35. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

39/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, irizpide orokorrak ezartzen dituena etxebizitzen eskualdaketen gainean lehentasunez eskuratzeko eskubideak erabiltzeko 2024an.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 49. artikuluak ezartzen duenez, salmenta prezioa eta errenta mugatuak dituzten etxebizitza babestuetan eta, orobat, haien eranskinetan, Nafarroako Gobernuak lehentasunez erosteko eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubidea erabiltzen ahalko ditu bizien artean egiten diren kostu bidezko lehenengo eta ondorengo eskualdatzeetan.

Gainera, uztailaren 1eko 20/2022 Foru Legeak, babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroako Foru Komunitatean sustatzekoak, 51 bis artikulua erantsi zion Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari, honela idatzia:

"51 bis artikulua. Lehenespenez eskuratzeko eskubideen egikaritzea zenbait eskualdaketa berezitan.

1. Nafarroako Gobernuari dagozkio lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubide legezkoak etxebizitzaren eta horren eranskinen lehenbiziko eta geroagoko inter vivos eskualdatzeetan, honako etxebizitza-eskualdaketetan:

a) Hipoteka-bermedun zor bat ordaintze aldera eginiko ordain-emate bidez eskuratutako etxebizitzen eta haien eranskinen eskualdaketak.

b) Hipoteka-betearazpeneko prozesu judizial batean edo notarioaren egoitzan eginiko salmenta estrajudizialeko prozedura batean eskuratutako etxebizitzen eta haien eranskinen eskualdaketak.

c) Gutxienez ere bost etxebizitzakoak diren eraikinen eskualdaketak, erabilera nagusia bizitokitarakoa denean, eta are eragiketa hori egiten denean higiezinekiko jarduerari loturiko helburu soziala duten merkataritza-sozietateetako akzioen edo partaidetzen salmentaren bitartez.

d) Hamar etxebizitza edo gehiagoren eta haien eranskinen baterako multzo-eskualdaketak, eta are eragiketa hori egiten denean higiezinekiko jarduerari loturiko helburu soziala duten merkataritza-sozietateetako akzioen edo partaidetzen salmentaren bitartez.

2. Lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko legezko eskubide aipatu horiek etxebizitza alorreko departamentu eskudunak egikaritu beharko ditu, titulu honetako xedapenei jarraikiz. Bereziki izanen dira aplikatzekoak 45.2, 45.3, 45.4, 46, 49.2, 50 eta 51. artikuluek xedatzen dutena (...)."

Lehentasunez eskuratzeko eskubideak ezarri dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren alde, etxebizitza babestuaren merkatuak legea betez funtzionatzea bermatu nahi delako, ez dadin gertatu etxebizitza horiek saltzean dagozkienen gaineko prezioak kobratzea. Orobat, neurri hori funtsezko tresna da etxebizitza eskuragarrien parkea areagotzeko.

Alde horretatik, irizpide orokor orientagarri batzuk finkatu beharra dago, zuzendaritza nagusi honek lehentasunez eskuratzeko eskubideak erabil ditzan. Izan ere, irizpide horiek absolutuak ez badira ere, kasu zehatz bakoitzaren ezaugarri berezietara egokitzen ahal baitira, administrazioaren jardun zuzenerako gida gisa balio dute.

Horiek horrela, ikusirik Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren proposamen-txostena, eta erabiliz Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Irizpide orokorrak ezartzea etxebizitzen eskualdaketen gainean lehentasunez eskuratzeko eskubideak erabiltzeko 2025ean. Eranskinean azaltzen dira.

2. Adieraztea ezen ebazpen honetan finkatutako irizpideak aplikatuko direla, betiere, baldin eta aurrekontu baliabideak badaude.

3. Agintzea ebazpen hau argitara dadila Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 31n.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Elga Molina Roig.

ERANSKINA.–IRIZPIDE OROKORRAK, ETXEBIZITZEN ESKUALDAKETEN GAINEAN EROSI ETA ATZERA ESKURATZEKO ESKUBIDEAK ERABILTZEKO 2025EAN

1. Lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiltze aldera, babes ofizialeko etxebizitzak lehenetsiko dira prezio tasatuko etxebizitzen aurretik, eta haien artean, lehentasunez, iraungita dagoen araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzak.

2. Lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiliko da etxebizitza babestuen gainean, horiei buruzko salaketa bat dagoenean edo jakiten denean eskualdaketan gainprezioak edo abusuzko jardunbideak egon daitezkeela.

3. Lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiliko da etxebizitza libre nahiz babestuen gainean, uste denean horien eskualdaketa prezioa merkatuko balioaz nabarmen azpitik dagoela.

4. Lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiliko da etxebizitza babestuen eskari handia frogatua dagoen (Erroldaren datuen arabera) herrietan kokatutako etxebizitzak eskuratzeko, batez ere Iruñean eta Iruñerrian eta, hala badagokio, Tuteran daudenak.

5. Positibotzat baloratuko dira atari edo eraikin berean etxebizitza bat baino gehiago eskualdatzeko eragiketak.

6. Negatibotzat baloratuko dira, lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiltze aldera, lehenagotik alokatuta dauden etxebizitzak, edo horretarako gaitzen duen titulurik gabe okupatuak eta, orobat, eskualdatzen zaizkionak haietan lehenagotik alokairuan bizi den familia unitateari.

7. Negatibotzat baloratuko dira, lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiltze aldera, landa eremuetako herrietan saltzen diren balio apal edo eskaseko etxebizitzen eskualdaketak, baliabide urriko pertsona edo familiei saltzen bazaizkie.

Iragarkiaren kodea: F2501517