Iragarkia
35. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ORKOIEN
Deialdia, tokiko liburutegiko arduradunaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Orkoiengo Udalak, Alkatetzaren otsailaren 4ko 2025-0076 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen, tokiko liburutegiko arduradunaren lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez.
Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
1. Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea liburutegiko arduradunaren lanpostu bat, lan-kontratudun finkoen araubidekoa, lanaldi osoan. Lanpostuak 48 zenbakia du Udalaren plantilla organikoan.
1.2. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin osatu nahi da aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda bat, jarraikiz deialdi honen 12. eta 13. oinarriei.
1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.4. Lanpostuak C mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu (jarraikiz uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenari), bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.
1.5. Hautatutako pertsonen eginkizun nagusiak izanen dira, besteak beste, liburutegiko arduradun izatea eta, oro har, gaur egun nahiz etorkizunean C mailari egokitzen zaizkion lanak (etorkizunean egokitzen zaizkionak, ofizio eta lanbideen eta maneiatzen diren erreminta eta lanabesen bilakaeraren ondorioz eta antolakuntza sistemetan eta egiten diren zerbitzuen osagaietan izaten diren aldaketen ondorioz).
1.6. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez, aipatutako estatutua garatzeko eta betearazteko emandako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua eta aplikatu beharreko gainerako arauak.
2. Izangaien betebeharrak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Ez egotea desgaitua edo baztertua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publiko baten zerbitzutik kendua.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
f) Euskarazko C1 titulua izatea. Eskatzen den euskara titulaziorik izan ezean, C1 maila egiaztatzen duen proba egiteko eskatzen ahalko da instantzia berean.
2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dute aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela, deialdi honetako 9. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.
3. Eskabideak.
3.1. Orkoiengo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, aurrez aurre edo elektronikoki, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela baldintza guzti-guztiak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
3.2. Eskabideari gehituko zaio nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen agiri ofizial baliokidea, eta, horretaz gain, gehituko dira izangaiak lehiaketaldian baloratzea nahi dituen merezimenduen frogagiri jatorrizkoak edo kopia autentifikatuak.
3.3. Desgaitasuna duten pertsonek horren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, etorkizunean eginen diren deiei begira.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.5. Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
4. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Orkoiengo Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Orkoiengo Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
5. Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.
5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Alejandro López Orejuela, Orkoiengo Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Diego Viñas Ayuso. Lehen alkateordea.
1. epaimahaikidea: Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuak izendatutako pertsona.
Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuak izendatutako pertsona.
2. epaimahaikidea: Cristina Ochotorena Uranga. Orkoiengo Udaleko administrari-ofiziala (Langileria Alorra).
Ordezkoa: María Olaetxea Otermin. Orkoiengo Udaleko administrari-ofiziala (Erregistro eta Errolda Alorra).
3. epaimahaikidea: José Ignacio Ropero Sánchez. Udaleko funtzionarioen ordezkaria.
Ordezkoa: Eva Faure Gurbindo. Udaleko funtzionarioen ordezkaria.
Mahaikide-idazkaria: M.ª Ángeles Díaz Ramos. Orkoiengo Udaleko Idazkaria.
Ordezkoa: María José Aragón García. Orkoiengo Udaleko kontu-hartzailea.
5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
6. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoak.
6.1. Euskara proba:
Euskara proba bat eginen da, idatzia bata eta ahozkoa bestea, gehienez ere bi ordukoa, lanposturako eskatzen den hizkuntza-maila (C1) baduela egiaztatzeko. Proba gainditzen duen izangaiak "gai" kalifikazioa jasoko du, eta gainditzen ez duen izangaiak aldiz, "ez gai" kalifikazioa.
"Ez gai" kalifikazioa jasotzen duen izangaia deialditik kanpo geratuko da.
Euskara probak eginen ditu Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak.
6.2. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia. Oinarri hauetan adierazi bezala eginen dira.
6.3. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren oposizioaldiko ariketak eta euskarako proba. Udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko dira gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak, egin baino 48 ordu lehenago.
7. Lehiaketaldia.
7.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea. Lehiaketaldiaren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, eta gehienez ere 30 puntu emanen dira, baremo honekin bat:
a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez 20 puntu.
b) Prestakuntza osagarriagatik, baldin haren edukiak zuzenean zerikusia badu lanpostuarekin, gehienez 10 puntu.
7.2. Epaimahaiak III. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak; horiek denak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.
7.3. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahal ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.
8. Oposizioaldia.
8.1. Oposizioaldiak proba bakarra izanen du, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira.
8.2. Probak ariketa bakarra izanen du. Galdera sorta bati erantzun beharko zaio; zenbait aukera emanen dira erantzuteko, baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak izanen dira II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte, epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Ariketa honetan, gehienez ere, 70 puntu lor daitezke, eta bazterturik geldituko dira 35 puntura iristen ez diren izangaiak.
8.3. Proba hauek egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.
8.4. Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak nortasun agiri nazionala (NANa) aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.
8.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
9. Probak gainditu dituztenen zerrenda, kontratatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu Orkoiengo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.
9.2. Emaitzak argitara eman eta 15 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:
a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
c) Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, jarraikiz deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloei. Ezin izanen dira kontratatu aipatutako osasun azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak.
d) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.
e) Hala behar badu, Orkoiengo Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.
9.3. Aipatutako epearen barrenean agiriak aurkezten ez badira (salbu aski arrazoitutako ezinbertzeko kasuetan), izangaia ezin izanen da kontratatu eta, beraz, haren jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe legokiokeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Orkoiengo Udalak lanpostua beteko du zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, hots: hautaprobak gainditu dituztenen zerrendan (9.1 apartatuan aipatzen den horretan) ondo-ondotik heldu den izangaiarekin.
10. Kontratazioa.
10.1. Hautapen prozedura bukatu eta izangaiek aurreko oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoan, alkateak kontratatu eginen du.
10.2. Deialdiaren emaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.3. Hautatzen den pertsonak kontratua sinatu beharko du hilabeteko epean, oposizio-lehiaketaren emaitza jakinarazten denetik. Epe horretan kontratua sinatzen ez badute (salbu ezinbertzeko kasuetan), galduko dituzte kontratatuak izateko eskubide guztiak. Horrelakorik gertatuz gero, 9. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
11. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
11.1. Orkoiengo Udaleko alkate udalburuak honako zerrenda hauek eratuko ditu, aldi baterako kontrataziorako izangaiekin, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari.
–Hautaprobak gaindituta ere, lanposturik gabe gelditu diren izangaien zerrenda.
12. Datu pertsonalak babestea.
Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Orkoiengo Udalaren ardura da tratatzea izangaiek emandako datu pertsonalak, deialdi honetan parte hartzeko.
–Datuen tratamenduaren xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea garbiketako langilearen lanpostu bat, lan-kontratu finkoaren bidez, lanaldi osoan.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).
- DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (delegadoprotecciondatos@orkoien.com).
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
13. Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, aurretik organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzela,
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
Orkoien, febrero de 2025.–El alcalde, Alejandro López Orejuela.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Izena: ……………….............................................................................................................., adinez nagusia; Nortasun Agiri Nazionala: …….…….................; jaioteguna: ..............................(e)ko .........-ren .......................-ean; jaioterria .......................................(...................................); helbidea: herria: .......................................... (probintzia: ................................), kalea: ..........................................................., zenbakia: ........, solairua/atea: ..........
Telefono zenbakia: .................................; zure aurrean agertu eta,
ADIERAZTEN DUT:
Onartua izatea eskatzen dudala Orkoiengo Udaleko liburutegiko arduradun izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, zeina argitaratu baitzen .......................................................(e)ko ......... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, haren oinarriak ezagutu eta espresuki onartzen baititut,
Deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, ezarritako denboran eta moduan.
Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua aurkezten dudala, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
Lehiaketaldian baloratzeko merezimenduen ziurtagiriak aurkezten ditudala, jatorrizkoak edo kopia autentifikatuak*
Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen diren egokitzapenak eskatzen ditudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Bertze orri batean, desgaitasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira)*
Desgaitasuna frogatzen duen dokumentazioa aurkezten dudala, erakunde eskudunak emana*
Euskarako C1 titulua frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu dudala, erakunde eskudunak emana.
Ez dudala euskarako C1 titulua, eta hortaz eskatutako euskara maila frogatzen duen proba egin nahi dudala.
Horiek horrela,
ESKATZEN DUT:
Eskabide hau tenorez eta moduz aurkeztutzat harturik, onartua izateko Orkoiengo Udaleko liburutegiko arduradunaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian.
(*) Bidezko denean bakarrik markatu.
(Data eta eskatzailearen sinadura)
ORKOIENGO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.
II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. gaia.–Liburutegi publikoak: nazioarteko eta Espainiako estandarrak eta gomendioak: liburutegi publikoei buruzko UNESCOren manifestua (2022), IFLA/UNESCO jarraibideak liburutegi publikoen zerbitzua garatzeko (2001), eta Kultura Ministerioaren jarraibideak liburutegi publikoen zerbitzuen gainean (2002).
2. gaia.–Liburuari eta liburutegiei buruzko esparru-legeria Espainian: 10/2007 Legea, ekainaren 22koa, irakurketari, liburuari eta liburutegiei buruzkoa. Jabetza intelektualaren arloko legedia.
3. gaia.–Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistema: 32/2002 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako liburutegi sistema arautzen duena. Nafarroako Gobernuko Liburutegien Zerbitzua.
4. gaia.–Deskribapen bibliografikoa: kontzeptua eta eginkizuna. Katalogatzeko arau espainiarren bilakaera: gaur egungo egoera. ISBD kontsolidatua. MARC21 formatuaren egitura. RDA estandarra.
5. gaia.–Bildumak liburutegi publikoetan Sailkapena eta antolamendua. CDUa (sailkapen hamartar unibertsala).
6. gaia.–Nafarroako liburutegi publikoen bilduma digitalak: eBiblio Nafarroa, eFilm Nafarroa eta infoMagazine Nafarroa. Nafarroako Liburutegi Digitala.
7. gaia.–Liburutegiak kudeatzeko sistema integratuak (LKSI) gaur egun, bereziki AbsysNET. Bilaketa-estrategiak Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarearen AbsysNETeko OPACen eta ABARKA metabilatzailean.
8. gaia.–Nafarroako liburutegi publikoetako zirkulazioaren kudeaketa: txartel bakarra, maileguak, itzulketak, liburutegien arteko mailegua, erreserbak, zehapenak.
9. gaia.–Interneten sartzeko zerbitzua liburutegi publikoetan. Liburutegi publikoetan Interneten sartzeko zerbitzurako jarraibideak, Kultura Ministerioarenak (2005). IFLAren manifestua Interneti buruz (2014ko bertsioa). Interneterako sarbidea Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarearen liburutegietan. Internet bidez eskaintzen diren zerbitzuak Nafarroako liburutegi publikoetan.
10. gaia.–Nafarroako liburutegi publikoetako erabiltzaileen iradokizun, kontsulta eta erreklamazioei erantzuteko protokoloa.
11. gaia.–Irakurleen klubak. Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarearen irakurleen klubak: antolaketa eta funtzionamendua.
12. gaia.–Liburutegi publikoaren atalak: haurrak, hemeroteka, ikus-entzunezkoak eta Tokiko Bilduma.
13. gaia.–Liburu espainiarraren panorama XXI. mendean: argitaletxeetako eta merkataritzako formulak. Haur eta gazteentzako liburuen panorama. Liburu elektronikoa.
14. gaia.–Liburutegi publikoak eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (2030 Agenda).
15. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Prozeduran interesdun direnak. II. titulua. Administrazio publikoen jarduera.
16. gaia.–2/12018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua. V. kapitulua. 3. atala. Esleipen prozedurak.
17. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.
III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 20 puntu.
–Administrazio Publikoetan, liburutegiko arduradunen lanpostuetan egindako urte bakoitzeko 2 puntu. Gehienez ere, 20 puntu.
–Administrazio Publikoetan, liburutegiko laguntzaileen lanpostuetan egindako urte bakoitzeko 1 puntu. Gehienez ere, 10 puntu.
Zerbitzu egin bada lanaldi osoa baino lanaldi laburragoetan eta urtebete baino gutxiago iraun badu, hainbanaketa eginen da dagokion heinean.
Laneko eskarmentua frogatuko da honako hauek aurkeztuz: enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiria, lan-kontratua eta lan bizitza.
Enpresa edo administrazio kontratugilearen ziurtagirietan honako hauek jaso beharko dira: kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partzialak izanez gero, zehaztuko da portzentajea edo ordu kopurua) eta lan egindako denboraren hasiera eta bukaera data zehatzak.
Laneko eskarmentua baloratzeko oharrak:
1. Soilik baloratuko dira eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik gauzatu diren merezimenduak.
2. Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari puntu gehien ematen diona baloratuko da soilik.
3. Proportzioan zenbatuko dira lanaldi partzialeko kontratuak eta urtebete baino gutxiago iraun dutenak.
b) Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean lotutako edukia duen prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 10 puntu, ondoko baremoari jarraikiz:
20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,5 puntu.
20 ordu eta hortik goiti, 40 ordura iritsi gabe: puntu bat.
40 ordu eta hortik goiti, 100 ordura iritsi gabe: 1,5 puntu.
100 ordu eta hortik goiti: 2 puntu.
Iragarkiaren kodea: L2501619
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
