2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CABANILLAS
Cabanillas udalerrian etxebizitzak birgaitzeko eta ohiko bizitegirako lehen etxebizitza eraikitzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onespena
Udalaren osoko bilkurak, 2024ko urriaren 30eko bileran, hasierako onespena eman zion Cabanillas udalerrian etxebizitzak birgaitzeko eta ohiko bizitegirako lehen etxebizitza eraikitzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzari.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2024ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 26an, baita Udalaren ediktuen taulan paratu ere, eta espedientea 30 egun baliodunean egon da jendaurrean.
Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325. artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako ordenantzaren testua argitaratuko da ondotik.
Cabanillasen, 2025eko urtarrilaren 21ean.–Alkatea, Raquel Paz Aperte.
CABANILLAS UDALERRIAN ETXEBIZITZAK BIRGAITZEKO ETA OHIKO BIZITEGIRAKO LEHEN ETXEBIZITZA ERAIKITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Zioen azalpena
Cabanillasko Udalak, ordenantza honen bidez, partikularrek sustatutako bizitegi jarduketak bultzatu nahi ditu. Horrekin bi alderdi jorratu nahi dira: ohiko bizitegirako lehen etxebizitza eraiki dadila indartzea eta lehendik dauden etxebizitzak hobetzea. etxebizitzok zaharberrituz eta berroneratuz, obrak eginda haien funtzionaltasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eta eraikinen energia efizientziaren optimizazioa lortzeko. Horrekin guztiarekin ahalbidetu nahi da herritarrak udalerrian kokatzea.
Horretarako, EIOZ zergan murrizketak ezartzea planteatzen da, haren ahalbideen neurrian, pizgarri izan daitezen jarduketa horiek egiteko 50 urtetik gorako antzinatasuna duten bizitegi erabilerako eraikinak birgaituz eta lehen etxebizitzak eraikiz, betiere Cabanillasko herrigunean badaude.
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantzaren xedea da Cabanillasko Udalak herrigunean bizitegi erabilerako eraikinak birgaitzeko eta eraikitzeko ezarri dituen laguntzak arautzea, ordenantzan bertan finkatzen diren baldintzen eta ezaugarrien arabera.
2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.
Ordenantza honen xedea da laguntzak arautzea, honako obra hauek sustatzeko:
–Ohiko bizitegietarako etxebizitzak eraikitzea.
–Lehendik dauden eraikuntzak ordezkatzea (eraitsi eta berriak eraikitzea), edo erdiguneko etxebizitzak osorik edo partzialki konpondu edo/eta birgaitzea, ohiko bizitegietarako.
–Barnealdean egiten diren obrak edo jarduketak etxebizitzak egokitzeko, arkitektura oztopoak kenduz irisgarritasuna hobetzeko, edo menpeko pertsonen mugikortasuna sustatzen duten beste jarduketa batzuk.
–Hobekuntza energetikoak (inguratzaile termikoa, energia berriztagarriak, kanpoko arotzeria, eta abar), etxebizitzaren sailkapen energetikoa hobetzeko.
3. artikulua. Salbuespenak.
Ez dira diruz lagungarriak izanen udal planeamenduaren kontrako jarduketak, oro har aplikatzekoa den antolamendu juridikoaren eta hirigintza arauen kontrakoak eta, batik bat, birgaitzeari eta bizigarritasunari buruzko arauen kontrako jarduketak.
Zaharberritzeko dirulaguntzetan ez dira sartuko eraikinean aldaketa estetiko hutsak bakarrik ekarriko dituzten eraberritzeak. Energia efizientzia, segurtasuna, irisgarritasuna, eta abar hobetzeko obrak izan beharko dute.
Udalarekiko ordainketetan egunean ez dauden partikular edo entitateei ere ez zaie dirulaguntzarik emanen.
Cabanillasko erroldan gutxienez 5 urteko antzinatasuna ez duten pertsonak ez dira laguntzen onuradun izaten ahalko. Salbuespen moduan, lehen etxebizitza eraikitzeko erroldatu berriek laguntzak eskuratzen ahalko dituzte. Kasu honetan, dirulaguntza zenbateko berdinetan hainbanatutako zatitan ordainduko da, hurrengo 3 urteetan.
Ez dira diruz lagungarritzat jotzen ahalko 6.000 eurotik gorako aurrekontua duten jarduketak, salbu eta menpeko pertsonen mugikortasuna edo irisgarritasuna hobetzeko jarduketak badira.
4. artikulua. Laguntzak ematea.
Udalak, Alkatetzaren ebazpenaren bitartez, laguntzen eskabideak ebatziko ditu, Hirigintza eta Azpiegituren Alorrak txostena egin ondotik.
Udalak errenta aitorpenak edo beste agiri batzuk eskatzen ahalko ditu, laguntza jaso ahal izateko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Hala, egindako erreforma energetikoak gutxienez ziurtagiriko letra bat hobetu duela egiaztatzen duen eraginkortasun energetikoko ziurtagiria eskatuko da.
Laguntzak emanen dira aurrekontuan horretarako behar besteko partida dagoen bitartean eta hura bukatu arte. Aurrekontu partidan funtsik ez badago, dirulaguntza hurrengo urteko aurrekontuaren kontura emanen da, betiere helburu horretarako aurrekontu partidarik badago.
5. artikulua. Laguntzak jasotzea.
Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen egiazko likidazioa eginen da obrak bukatzen direnean; horretarako, interesdunak kasuan kasuko justifikazioa aurkeztu beharko du (lehen erabilerako lizentzia edo teknikari eskudunak izenpetutako obra bukaerako akta), 13. eta 14. artikuluetan ezartzen den bezala.
6. artikulua. Bateragarritasuna.
Ordenantza honen xede diren dirulaguntzak bateragarriak dira edozein administraziok edo entitatek emandako beste dirulaguntza batzuk hartzearekin.
EIOZ zergaren kuotaren hobaria (ehuneko 50) baliatzen duten eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatzeko laguntzak ez dira bateragarriak izanen.
7. artikulua. Mugak.
Ordenantza honen babesa izan duten etxebizitzak ez dira inola ere lagatzen ahalko, bost urteko epean, laguntzak jasotzen dituzten obrak bukatzen direnetik zenbatzen hasita, non ez zaion Udalari itzultzen jasotako diru guztia.
Dirulaguntza jasota, bost urtean ez da berriz ere ordenantza honetako laguntzarik eskatzen ahalko, eraikuntza bererako eta kontzeptu beragatik.
8. artikulua. Laguntza galtzea.
Ordenantza honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak ez betetzeak, bai eta aurkeztutako dokumentazioko edozein datu faltsutzeak ere, ekarriko du dagokion espedientean udal laguntzak deuseztatzea eta kentzea. Horrek ez du eragotziko prozedura ireki ahal izatea Udalak emandako laguntzak berreskura ditzan, ez eta dagokion bidetik zehazpenak ezartzeko aukera ere.
9. artikulua. Aplikazio eremua.
Laguntzak aplikatuko zaizkie soilik bizitegi erabilera duten Cabanillasko herriguneko eraikinei, baldin eta 50 urtetik gorako antzinatasuna badute eta 2. artikuluan aipatutako obrak egiten bazaizkie.
10. artikulua. Onuradunak.
Onuradunak izanen dira zehaztutako jarduketa eremuko eraikinen edo etxebizitzen jabeak diren pertsona fisiko edo juridikoak, bai eta, jabeak ez izanik ere, badirenen berariazko baimena dutenak obrak egiteko, sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.
11. artikulua. Jarduketen baldintzak.
Udalaren laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2. artikuluan azaldutako tipologiarekin bat datozen obrek, baldin eta posible badira Udal Planak lurzati bakoitzean esleitzen duen hirigintza araubidea aplikatzean, eta, oro har, Nafarroako Gobernuak ezarritako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek.
Baldintza hauek bete beharko dituzte gainera:
–Obrak eginen dira 50 urtetik gorako eraikinetan. Antzinatasuna zehaztuko du katastroan adierazitako datak.
–Kontrataren aurrekontua gutxienez ere 6.000 eurokoa izanen da, BEZa kanpo. Jarduketa hauek muga horretatik kanpo egonen dira:
- Irisgarritasuna-mugikortasuna hobetzea, gutxienez ere 2.000 eurokoa izanen da, BEZa kanpo.
- Eraginkortasun energetikoa hobetzea, gutxienez ere 3.000 eurokoa izanen da, BEZa kanpo.
12. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.
Diruz lagunduko da honako hauen pareko zenbatekoa:
–EIOZen ehuneko berrogei, ohiko bizitegirako lehen etxebizitza birgaitzeko eta eraikitzeko lanetan:
- Ehuneko hamar gehiago igoko da, baldin eta eraikuntza edo birgaikuntza erdigune historikoaren barruan egiten bada.
- Ehuneko hamar igoko da, baldin eta etxebizitza berriaren ziurtagiri energetikoa A bada (nahitaezkoa da erakunde eskudunak eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria aurkeztea).
–EIOZen ehuneko berrogei, menpeko pertsonen irisgarritasuna-mugikortasuna hobetzeko jarduketetan (nahitaezkoa da hori egiaztatzen duen txosten medikoa edo egiaztagiria aurkeztea).
–EIOZen ehuneko hogeita hamar, etxebizitzaren sailkapen energetikoa hobetzen duten etxebizitzen jasangarritasun eta eraginkortasun energetikoko jarduketetan, honako jarduketa mota hauetan:
a) Inguratzaile energetikoa hobetzea.
b) Energiaren aldetik efizienteak diren instalazioak jartzea edo hobetzea.
c) Energia berriztagarriak sortzeko edo erabiltzeko aukera ematen duten ekipoak instalatzea.
e) Urez hornitzeko instalazioak hobetzea eta ura aurrezteko mekanismoak instalatzea.
13. artikulua. Espedienteak izapidetzea.
Cabanillasko Udalak dirulaguntzak eskatzeko epe bat irekiko du urtero. Interesdunek epe horretan laguntzaren eskabidea aurkeztuko dute, honako hauekin batera:
–Obra lizentzia eman zaiola egiaztatzen duen dokumentazioa.
–Obra bukatu dela egiaztatzen duen dokumentazioa. Obra txikien kasuan, obra bukatu izanaren erantzukizunpeko adierazpena.
–Dirulaguntza zer kontutan sartzea nahi den, haren zenbaki osoa.
Eraikin kolektiboak zaharberritzeko obren kasuan, dokumentazio hau erantsiko da:
–Jabearen edo jabeen erkidegoaren ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
Oro har, eta ordenantza honetan berariaz jasorik ez dauden eta izapidetzean planteatzen diren inguruabar berezietan, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei buruzko dekretua aplikatzean Nafarroako Gobernuak baliatzen duen irizpideari jarraikiko zaio.
14. artikulua. Dirulaguntzak emateko araubidea.
Diruz lagungarriak diren jarduketak bukatuta, interesdunek obraren bukaeraren berri emanen dute, Udaleko erregistro orokorraren bitartez.
Laguntza hauek eskatzeko, obrak bukatu beharko dira honako epealdi honetan: aurrekontu ekitaldiaren aurreko urteko abenduaren 1etik hasita, obra horiek egiteko aurrekontuko partida jaso duen urteko azaroaren 30era bitarte.
Diruz lagundu beharreko jarduketek gainditzen badute ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan jasotako zenbatekoa, laguntzen zenbatekoei ehuneko proportzional bat aplikatuko zaie, jarduketa guztiak diruz laguntzeko.
Laguntzen emakidak ebatziko dira ekitaldi bakoitzeko abenduaren lehenbiziko hamabostaldian.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L2500805