen da sortutako zikinkeriaren erantzulea. Ez da inola ere baimenik emanen hondakinak pakete edo kaxa barnean uzteko.

4. Kartoizko ontzi handietako hondakinak tolestu eta hautsi beharko dira utzi aurretik. Plastikorik, zurik, metalik eta abarrik gabe joanen dira papera eta kartoia.

5. Beirazko ontziak poltsarik, taparik edo tapoirik gabe utziko dira.

6. Jurramendiko Mankomunitateak zehapena ezarriko die bere jokabidea dela medio edukiontziak jaso edo bere lekuan paratzeko zerbitzua eragozten dutenei, baita aurreko artikuluetan ezarritako betebeharretako edozein betetzen ez dutenei ere.

22. artikulua. Atez ateko bilketa.

Jurramendiko Mankomunitateak, orobat, produktu desberdinen atez ateko bilketa ezartzen ahalko du, hala nola trapu, papera eta abarrena. Behar besteko aurrerapenaz adieraziko ditu ordutegia eta bilketaren ezaugarriak.

III. KAPITULUA.–ZABORRETARAKO INSTALAZIO FINKOAK ERABILTZEA

23. artikulua. Debekuak.

Debeku da hondakinak saneamendu edo estolderia sareetara botatzea.

24. artikulua. Instalazioak.

Jurramendiko Mankomunitatearen zerbitzuek aldez aurretik emandako baimena beharko da etxeko erraustegiak edo zaborren dentsitatea handiagotzeko instalazioak paratzeko.

IV. KAPITULUA–BILKETA BEREZIAK

1. ATALA.–XEDAPEN OROKORRAK

25. artikulua. Kontzeptua.

Bilketa berezitzat jotzen dira 13. artikuluan definitutako kasuak; horretarako, Jurramendiko Mankomunitateak bilketa zerbitzu bereziak ezarriko ditu edo, bestela, zehaztuko du erabiltzaileek nola egin behar duten.

Normalean, ERABILERA ESKLUSIBOKO EDUKIONTZIEN BIDEZ eginen da zerbitzu hau. Zerbitzua egiteko modu honen erabiltzaileek edukiontziak zaindu eta mantentzeko ardura izanen dute eta orobat erantzunen dute berei edo hirugarrenei egiten dieten kalteez. Edukiontzi horiek ekoizlearen jabegoan gordeko dira normalean. Salbuespenez bide publikoan paratzen ahalko dira, dagokion udalaren berariazko edo isilbidezko baimenarekin. Orobat, ekoizleari dagokio edukiontziak zerbitzuaren eskura jartzea ohiko bilketa orduetan eta hortik kentzea hura bukatutakoan.

Bilketa berezi horiek edukiontzi trinkotzaileak, kaxak edo zerbitzu honi egokitutako beste sistema berariazkoak erabiliz egiten ahalko dira.

Inondik ere ez dira biltzen ahalko araudi orokorrak hondakin arriskutsutzat hartzen dituenak, edo kudeatzaile baimendu baten aldez aurretiko tratamendua behar dutenak, salbu eta Mankomunitateari horretarako gaitasuna ematen bazaio.

2. ATALA.–HONDAKIN ARRISKUTSUAK

26. artikulua. Hondakin arriskutsuen aurreko tratamendua.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezartzen duenarekin bat, Jurramendiko Mankomunitateak uste badu halako hondakin bat arriskutsua dela edo, ezaugarri batzuen ondorioz, haren kudeaketa zaila dela, haren edukitzailea behartzen ahalko du behar diren neurriak hartzera ezaugarri horiek deuseztatzeko edo apaltzeko, edo behar den tokian eta moduan uztera.

27. artikulua. Hondakin arriskutsuak.

1. Ordenantza honetatik kanpo geldituko dira artikulu honen bigarren apartatuan aipatzen diren material guztiak, hondakin arriskutsuak baitira, baita Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2. artikuluan hala definitzen direnak ere.

2. Hondakin hauek arriskutsutzat hartzen dira:

a) Eragile infekziosoen kultiboak eta erreserbak.

b) Dialisirako iragaziak eta hodiak, transmisio parenteraleko eritasun infekziosoak dituzten gaixoenak (GIB eta B eta C hepatitisak).

c) Infekzio enterikoak (kolera edo disenteria amebianoa) dituzten erien gorozkiekin kutsaturiko hondakinak.

d) Aerosol bidezko transmisioko infekzioak (tuberkulosia edo Q sukarra) dituzten erien arnas jariakinekin kutsaturiko hondakinak.

e) Infekzio oso birulentoak (kanpotik ekarriak edo Espainian gutxitan izaten direnak) dituzten erien hondakinak.

28. artikulua. Informazioa.

Aurreko artikuluak dioena bermatu beharrez, aurreko artikuluetan zehaztutako hondakinak sortu, eskuztatu edo garraiatzen dituzten ekoizle, edukitzaile eta baimendutako hirugarrenak beharturik daude hondakinen jatorriari, izaerari, osaketari, ezaugarriei, kopuruari, hustuketa motari, aurretratamendu sistemari eta behin betiko tratamenduari buruzko informazioa ematera Jurramendiko Mankomunitateari.

3. ATALA.–INDUSTRIA HONDAKINEN BILKETA ETA GARRAIOA

29. artikulua. Egiten ahal diren zerbitzuak.

Jurramendiko Mankomunitateak ez du industria jardueraren ondoriozko hondakinik jasoko.

Establezimendu mota honetan sortzen diren etxeko hondakinak bai biltzen ahalko ditu, horrela eskatzen badu jardueraren titularra den pertsona fisiko edo juridikoak.

Bilketa bereziaren bidez eginen da zerbitzu hau.

4. ATALA.–HONDAKIN KLINIKOEN BILKETA ETA GARRAIOA

30. artikulua. Sailkapena.

Ordenantza honen aplikazioari dagokionez, klinika, ospitale, anbulatorio eta abarretako hondakinak, oro har, honela sailkatuko dira:

a) Kutsatu gabeak: etxekoen gisa sailkatuak, sukaldetik, ostatutik edo antzekoetatik heldu direnak, eta jarduera kliniko edo administratiboak sortuak, "arriskutsuak" ez direnak.

b) Kutsatuak: jarduera klinikoak sortuak, "arriskutsuak" direnean.

31. artikulua. Tratamenduak.

Bakarrik aurreko artikuluko a) apartatuan sailkaturiko hondakin klinikoak biltzen ahalko dira. Jarduera klinikoan edo administratiboan sortutakoak nahitaezko bilketa-zerbitzuaren xede izan daitezke, edo, bestela, erakunde bati entregatzen ahal zaizkio tratatzeko, Jurramendiko Mankomunitatean agiri bidez egiaztatuta.

32. artikulua. Hondakin erradioaktiboak.

Jurramendiko Mankomunitateak ez du bere gain hartuko inolako hondakin erradiaktiboren bilketa, ez baita bere eskumenekoa; horrenbestez, ospitale, klinika edo anbulatorio bakoitzak horiek deuseztatzeko sistema egokiak prestatu beharko ditu.

5. ATALA.–ETXEKO ANIMALIA HILEN BILKETA ETA GARRAIOA

33. artikulua. Debekuak.

Debeku da animalia hilak abandonatzea, edozein motatakoak direla ere eta edozein lur motatan dela ere, bai eta horiek hondakinen edukiontzietan uztea edo jabetza publikoko lurretan ehorztea ere.

34. artikulua. Egiten diren zerbitzuak.

Etxeko animalia hilak gainetik kendu nahi dituztenek beren kasa eginen dute sektoreko enpresen edo albaitaritzako kliniken bidez. Bestela, Mankomunitateak ezarritako zerbitzuak erabil ditzakete, horiek bildu eta garraiatuko baitituzte, baita deuseztatuko ere legeak onartzen dituen baliabideen bitartez.

Zehatz-mehatz, animalia hilez den bezainbatean, Mankomunitateak zerbitzu hauek egiten ditu:

Bilketa, garraioa eta entrega, behar bezala deuseztatzeko.

Etxeko animalia bakoitza poltsa itxi batean utziko da haren eskutan; poltsa horrek behar bezalako estankotasuna eta sendotasuna izanen ditu, ez hausteko eta likidorik ez jariatzeko.

Ez da animalia hilik bilduko haien deskonposizio egoera aurreraturik badago.

Animalia hila beren gainetik kenduagatik ere, jabeak haren baja eman eta heriotzaren arrazoiak jakinaraztera beharturik daude, beste araudi batek hala agintzen badu.

Erabiltzaileari fakturatuko zaio zerbitzu hau, ordenantza fiskalean ezarritakoari jarraikiz.

6. ATALA.–ETXEETAN EGITEN DIREN ERAIKUNTZAKO EDO KONPONKETAKO OBRA TXIKIEN ONDORIOZ SORTUTAKO OBRA HONDAKINAK

35. artikulua. Aplikazio-eremua.

Horri dagokionez, eta Foru Komunitatean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei buruzko araudiarekin bat, "etxeko eraikuntzako edo konponketako obra txikiak" dira etxe partikular, saltegi edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntzako edo eraispeneko obrak, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldeko garrantzi txikikoak. Haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute behar tituludun profesionalek sinatutako proiekturik.

Ordenantza hau obra mota hauetatik heldu diren obra-hondakin guztiei aplikatuko zaie.

36. artikulua. Hondakinak botatzeko tokiak.

Jurramendiko Mankomunitateak gisa honetako hondakinak botatzeko toki berariazkoak ezartzen ahal ditu, interesdunek toki horretan berean eta zuzenean bota ditzaten obra hondakinak, behar den tasa aurretik ordainduta. Gisa hartara galaraziko da inork kontrolik gabe botatzea, toki baimendu gabeetan, jabari publikoko lurrak behar ez bezala okupaturik, zoladura hondatuz edo eremu publikoa zikinduz.

Obra mota hauetatik hondakin mota hauek onartuko dira Mankomunitateko herrietan dabiltzan garbiguneetan, 200 kilogramo baino gutxiago badira egunean edo tona bat baino gutxiago hilean. Hondakin horiek garbiguneetara ekarriko dira zuretatik, metaletatik eta plastikoetatik bereizirik.

Obra mota honen hondakinek arestian aipatutako zifrak baino gehiago egiten badute, hondakinaren ekoizleek beren kasa kudeatzen ahalko dute sektoreko enpresekin, eskualdean EEHak tratatzeko dabiltzan instalazioetan trata daitezen.

Jurramendiko Mankomunitateak estaldura teknikoa emanen du eta gastuak sortuko ditu kudeaketa, bilketa eta tratamenduagatik, ekoizleak horrela eskatzen duenean.

37. artikulua. Debekuak.

Debeku da lur eta obra hondakinekin nahasita edozein motatako hondakin organikoak botatzea, eta, oro har, hirugarrenei, ingurumenari edo higiene publikoari kalte egin diezaiekeen zernahi botatzea.

38. artikulua. Garraioa.

Lurrak eta obra hondakinak eramaten dituzten ibilgailuek bidean deus ere ez galtzeko maneran garraiatuko dituzte, bide publikoa ez zikintzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz.

Aurreko apartatuan aipatzen denari dagokionez, Jurramendiko Mankomunitateko zerbitzuek ukitutako eremua garbitu eta bertara eroritako materialak kentzen ahal dituzte. Erantzuleei ordainaraziko zaizkie zerbitzuaren kostuak, legokiekeen zehapena deusetan ukatu gabe.

7. ATALA.–ALTZARIAK, ETXEKO TRESNAK, TRASTE ZAHARRAK ETA ARROPA, ETA APARATU ELEKTRIKO ETA ELEKTRONIKOEN HONDAKINAK (AEEH) BILTZEA

39. artikulua. Bilketa bereziaren zerbitzua.

Jurramendiko Mankomunitateak zerbitzu berezia ezarriko du altzariak, etxeko tresnak, traste zaharrak eta arropa biltzeko, betiere bere jarduketa eremuan.

AEEHak uzteko prestatzen diren tokiak eskura jartzen ahal badira ere, hondakin mota honetarako zerbitzu berezia ere ezarriko du Jurramendiko Mankomunitateak.

40. artikulua. Salbuespenak.

Zerbitzuak mota orotako altzariak, etxeko tresnak, traste zaharrak, arropak eta AEEHak hartuko ditu bere gain, salbu eta higiarazteko bitarteko mekanikoen erabilpena behar dutenak, hala nola garabiak, poleak etab., edota berehala garraiatuak izateko prest ez daudenak, edo haien kopuru edo bolumenagatik ohikoekin ezin eta baliabide bereziak behar badituzte. Horrelakoetan, horretarako prestaturiko tokietan uzten ahalko ditu edukitzaileak.

8. ATALA.–GARBIGUNEEN KUDEAKETA

41. artikulua. Definizioa.

"Garbigunea" da etxeko hondakinak eta parekoak gaika biltzeko instalazio edo espazioa, berrerabili, birziklatu edo balorizatzen ahal diren materialak uzteko.

Honako hauek dira garbiguneen helburu nagusiak:

1. Balorizazio materiala izaten ahal duten hondakinak birziklatzeko erabiltzea, ezabatu beharreko hondakinen bolumena murriztuta.

2. Bilketa zerbitzu konbentzionalen bidez ezabatu ezin diren tamaina handiko hondakinak kontrolik gabe isur daitezen saihestea.

3. Hondakin mota bakoitzerako irtenbiderik hoberena bilatzea, materialen balorazio gorena eta kudeaketa globalean kosturik txikiena lortzeko.

Garbiguneen kudeaketa Jurramendiko Mankomunitatearen eskumena da, Erregelamendu honetan jasotzen diren manuen arabera, eta hura izanen da behar bezala entregatutako hondakinen titular.

42. artikulua. Hondakin motak:

1. Hondakin hauek onartzen dira:

–Askotariko plastikoak: mahaiak, aulkiak, saretak, jostailuak, bilgarriak eta abar.

–Film plastikoa.

–Metalak: bizikletak, aulkiak, bidoiak, erradiadoreak, apalategiak, antenak eta abar.

–Zura: armairuak, aulkiak, kaxak, ateak, oheak. (Armairuen edo antzekoen kasuan, apurtu egin behar dira, edukiontzietan utzi aurretik bolumena murrizteko).

–Tamaina handiko hondakinak: altzariak, koltxoiak, somierrak.

–Papera eta kartoia: Kartoizko kaxak, bilgarriak, aldizkariak, egunkariak.

–Pinturak: aerosolak, disolbatzaileak, itsasgarriak, erretxinak.

–Fluoreszenteak eta bonbillak.

–Inprimagailuetako tonerrak.

–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak:

1.-Linea zuria: hozkailuak, garbigailuak, ontzi-garbigailuak, labeak, mikrouhin-labeak.

2.-Linea marroia: telebistak, bideoak, musika-ekipoak eta DVD irakurgailuak, ordenagailuak.

–Metagailuak eta bateriak.

–Etxeko olioak.

–Motor-olioak.

–Etxeetan sortutako hondakinak eta parekoak baino ez dira onartuko.

Astean ez du utziko 2 m³ edo 750 kg hondakin baino gehiago, Jurramendiko Mankomunitateak espresuki eta idatziz baimena eman ezean.

EEHen (Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinen) kasuan, egunean gehienez 200 kg, eta gehienez tona 1 hilean, obra txikietan sortutakoa.

2. Onartzen ez diren hondakinak:

–Hondakin nahasiak.

–Jatorri ezezaguneko hondakinak.

–Gai organikoaren gaikako bilketatik heldu diren hondakinak.

–Osasun arloko hondakinak.

–Hondakin erradioaktiboak.

–Meatzaritzan edo erauzketa jardueretan sortzen diren hondakinak.

–Erabileraz kanpoko ibilgailuak.

–Pneumatikoak.

–Material lehergarriak (pirotekniakoak, air bag-ak eta abar).

–Amiantoa-uralita duten hondakinak.

43. artikulua. Garbiguneaz arduratzen diren langileen eginkizunak.

Garbigunean aritzen diren langileek kontrol lanak eginen dituzte hondakinak hartzean. Langile horiek dituzten eskudantziak, erabiltzaileei dagokienez, honako hauek dira:

–Hondakinen sarrera-erregistro bat osatzea, datu hauek jasota: matrikula, erabiltzailea identifikatzeko datuak (NANa edo IFK), herria eta utzitako hondakinaren kopurua eta mota.

–Onartzen ez diren materialak uztea debekatzea.

–Erabiltzaileari aholku ematea hondakinak uzteko tokiei buruz.

–Baimenduta ez dagoen ezein pertsonak edo enpresak hondakinak atera ditzan saihestea. Salbuespen gisa, erabiltzaileek altzariak eta zurezko paletak ateratzen ahalko dituzte.

–Erabiltzaileen eta hondakinen garraiatzaile/kudeatzaileen segurtasuna zaintzea. (Erabiltzaileei ez zaie utziko, inolaz ere, hondakinak biltzeko edukiontzietara sartzen).

44. artikulua. Pertsona erabiltzaileak.

A) Garbigunea erabiltzaile hauek erabiltzen ahal dute:

Honako hauetatik datozenak:

–Etxebizitza partikularrak.

–Saltoki txikiak.

–Bulegoak.

–Ostalaritza.

–Udalak.

B) Jurramendiko Mankomunitateko hondakinen zerbitzuaren eremutik kanpo dauden enpresek edo partikularrek EZ DITUZTE hondakinak garbigunean uzten ahalko.

45. artikulua. Erabiltzailearen betebeharrak.

1. Hondakinak garbigune batean uzten dituen bakoitzean, erabiltzaileak honakoak egin beharko ditu:

–Sarrera-erregistroa osatzeko eskatzen zaion informazioa ematea: bai erabiltzailea identifikatzeko, bai hondakinaren mota eta jatorria identifikatzeko.

–Hondakinak modu ordenatuan eta bakoitza dagokion edukiontzian uztea, betiere hurrengo apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

–Instalaziotik hondakinik ez lapurtzea, berrerabiltzeko biltegian dauden objektuak izan ezik.

–Instalazioaren arduradunaren argibideei kasu egitea.

–Hondakinak deskargatzeko prozesuan isurketarik gertatuz gero, eremuak garbi uztea.

–Behar bezala eta abiadura egokian gidatzea, sarbidea une oro libre utzita; baimendutako gehieneko pisua 3.500 kilogramotik beherakoa duten ibilgailuak erabiltzen ahal dituzte.

2. Hondakin arriskutsuak eta bereziak markesinetan utziko dira, behar bezala etiketatuta eta kontrolatuta. Kategoria hauetan biltegiratuko dira:

–Tonerra.

–Pilak.

–Lanparak.

–Sukaldeko olio erabilia.

–Motor-olioa.

–Olio iragazkiak.

–Kutsatutako materiala.

–Lehengai zaharkituak.

–Plastikozko ontzi kutsatuak.

–Metalezko ontzi kutsatuak.

–Pintura hondarrak.

–Silikona kartutxoak.

–Aerosolak.

3. Etxetresna elektrikoei dagozkien hondakinak (AEEHak) leku jakin batean biltegiratuko dira. Erabiltzaileek ez dituzte eramaten ahalko.

4. Berrerabiltzeko moduan eta egoera onean dauden hondakinak berrerabiltzeko biltegian gordeko dira, edozein erabiltzailek eraman ahal izan ditzan.

5. Gainerako tamaina handiko hondakinetarako, oro har, bi edukiontzi izanen dira:

–Tamaina handiko hondakinak.

–Obra hondakin garbia: Edukiontzi horretan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak baino ez dira utziko, baita kristala eta zeramikazko, portzelanazko eta abarreko elementuak ere. Pladurra ez da obra hondakintzat hartuko, eta "errefusa" gisa utziko da. Obra hondakina garbi utzi behar da eta, kasuan kasu, garraiatzeko erabilitako poltsarik gabe.

Ez da onartuko amiantoa duen hondakinik.

46. artikulua. Ordutegiak.

Jurramendiko Mankomunitateak, dagokion udalarekin koordinatuta, garbigune bakoitza irekitzeko ordutegia ezarriko du.

47. artikulua. Garbiguneko tarifak.

Hondakinak garbigunean hartzeko zerbitzua DOAKOA da erabiltzaileentzat.

48. artikulua. Zehapen-araubidea.

Sektoreko araudian eta ordenantza honetan, oro har, ezartzen ahal diren arau-hausteak alde batera utzi gabe, atal honetan xedatutakoa urratzea edo ez betetzea arau-hauste administratibotzat joko da; atal honetako xedapenak izanen dira lehentasunez aplikatzekoak, III. tituluan, oro har, aurreikusitakoaren aldean, subsidiarioki aplikatzekoa den aldetik.

Arau-hauste "oso astunak" dira honako hauek:

1. Baimendu gabeko hondakin arriskutsuak garbigunean uztea edo isurtzea, baita hondakin arriskutsuen kategoriak elkarren artean nahastea edo halakotzat hartzen ez direnekin nahastea ere.

2. Garbiguneko ekipoak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak larriki eta nabarmen hondatzea, zabarkeria larria edo doloa tarteko.

3. Garbigunearen inguruan hondakin arriskutsuak uztea ezarritako funtzionamendu ordutegitik kanpo, baita bestelako hondakinak ere, haien zenbatekoagatik edo garrantziagatik behar bezala biltegiratzeko ezohiko esku-hartzea behar denean.

4. Garbigunean aurretiaz utzitako hondakinak instalazioaz arduratzen diren langileen baimenik gabe eramatea.

Arau-hauste "astunak" dira honako hauek:

1. Aurreko apartatuan deskribatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste "oso astuntzat" hartzea merezi ez duenean.

2. Garbigunearen inguruan hondakin arriskugabeak uztea, ezarritako funtzionamendu ordutegitik kanpo.

Arau-hauste "arinak" dira honako hauek:

1. Erregelamendu honetan ezarrita ez dagoen beste edozein hondakin mota uztea.

2. Hondakinak nahastuta uztea.

3. Hondakinak dagokien edukiontzitik kanpo uztea.

4. Onartzen direnak baino hondakin gehiago botatzea.

5. Erregelamendu honetan edo sektorearen berariazko araudian xedatutakoa urratzea, "astun" edo "oso astun" gisa tipifikatuta ez dagoenean, edo eragindako oso txikiak direnean.

III. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

49. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira ondoko jarduerak eta egoerak:

1. Erabiltzaileak berak sortutako hondakinak Mankomunitatearen esku uzteari uko egitea, arrazoirik gabe.

2. Hondakinak Mankomunitateak ezarritako eremu edota zabortegietatik kanpora botatzea.

3. Edukiontzietako nahitaezko bilketan sarturik ez dauden hondakinak botatzea, zerbitzu hori kontrataturik izan gabe edo Mankomunitateak baimendurik egon gabe.

4. Hondakinak uztean, Mankomunitateak ordenantza honen bidez edo hau garatzeko eman ebazpenen bidez hondakinak biltzeko ezarritako baldintza, leku eta orduei ez lotzea.

5. Edukiontziei kalte egitea.

6. Zamalanak eta edukiontzien inguruko mantentze eta garbiketa lanak eragotzi edo trabatzea eta, oro har, zerbitzua emateak dakartzan gainerako jarduerak egitea nolanahi trabatzea.

7. Hondakinak estolderia saretik behera botatzea.

8. Jurramendiko Mankomunitatearen baimenik gabe etxeetan hondakinen aurretratamendurako instalazioak paratzea.

9. Hondakin arriskutsuak uztea, bai eta biltzen direnekin batera nahastea ere.

10. Arriskutsuak edo toxikoak izan daitezkeen hondakinei buruz Mankomunitateak eskatutako argibideak ukatzea, eta benetan halakoak direnean, haien jatorriari, ezaugarriei, aurretratamendu motari eta abarri buruzko datuak ez ematea.

11. Jasotzekoak ez diren hondakin klinikoak uztea, edo horiek nahastea onartzen diren hondakinekin.

12. Animalia hilak edozein lur motatan abandonatzea edo jabetza publikoko lurretan lurperatzea.

13. Ordenantza hau betetzeko beharrezkoak diren ikuskapenak eta egiaztapenak eragoztea.

14. Hondakin organikoak lurrekin edo obra-hondakinekin nahastea.

15. Behar bezala utzi diren hondakin solidoak ebastea.

16. Hondakinak ez dagozkion edukiontzira botatzea, jatorrian bereizitako gaikako bilketa egiteko Mankomunitateak ezarri duen sistemari huts eginez.

17. Zabor organikorako edukiontzietara hondakinak soltean botatzea, hau da, poltsetatik kanpora.

18. Mankomunitatearen baimenik gabe edukiontziak mugitzea edo lekuz aldatzea.

19. Edukiontzietan pintadak, grafitiak eta halakoak egitea, edonolako kartelak edo itsasgarriak itsastea edo publizitatea egiteko helburuarekin erabiltzea, erantzule zuzen edo subsidiario izanik egilea edo iragarlea.

20. Orokorrean, ordenantza honetan eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenetan ezartzen direnei kontra egiten dien egite edo ez-egite oro.

50. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Aurreko artikuluan jasotako arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke:

a) Arau-hauste oso astunak dira aurreko artikuluko apartatu hauetan agertzen direnak: 2-3-4-5-7-9-11.

b) Arau-hauste astunak dira aurreko artikuluko apartatu hauetan agertzen direnak: 1-6-10-12-14-16-17; bai eta oso astunen artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea ere, baldin eta zenbateko edo garrantzi urriagatik oso astunaren kalifikazioa merezi ez badu.

c) Arau-hauste arinak dira aurreko artikuluko apartatu hauetan sartzen direnak: 8-13-15-18-19-20; bai eta aurreko apartatuetan jasotako arau-hausteetakoren bat egitea ere, baldin eta zenbateko eta garrantzi urriagatik oso astunaren edo astunaren kalifikazioa merezi ez badu.

Arau-hauste arin batean berreroriz gero, astuntzat hartuko da, eta arau-hauste astun batean berreroriz gero, oso astuntzat.

51. artikulua. Zehapenak.

Zehapenak aplikatzerakoan kontuan hartuko dira erruduntasun maila, zer nolako falta den, eragindako kalteak, arau-hausteak dakarren arriskua, behin eta berriro egitea, eta gainerako inguruabar aringarriak edo astungarriak.

Erregelamendu honetan aipatzen diren arau-hauste arinek enpresaren ohartarazpena ekarriko dute, eta arau-hauslea beharturik egonen da agindutakoa betetzera, hamabost eguneko epean eta bere gain hartzen dituela horrekin sortzen diren gastu guztiak.

Arau-hauste astunak 60 eurotik 600 eurorainoko isunarekin zehatuko dira.

Arau-hauste oso astunek 601 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen, edo bestela legedia orokorrak alkateei esleitzen dien gehiena.

Hori guztia ukatu gabe, arau-hausleek beren gain hartuko dituzte beren egintzen ondoriozko kostuak, eta beharturik egonen dira arau-haustea egin baino lehenago zegoen egoera lehengoratzera.

Zehapena %25eko murrizketarekin ordaintzen ahal da behar den zenbatekoaren gainean aplikatuta, betiere ordainketa borondatez egiten bada ebazpena eman aurretik. Era berean, %25eko murrizketa aplikatzen ahalko da arau-hausleak bere erantzukizuna onartzen badu, eta bi murrizketak metatzen ahalko dira.

52. artikulua. Zehapen-prozedura.

Zehapen-prozedura legedia orokorrean ezarritakoari lotuko zaio: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

Bereziki aplikatuko dira arau horietan ezarritako preskripzio epeak.

IV. TITULUA.–ERREKLAMAZIOAK ETA JURISDIKZIOA

53. artikulua. Erreklamazioak. Hurrengo artikuluan ezartzen dena ukatu gabe, erabiltzaileek zerbitzuen baldintzak direla eta aurkezten dituzten erreklamazioak, zalantzak eta galderak, kasu bakoitzean eskudun den administrazio publikoko erakundeak ebatziko ditu, administrazio bidea erabiliz.

54. artikulua. Errekurtsoak. Entitatearen ebazpenen aurka Toki Administrazioari buruz indarrean dagoen legediak oro har ezarrita dituen errekurtso eta erreklamazioak ezar daitezke.

55. artikulua. Jurisdikzioa. Honako Erregelamendu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen gorabehera guztiak ebazteko, Nafarroako administrazioarekiko auzitegiak izanen dira eskudun.

Xedapen indargabetzailea.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak izan.

Azken xedapena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2501330