35. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Aldaketa, Lerateko badian (Allozko urtegia) ibilgailuak aparkatu eta bainatzeko eremua erabiltzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2024ko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Lerateko badian (Allozko urtegia) ibilgailuak aparkatu eta bainatzeko eremua erabiltzea arautzen duen ordenantzan.

Aipatutako aldaketaren behin behineko onespena argitaratu zen 2024ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an. Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin, eta, beraz, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

LERATEKO BADIAN (ALLOZKO URTEGIA) IBILGAILUAK APARKATU ETA BAINATZEKO EREMUA ERABILTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Lerateko badiak jarraitu behar du izaten toki erakargarria eta segurua bisitari guztientzat; funtsezkoa da hori bermatzea. Horregatik aldatu behar da ordenantza, eta txakurrak han egotea debekatu. Hain zuzen, hauek dira debekatzeko arrazoiak:

1. Ingurumena zaindu beharra. Izan ere, txakurrek tokiko ekosistema kaltetzen ahal dute. Aldaketak eragin ditzakete animalia- eta landare espezieetan, eta eragozpenak sortzen ahal dizkiete gehienbat bertako hegaztiei.

2. Higieneari eta osasun publikoari lotutako arrazoiak. Txakurren jabe asko arduratsuak dira, baina gerta liteke batzuek ez jasotzea beren maskoten gorozkiak. Horrek ura eta harea kutsa ditzake, eta gizakiek gaixotasunak izateko duten arriskua handitu.

3. Bisitarien segurtasunari lotutako arrazoiak. Badira eroso edo seguru sentitzen ez direnak txakurrak inguruan dituztenean. Gerta liteke batzuek alergia edo beldurra izatea, edo, besterik gabe, nahiago izatea aire zabalean erlaxatu inguruan txakurrik izan gabe.

4. Kalitate turistikoari lotutako arrazoiak. Nahi badugu badiak izatea kalitatezko helmuga turistikoaren irudia, beharrezkoa da ingurunea garbi eta zainduta egotea. Horrek bisitari gehiago erakar ditzake, eta onuragarria izan daiteke tokiko ekonomiarako.

Txakurrak debekatzeak, hortaz, lagunduko du Lerateko badiaren natura ingurunea zaintzen eta ahalbidetuko du esperientzia atsegina izatea hura bisitatzen duten edo bertan bizi diren guztiek. Orobat, debeku hori ezinbesteko baldintza da Bandera Urdinari eusteko (ingurumen-aitortza da). 2024ko udako denboraldian aplikatu zen lehenbizikoz, eta erabiltzaileek ez zuten kexarik jarri. Izan ere, beste hondartza bat dago handik gertu, eta han baimenduta dago txakurrak egotea.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedea da Lerateko badiaren inguruan aparkaleku publiko bat sustatzearen ondorioz eratorritako aisiarako erabilerak eta aparkalekua bera arautzea.

2. artikulua. Kontzejuaren eskumena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatuarekin bat, kontzejuen kudeaketa- eta administrazio-organoei dagozkie, besteak beste, honako eskumen hauek:

–Beren ondarea administratu eta zaintzea, baita haren aprobetxamendua eta erabilera arautu eta antolatzea ere.

–Mugarteko landabideak zaindu, artatu eta begiratzea, baita kontzejuen interesekoak baino ez diren gainerako erabilera eta zerbitzu publikoko ondasunak ere.

–Bideak garbitzea.

Lerateko Kontzejuarekin sinaturiko hitzarmen baten bidez egin zen lurraren lagatzea Lerateko badiaren azpiegiturak egin eta badia ustiatzeko.

Aparkatzeko dagoen lurzatia zaintzea Udalari dagokionez, beharrezkoa da haren erabilera arautzea.

Gelditzea eta aparkatzea

3. artikulua. Arau orokorrak.

1. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere aparkalekuaren gainerako erabiltzaileei; zainduko da ibilgailua non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, bai eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan ere.

2. Gelditzea da ibilgailua 2 minutuz baino gutxiagoz ibilgetzea, jendea hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

3. Hiriarteko autobusak gelditu ahal izanen dira, bakar-bakarrik, bidaiariak hartzeko eta uzteko, berariaz baimendutako eta seinaleztatutako geralekuetan.

4. Aparkatzea da ibilgailu bat 2 minutuz baino gehiagoz ibilgetzea, baldin eta zirkulazioak hala behartzen duelako ez bada.

5. Gidariek ez dute zilegi izanen ibilgailua geldirik edo aparkaturik uztea motorra pizturik dagoela, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

6. Windsurflariek aparkatu ahalko dute windsurf dartsena inguruan egokitutako eremuan.

Dartsena inguruan aparkatzeko, udalak emandako bonoa izan behar dute, ibilgailuaren kanpotik ikusteko moduan jarria. Agerian jarri beharreko baimena ez jartzeak zehapena ekar dezake.

7. Ibarrean erroldatuta dauden eta Gesalatzen alta emanda dagoen autoaren jabe diren herritarrek doan aparkatu ahalko dute aparkalekuan, eta horretarako jarritako plataformaren bidez ere erreserbatu ahalko dute plaza.

4. artikulua. Ibilgailuak, autobusak, kamioiak, autokarabanak, atoiak, edukiontziak eta karabanak.

Autobusek, karabanek, atoiek, edukiontziek eta erdi-atoiek aparkalekuan aparkatu beharko dute.

Debeku da aparkalekuan gaua ematea eta aulkiak, mahaiak eta halakoak jartzea.

Seinaleak.

5. artikulua. Seinaleak jartzea.

Lerateko Kontzejuak aginduko du kasu bakoitzean beharrezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera, bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

6. artikulua. Aplikazioa.

Lerateko sarreretan jarritako seinaleek, banaka edo karteletan bildurik, Lerateko Kontzejuaren mugarte osoan arautuko dute aparkatzea.

Arau-hausteak.

7. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira, eta bertan jasotakoaren arabera zehatuko dira.

2. Udalaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak jarriko dira dagokion administrazio eskudunaren ardurapean.

8. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, baldin arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa ez badu trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean.

Zehazki, arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan araututakoaren arabera aparkatzeko ezarritako lekutik kanpo aparkatzea.

Zehapenak.

9. artikulua. Motak.

1. Arau-hauste arinak 100,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak, berriz, 200,00 euroko isunekin.

Zonifikazioa.

10. artikulua.

Espazioa behar bezala erabiltzeko eta erabiltzaileen arteko bizikidetza ona lortzeko, erraz ikusteko eta bereizteko moduko bi eremu zehaztu dira.

–Mendebaldeko eremua: udal-ontziralekutik, hura barne, egurrezko pasabideraino eta babesguneraino, biak barne.

–Ekialdeko eremua: pasabidetik hasi, hura kanpo, eta windsurfeko arrapalaraino.

Txakurrak edukitzea

Txakurren jabeen betebeharrak.

11. artikulua. Txakurrak edukitzea.

Mendebaldeko eremua: debeku da txakurrak edukitzea eremu horretan.

Ekialdeko eremua: txakurrak aske egon daitezke, betiere animaliaren arduraduna inguruan baldin bada eta haren kontrolpean badaude.

Eremu horretan, jabeak beharturik daude haien gorozkiak eta haiek sortzen dituzten zikinak garbitzera. Gainera, arriskutsuak gerta daitezkeen animaliei nahitaez jarri beharko zaie animalia bakoitzaren arraza-tipologiarako egokia den muturrekoa, 50/1999 Legeak xedatutakoaren arabera. Kontrolpean eraman beharko dira, bi metrotik beherako kate edo uhal luzaezinaren bidez, eta pertsona bakarrak ezin izanen du halako txakur bat baino gehiago eraman.

Arau-hausteak eta zehapenak.

12. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lerateko badian txakurrak kate edo uhalik gabe eramatea, baimendu gabeko eremuan.

b) Lagun egiteko animaliek espazio publikoetan utzitako gorozkiak ez biltzea.

13. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astuna izanen da arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

14. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astuna izanen da arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea.

15. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 60,00tik 150,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak 151,00tik 600,00 eurora bitartekoekin, eta oso astunak 601,00etik 3.000,00 eurora bitartekoekin.

Berariaz debekatutako jarduerak

Jarduera debekatuak.

16. artikulua. Ingurua garbitu eta mantentzea.

Ezin da bota lurrera edo uretara paperik, plastikorik, botilarik, zigarrokinik, janari-hondarrik edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organikorik. Hondakinak sortzen dituzten pertsonek berek jaso eta gorde beharko dituzte.

17. artikulua. Kutsadura akustikoa.

Espazioaren "ondare sentsoriala" babesteko, ez dago baimenduta erabiltzea megafonoak, bozgorailuak edo soinuak, ultrasoinuak edo zaratak sortzen dituzten tresnak, baldin eta bizilagunei eta erabiltzaileei enbarazu egiten badiete eta natura-ingurunea asaldatzen badute, salbu Gesalazko Udalaren edo Lerateko Kontzejuaren berariazko baimena duten jarduerak.

18. artikulua. Ibilgailu motordunak erabiltzea.

Ezin da motordun ibilgailurik erabili 11. artikuluan adierazitako eremuetan, aparkalekutik kanpo, salbu Gesalazko Udalaren edo Lerateko Kontzejuaren berariazko baimena duten ibilgailuetan eta larrialdietan.

Norbere hondakinen kudeaketa.

19. artikulua. Erabat debekatuta dago lurrera edo uretara botatzea edo uztea paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari-hondarrak edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organiko.

Arau-hausteak eta zehapenak.

20. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Aparkalekuan gaua ematea.

b) Aparkalekuan aulkiak, mahaiak eta halakoak jartzea.

c) Lurrera edo uretara botatzea edo uztea paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari-hondarrak edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organiko.

d) Kutsadura akustikoa eragitea.

e) Ibilgailu motordunak erabiltzea ordenantza honetan ezarritako eremuetan, aparkalekutik kanpo.

21. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astuna izanen da arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

22. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astuna izanen da arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea.

23. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 60,00tik 150,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak 151,00tik 600,00 eurora bitartekoekin, eta oso astunak 601,00etik 3.000,00 eurora bitartekoekin.

Zehapen prozedura.

24. artikulua. Prozedura.

Prozedura izapidetuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

25. artikulua. Berehalako ordainketa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalen barnean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari, eta prozedura buka daiteke berariazko ebazpenik eman behar izan gabe. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

26. artikulua. Eskumena.

Gesalazko alkatearen eskumena da ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatzea, eta ahalmena du atzematen diren arau-hausteen berri emateko organo eskudun zehatzaileari; hori guztia, galarazi gabe kontzejuko eta udaleko langileek duten ahalmena i ordenantza honetan jasotakoak antolatzeko eta betetzen direla kontrolatzeko.

27. artikulua. Aparkatzeko tasak.

Udalak osoko bilkuran onetsiko ditu aplikatu beharreko aparkatzeko tasak.

Muetzen, 2025eko urtarrilaren 28an.–Alkatea, Juan Antonio Urra Caro.

Iragarkiaren kodea: L2501170