Iragarkia
35. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BAZTAN
Etxeko eta merkataritzako hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena
Baztango Udalak, 2024ko urriaren 24an egindako ohiko bilkuran, etxeko eta merkataritzako hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzari hasierako onespena ematea erabaki zuen.
Hasierako onespenaren erabakia 2024ko azaroaren 12ko 229 zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratu zen, eta legezko epea igarota inork ez duenez alegaziorik jarri, behin betiko onetsitzat jo da eta haren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Baztanen, 2024ko abenduaren 30ean.–Alkatea, Fernando Anbustegi Goñi.
ORDENANTZA, ETXEKO ETA MERKATARITZAKO HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUENA
ZIOEN AZALPENA
Espainiako Konstituzioaren 45. artikuluaren arabera, politika sozial eta ekonomikoaren gida oinarrietako bat da guztiek dutela eskubidea pertsonaren hazkunderako egokizko ingurune batez gozatzeko, eta baita hark iraun dezan betebeharra ere; era berean, botere publikoek, hala nola udalerriak, berezko baliabide guztien erabiltze arrazionala zainduko dute, bizitza kalitatea hobetu eta babesteko eta ingurunea berriztatu eta defendatu, behar beharrezko den elkartasun kolektiboan oinarrituz.
Aurrekoa betez, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko Legea (7/2022 Legea, apirilaren 8koa) onetsi zen, hondakinei dagokienez Estatuan aplikatu beharreko oinarrizko araubide juridikoa ezartzen duena eta, beraz, barne antolamendura ekartzen dituena hondakinei buruz EBk 2018an onetsitako Zuzentarauen lege maila behar duten arauak; horren ondorioz, indargabetu egiten du Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko aurreko Legea (22/2011 Legea, uztailaren 28koa).
Eta 7/2022 Legea erregelamendu bidez garatzeko arau gisa, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko abenduaren 27ko 1055/2022 Errege Dekretua onetsi da; arau horretan, tokiko erakundeek ontzien hondakinen gainean dituzten eskumenen araubidearen erregulazio xehatua jasotzen da.
Gainera, 7/2022 Legea baino lehen onetsitako hiru erregelamendu garrantzitsuren bitartez berrikuntza esanguratsuak txertatu dira tokiko erakundeen eskumen esparruan, garrantzi bereziko hondakinei dagokienez, hala nola aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei, pila eta metagailuen hondakinei, eta abandonatutako ibilgailu eta pneumatikoen hondakinei dagokienez: 27/2021 Errege Dekretua, urtarrilaren 19koa, honako hauek aldatzen dituena: 106/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, pila eta metagailuei eta horien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa; eta 110/2015 Errege Dekretua, otsailaren 20koa, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoa. 731/2020 Errege Dekretua, abuztuaren 4koa, honako hau aldatzen duena: 1619/2005 Errege Dekretua, abenduaren 30ekoa, erabiltzen ez diren pneumatikoen kudeaketari buruzkoa (erabiltzen ez diren pneumatikoak garbiguneetan biltzeari dagokionez). Eta 265/2021 Errege Dekretua, apirilaren 13koa, balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuei buruzkoa eta abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra aldatzen duena (abandonatutako ibilgailuak etxeko hondakintzat berariaz hartzeari dagokionez).
Gobernuak, bestalde, Ekonomia Zirkularraren Espainiako Estrategia (Espainia Zirkularra 2030) eta Ekonomia Zirkularraren Ekintza Plana 2021-2023 onetsi ditu, eta, horien bitartez, ekoizpen eta kontsumo eredu berri bat bultzatzeko oinarriak ezartzen dira, non produktuen, materialen eta baliabideen balioak ahalik eta luzaroen iraunen duen ekonomian, hondakinen sorrera ahalik eta gehien murriztuta eta halabeharrez sortzen diren hondakinak aprobetxatuta, ahalik eta irismen handienarekin.
Testuinguru horretan, 7/2022 Legean, besteak beste, toki erakundeek hondakinen arloan dituzten eskumenak arautzen dira eta, hala, Toki Araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 eta 26. artikuluetan xedatutakoa zehazten da; eta, bestalde, azken xedapenetako zortzigarrenean jasotzen da toki erakundeek lege horrekin bat datozen ordenantzak onesteko betebeharra dutela, beren eskumeneko hondakinak biltzeari eta kudeatzeari buruzko betebehar berriak ezarritako epeetan betetzen direla bermatzeko.
7/2022 Legean honela definitzen dira etxeko hondakinak: etxeko jardueraren ondorioz etxeetan sortzen diren hondakinak, arriskutsuak eta arriskugabeak, eta, halaber, zerbitzu eta industrietan sortutako aurrekoen antzekoak –osaerari eta kantitateari dagokienez–, zerbitzuaren edo industriaren berezko jardueraren ondorioz sortzen ez direnak. Kategoria horretan sartzen dira etxeetan sortzen diren hondakinak; besteak beste, sukaldeko olio erabilia, tresna elektrikoak eta elektronikoak, ehunak, pilak, metagailuak, altzariak, tresnak eta koltxoiak, baita etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren hondakinak ere; eta bide publiko, berdegune, jolas eremu eta hondartzen garbiketan jasotako hondakinak, etxe-abere hilak eta utzitako ibilgailuak kategoria horretan sartzen direla xedatzen da. Bestalde, Lege horretan honako hauek hartzen dira merkataritzako hondakintzat: handizkako zein txikizkako merkataritzak berezko duen jardueratik sortuak, baita jatetxe eta ostatuetako zerbitzuetatik, bulego eta merkatuetatik eta zerbitzuen sektoreko gainerakoetatik heldu direnak ere.
Eta, aurreko definizioetan oinarrituta, 7/2022 Legearen 12.5 artikuluan xedatzen da toki erakundeei dagokiela nahitaezko zerbitzu gisa, beren lurralde eremu osoan, etxeko hondakinak biltzea, garraiatzea eta tratatzea, dagozkien ordenantzek ezartzen duten moduan.
Toki erakundeek beren gain hartzen ahalko dute merkataritzako hondakin arriskugabeen kudeaketa, 7/2022 Legearen 12.5 e) 2. eta 20.3 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, noiz eta establezimenduek udal kudeaketa sistemari borondatez atxikitzea erabakitzen dutenean, edo, toki erakundeak bere kudeaketa sistema propioa ezartzen duenean eta, arrazoituta eta hondakinen kudeaketan ekonomia eta ingurumen efizientzia eta eraginkortasun handiagoko irizpideetan oinarrituta, hondakin-sortzaile horiek udal kudeaketa sistemari nahitaez atxiki behar zaizkiola ezartzen duenean. Merkataritzako hondakin-sortzailea sistema publikoari atxikitzen ez bazaio, behar bezala egiaztatu beharko dio toki erakundeari bere hondakinak behar bezala kudeatzen dituela, 7/2022 Legearen 20.3 artikuluan ezartzen den bezala.
Jarduketa tokikoagoei erreparatuta, denboran lehenagokoak izan arren, 2016ko abenduaren 14an Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana (NHP 2017-2027) onetsi zen gure komunitatean, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 246. zk., 2016ko abenduaren 23koa). Nafarroako Foru Komunitatean 2017-2027 aldian sortu eta kudeatuko diren hondakinen Kudeaketa Plana eta Prebentzio Programa jasotzen ditu Plan horrek, eta bat egiten du gobernantzaren eta ekonomia zirkularraren kontzeptuekin.
Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planaren arabera, nafar biztanleria erreferentziazko gizartea da baliabideen erabilerari eta hondakinen minimizazioari dagokienez, kontzeptu horiek funtsezkoak izanik ekonomia zirkularreranzko trantsizio prozesuan.
Planaren helburuak lortzeko aurreikusten ziren neurri eta ekintzen artean Hondakinei buruzko Foru Lege baten proiektua prestatzea dago. Foru lege horretan kudeaketarako antolaketa neurriak eta baliabide ekonomikoak aurreikusi behar ziren ekonomia zirkularra eta aldaketa klimatikoaren kontrako borroka sustatzeko.
Testuinguru horretan, 2018ko ekainaren 7an, Nafarroako Parlamentuak Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko Foru Legea onetsi zuen, xede izanik hondakinen sorrerari aurrea hartzea, hondakinen kudeaketa hobetzea, ekonomia zirkularraren arloan aurrera egitea eta klima-aldaketaren aurkako borrokan sakontzea, hori guztia Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planarekin bat etorriz, horrela, Foru Komunitateak dituen eskumenen esparruan, Europako araudian ezarritako helmugetara iristeko.
Hondakinei buruzko Foru Legearen Bigarren Xedapen Iragankorrean ere aipatzen da toki entitateek beren ordenantzak aldatu beharko dituztela.
Eta, azkenik, 2024ko maiatzaren 3an, Ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretua Nafarroan onetsi izana argitaratu zen, zeinaren bidez Foru Komunitatean ekitaldi publikoak nola egin behar diren arautzen eta antolatzen den.
Arau sorta hori aintzat harturik, eta Baztango Udalari legez esleitutako eskumenak baliaturik, ezinbestekoa da udal eskumeneko hondakinak biltzeari buruzko udal ordenantza bat onestea.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Ordenantza honen xedea da Baztanen udal eskumeneko hondakinak gordailutzeko eta biltzeko jokabide eta jarduera guztiak arautzea, hondakinen sorrera saihesteko, eta, hori ezinezkoa delarik, hondakinen kudeaketa ahalbidetzea, ordena honi jarraikiz, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta balorizazio material edo energetikorako beste modu batzuetarako prestatuta, hondakindegietan hondakin gutxiago uzteko eta, horrenbestez, ingurumen emaitza globalik onena lortzeko, giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintze aldera.
Udal eskumenak baliatuta, ordenantza honek garatzen ditu hondakinei buruzko Estatuko eta autonomia erkidegoko legedia eta toki araubidearen legedia. ordenantza hau aipatutako lege horien arabera interpretatu eta aplikatu behar da une oroz. Zehazki, bat dator Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen printzipioekin eta aplikatu beharreko gainerako xedapenekin, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean xedatutakoez gain.
Zerbitzu horien tributu eta diru-bilketa kontuak arautuko ditu Toki Ogasunei buruz Nafarroan indarra duen araudi berariazkoak eta, batez ere, une bakoitzean indarra duen eta Udalak onesten duen Ordenantza Fiskalak; ordenantza horretan zehaztuko dira etxeko hondakinak biltzeko eta gerora tratatzeko zerbitzuak emateari dagozkion tasak eta/edo tarifak.
Ordenantza honetako aginduak Baztango udal-mugarte osoan aplikatzekoak dira, eta Udalak berariaz prestatutako baliabide, instalazio edo zerbitzuetan hondakinak sortu eta/edo uzten dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiak behartuta daude ordenantza honetan eta berau interpretatzeko edo garatzeko ematen diren arauetan xedatutakoa betetzera.
Udalak ordenantza hau aplikatzean sor litezkeen zalantzak argitzeko ahalmena du.
2. artikulua. Araubide juridikoa.
Ordenantza honetan arautzen diren jarduera eta jokabideei aplikatu beharreko araubide juridikoa osatuko dute ordenantzan berean, gaiari buruzko aplikatu beharreko estatuko eta autonomia erkidegoko legerian eta zuzenean aplikatu beharreko Europako araudian aurreikusitakoak, eta, bereziki, honako xedapen hauetan eta horiek garatzeko edo aplikatzeko arauetan, edo araubide hori ordezten dutenetan:
2014/955/EB Erabakia, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, Hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzekoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat etorriz.
2019/1885 (EB) Betearazpen Erabakia, Batzordearena, 2019ko azaroaren 6koa, Udal hondakinen isurketari buruzko datuen kalkuluari, egiaztapenari eta komunikazioari buruzko arauak ezartzen dituena Kontseiluaren 1999/31/EE Zuzentarauaren arabera.
7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoa.
1055/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzkoa.
265/2021 Errege Dekretua, apirilaren 13koa, balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuei buruzkoa.
553/2020 Errege Dekretua, ekainaren 2koa, Estatuko lurraldearen barrenean hondakinak garraiatzea arautzen duena.
646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, hondakinak hondakindegira eramanez ezabatzea arautzen duena.
293/2018 Errege Dekretua, maiatzaren 18koa, plastikozko poltsen kontsumoaren murrizketari buruzkoa, eta Ekoizleen Erregistroa sortzen duena.
110/2015 Errege Dekretua, otsailaren 20koa, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoa (urtarrilaren 19ko 27/2021 Errege Dekretuaren bidez txertatutako aldaketen arabera).
106/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, pila eta metagailuei buruzkoa, eta haien hondakinen ingurumen kudeaketari buruzkoa (honako hauen bidez txertatutako aldaketen arabera: uztailaren 24ko 710/2015 Errege Dekretuaren, uztailaren 23ko 943/2010 Errege Dekretuaren eta urtarrilaren 19ko 27/2021 Errege Dekretuaren bidez).
105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena.
1619/2005 Errege Dekretua, abenduaren 30ekoa, erabiltzen ez diren pneumatikoen kudeaketari buruzkoa (abuztuaren 4ko 731/2020 Errege Dekretuaren bidez egindako aldaketen arabera).
14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa.
23/2011 Foru Dekretua, martxoaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena.
36/2024 Foru Dekretua, apirilaren 17koa, ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzkoa.
3. artikulua. Definizioak.
Honako definizio hauek hartuko dira kontuan, eta artikulu honetan aipatzen ez den eta aurreko artikuluan adierazitako arauzko xedapenetan biltzen den definizio oro ere bai:
"Sukaldeko olio erabilia": landare eta animalia jatorriko koipe hondakinak, etxeetan, zentro eta erakundeetan, hoteletan, jatetxeetan eta antzekoetan elikagaiak prestatzen erabilitakoan sortzen direnak.
"Etxeko animaliak": gizakiek abeltzaintzaz bestelako helburuetarako elikatzen eta mantentzen dituzten baina kontsumitzen ez dituzten espezieetako edozein animalia.
"Autokonpostajea edo etxeko konpostajea": biohondakinak etxean bertan kudeatzea, banaka eta konposta egiteko prozesu baten bidez.
"Biohondakina": etxeetako, lorategietako, parkeetako eta zerbitzuen sektoreko landare-hondakin biodegradagarria, baita etxeetako, bulegoetako, jatetxeetako, handizkarietako, jantokietako, sukaldaritza kolektiboko zerbitzuetako eta txikizkako kontsumoko establezimenduetako elikagai- eta sukalde-hondakinak ere, besteak beste, eta elikagaiak eraldatzeko plantetako hondakin konparagarriak.
"Konposta": bereizita biltzen diren hondakin biodegradagarrien tratamendu kontrolatu biologiko, aerobio eta termofiloaren bidez lortutako material organiko higienizatu eta egonkortua. Ez da konpost gisa hartuko material bioegonkortua.
"Konpostatzea": jatorrian hautatutako biohondakinen deskonposizio kontrolatu bidez konposta lortzeko prozesu biologikoa, aerobioa eta termofiloa.
"Konpostatze komunitarioa edo kolektiboa": hainbat herritarrek gune komun batean biohondakinak konpostatze bidez kudeatzea.
"Konpostagailua": konpostatze prozesua egiten den ontzia.
"Ekonomia zirkularra": ekonomiako produktu, material eta gainerako baliabideen balioa ahalik eta gehien iraunarazten duen sistema ekonomikoa, produkzioan eta kontsumoan zehar erabilera efizientea bultzatuz, erabilerak ingurumenean duen inpaktua gutxitzeko, eta bizi-ziklo osoan sortzen diren hondakinak eta askatzen diren substantzia arriskutsuak minimizatzeko, hala dagokionean hondakinen hierarkia aplikatuz.
"Ezabatzea": balorizazioa ez den eragiketa oro, baita eragiketa horren bigarren ondorio gisa substantzien edo materialen aprobetxamendua –trataturiko hondakinaren pisuaren %50 gainditzen ez badute– edo aprobetxamendu energetikoa lortzen bada ere.
"Ontzia": edozein motatako materialekin fabrikatutako produktu oro, salgaiak (lehengaiekin hasi eta bukatutako gaiekin bukatu) eduki, babestu, manipulatu, banatu eta aurkezteko erabiltzen dena, fabrikazioko, banaketako eta kontsumoko katearen edozein fasetan. Ontzitzat hartzen dira, halaber, helburu horretarako erabiltzen diren erabili eta botatzeko gai guztiak.
"Denda edo saltegia": lokal eta salmenta puntu finkoak, non erregularki egiten diren produktuak handizka nahiz txikizka saltzeko merkataritza-jarduerak, edo mota horretako zerbitzuak publikoari ematekoak, baita legezko edo erregelamendu bidezko xedapen baten arabera kalifikazio hori jasotzen duten beste edozein esparru mugatu ere.
"Ekitaldi publikoak": gizarte, josteta, arte, kultura edo kirol izaerako ekitaldiak, jarduerak edo ikuskizunak, publiko orokorrari zuzenduak edo hura biltzeko gai direnak.
"Ekitaldi publiko jasangarria": ingurumenean izaten ahal diren inpaktuak minimizatzeko moduan diseinatu, antolatu eta garatutako ekitaldi publikoa, komunitate anfitrioiarentzat eta tartean dauden pertsona guztientzat ondare onuragarria uzten duena, eta nahitaezkoak diren gutxieneko jasangarritasun neurriak eta ingurumen jasangarritasuneko neurri gehigarri batzuk ezartzen dituena.
"Egituratzailea": biohondakin lehorra, normalean parke eta lorategietatik lortzen dena (inausketaren hondarrak, hosto lehorrak, lastoa eta abar). Egituratzaileak karbonoa atxikitzen dio konpostatze prozesuari, baita hezetasuna kendu ere.
"Frakzioa": hondakin bakoitza motaren arabera multzokatzea. Multzo edo sailkapen bakoitzari frakzioa esanen zaio. Bereiz sailkatzen diren frakzioak edo etxeko hondakinen edo parekoen motak honako hauek dira: organikoa, ontziak, papera eta kartoia, beira eta abar.
"Hondakinen kudeaketa": hondakinak biltzea, garraiatzea, balorizatzea eta ezabatzea, sailkapena eta aurretiazko beste eragiketa batzuk barne; baita eragiketa horiek zaintzea eta zabortegiak itxi ondotiko mantentze-lanak egitea ere. Negoziatzaile edo agente gisa egindako jarduerak ere sartzen dira.
"Kudeatzailea": pertsona fisiko edo juridikoa, publikoa nahiz pribatua, baimen bidez edo komunikazio bidez erregistratua, hondakinen kudeaketa osatzen duten jarduketetariko edozein egiten duena, haien ekoizlea izan ala ez.
"Berrerabilpenerako prestakuntza: egiaztapena, garbiketa edo konponketa dakarren balorizazio lana, haren bidez hondakin bilakatu diren produktuak edo produktuen osagaiak prestatzen badira berriz ere erabili ahal daitezen beste inolako eraldaketarik gabe, eta hondakintzat hartzeari utziko zaie, baldin eta aplikatu beharreko produktu-arau teknikoak eta kontsumokoak betetzen badituzte.
"Prebentzioa": gai, material edo produktu bat asmatu eta diseinatzeko, ekoizteko, banatzeko nahiz kontsumitzeko faseetan honako hauek murrizteko hartzen diren neurriak:
1. Hondakin kantitatea, barne direla produktuak berriz erabiltzeko edo produktuen balio-bizitza luzatzeko neurriak.
2. Sortutako hondakinek ingurumenaren eta giza osasunaren gainean dituzten inpaktu kaltegarriak, barne direla materialak edo energia erabiltzean aurrezteko neurriak.
3. Substantzia arriskutsuen edukia, material eta produktuetan.
"Hondakin-sortzailea": pertsona fisiko edo juridiko oro, haren jarduerak hondakinak sorrarazten baditu (hondakinen hasierako sortzailea) edo hondakin horien izaeran edo osaeran aldaketa eragiten duten jarduketak egiten baditu, hala nola aldez aurreko tratamendua, nahasketak edo bestelakoak.
"Edukitzailea": hondakinak sortzen dituena, edo hondakinak dauzkan pertsona fisiko edo juridikoa. Hondakinen edukitzailetzat hartuko da abandonatutako hondakinak edo zaborra sakabanatuta dagoen lurzatiaren katastroko titularra, eta hondakin horien administrazio-arduraduna izanen da, salbu abandonuaren egile materiala edo aurreko edukitzailea identifikatzea posible den kasuetan.
"Konposta egiteko gune komunitarioa": Konpostatze kolektiboaren prozesua egiten den lekua. Gune hori konpostatze prozesua behar bezala egiteko egokituta dago, eta bertan aurkituko ditugu prozesua egiteko behar diren gelak, tresnak eta materialak.
"Birziklatzea": hondakinen materialak berriz produktu, material edo gai bilakatzeko balorizazio jarduketa, jatorrizko xederako dela nahiz beste edozein xedetarako dela. Haren barnean sartzen da material organikoaren eraldaketa, baina ez balorizazio energetikoa, ez eta erregaitzat edo betelanetarako erabiliko den material bilakatzea ere.
"Bilketa": hondakinen hasierako jasotzea, sailkapena eta biltegiratzea, modu profesionalean egina, ondotik tratamendu-instalazio batera eramateko.
"Gaikako bilketa": hondakin-fluxu baten bilketa bereiz egitea, mota edo izaeraren arabera, berariazko tratamendua errazteko.
"Berrerabilera": hondakin ez diren produktuak edo produktu-osagaiak berriz erabiltzeko jarduketa oro, zertarako sortu ziren eta horrexetarako.
"Hondakina": edukitzaileak bota duen gai edo gauza oro, edo botatzeko asmoa duena edo botatzeko betebeharra duena.
"Etxeko hondakinak": etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortutako hondakinak, arriskutsuak edo arriskugabeak. Etxeko hondakintzat hartzen dira, halaber, zerbitzu eta industrietan sortutakoak eta aurrekoen antzekoak direnak osaerari eta kantitateari dagokienez, eta ez direnak sortzen zerbitzuaren edo industriaren berezko jardueraren ondorioz.
Kategoria honetan sartzen dira etxeetan sortzen diren hondakinak; besteak beste, sukaldeko olio erabilia, tresna elektrikoak eta elektronikoak, ehunak, pilak, metagailuak, altzariak, tresnak eta koltxoiak, bai eta etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren hondakinak ere.
Honako hauek ere etxeko hondakintzat hartuko dira: bide publikoak, berdeguneak, josteta eremuak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak, etxeko animalia hilak eta ibilgailu abandonatuak.
"Merkataritzako hondakinak": handizkako nahiz txikizkako merkataritzak berezko duen jardueratik sortuak, baita jatetxe eta ostatuetako zerbitzuetatik, bulego eta merkatuetatik eta zerbitzu sektoreko gainerakoetatik heldu direnak ere.
"Etxeko eraikuntzako eta konponketako obra txikietatik heldu diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (obra hondakinak)": etxe partikular, saltoki edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldetik garrantzi gutxikoak. Haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute tituludun profesionalek sinatutako proiekturik behar.
Ordenantza honen ondorioetarako, udalaren eskumeneko obra txikien hondakintzat joko dira obra txikietan sortutako obra hondakinak, gehieneko muga 200 kg izanik, betiere udalaren lizentzia bidez edo erantzukizunpeko adierazpen bidez baimendutako obretan sortutakoak.
"Industria hondakinak": jarduera nagusiaren ondorioz industria-jarduerak sortutako ekoizpen-, fabrikazio-, eraldaketa-, erabilera-, kontsumo-, garbiketa- edo mantentze-prozesuen ondoriozko hondakinak.
"Udal hondakinak":
1. Nahastutako hondakinak eta etxetik bereizita bildutako hondakinak, barnean direla papera eta kartoia, beira, metalak, plastikoak, biohondakinak, zura, ehunak, ontziak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak, pilen eta metagailuen hondakinak, etxeko hondakin arriskutsuak eta tamaina handiko hondakinak, koltxoiak eta altzariak barne.
2. nahastutako hondakinak eta beste iturri batzuetatik bereizita bildutako hondakinak, hondakin horiek etxeko hondakinen antzekoak direnean motaren eta konposizioaren aldetik.
Udal hondakinen artean ez dira sartzen ekoizpenetik, nekazaritzatik, basogintzatik, arrantzatik, hobi septikoetatik, estolderia-saretik eta hondakin-urak tratatzeko instalazioetatik datozen hondakinak, araztegiko lohiak, balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuak eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinak barne.
"Hondakin arriskutsua": Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legearen I. eranskinean zerrendatutako arrisku-ezaugarrietako bat edo batzuk dituen hondakina, eta Gobernuak hondakin arriskutsu gisa kalifikatzen duena, Europar Batasuneko araudian edo Espainiak parte hartzen duen nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoaren arabera. Definizio horretan sartzen dira, halaber, substantzia edo prestakin arriskutsuen hondarrak dituzten edo horiekin kutsatuta dauden ontziak, salbu eta frogatzen bada ez dutela aipatu Legearen I. eranskinean zerrendatutako arrisku-ezaugarririk.
"Udalaren eskumeneko osasun hondakinak": jarduera medikoak edo osasun arlokoak egitean sortzen diren hondakinak, baldin eta biltzeko edo kudeatzeko baldintza espezifikorik eskatzen ez badute, inolako kutsadura espezifikorik edo infekzio-arriskurik gabe, ez sortzen diren zentroen barruan ez kanpoan, baita jarduera medikoetan edo osasun arlokoetan aritzean sortutako hondakin guztiak ere, baldin eta etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortutako hondakinen antzeko ezaugarriak badituzte. Osagai hauek izaten dituzte: papera, kartoia, metalak, beira, janari hondarrak, lorezaintzako hondakinak, altzariak eta tresnak, baita osasun zentro edo kontsulta mediko bateko gela edo eremu jakin batzuetan sortzen diren bestelako hondakinak ere, zehazki, osasun-jarduerarik egiten ez den gela edo eremuetan, hala nola bulegoetan, jantokietan, kafetegietan, biltegietan, itxarongeletan eta antzekoetan.
"Tamaina handiko hondakinak": udalaren eskumenekoak diren hondakinak, bolumenaren, pisuaren edo tamainaren aldetik ezaugarri bereziak izateagatik bilketa arrunteko sistemaren bidez biltzen zailak direnak.
"Tratamendua": balorizazio edo ezabaketa jarduketak, barne dela balorizazioaren edo ezabaketaren aurreko prestaketa.
"Balorizazioa": nagusiki hondakinek xede baliagarria izatea dakarren jarduketa oro, ordezkatzen dituelako eginkizun jakin bat betetzeko bestela erabiliko liratekeen materialak, edo hondakinak prestatzeko jarduketak, eginkizun hori bete dezaten instalazioan bertan edo ekonomian oro har.
II. TITULUA.–ETXEKO ETA MERKATARITZAKO HONDAKINEN BILKETA
I. KAPITULUA.–BALDINTZA OROKORRAK ETA HONDAKIN KATEGORIAK
4. artikulua. Baldintza orokorrak.
Titulu honek arautuko du Udalak zer baldintzatan emanen dituen eta erabiltzaileek zer baldintzatan erabiliko dituzten etxeko eta merkataritzako hondakinak biltzeko zerbitzuak.
Nahitaezko zerbitzua den aldetik, Udalak bere lurralde eremu osoan emanen du etxeko hondakinak biltzeko zerbitzua, ordenantza honetan ezartzen den moduan eta hondakinei buruzko eta toki araubideari buruzko Estatuko eta autonomia erkidegoko araudian ezarritakoaren arabera.
7/2022 Legearen 12.5.e) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Udalak merkataritzako hondakin arriskugabeak kudeatuko ditu, alde batera utzi gabe hondakin horien sortzaileek beren kabuz eta 7/2022 Legearen 20.3 artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitako baldintzetan kudeatu ahal izateko aukera.
5. artikulua. Hondakinen titulartasuna eta erabiltzaileak.
Zerbitzu hauek emateaz den bezainbatean, erabiltzaileak dira zerbitzu horien eragina edo onura jasotzen duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak, baldin eta Baztan badute bizileku edo udalerrian ematen diren zerbitzuak erabiltzen badituzte.
Araudiarekin bat, zerbitzu hori nahitaez eman eta hartu beharrekoa da, eta Udalak banaka edo taldean ematen ahal ditu, toki araubidean aurreikusitako edozein kudeaketa modutan.
Ordenantza honetan arautzen diren udal eskumeneko hondakinek beti izanen dute titular arduradun bat, hondakinen sortzailea edo edukitzailea izanik titular.
Administrazio-erantzukizunetik salbuetsita geldituko dira hondakinak Udalari ematen dizkiotenak baino ez, hondakin horiek Udalak kudea ditzan, ordenantza honetan eta aplikatu beharreko gainerako araudian jasotako aginduekin bat etorrita, eta une horretan Udala bihurtuko da hondakin horien jabe. Erantzukizun horretatik salbuesten dira, halaber, hondakin horiek baimendutako edo erregistratutako kudeatzaile den pertsona fisiko edo juridiko bati ematen dizkiotenak, betiere ordenantza honetan aurreikusitakoaren arabera.
6. artikulua. Hondakinen kategoriak.
Ordenantza honen ondorioetarako, etxeko eta merkataritzako hondakinen hainbat kategoria ezartzen dira eta horiek, aldi berean, zerbitzuak emateko baldintzak finkatzen dituzte.
7. artikulua. Etxeko hondakinen bilketa.
Etxeko hondakinen bilketa zerbitzua honako hondakin hauei dagokie:
Etxeko kontsumoaren eta elikaduraren ondorioz herritarrek beren etxebizitzetan sortzen dituzten hondarrei.
Etxe bakoitzeko beheko suaren edo berokuntzaren errautsei.
Espaloiak erraztean jasotako hondakinei, pankartei eta publizitate kartelei.
Etxeko hondakinen parekoei. Etxekoen pareko hondakintzat hartuko dira honako hauek:
Zuhaitzak inaustean eta landarezaintzako lanetan sortutako saskara, xehakatua eta ordenantza honetan finkatutako baldintzetan utziz gero.
Saltokietako salgaien bilgarriak, ontziak, bildukiak eta gainerako hondakinak.
Zerbitzu, merkataritza eta industria jardueretatik heldu diren hondakinak, etxeko hondakinen antzeko ezaugarriak dituztenak.
Jaki prestatuak edo edozein motatako edariak eskaintzen dituzten ostatu, jatetxe eta gainerako establezimenduetan kontsumitzean sortzen diren hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta gisako establezimenduetan sortutakoak.
Egoitza, hotel, ikastetxe eta jendeari begirako bestelako establezimendu publikoek sortzen dituzten kontsumoko hondakinak, oro har.
Udal azoken jardueretatik heldu diren hondakinak.
Etxeko obra txikien ondorioz sortutako lurrak eta obra hondakinak (obra txikikoak), betiere gehieneko muga 200 kg izanik, bereizita entregatuz gero eta obrak egiteko udalaren baimena izanez gero.
Altzariak, etxeko tresnak eta traste zaharrak.
Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak (AEEH).
Itxura, bolumena, pisua, eguneko igorpen kantitatea, hezetasun maila eta bestelako ezaugarriengatik, Udaleko zerbitzuen iritziz, bilketan onartzen diren etxeko hondakinak, oro har.
Horiez gain, kudeatzeko zailtzat jotzen diren hondakinak (artilea, siloetako plastikoak eta abeltzaintzako sokak) biltzen ahal ditu udalak, noiz eta hala erabakitzen eta adierazten duelarik, eta betiere industriaren eskumen arauak betez gero.
8. artikulua. Hartuko ez diren hondakinak.
Hondakin hauek ez dira hartuko:
Hondakin arriskutsuak, norberaren etxeko jardueraren ondoriozkoak izan ezik.
Industriako edo merkataritzako hondakinak, industria jardueran berezkoak direnak, haien izaera, osaera edo itxura dela-eta ez badira etxeko hondakinekin parekatzen ahal.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietatik iristen diren hondakinak, hildako animaliak barne.
Hondakin likidoak edo likidotzen ahal direnak.
Hondakin erradioaktiboak.
Izaera, osaera edo ezaugarriak direla-eta etxeko hondakinekin parekatu ezin diren bestelakoak.
Lehergaien hondakinak eta pirotekniakoak.
Artilearen, siloetako plastikoen eta abeltzaintzako soken hondakinak udal zerbitzuaren bidez biltzen eta kudeatzen ahal dira, betiere eskumen arauak betez gero eta Udalak hala erabakiz gero. Beraz, kasu horretan, artikulu honen 3. puntutik kanpo geldituko lirateke.
II. KAPITULUA.–ETXEKO BILKETA
LEHENENGO ATALA.–EMATEN DIREN ZERBITZUAK
9. artikulua. Egiten diren zerbitzuak.
Udalak ordenantza honetan eta berau garatzeko tresnetan jasotako hondakinak biltzeko zerbitzuak emanen ditu, banaka edo taldean, eta toki araubidean aurreikusitako edozein kudeaketa modutan.
Etxeetako hondakinen bilketatzat hartuko da 7. artikuluan definitzen diren etxeko hondakinen eta merkataritzako pareko hondakinen bilketa, eta honako eragiketa hauek biltzen ditu:
Edukiontziak eta/edo hondakinak bilketarako ibilgailuetaraino eramatea.
Edukiontziak eta/edo hondakinak ibilgailu horietako zama-tokietara hustea.
Hustu eta gero edukiontziak, hala badagokie, beren ohiko lekuetara itzultzea.
Lan horien ondorioz eremu publikoan botatako hondakinak garbitzea.
Hondakinak garraiatu eta horien hustuketa egitea tratamendu zentroetan, transferentziaguneetan edo horretarako prestatutako instalazioetan.
Bide publikoan kokaturiko edukiontzien garbiketa eta mantentze-lanak.
Bilketarako ibilgailuen garbiketa eta mantentze-lanak.
Zerbitzu horiez gain, konposta egiteko gune komunitarioen egokitzapena, jarraipena eta mantentze-lanak eginen dira, etxeko konpostatzearen jarraipena eta kontrola egin, eta Udalak kasuan kasu prestatutako guneetan zerbitzuaren erabiltzaileek utzitako hondakinak bilduko dira.
10. artikulua. Programazioa.
Udalak egokien deritzon maiztasunarekin ezarriko du etxeko hondakinen bilketa, zerbitzuak behar bezala funtzionatzeko eta legezko helburuak betetzeko.
Udalak, interes publikoari begira, komenigarritzat jotzen duenean, noiznahi sartzen ahal ditu bilketa zerbitzuen programan iruditzen zaizkion aldaketa guztiak. Horretarako, beharrezkoa izanez gero, edozein aldaketa argitaratuko du zerbitzua emateko ordutegian, moduan edo maiztasunean.
Larrialditzat edo ezinbestekotzat jotzen diren egoeretan bilketa zerbitzua normaltasunez eman ezin denean, eta Udalak aldez aurretik egiaztatuta, adierazita eta jakinarazita, zerbitzua aldatzen edo eteten ahalko da aldi baterako; kasu horietan, pertsona/erakunde erabiltzaileek ez dituzte hondakinak utzi behar zerbitzua normalizatu arte edo, kasuan kasu, dagozkion jarraibideak eman arte. Larrialdi egoeran alkateak emandako xedapenek ez dute aurretiazko publizitaterik beharko. Salbuespen horien aplikazioak ez du ekarriko, inolaz ere, pertsona/erakunde erabiltzaileek zerbitzuengatik ordaindu behar duten zenbatekoa murrizteko edo kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik.
BIGARREN ATALA.–ETXEETAKO BILKETA EDUKIONTZIEN BIDEZ
11. artikulua. Arau orokorrak.
Udalak edukiontzien bidez, bilketa puntuetan eta/edo atez ate biltzen ditu etxeko hondakinak, eta erabiltzaileak behar bezala erabili beharko ditu.
Udaleko zerbitzuek erabakiko dituzte edukiontzi edo bilketa puntu motak, horien ezaugarri teknikoak eta etxe multzo batean, merkataritzako lokal batean, industria batean edo establezimendu batean, kasuan kasu, erabili beharreko edukiontzi kopurua eta haien kokalekua. Egoera berezia suertatuz gero, horiek kentzen edo aldatzen ahalko dituzte.
Udalak edukiontzien edo bilketa puntu baten kokalekua halako toki batean ezarriz gero, ez da aldatzen ahalko Udalak berak espresuki oniritzia eman ezean. Baztango lekuren batek bilketa puntu baten kokapena aldatu nahi badu, Udalaren eta bertako batzarrearen oniritzia izan beharko du.
Udalaren eskumen eremuaren barrenean (urbanizazio berriko eremuetan edo egun dauden instalazioak handitzea edo aldatzea eskatzen duten hiriguneetan) bilketa puntu berriak instalatzeko, kontuan hartuko da zerbitzuaren beharrak zeintzuk diren, egiazki biltzeko modurik ba ote den eta betiere Udalaren hirigintza arauetan ezarritako baldintzei jarraikiko zaie.
Edukiontziak jabetza publikokoak direnez gero, Udaleko zerbitzuek berritu eta, beharrezkoa izanez gero, areagotuko dituzte. Erabilera okerragatik zerbitzurako erabili ezinik gelditzen badira, erabiltzaileei ordaindu beharra ezartzen ahalko zaie.
Udalaren zerbitzuak arduratuko dira bide publikoan dauden bere jabetzako edukiontziak aldizka garbitzeaz.
Udalak hiri eremuan pasabideak eta erreserba bereziak paratzen ahal ditu, zamalanetarako eta bilketa zerbitzua era egokian emateko gainerakoak egiteko.
Barneko karriketan bilketako ibilgailuen joan-etorria debeku bada edo ezinezkoa bada, bestelako bilketa sistemak prestatzen ahalko dira eta herritarrak horietan laguntzera behartuta egonen dira. Horrelakorik ezean, finketako jabeen elkarteek eraman beharko dituzte hondakinak bilketako kamioiak gertuen duen geldilekura, betiere ordenantza honetan xedatutakoari jarraikiz.
Pertsona edo erakunde titularrak eskatuta, edukiontziak jabego pribatuen barnean paratzen ahalko dira, betiere bilketa aldaketarik gabe egiten ahal bada, bilketako ibilgailua trabarik gabe ailegatzen ahal bada haietara eta udal zerbitzuek egokitzat jotzen badute.
Aurrekoa deusetan ukatu gabe, Udalak ezartzen ahal ditu edukiontziak non eta bilketako kamioiak iritsi ezin diren lekuetan, betiere inguruabar bereziengatik hori egitea komenigarria bada.
12. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak eta debekuak.
Erabiltzaileek betebehar hauek izanen dituzte, oro har:
Hondakinak biltzeko edukiontziak eta zerbitzuak/puntuak indarreko legezko araudiaren eta ordenantza honetan ezarritakoaren arabera erabiltzea. Aipatu edukiontziak Udalarenak izanen dira, salbu eta zerbitzu teknikoen iritziz eta hondakin produkzio handiarengatik, zentro ekoizleak haiek erostera behartzen badira, halakoetan Udalak ezarritako edukiontzi motakoak izanen dira eta Udalak ezarritako arau teknikoak bete beharko dituzte, erakunde horrek edukiontzi horiek bildu eta garbitzeko dituen bitartekoekin bat etor daitezen.
Hondakinak Udalaren esku jartzea, ordenantza honetan zehazten diren frakzioetan behar bezala bereizita.
Edukiontzien bidez egiten diren bilketen kasuan, erabiltzaileak behartuta daude hondakinak edukiontzien barrenean uztera eta, hala badagokio, estalkiak itxi beharko dituzte erabili ondotik; bestela, edukiontzi partikularrak edo edukiontziak beren jardueren barnean izanez gero, bide publikora atera beharko dituzte, zerbitzu publikoak jaso ditzan, betiere Udalak ezarritako egun, ordu eta lekuetan.
Bide publikoan edo guztiontzako eremu publikoetan (parkeak, lorategiak eta abar) sortutako hondakinak edo hondarrak horretarako berariaz prestatutako zakarrontzietan utzi beharko dira; halakorik ezean, hurbilen dauden edukiontzietan, motaren eta izaeraren arabera bereizita.
Hondakinen edukiontziak eta zakarrontziak tentuz tratatzea eta/edo manipulatzea, kalterik ez eragiteko (derrigorrezkoa da bai erabiltzaileentzat, bai bilketa zerbitzuko langileentzat).
Erabiltzaileek hondakinen bolumena murriztu beharko dute, eta poltsen eta edukiontzien edukiera ahalik eta gehien aprobetxatzeko moduan utzi.
Kasuan kasu, hondakinak (kartoizko kutxak, zura, plastikoa eta abar) tolestu edo zatitu beharko dituzte.
Kalteak eragiten ahal dituzten hondakinak (beira, toska, latorria eta abar) kalterik ez egiteko moduan utzi beharko dituzte.
Errautsak aldez aurretik itzalita, hotzak eta ongi itxitako poltsetan bota behar dira. Udalaren zerbitzuek behar bezala eta aurreko zehaztasunen arabera utzi ez diren hondakinak jasotzeari uko egiten ahalko diote.
Etxeko animalia bat duenak, txakur gidari baten titular diren itsuek izan ezik, animalia horrek bide publikoan eta eremu publikoetan egindako gorozkiak jaso beharko ditu, eta behar bezala bilduta edo poltsa batean bota beharko ditu errefusaren edukiontzietan edo, halakorik ezean, espazio publikoetan errefusarako jarritako zakarrontzietan.
Oro har, honako hauek debekatuta egonen dira:
Hondakinak bide publikoan edo udal-mugarteko edozein lekutan uztea edo abandonatzea. Debekatuta egonen da, halaber, hondakinak non eta motaren arabera dagokien edukiontzian ez uztea, edo Udalak zehaztutakoez bestelako lekuetan uztea. Edukiontzi bat beterik egoteak ez du justifikatuko poltsak inguruan uztea.
Espazio publikoetan horretarako paratutako zakarrontzietan ez, baizik eta beste leku batzuetan uztea tamaina txikiko hondakinak, hala nola paperak, txikleak, zigarrokinak, gozokiak, azalak eta antzeko hondarrak, eta zakarrontzietan uztea, poltsetan nahastuta, edukiontzien bidezko edo antzeko bilketa zerbitzu berezia ezarrita duten hondakinak.
Hondakinak parrastaka botatzea edukiontzietara, baita likidoak edo likidotzen ahal diren produktuak botatzea ere. Erabiltzaileak ongi itxitako poltsa hermetikoetan sartu beharko ditu hondakinak, deus zikin ez dezaten.
Espazio publiko edo pribatuetan edozein motatako hondakinak erretzea. Uztondoak, inausketen hondarrak, lastoa eta arriskutsua ez den beste edozein material natural erretzeko, agintaritza eskudunaren baimena beharko da.
Edukiontzien zamalanak, garraioa eta garbiketa lanak eragoztea.
Edukiontziak, edukiontzien piezak edo edukiontzietako edukia mugitzea eta/edo manipulatzea, eta zakarrontziak edo bestelako altzariak beren tokitik iraultzea edo ateratzea eta beste leku batera eramatea.
Edukiontziak edo edukiontzien piezak ezin dira erabili ordenantza honetan ezarri ez diren xedeetarako.
Zerbitzuarekin zerikusirik ez duten kartelak itsastea edukiontzietan.
Hondakin solidoak edo likidoak zuzenean saneamendu sarera hustea.
Ordenantza honetan xedaturiko moduan udal zerbitzuen esku jarri ondotik, hondakinak ateratzea, arakatzea edo jasotzea.
HIRUGARREN ATALA.–HONDAKINEN GAIKAKO BILKETA
13. artikulua. Helburuak.
Nola Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean, hala Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planean eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legean, hondakinak berrerabiltzeko, birziklatzeko eta hondakinak balorizatzeko beste modu batzuetarako helburuak ezartzen dira, ingurumena eta pertsonen osasuna babesteko xedeari jarraikiz.
Ondorio horietarako, Udalak bilketa egiteko sistema bat ezarri du eta, horren ondorioz, erabiltzaileek bereiz utzi behar dituzte modu batean edo bestean aprobetxatzen ahal diren hondakinak, edo gaikako bilketa egokitzat hartzen denean.
Hondakinak behar bezala kudeatu, berrerabili eta birziklatu daitezen, Udalak beharrezkoak diren neurriak ezarri ditu ordenantza honetan, jatorrian gehiago bereizi eta bilketa zerbitzua optimizatze aldera.
Udalaren eskumeneko hondakinei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako helburuak betetzen ez badira, Udalak ordenantza honetan xedatutako neurriak aldatzen ahal ditu helburu horiek betetzen direla bermatzeko.
14. artikulua. Gaikako bilketa sistema.
Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Udalak gaikako bilketa sistema ezarri du, jatorrian bereizita, eta erabiltzaile guztiak horretara behartzen ditu, salbuespenik gabe; hona hemen sistema hori:
– Etxeko/komunitateko konpostagailuak eta/edo edukiontzi marroia frakzio organikorako: Horietan sartu beharrekoak dira elikagai gordinen eta prestatuen hondarrak, hondakin begetal txikiak, sukaldeko papera, kafe kapsula konpostagarriak, paperezko ezpainzapi eta mukizapi erabiliak, kortxozko tapoiak, zerrautsa, zur naturaleko ezpalak eta txirbilak, eta landare- eta/edo animalia-jatorriko bestelako hondakin organiko edo biodegradagarriak, biologikoki degradatzen ahal direnak eta etxeko eta merkataritzako eremuan sortu direnak (merkataritzakoen kasuan, etxekoen pareko baldin badira). Honako hondakin hauek ere sartzen dira: ilea, egur errautsak eta hezurrak.
–Errefusaren edukiontzia: hor sartu beharko dira gaikako bilketarako zerbitzu berezietan edo edukiontzietan utzi ezin diren hondakinak, hala nola konpresak, tanpoiak, pixoihalak, bularretako eta makillajea kentzeko diskoak, hortzetako haria, etxeko sendaketa-lanetako hondakinak (tiritak, esparatrapua, lotailuak, gasak, kotoia, paper-zapiak eta abar), norberaren garbiketarako produktuak (bizarra egiteko eta depilatzeko aitzurrak, orrazia, hortzetako eskuila, argizaria, depilatzeko zerrendak, makillajea), etxeko garbiketaren hondakinak (erraztean sortzen diren eta xurgagailuaren poltsetako hondarrak), platerak, kopak, kristalezko edalontzi puskatuak (beirazkoak ez), eskularruak, pintzak, kreditu txartelak, preserbatiboak, bolalumak, erabilitako errotuladoreak, zigarrokinak eta tabako errautsak, animalien gorozkiak.
–Ontzietarako edukiontzia: Etxeko ontzi arinak eta bilgarriak: plastikozko ontziak (hortzetako pasta, jogurtak, plastikozko botilak eta abar), plastikozko edo metalezko estalkiak eta tapoiak, zeramikazko ontziak, fruta eta barazkien zurezko ontziak, metalezko latak, brikak, poliespanezko erretiluak, plastikozko poltsak, film papera eta aluminiozko papera, aerosol hutsak eta abar.
–Paper eta kartoiaren edukiontzia: Paperezko eta kartoizko ontziak: ongi tolestutako kaxak, kartoizko poltsak eta abar, baita egunkariak, aldizkariak, kaierak, opariak biltzeko papera eta abar ere.
–Beiraren edukiontzia: Edukiontzi horietan beirazko ontziak botako dira, hala nola botilak, flaskoak edo potoak.
–Pilen edukiontzia: Edukiontzi horretan mota guztietako pilak utziko dira, betiere soltean eta inolako poltsa edo bilgarririk gabe. Pilak, halaber, birziklatzeko etxoletan edo garbigunean horretarako prestatutako guneetan uzten ahal dira.
–Olioaren edukiontzia: Mota horretako edukiontzietan sukaldeko olio erabilia utzi behar da, ongi itxita dagoen eta edukiontziaren ahotik sartzen den ontzi baten barrenean. Sukaldeko olio erabilia birziklatzeko etxolan ere uzten ahal da, horretarako prestatutako tokian, edo garbigunean.
–Ehunen edukiontzia: Edukiontzi mota horretan arropa eta zapata erabiliak utziko dira, baita etxeko bestelako ehunak ere, ongi itxitako poltsetan sartuta. Era berean, garbigunean entregatzen ahal dira.
–Tamaina handiko hondakinen etxez etxeko bilketa: Horrelako hondakinak biltzeaz arduratzen den enpresara aldez aurretik deituz gero eta/edo eskaera eginez gero, etxera joaten dira bota nahi diren tamaina handiko hondakinak jasotzera, dauden egoeran daudela. Hondakinak biltzeko ezarritako ordutegia errespetatu beharko da. Hor sartzen dira altzariak, etxetresna elektrikoak, koltxoiak eta abar. Zerbitzu honen bitartez jasotako tamaina handiko hondakinak berrerabiltzen, berrerabiltzeko prestatzen edo balorizatzen ahalko dira, dauden egoeraren arabera.
Hondakin horiek, halaber, Iruritako Zaldubia industrialdean dagoen udal garbigune finkoan uzten ahal dira, betiere hondakina duen pertsonak bertara eramaten baditu. Ordenantza honetako III. kapituluan instalazio horren erabilera antolatzen da.
–Birziklatzeko etxolak edo "Garbigune Ttikiak": Etxeko hondakin berezi edo arriskutsuetarako mini-instalazio horietan horretarako markatuta eta/edo prestatuta dauden zuloetatik edo ahoetatik sartzen ahal diren hondakinak uzten ahal dira, ez besterik: pintura hondarrak pote txikietan, motorreko olioa, etxetresna elektriko txikiak, CDak eta DVDak, argiak, tonerrak eta abar. Horiek guztiak garbigune finkoan ere uzten ahal dira.
15. artikulua. Atez ateko bilketa.
Saltokiek eta zerbitzuek atez ateko bilketa eskatzen ahal dute biohondakinen eta papera/kartoia frakzioetarako. Tamaina handiko hondakinak ere biltzen ahal dira atez ate, aldez aurretik eskatuz gero.
Biohondakinak atez ateko biltzeko, eskaera eta/edo inskripzioa egin behar da aurretiaz. Udalak biohondakinak uzteko beharrezkoak diren ontziak emanen ditu, establezimendu bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta. Ontzi edo edukiontzi horiek bide publikoan egonen dira, edo pertsona edo erakunde eskatzailearen establezimenduaren barrenean, eta hondakinak poltsa itxietan sartu beharko dira. Kanpoaldeko bilketa guneak adostuta eta, azken buruan, Udalak onetsita kokatuko dira, eta Udalak erabakitzen ahalko du bide publikotik kentzea, eragozpenen bat sortuz gero. Instalazio partikularren barrenean edukiontzirik izanez gero, atera egin beharko dira udal zerbitzuek hustu ahal izateko, adostutako ordutegian eta lekuan. Kasu horietan, erakunde eskatzaileak garbitu beharko ditu.
Papera/kartoia atez ate biltzeko, horiek edukiontzi berezietan, fardoetan edo kutxetan utziko dira. Nolanahi ere, kartoizko kutxak egoki tolestuta eta antolatuta utzi behar dira. Bide publikoan utziko dira, establezimenduaren inguruan, jasotzeko. Bilketa hori egiteko, aldez aurretik izena eman edo eskaera egin behar izaten da, eta bilketa bera eta bilketa egiteko puntuak adostu eta, azken buruan, Udalak onetsi beharko ditu.
Era berean, atez ateko modalitate horren barrenean sartzen da tamaina handiko hondakinak etxean jasotzea, aldez aurretik eskatuta, aurreko puntuan zehaztu den moduan.
16. artikulua. Materia organikoa.
Hondakin organikoen kasuan, 14. artikuluan aipatzen denez, hondakin-sortzaileek jatorrian nahitaez bereizi behar dituzte, eta, bestela:
–Tratamendua tokian bertan egiten ahal dute, etxean konposta eginda edo konposta egiteko gune komunitario batera eramanda, betiere aldez aurretik Udalari jakinaraziz gero, aplikatzekoa den araudian ezarritako betebeharrak betetzearren eta metodo horren bidez kudeatu diren biohondakinen kantitateak zenbatzearren.
–Biohondakinak, poltsa konpostagarrietan sartuta, edukiontzietan edo horretarako identifikatu diren antzeko beste sistema batzuetan (etxez etxeko bilketa) uztea, erabiltzaileen etxean edo inguruetan (zehazki, edukiontzietan uzten direnean, edukiontzi marroian sartu behar dira).
Hondakin organikoak poltsarik gabe utziko dira konpostagailuetara (etxekoak izan, komunitarioak izan) botatzen direlarik, eta edukiontzian edo etxez etxeko bilketan uzten badira, ordea, poltsa konpostagarri batean eta itxita utzi behar dira nahitaez, isurketarik gerta ez dadin eta edukiontzia edo bide publikoa zikin ez daitezen. Hondakinak, gaizki aurkezteagatik, kanpora erortzen badira, hori eragin duen erabiltzailea izanen da sortutako zikinkeriaren erantzulea.
Poltsa konpostagarriek Europako EN 13432:2000 araua bete beharko dute, edo biodegradazioari dagozkion Europako edo nazioko beste estandar batzuk, etxeko edo komunitateko konpostatze bidez.
Era berean, Udalak konposta etxean eta/edo komunitatean egiten duten pertsonen zerrenda eguneratua izanen du, formatu elektronikoan, baita konpostatze komunitarioa egiten ahal den eremuena ere.
17. artikulua. Etxeko hondakin arriskutsuak, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak, sukaldeko olio erabilia eta bestelakoak.
Debeku da etxeko hondakin arriskutsuak edukiontzi mota guztietara botatzea, salbu eta haietarako ezarri direnetan, baita arautegiaren arabera arriskutsuen artean baldin badira ere; horrek ez du esan nahi Udalak ez dienik erakunde eskudunei laguntzarik eskaintzen ahal haren kudeaketan, indarrean den araudiari jarraikiz.
Hondakin horiek eta haien ontziak garbigune finkoan utzi beharko dira, edo, tamainaren arabera, Garbigune Ttikietan edo birziklatzeko etxoletan.
Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen (AEEH) kasuan, horiek dituztenek honela utzi beharko dituzte, gaika biltzeko, 110/2015 Errege Dekretuaren arabera:
Aparatu elektriko eta elektronikoen (AEE) saltokietan, aipatu Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera. Artikulu horrek honako hau dio hitzez hitz: "Banatzaileek, salmenta eremuaren azalera edozein dela ere, aukera eman behar diete erabiltzaileei, betiere etxeko AEE berri bat erosten dutenean, erositakoaren antzeko motakoa den edo erositakoaren eginkizun berdinak bete dituen AEEH bat, gutxienez, doan entregatzeko. Banatzaileek betebehar hori bete beharko dute erabiltzaileak banatzailearen salmenta puntuan entregatzen duenean AEEHa, baita erabiltzaileak AEE berria etxean jasotzen duenean egiten duenean entrega ere. AEEHa ez bada entregatzen AEE berria erosten den unean bertan, banatzaileek idatziz adieraziko dute erabiltzaileak zenbateko epea duten AEEHa saltokian uzteko, betiere AEE berriaren erosketa faktura aurkeztuta. Epe hori gutxienez hogeita hamar egun baliodunekoa izanen da."
Artikulu honen 1. puntuan aipatutako garbigune finkoan edo birziklatzeko etxolan/"garbigune ttikian".
Ontzien edukiontzietan utzitako hondakinak poltsetan sartu behar dira, eta aldez aurretik kendu gabeko likidorik eroriko ez dela segurtatu behar da.
"Errefusaren" edukiontzietan uzten diren hondakinak ongi itxitako poltsetan sartu beharko dira, isuri ez daitezen eta edukiontzia edo eremu publikoa zikin ez daitezen.
Paperezko eta kartoizko hondakinak garbi egonen dira, eta ez dute plastikorik, zurik, metalik eta abarrik izan behar. Tamaina handiko kartoizko ontzien hondakinak tolestu edo puskatu behar dira edukiontzian utzi baino lehen.
Beirazko ontziak poltsarik, taparik edo tapoirik gabe utziko dira.
Sukaldeko olio erabilien gaikako bilketa egiteko:
Debeku da sukaldeko olio erabilia saneamendu sarera isurtzea.
Herritarrek 5 litrotik beherako pote itxi batean uzten ahal dute olioa horretarako prestatutako edukiontzietan edo "garbigune ttikietan" edo garbigune finkoetan. Edukiera handiagoko potea baldin bada, garbigune batean utzi beharko da, ezinbestean.
Jatetxe, taberna, hotel eta bestelako jatetxe zerbitzuen titularrek sukaldeko olio erabilia biltegiratzeko edukiontzi egokiak izan beharko dituzte, gainerako hondakinetatik bereizita, eta kudeatzaile baimendu bati eman beharko dizkiote edo, bestela, kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkiola bermatzen duen biltzaile erregistratu bati; halakorik ezean, karrikako edukiontziak erabili beharko dituzte, edukiontzi horien berezitasunetara egokituta.
18. artikulua. Etxebizitzetako obra txikietan sorturiko lur eta obra hondakinen bilketa (obra txikietako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak).
Ordenantza honen ondorioetarako, udal eskumeneko obra txikiko eraikuntzako eta eraispeneko hondakintzat hartuko dira mota horretako obretan (23/2011 Foru Dekretuaren 3.d artikuluko definizioaren arabera) sortutako hondakinak, betiere obra bakoitzeko gehieneko muga 200 kg izanik.
Obra txikietan eta etxeko konponketa lanetan sortzen diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) eta obra hondakinak kudeatzaile baimendu bati eman behar zaizkio edo, bestela, kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkiola bermatzen duen biltzaile erregistratu bati. Nolanahi ere, dagokion entrega ziurtagiria eskuratu beharko da, Udalean aurkezteko.
Udalak artikulu honen lehen paragrafoan zehaztutako baldintzetan kudeatuko ditu eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
Entregatzean, hondakinak zein obratatik datozen identifikatu behar da, eta ziurtagirian jasota utziko da.
Jatorrizko obrak baimen guztiak izan behar ditu, eta udal araudia bete.
Hondakinak behar bezala bereizita entregatu behar dira, EHZ kodeen arabera edo hondakin motaren arabera.
Baztango EEH instalaziora eraman behar dira hondakinak; Oronozen dago.
Aurreko zenbakian xedaturikoa gorabehera, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek beste kudeatzaile batzuen bitartez kudeatzen ahal dituzte hondakin horiek, baldin eta behar bezala baimenduta edo erregistratuta badaude eta indarreko araudia betetzen badute. Kasu horretan, gastu guztiak beren gain hartu beharko dituzte, eta Baztango Udalean aurkeztu beharko dute hondakinak behar bezala kudeatu izanaren dokumentazioa; obraren sustatzailea izanen da beti horren erantzule, eta eraikitzailearen edo hondakinak dituenaren bitartez egiten ahalko ditu izapideak.
19. artikulua. Inausketaren eta lorezaintzako beste jarduera batzuen hondar bilketa.
Inausketaren hondar garbiak (adar garbiak, harririk eta lurrik gabe, elementu arrotzik gabe eta inoiz ez poltsa barruan) Iruritako Loizuko soroan utziko dira, aurretiaz Udaltzaingoaren zerbitzura deituta. Udaltzainek irekiko dute Udalak inausketa hondarrak biltzeko prestatutako eremua, eta adarrak uzteko baimena emanen dute, betiere adarrak Baztango udal-mugartekoak badira eta adierazitako baldintzetan entregatzen badira. Adarrak modu ordenatuan eta ongi jasota utzi behar dira, udal zerbitzuek adierazitako eremuan. Debeku da inausketa hondarrak lekuz kanpo eta udalaren baimenik izan gabe uztea. Udal zerbitzuaren ordutegia bete beharko da hondarrak uzteko.
Lorezaintzako hondar gutxi izanez gero (adaska gutxi batzuk, ongi txikituta, edo lorategi txikietako soropil eta lore hondarrak), material organikoaren edukiontzi marroian uzten ahal dira, poltsetan sartuta eta ongi itxita, edo, bestela, autokudeatu, etxeko konpostaren bitartez.
20. artikulua. Zuraren, plastikozko filmaren eta kartoi komertzialaren bilketa.
Komertzioetako zura botatzeko edukiontzi handia. Baztango Udalak 30 m³ inguruko edukiontzi bat jartzen du herritarren eskura Elizondoko Datue poligonoan, komertzioetako zur hondakinak biltzeko. Komertzioetako zura eta etxekoa ere botatzen ahal da, baina ez bestelako hondakinak, eta ez da, inolaz ere, zura edukiontzitik kanpo uzten ahalko, ezta edukiontziaren gehieneko altuera gainditzen ahalko ere. Beterik baldin badago, hustu arte itxaron beharko da hondakinak bota ahal izateko.
Komertzioetako enbalaje plastikoetarako edukiontzi handia (plastikozko film gardena). 30 m³ inguruko edukiontzia dago Elizondoko Datue poligonoan, komertzioetan enbalatzeko erabiltzen den plastikozko film komertzialaren plastikozko hondakinak (film gardena) biltzeko. Plastikozko film gardena uzten ahal da, ez besterik; bestelako plastiko eta/edo hondakin motak debekatuta daude, eta plastikoa ez da edukiontzitik kanpo uzten ahalko, inolaz ere. Beterik baldin badago, hustu arte itxaron beharko da hondakinak bota ahal izateko.
Komertzioetako kartoia biltzeko autotrinkogailu handia. Komertzioetako kartoia biltzeko edukiontzi autotrinkotzailea, 30 m³ dituena, Elizondoko Datue poligonoan. Komertzioetakoa ez den kartoia (beste jatorri batzuetakoa) uzten ahal da, baina guztiz debekatuta dago kartoiak eta bestelako hondakinak edukiontzitik kanpo uztea. Beterik baldin badago, hustu arte itxaron beharko da hondakinak bota ahal izateko.
III. KAPITULUA.–UDAL GARBIGUNEA
21. artikulua. Instalazioaren definizioa.
Baztango garbigunea instalazio finko bat da, Iruritako Zaldubia poligonoan. Instalazio hori etxeko hondakinak eta parekoak gaika biltzeko zentroa da; arduradun bat egoten da bertan, eta herritar orok erabiltzen ahal du berrerabili, birziklatu edo balorizatzeko modukoak diren materialak entregatzeko eta/edo uzteko.
22. artikulua. Harrera-kontrola.
Garbigunea ustiatzeaz arduratzen diren langileek zainduko dute Garbiguneko sarrera, horretarako ezarritako orduetan. Orobat, segurtasun kameren bidez zaintzen ahalko dira instalazioak.
Garbiguneaz arduratzen den langilearen egitekoak:
Garbigunea ireki eta ixtea, dagokion ordutegian.
Erabiltzaileei aholku ematea hondakinak uzteko tokiei buruz.
Motagatik eta/edo jatorriagatik onartzen ez diren materialak utz daitezen debekatzea.
Erabiltzaileen eta utzitako materialen sarrera erregistroa eramatea.
Datu hauek idaztea: ibilgailuaren matrikula, utzitako hondakinaren kantitatea, tipologia eta jatorria, eta erabiltzailearen NANa, beharrezkoa denean.
Hondakinen/edukiontzien sarrera/irteera erregistratzea baimendutako kudeatzaileen, tratamenduko instalazioen edo bestelakoen aldetik (edukiontzi hutsak, beteak, albaranak eta abar).
Baimenik ez duen ezein pertsonak edo enpresak hondakinak har edo araka ditzan saihestea.
Instalazio osoa txukun eta egoera onean edukitzea.
Hondakinak eta, batik bat, hondakin arriskutsuak aldi baterako gordetzeko erabiltzen diren andel eta edukiontziak behar bezala identifikatuta daudela eta horietako etiketak egoera onean daudela zaintzea.
Instalazioan sartzen diren erabiltzaileen eta hondakin garraiatzaile/kudeatzaileen segurtasuna zaintzea.
23. artikulua. Garbiguneko erabiltzaileak.
Garbiguneko erabiltzailetzat joko dira honako hauek:
Baztango Hondakinen Ordenantza Fiskalean hondakinak biltzeko eta tratatzeko tasaren subjektu pasibotzat hartzen diren baztandarrak.
Baztango udal-eremuko jarduera ekonomiko txikiak, ordenantza honen 25.2 artikuluan zehaztutako hondakin jakin batzuen kasuan. Tratamendu hau aplikatu ahal izateko, ezinbesteko beharkizuna izanen da hondakin horiek ez izatea jarduera nagusiak sortuak eta Udalaren aurretiko baimena edukitzea.
Baztango Udalak salbuespenezko hondakinak uzteko baimenak ematen ahalko dizkie pertsona fisiko edo juridikoei, beren hondakinak zerbitzu honen bidez unean-unean kudeatu nahi dituztenei, lurralde-beharkizuna eta/edo subjektiboa betetzen ez badute ere. Eskaera hori Baztango Udalean aurkeztu beharko da, idatziz, eta alkatearen ebazpen bidez ebatziko da, aurretiko txosten teknikoa izanda.
Ez dira Garbiguneko erabiltzailetzat hartuko honako hauek:
Hiri hondakinak eta/edo hondakin geldoak biltzen dituzten enpresak eta kudeatzaileak.
Industriak, oro har, eta eraiste lanetako enpresak.
Konponketetarako lantegiak.
Baztanen kokaturiko ondasun higiezinen titular eta/edo erabiltzaile ez diren pertsona fisiko eta juridikoak, salbuespenezko baimenik izan ezean.
Aurreko puntuetan deskribatutako kasu guztietan, Garbiguneko zerbitzua erabiltzeko ez da zorrik izan behar Udalarekin.
Ordenantza hau garatzeko arauen bitartez, Udalak determinazio hauek ezartzen ahal ditu garbigunea eta, hala badagokio, garbigune mugikorrak erabiltzeari dagokionez:
Entrega bakarrean uzten ahal diren hondakinen gehieneko kantitatea mugatzea.
Enpresa txikiei edo autonomoei erabiltzeko baimena ematea, zein baldintzetan eta uzten ahal dituzten hondakin zehatzak eta gehieneko kantitatea adierazita.
Zuzenbidez onartuak diren bitartekoren bat baliatuta, agiri bidez egiaztatzea utzi beharreko hondakinak etxekoak direla.
24. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna eta betebeharrak.
Garbigunera hondakinak uztera joaten diren pertsonek:
Instalazioaren arduradunaren argibideei kasu egin behar diete.
Hondakin bakoitza dagokion edukiontzian utzi behar dute, bakoitzaren izaera kontuan hartuta eta txukunki.
Hondakinak deskargatzeko prozesuan isurketarik gertatuz gero, eremuak garbi utzi behar dituzte.
Behar bezala eta abiadura egokian gidatu behar dute, sarbidea une oro libre utzita; baimendutako gehieneko pisua 3.500 kilogramotik beherakoa duten ibilgailuak erabiltzen ahal dituzte.
Instalazioetara adingabeekin sartuz gero, haien gaineko ardura duen erabiltzailearen erantzukizun eta betebehar izanen da Garbiguneko arauak betearaztea adingabeei, bereziki, segurtasunari eta istripuei aurrea hartzeko neurriei buruzkoak.
Garbiguneko langileari eman beharko diete zerbitzuak ongi funtziona dezan eskatzen dieten informazioa (hondakinaren jatorria, mota, gutxi gorabeherako kopurua, identifikazio datuak eta abar).
Indarreko lege araudiei eta udal ordenantzei atxikitzea betebeharren bat betetzen ez badu.
25. artikulua. Garbigunean onartutako hondakinak, kopuruak eta mugak.
Jarraian adierazitako etxeko hondakinak eta etxekoen parekoak onartuko dira. Hondakinak nork sortu dituen horrexek utzi beharko ditu. Hondakinak sortu dituen horrek ez beste pertsonaren batek utzi behar baditu, aldez aurretik eman beharko zaio horren berri Baztango Udalari, ahal dela, idatziz edo bitarteko informatikoen bidez. Aurkeztu agirietan oinarrituta, Udalak hondakinak uzteko baimena eman edo ukatu eginen du. Alkatearen ebazpen bidez, deskribatutako zerrendei gehitzen ahalko zaizkie beharrezkotzat eta egokitzat jotzen diren bestelako hondakinak.
Baztango garbigunean etxeko hondakin hauek uzten ahalko dira:
Sukaldeko olio erabilia eta automobilgintzako olioa.
Ehunen hondakinak (arropa, oinetako erabiliak eta etxeko beste ehun batzuk), poltsa itxietan.
Pilen eta metagailuen hondakinak, berun-azidozko baterien hondakinak barne.
Etxeko tamaina handiko hondakinak, hala nola altzariak eta tresnak (koltxoiak, sofak, somierrak eta abar).
Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak, lanpara eta luminarien hondakinak barne.
Erradiografiak.
Kristal laua: leihoetako kristalak, erakusleihoak eta beira-plakak.
Kutsatutako ontzien hondakinak (substantzia kutsatzailedun produktuak dituztelako edo eduki dituztelako, hala nola pinturak, bernizak, disolbatzaileak, pestizidak, libragailuak, aerosolak eta abar).
Etxeko hondakin arriskutsuak.
Erabiltzen ez diren pneumatikoak, betiere 1619/2005 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz erabiltzen ez diren pneumatikoak garbiguneetan biltzeko prozeduraren arabera uzten direnak.
Plastiko gogorrak (bidoi hutsak, pertsianak eta abar).
Plastikozko film gardena.
Metalak eta txatarra.
Zurak (paletak, altzariak, kaxak, taulak eta abar).
Etxeko papera/kartoia eta kartoizko enbalajeak, behar bezala tolestuta.
Jostailuak.
Beira zapala.
Etxeko ontzi arinak (plastikozko ontziak, latak eta brikak) eta beirazko ontziak.
Inprimagailuetako tonerren karkasak.
Metagailuak: autoen bateriak eta metagailuak, oro har.
CDak eta DVDak.
Ordenantza hau garatzeko arauetan udalak berariaz zehazten dituen beste hondakin batzuk.
Era berean, Baztango lurralde-eremuko jarduera ekonomiko txikietan sortutako hondakin hauek ere uzten ahalko dira, betiere aldez aurretik udalaren baimena izanez gero:
Metalak eta txatarra.
Papera eta kartoia, eta kartoizko enbalajeak.
Etxeko ontzi arinak edo parekoak (plastikozko ontziak, metalezkoak eta brikak).
Beirazko ontziak.
Ehunak.
Aparatu elektriko eta elektronikoak (ordenagailuak, telebistak, irratiak, telefonoak eta abar).
Linea zuriko etxetresna elektrikoak (garbigailuak, sukaldeko etxetresna elektrikoak eta abar).
Fluoreszenteak eta lanparak.
Pilak.
Inprimagailuetako tonerrak.
Utzitako hondakinen bolumena gehienez 3 m³ izaten ahal da, eta, pisua, berriz, 250 kg astean, oro har. Ikusten bada erabiltzaile batek ohitura duela muga horren inguruko entregak egiteko, Udalak eskatzen ahalko dio agiri bidez justifika dezala uzten dituen hondakinen jatorria eta izaera ez profesionala, edota aginduko, hark kudeatutako beste instalazio batzuetara eramateko edo hondakinak bertan ez uzteko. Muga horiek gainditzen dituzten deskargetarako, edo haien ezohiko bolumena edo mota direla-eta ohiz kanpokoak direnetarako, aurretiko baimena eskatuko da.
Oro har, baimendutako gehieneko pisua 3.500 kilotik beherakoa duten ibilgailuei baino ez zaie utziko deskarga egiten, udal zerbitzuan tamaina handiko hondakinak biltzen dituen kamioia salbuespen izanik.
Horrelakorik erabakiz gero, Udalak jasotzen ahalko ditu, gero kudeatze aldera, kudeatzen zailak diren hondakinak, aipatzen direnak Nafarroako Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 16.2.e artikuluan, hala nola artilea, siloko plastikoak, sokak eta beste batzuk.
Udalak, halaber, bi minigarbigune finko edo birziklatzeko etxola/"garbigune ttiki" jartzen ditu herritarren eskura, horietan paratutako itsasgarrien bidez zehazten diren etxeko hondakin txiki bereziak uzteko.
26. artikulua. Garbigunean onartzen ez diren hondakinak.
Ez da onartuko jatorri industrialeko hondakinik, ezta, oro har, bilketa arrunteko edukiontzietan utzi ohi den etxeko hondakinik ere (baina salbuespenezko kasuetan edo unean uneko kasuetan onartzen ahalko dira).
Ez dira onartuko aipatu ez diren hondakinak, salbu eta berariazko baimena badute, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.
Zehazki, ez dira onartuko honako hondakin hauek:
Etxeko hondakin organikoak.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinak (aurreko artikuluko 5. puntuan adierazitakoak salbu).
Jatorri industrialeko hondakinak.
Erabiltzen ez diren ibilgailuak.
Meatzaritzako edo erauzketako jardueretan sortutako hondakinak.
Hondakin erradioaktiboak.
Lehergaiak edo material sukoiak (pirotekniakoak, airbagak eta abar).
Osasun hondakinak.
Hondakin nahasiak.
27. artikulua. Garbigunearen ordutegia eta tarifak.
Garbigunea irekitzeko, harrera egiteko eta arreta emateko ordutegia eta egutegia garbigunearen sarrerako kartelean zehaztuko da, baita Udalaren webgunean edo hondakinen zerbitzuan ere.
Partikularrek ez dute izanen garbiguneetan sartzerik ezarritako orduetatik kanpo, Udalak baimendutako salbuespen egoeretan izan ezik.
Garbigunea doakoa da etxebizitza partikularretako erabiltzaileentzat.
IV. KAPITULUA.–BESTELAKO HONDAKINEN BILKETA BEREZIAK
28. artikulua. Erabilera esklusiboko edukiontziak.
Udalak, pertsona fisiko edo juridikoek berariaz eskatuta eta bi alderdien artean adostutako baldintzen araberako kontratu baten bitartez, norberak erabiltzeko edukiontzi bidezko bilketa zerbitzua ezartzen ahal du, egoki iritziz gero.
Zerbitzua emateko modu horren erabiltzaile diren pertsonek/erakundeek edukiontziak zaindu eta mantentzeko ardura izanen dute eta orobat erantzunen dute berei edo hirugarren pertsonei egiten dieten kalteez. Edukiontzi horiek hondakin-sortzailearen jabegoan gordeko dira normalean. Salbuespen gisa, bide publikoan paratzen ahalko dira, udalaren berariazko edo isilbidezko baimenarekin. Orobat, hondakin-sortzaileari dagokio edukiontziak zerbitzuaren eskura jartzea ohiko bilketa egiteko adostutako orduetan eta hortik kentzea hura bukatutakoan.
Bilketa berezi horiek edukiontzi trinkotzaileak, kaxak edo zerbitzu horri egokitutako beste sistema berariazkoak erabilita egiten ahalko dira, betiere Udaleko zerbitzua teknikoak ados baldin badaude.
Inondik ere ez dira biltzen ahalko araudi orokorrak hondakin arriskutsutzat hartzen dituenak, edo baimendutako enpresa kudeatzaile baten tratamendua behar dutenak, salbu eta Udalak horretarako baimena ematen badu.
29. artikulua. Hondakin arriskutsuen bilketa.
Indarreko araudiari jarraikiz, etxekoak ez diren hondakin arriskutsuen sortzaileei edo edukitzaileei hondakin mota hori kudeatzeko baimendutako erakunde kudeatzailea zein den jakinaraziko die Udalak.
Etxeko hondakin arriskutsuen kasuan, "garbigune ttikia" edo birziklatzeko etxolak daude, baita garbigunea ere.
Etxeko hondakin arriskutsuen ezaugarri bereziek kudeaketa zailtzen badute edo garraioan, bilketan, balorizazioan edo ezabaketan nahasmenduak eragin baditzakete, Udalak honako betebehar hauetakoren bat edo denak ezartzen ahalko dizkie edukitzaileei:
a) ezaugarri horiek ezabatzeko edo murrizteko neurriak har ditzatela.
b) berariaz erabakitako moduan eta lekuan utz ditzatela hondakinak.
c) beren kabuz eta udal bilketa sistematik kanpo kudea ditzatela hondakinak, kudeatzaile baimendu bati emanik edo, bestela, kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkiola bermatzen duen biltzaile erregistratu bati, Udalak aurreikusitako bitartekoen bidez jaso ezin badira. Ez da neurri hori hartzen ahalko etxeetan sortutako etxeko hondakinei dagokienez, salbu eta berariazko araudi batek hala ezartzen duenean. Nolanahi ere, hondakin horien edukitzaileek beren borondatez erabakitzen ahal dute hondakinak zuzenean hondakinen kudeatzaile bati ematea.
30. artikulua. Hondakin klinikoen bilketa.
Ordenantza hau aplikatze aldera, osasun zentro, ospitale, anbulatorio eta abarretatik datozen hondakinen artetik, hondakin kliniko kutsatu gabeak soilik biltzen ahal dira.
31. artikulua. Hondakin erradioaktiboak.
Udalak ez du bere gain hartuko inolako hondakin erradioaktiboren bilketa, ez baita bere eskumenekoa; horrenbestez, ospitale, klinika, anbulatorio... bakoitzak horiek ezabatzeko sistema egokiak prestatu beharko ditu.
32. artikulua. Etxeko animalia hilen bilketa.
Debeku da animalia hilak abandonatzea, edozein motatakoak direla ere eta edozein lur motatan dela ere, baita horiek jabetza publikoko lurretan ehorztea ere.
Baldintza hauek bete beharko dira:
Animalia (lagun egiteko animalia) hilak bota beharrean egokitzen diren pertsonek beren kabuz egin beharko dute. Kudeatzaile baimendu bati eman beharko dizkiote edo, bestela, kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkiola bermatzen duen biltzaile erregistratu bati.
Animalia hilen entrega egiteak ez ditu jabeak salbuesten animaliaren heriotzaren eta horren arrazoien berri emateko betebeharretik, beste ordenantza edo erregelamendu batzuek horrela ezartzen badute.
33. artikulua. Abandonatutako ibilgailuen bilketa.
Debekatuta dago udal-mugarteko edozein lur motatan ibilgailuak abandonatzea.
Ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, ibilgailu bat abandonatuta dagoela ulertuko da, eta etxeko hondakintzat hartuko da, 7/2022 Legearen 2 at) artikuluko azken paragrafoari eta 265/2021 Errege Dekretuaren 3.d) artikuluko bigarren paragrafoari jarraikiz, honako kasu hauetan:
a) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten kalteak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean edo irakurtezinak direnean.
b) Baja administratiboko egoeran izanik ere eremu publikoan dagoenean.
Ibilgailu baten titularrak ibilgailua botatzeko asmoa badu, balio-bizitzaren bukaeran ibilgailuen tratamendurako zentro baimendu (TZB) batean entregatzeko betebeharra du, zuzenean edo harrera instalazio baten bidez, eta egiaztatu beharko du ibilgailu horren azken helmuga TZB bat izan dela, 265/2021 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
265/2021 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, Udalak abandonatutako ibilgailuak jasoko ditu eta TZB batean entregatuko ditu, deskontaminatu eta tratatzeko, betiere trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko araudia betez.
2. apartatuan aurreikusten diren kasuetan, eta abandonatze zantzuak izanik ere, ibilgailuak matrikula plakari kontu edo titularra identifikatzeko parada ematen duen edozein arrasto edo marka agerian badu, errekerimendua eginen zaio delako titularrari, behar diren epeak iragandakoan, 15 egunean ibilgailua biltegitik eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, abandonatutako ibilgailuaren tratamendua emanen zaiola.
Abandonatutako ibilgailu baten jabea identifikatzeko modurik izanez gero, ibilgailua jaso eta TZBan entregatu eta kudeatzeari dagozkion kostuak ordaintzeko eskatzen ahal zaio, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera ezartzen ahal zaizkion zehapenak zehapen.
V. KAPITULUA.–HONDAKIN-SORTZAILE JAKIN BATZUEN BETEBEHARRAK, GAIKAKO BILKETA ETA GOI MAILAKO KALITATEKO BIRZIKLATZEA SUSTATZEKO
34. artikulua. Ontzien, paperaren/kartoiaren eta materia organikoaren hondakinak jatorrian bereiztea denden eta zerbitzuetako nahiz industriako instalazioen barruan.
7/2022 Legearen 20.3 artikuluko bigarren paragrafoan eta 25. artikuluko lehen paragrafoan ezarritakoaren arabera, zerbitzuen sektoreko merkataritza establezimendu indibidual eta kolektiboek (hor sartzen dira jatetxeak, tabernak eta hotelak) eta industriako instalazioek, baldin eta bilketako udal zerbitzuan biltzen diren hondakinak sortzen badituzte, nahitaez bereizi beharko dituzte hondakin horiek jatorrian, aipatu establezimendu edo instalazioen barruan, udalak esleitutako bereizketa sistemaren arabera.
35. artikulua. Udal zerbitzuaren bidez biltzen ez diren merkataritzako hondakin arrisku gabeak.
Udal bilketa zerbitzua erabiltzen ez duten merkataritzako hondakin arrisku gabeen sortzaileek jatorrian bereizi beharko dituzte hondakin horiek, gaika, eta aplikatu beharreko araudiaren arabera kudeatu; gainera, Udalari dokumentu bidez egiaztatu beharko diote hondakin horiek behar bezala kudeatzen dituztela, 7/2022 Legearen 20.3 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraikiz. Horretarako, honako hau bete beharko dute:
Hondakin horiek jatorrian bereizi beharko dituzte, eta higiene eta segurtasun baldintza egokietan mantendu haien esku dituzten bitartean, eta gaika behar bezala bereizita entregatuko dizkiete hondakinen kudeatzaileei, aplikatzekoa den araudian xedatzen denarekin bat.
Hondakin horiek behar bezala bildu eta tratatu direla egiaztatzen duen agiria eduki beharko dute, eta udalera eta Nafarroako Foru Komunitatean hondakinen gaineko eskumena duen erakundera bidali, hala eskatzen zaienean.
Apartatu honetan araututako hondakinetako baten kudeaketa okerra edo eskasa dela ondorioztatzen bada dokumentaziotik, 2 hilabeteko epean konpondu beharko da huts hori; bestela, udal bilketa zerbitzuari atxiki beharko zaio sortzailea.
36. artikulua. Industria hondakinak eta udal eskumenekoak ez diren bestelako hondakinak.
Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera udal eskumenekoak ez diren hondakin-sortzaileek hondakin horiek kudeatu beharko dituzte, kudeatzaile baimendu bati emanik edo, bestela, kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkiola bermatzen duen biltzaile erregistratu bati, eta ez dituzte udal bilketa zerbitzuak erabiliko; dena den, merkataritzako hondakin arrisku gabeen sortzaileek 7/2022 Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
Udalak hondakinen beste frakzio batzuen bilketa antolatzen ahalko du, baldin eta, udal eskumenekoak izan gabe, kudeatzeko zailak diren hondakintzat jotzen badira. Abeltzaintzako hondakinez ari gara, hala nola nekazaritzako plastikoak eta artilea. Horien bilketa antolatzen/eskaintzen ahalko da egoki kudeatzen direla bermatzeko, eta etxeko eta merkataritzako hondakinekin ez nahasteko. Bilketa horiek erabiltzen dituzten pertsonek/erakundeek Udalak ezarritako arauak bete beharko dituzte, eta bilketan parte hartzen ez badute, sortutako hondakinak behar bezala kudeatzen dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak izan beharko dituzte.
VI. KAPITULUA.–EKITALDI JASANGARRIAK
37. artikulua. Ekitaldi publikoak.
Kategoria honen barruan sartzen dira gizarte, josteta, arte, kultura edo kirol izaerako ekitaldiak, jarduerak edo ikuskizunak, publiko orokorrari zuzenduak edo hura biltzeko gai direnak, betiere Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko 36/2024 Foru Dekretuan jasotako definizioaren arabera. Ekitaldi horiek aipatu Foru Dekretuko xedapenak bete beharko dituzte.
38. artikulua. Prebentzio neurriak.
Aurreko artikuluan definitutako ekitaldi publikoetan honako neurri hauek ezarri beharko dira, arauz, hondakinak ez sortzeko:
Ez dira erabiltzen eta/edo entregatzen ahalko erabilera bakarreko plastikozko produktuak, hala nola "erabili eta botatzeko" diren plater, mahai-tresna eta ontziak.
Ez da erabiltzen ahalko dosi bakarretan edo erabili eta botatzeko kapsulatan ontziratutako produkturik, birziklatu ezin diren materialekin fabrikatuta daudenean.
Baztango Udalak babestu, antolatu edo diruz lagundutako ekitaldi publikoetan, baldin eta elikagaiak eta/edo edariak banatu eta/edo saldu behar badira, honako prebentzio neurri hauek hartuko dira erabili eta botatzeko ontzi eta plastikoen prebentziorako:
Ez da erabiltzen ahalko erabili eta botatzeko ontzirik edariak –ura barne– doan banatzeko.
Erabili eta botatzeko ontzien alternatibak ezarriko dira edariak saldu eta banatzeko.
Ekitaldi publikoetako ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuetan edo elikadura puntuetan txorrotako ura duen ontzi bat edo edalontzi berrerabilgarriak edo botila berrerabilgarrietan dagoen ura dohainik eskatzeko aukera eskainiko da beti, ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuaren edo elikadura puntuaren beraren eskaintzaren osagarri.
Ez da saltzen eta banatzen ahalko edarietarako erabili eta botatzeko edalontzirik. Ontzi berrerabilgarriak erabili beharko dira, eta, gainera, behar diren bitartekoak jarri beharko dira ondotik horiek berreskuratu eta garbitzen direla bermatzeko. Ontzia berreskuratuko dela bermatzeko, ontzi berrerabilgarri bakoitzeko kantitate bat kobratzen bada gordailu gisa, behar diren mekanismoak jarri beharko dira kontsumitzaileek ontzia itzultzen dutenean gordailua itzultzen dela bermatzeko.
Ez da erabiltzen ahalko elikagaietarako erabili eta botatzeko plastikozko ontzirik, UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarri edo konpostagarriz osatutakoak izan ezik. Azken horiek beste aukerarik ez dagoenean erabiltzen ahalko dira, ez beste inoiz.
Ziurtatutako mahai-zapi berrerabilgarri edo konpostagarriak erabili beharko dira.
Ekitaldi publikoetako ekitaldi gastronomikoetan (herri bazkarietan, besteak beste), erabiltzen den baxera berrerabilgarria izan beharko da. Sistema hauetakoren bat lehenetsiko da (edo horien konbinazio bat):
Baxera berrerabilgarria erabiltzen duten catering zerbitzuak kontratatzea.
Ekitaldi gastronomikoetara joaten direnei beren baxera berrerabilgarria eramateko eskatzea.
Udalak edo Nafarroako Hondakinen Partzuergoak herritar ororen esku jartzen duten baxera berrerabilgarriaren zerbitzua erabiltzea. Baliabide horien eskariak eskaintza gainditzen badu, Udalak erabakiko du zer irizpide hartu zerbitzu hori eskura jartzeko. Materialak itzuliko direla bermatzeko, horiek erabiltzeko fidantzak ezartzen ahalko dira.
Erakunde antolatzailearen edo sustatzailearen berezko baxera berrerabilgarria erabiltzea, berreskuratzeko eta garbitzeko sistema bermatuz.
Ezin bada ezarri apartatu honetako neurririk, material biodegradagarri edo konpostagarriko baxera erabiliko da, UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituena, edalontziak izan ezik. Edalontziak berrerabilgarriak izan beharko dira.
Hondakinak sortzea prebenitzeko beste neurri batzuk ere hartuko dira kontuan:
Ahal den guztietan, ekitaldiak antolatzen dituzten erakundeek ez dituzte elikagaiak botako, eta soberakinak eman beharko dizkiete horiek birbanatzea bermatzen duten gizarte erakundeei (edo bestelakoei), elikagaien segurtasunaren eta higienearen gutxieneko baldintzak bermatuta.
Paper eta kartoi hondakinen prebentzioari dagokionez:
Internet bidez edo formatu digitalean banatuko da informazioa eta eginen dira komunikazioak, ahal den neurrian, tintarik eta paperik ez erabiltzeko.
Material inprimatuak egin behar izanez gero, ingurumen irizpideak kontuan hartuko dira:
Kontsumitu ondotiko paper birziklatua, klororik ez duena edo modu jasangarrian kudeatutako basoetatik datorrena erabiltzea (adibidez, FSC edo PEFC etiketak).
Ahalik eta kolore gutxien dituen diseinu bat aukeratzea, koloreztatu beharreko azalera minimizatzea, eta tinta kontsumoa murrizten duten iturri tipografikoak erabiltzea (adibidez, ecofont). Diseinuak atenporalak izan daitezen saiatzea, denboran iraun dezaten.
Bi aldeetatik inprimatzea, formatu estandarrean.
Komunikazio-materialak (programak, kartelak, akreditazioak eta abar) inprimatzean, beharrezkoak direnak baino ez dira inprimatuko.
Ingurumen inpaktu txikiko komunikazio-euskarriak eta -materialak (plastiko birziklatuak, bioplastikoak eta abar) edo berrerabilgarriak aukeratzea.
Ekitaldian banatzen diren sustapen materialetan gehiegi paketatutako produktuak saihestuko dira. Ekitaldirako hornitzen ahal diren produktuen paketeak material berrerabilgarriz edo birziklagarriz eginak izanen dira.
39. artikulua. Hondakinak gaika bereiztea ekitaldi publikoetan.
Ekitaldi publiko guztietan, sortutako hondakinak behar bezala bereizi beharko dira jatorrian, eta gerora egoki kudeatu. Hondakinak bereizteko kuboak eta edukiontziak eskatzen ahal zaizkio Udalari, eta Udalak fidantzapean lagako ditu edukiontziak, ezarritako baldintzetan itzuliko direla bermatzeko. Erakunde antolatzailea arduratuko da gaikako bilketetarako edukiontziak paratzeaz eta sortutako hondakinak behar bezala bereizteaz eta/edo behar bezala bereizten direla ziurtatuko du. Hondakinak gaikako frakzio hauetan, gutxienez, bereizteko aukera eman beharko da: materia organikoa, ontzi arinak, papera/kartoia eta beira. Ekitaldia bukatzean, sortutako hondakinak behar bezala utzi beharko dira Udalak herritarren esku jartzen dituen bilketa sistemak erabilita. Zeregin hori erakunde antolatzaileari dagokio.
40. artikulua. Garbiketa ekitaldi publikoetan.
Erakunde, elkarte edo kolektiboek espazio publikoan antolatutako ekitaldien kasuan, Udala tartean ez badago, erakunde antolatzaileek beren kontura garbituko dituzte jarduerak edo ekitaldiak egiteko erabili dituzten espazio publikoak. Bide publikoa erabiltzen bada, hasieran aurkitu den bezala utzi beharko da garbitasunari dagokionez, eta, horretarako, Udalak ekintzaren tamainaren eta sortutako zikinkeriaren araberako fidantza bat eskatzen ahalko du.
III. TITULUA.–ERANTZUKIZUNAK ETA ZEHAPEN ARAUBIDEA
I. KAPITULUA.–ERANTZUKIZUNA, ZAINTZA, IKUSKAPENA ETA KONTROLA
41. artikulua. Erantzukizuna.
Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea dakarten ekintzek edo ez-egiteek administrazio erantzukizuna ekarriko dute, alde batera utzi gabe bide zibilean edo penalean eskatzen ahal den erantzukizuna.
Aurrekoaren ondorioetarako, ordenantza honetan adierazitako betebeharrak ez betetzeak ekarritako erantzukizunak eskatuko zaizkie subjektu arduradunei, ez haiek egindako ekintzengatik bakarrik, baizik eta haien ardurapean dauden pertsonek eta animaliek egindakoagatik ere.
Pertsona edo erakunde erantzule bat baino gehiago dagoenean eta ezin denean zehaztu haietako bakoitzak arau-haustean izandako parte-hartze maila, erantzukizuna solidarioa izanen da.
Betebehar kolektiboak direnean, hala nola edukiontzi edo ontzi normalizatuak erabiltzea, kontserbatzea eta garbitzea, betebeharra esleitu zaion erakundeari egotziko zaio erantzukizuna, hala nola higiezin baten jabeen erkidegoari edo Baztango leku edo herri jakin bateko subjektuei, besteak beste.
42. artikulua. Zaintza eta ikuskapena.
Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen den ikusteko ikuskapen eta zaintza eginkizunak betetzea Udalaren eskumena da. Zehazki, eginkizun horiek esleituta dituzten langileena: hondakinen teknikariarena eta udaltzainena, besteak beste.
Aurreko apartatuan aipatu langileak, beren ikuskapen eginkizunak betetzean, agintaritzako agente izanen dira, eta ahalmena izanen dute, aldez aurretik abisatu gabe, ordenantza honetan araututako jardueren instalazioetara joateko, baita hondakinak biltzeko sistemen edukia ikuskatzeko ere, hala nola edukiontziak eta zabor poltsak.
43. artikulua. Laguntza eman beharra.
Saltokien, etxebizitzen, industrien eta ordenantza honen xede diren beste jarduera batzuen arduradunek eta hondakinen sortzaileek, edukitzaileek eta kudeatzaileek, aplikatu beharreko araudiarekin bat, aurreko artikuluan aipatu langileei erraztasunak eman beharko dizkiete ikuskapen lana egiteko eta instalazioetan sartzeko, baita laguntza eta behar diren agiriak eman ere ikuskapen lanak egin ahal izateko.
II. KAPITULUA. ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
44. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-haustetzat jotzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren aurkakoak diren ekintzak edo ez-egiteak, baita Estatuko edo autonomia erkidegoko legedian, arlo honetan, tipifikatuta daudenak ere, nahiz eta horrek ez duen galarazten ordenantza honen manuek zehatzago identifikatzen laguntzea.
Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahal dira, hondakinen legerian eta Toki Araubidekoan ezarritakoaren arabera.
–Arau-hauste arinak.
Zamalanak eta edukiontzien inguruko mantentze eta garbiketa lanak eragotzi edo trabatzea eta, oro har, zerbitzua emateak dakartzan gainerako jarduerak egitea nolanahi trabatzea.
Hondakin organikoetarako edukiontzietan hondakinak "soltean" botatzea, esan nahi baita, poltsa, zaku edo bestelako bilgarri estankoetatik kanpora.
Edukiontziak edo horien edukia manipulatzea. Udalaren baimenik gabe edukiontziak edo horien piezak mugitu, kaltetu, lekuz aldatu edo ebastea.
Kartoizko kaxen kasuan, ireki gabe, tolestuta eta pilatuta utzi behar dira.
Edukiontzietan edonolako kartelak edo itsasgarriak itsastea edo publizitatea egiteko helburuarekin erabiltzea, erantzule zuzen edo subsidiario izanik erakunde edo pertsona egilea edo iragarlea.
Olanak edo pankartak ez kentzea dagokien eginkizuna bete ondotik eta hondatuta daudenean. Erakunde sinatzaileari dagokio pankartak kentzea, horietan iragarritako arrazoia bukatu ondotik edo pankartak hondatuta daudenean.
Hurrengo bi artikuluetan ezarritako arau-hausteetakoren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik astuntzat edo oso astuntzat jotzea merezi ez badu.
–Arau-hauste astunak.
Edozein udal hondakin mota, baita zaborra sakabanatuta ere, kontrolik gabe abandonatu edo isurtzea bide publikoan edo Udalak horretarako zehaztutako tokietatik kanpo, baldin ez bada pertsonen osasuna arrisku larrian jarri, edo ingurumenean ez bada eragin kalte edo narriadura larririk.
Hondakinak ez dagokien edukiontzira botatzea, jatorrian bereizitako gaikako bilketa egiteko sistema ezarriari huts eginda, edo hondakinak bilketarako edukiontzietatik kanpo uztea.
Etxeko hondakinez betetako poltsak karriketan hondakin txikietarako paratutako zakarrontzietan botatzea.
Animalia hilak edozein lur motatan abandonatzea edo jabetza publikoko lurretan lurperatzea.
Hondakin organikoak obra hondakinekin nahastea.
Udalaren eskumenekoak diren hondakinak udal zerbitzuek unean-unean ezarritakoez bestelako pertsona fisiko edo juridikoei ematea, saltzea edo lagatzea. Baita hondakin horiek aurreikusitakoez bestelako baldintzetan onartzea ere.
Ordenantza honetako 38., 39. eta 40. artikuluen arabera, ekitaldi publikoetan hondakinen prebentziorako eta kudeaketarako eta garbiketarako ezarritako betebeharrak ez betetzea.
Ordenantza honetan xedatzen denari jarraikiz, establezimenduen barrenean sortutako hondakinak jatorrian bereizteko betebeharrak ez betetzea.
Ordenantza honetan xedaturiko moduan udal zerbitzuen esku jarri ondotik, hondakinak ateratzea, arakatzea edo jasotzea.
Dokumentazioa emateko betebeharra ez betetzea, eta aplikatzekoa den araudian eskatzen diren datuak ezkutatzea edo faltsutzea.
Edukiontzietan pintadak eta grafitiak egitea.
Udalaren zaintzako, ikuskapeneko eta kontroleko jarduera oztopatzea, baita Ordenantza honetan aurreikusitako laguntza emateko betebeharrak ez betetzea ere.
Oro har, ordenantza honetako manuetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein ekintza edo ez-egite, betiere arintzat edo oso astuntzat tipifikatzen ez bada.
Arau-hauste oso astunen artean sartzen den arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik halakotzat jotzea merezi ez badu.
–Arau-hauste oso astunak.
Edozein udal hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo isurtzea bide publikoan edo Udalak horretarako zehaztutako tokietatik kanpo, pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo ingurumenean kalte edo narriadura larria eragin bada.
Udalaren eskumenekoak diren hondakinak ordenantza honetan adierazitakoez bestelako pertsona fisiko edo juridikoei ematea, saltzea edo lagatzea, baita hondakin horiek aurreikusitakoez bestelako baldintzetan onartzea ere.
Etxeko eta merkataritzako hondakin arrisku gabeak ordenantza honetan ezarritakoaren aurka ematea, 7/2022 Legearen 20.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere osasun eta higiene publikoa, ingurumenaren babesa edo kontsumitzaileen segurtasuna larriki aztoratzen badira.
Erabiltzaileak berak sortutako hondakinak Udalaren esku uzteari uko egitea, arrazoirik gabe.
Nahitaezko bilketan sartzen ez diren hondakinak botatzea edukiontzietan, zerbitzu hori kontrataturik izan gabe edo berariazko baimenik izan gabe. (abeltzaintzako, industriako eta abarreko hondakinak edukiontzietan uztea)
Edukiontzietan nahita eragitea kalteak.
Hondakinak estolderia saretik behera botatzea.
Hondakin arriskutsuak uztea, baita biltzen direnekin batera nahastea ere.
Jasotzekoak ez diren hondakin klinikoak uztea, edo horiek nahastea onartzen diren hondakinekin.
Arriskutsuak edo toxikoak izaten ahal diren hondakinei buruz Udalak eskatutako informazioa emateari uko egitea, edo, benetan halakoak direnean, haien jatorriari, ezaugarriei, aurretratamendu motari eta abarri buruzkoa.
Arestian aipatutakoez gain, Ordenantza honetan, 7/2022 Legean edo geroagoko garapenetan xedaturik dagoenaren aurkako egintza edo ez-egite oro.
45. artikulua. Zehapenak.
Zehapenen mailaketa Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legean aurreikusitakoaren arabera eginen da.
Zehapena dagokion zenbatekoaren gaineko %50eko murriztapenarekin ordaintzen ahalko da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondotiko hogeita hamar egun natural iragan aurretik ordaintzen bada eta aurkaratze orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada; kasu horretan, eragindako kaltea konpontzeko betebeharra bermatuko duen fidantza bat gordailutu beharko da.
Deskontua ordainduz gero, prozedura bukatuko da ebazpenik berariaz eman behar izan gabe; beraz, prozedura burututzat joko da zehapena ordaintzen den unean.
46. artikulua. Lehengoratu beharra.
Kasu bakoitzean bidezkoa den zehapena alde batera utzi gabe, arau-hausleak konpondu egin beharko du eragindako kaltea, eta hondatutakoa lehengo egoerara itzuli.
Arau-hausleak ez badu eragindako kaltea ezarri zaion epean konpontzen, organo eskudunak isun hertsagarriak ezartzea erabakitzen ahal du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoarekin bat.
Halaber, bete ezean, exekuzio subsidiarioz gauzatzen ahal da lehengoratze hori. Egin beharreko jarduketen kostuak arau-haustearen erantzulearen kargura izanen dira eta, hala behar denean, eragindako kalte eta galeren ondoriozko kalte-ordaina eskatzen ahalko zaio.
47. artikulua. Isun hertsatzaileak.
Beharrezkotzat jotzen den kasuetan, eta ezartzen ahal den zehapena alde batera utzi gabe, organo eskudunak hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko du, 7/2022 Legearen 117. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan xedatutakoari jarraikiz.
Hertsapen-isun bakoitzaren zenbatekoak ez du gaindituko egindako arau-hausteagatik finkatutako isunaren herena.
48. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa. Arau-hausteak epe hauetan preskribatuko dira:
Arau-hauste arinak urtebeteren buruan.
Arau-hauste astunak hiru urteren buruan.
Arau-hauste oso astunak bost urteren buruan.
Arau-austea egiten den egunetik beretik hasiko da kontatzen arau-hausteen preskripzio epea; arau-hauste etengabe edo iraunkorren kasuan, jarrera arau-hauslea bukatzen denean hasiko da kontaketa.
Ezarritako arau-hausteak honako epe hauetan preskribatuko dira:
Arau-hauste arinengatik ezarritakoak, urtebeteren buruan.
Arau-hauste astunengatik ezarritakoak, hiru urteren buruan.
Arau-hauste oso astunengatik ezarritakoak, bost urteren buruan.
Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio-epea.
49. artikulua. Eskumena eta zehapen prozedura.
Zehapen prozedura Alkatetzaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.
Ebazpenean zehaztuko da jarduketen instrukzioa nori dagokion, eta ustez erantzule den pertsonari edo subjektuari jakinaraziko zaio.
Zehapen prozedura bukatzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.
Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa. Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari bukaera ematen badio.
Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahalko da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.
IV. TITULUA.–ERREKLAMAZIOAK ETA JURISDIKZIOA
50. artikulua. Erreklamazioak.
Hurrengo artikuluan ezartzen dena ukatu gabe, erabiltzaileek zerbitzuen baldintzak direla-eta aurkezten dituzten erreklamazio, zalantza eta galderak, kasu bakoitzean eskudun den administrazio publikoko erakundeak ebatziko ditu, administrazio bidea erabiliz.
51. artikulua. Errekurtsoak.
Erakundearen ebazpenen aurka Toki Administrazioaren arloan indarrean dagoen legerian, oro har, ezartzen diren errekurtso eta erreklamazioak aurkezten ahalko dira.
52. artikulua. Jurisdikzioa.
Ordenantza hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen ahal diren goiti-beheiti guztiak ebazteko, Nafarroako administrazioarekiko auzitegiak izanen dira eskudun.
Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko gaikuntza.
Alkatearen ebazpen bidez aldatzen ahalko dira ordenantza honen artikuluak eta eranskinak, dena delako aldaketak baldin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua sinplifikatzea eta bizkortzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraikitzen bazaio. Horrenbestez, Alkatetzari ahalmena ematen zaio honetarako:
a) Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko.
b) Behar den xedapen oro ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egun iraganda hartuko du indarra.
I. ERANSKINA.–EDUKIONTZI BAKOITZEAN UTZI BEHARREKO HONDAKINEN ZERRENDA ADIERAZGARRIA
BEIRA (IGLU BERDEA) |
Beirazko ontziak |
Beirazko potoak eta botilak, edozein koloretakoak |
Kosmetikako eta lurringintzako potoak |
Kontserben flaskoak |
... |
PAPERA ETA KARTOIA (EDUKIONTZI URDINA) |
Aldizkariak eta egunkariak |
Liburuak, koadernoak, libretak, orriak, karpetak |
kartoi meheak |
Kartoizko kutxak |
Paperezko poltsak |
Kartoizko arrautzontziak |
... |
ONTZI ARINAK (EDUKIONTZI HORIA) |
Altzairuzko edo aluminiozko kontserba latak |
Altzairuzko edo aluminiozko edari latak |
Aluminiozko erretiluak eta bilgarriak |
Tapak, tapoiak, metalezko edo plastikozko txapak |
Esne, irabiaki, zuku, krema eta antzekoen brickak |
Ur, olio, jogurt, zuku botilak, plastikozkoak |
Plastikozko ontziak, metalezkoak, |
esnekienak, hala nola jogurtena, gurinarena, gaztarena... |
Plastikozko arrautzontziak |
Norberaren higieneko produktuen plastikozko potoak, hala nola kremenak, bainuko gelenak, hortzetako pastarenak.... |
Etxeko garbiketako produktuen plastikozko potoak, hala nola garbikarienak, lixibarenak, leungarrienak |
Plastikozko poltsak |
Plastikozko erretiluak eta elikagaiak biltzeko |
plastikozko filma |
Porexpan erretiluak |
Aluminio papera |
Zeramikazko ontziak |
Fruta eta barazkien zurezko ontziak |
Aerosol hutsak |
... |
MATERIA ORGANIKOA (KONPOSTAGAILUA EDO EDUKIONTZI MARROIA) |
Janaria prestatzean edo elikagaiak manipulatu eta lantzean sortutako hondarrak |
Soberako janari hondarrak (kozinatua edo kozinatu gabe) |
Egoera txarrean dauden elikagaiak eta merkaturatu edo kontsumitu ez diren elikagai soberakinak (ontzitik edo enbalajetik kanpora) | |
Kafe eta infusioen hondarrak |
Paperezko ahozapi eta sukaldeko paper zikinak |
Tximiniako errautsak |
Kortxoak |
Landare frakzioa, lorezaintzako eta inausketako lanen ondoriozko landare hondar txikiak eta zurezkoak ez direnak: lore sorta zimelak, belar txarrak, soropila, inausitako adar txikiak, orbela eta abar. |
... |
ERREFUSA (GURPILDUN EDUKIONTZI BERDEA) |
Pixoihalak eta ehun sanitarioak |
Emakumeen higienerako produktuak (konpresak, tanpoiak) |
Beste ehun batzuk (lanbasak, baietak) |
Erraztearen hondakinak |
Ontziak ez diren metalak (etxeko tresneria) |
Jostailu hautsiak |
Etxeko animalien oheak |
Udal eskumeneko osasun hondakinak (infektatu gabeko sendaketa materiala, latexezko eskularruak eta erabili eta botatzeko beste produktu kirurgiko batzuk, ehun suntsikorra, pixoihalak, zunda) |
Erabilera bakarreko objektu eta materialak, jariakin edo iraizkinekin kutsatutakoak |
Erabilera bakarreko objektuak eta materialak, infekzio arriskurik ez dutenak |
... |
Iragarkiaren kodea: L2501199
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
