251. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, bete daitezen familia-langileen lau plaza, oposizio-lehiaketaren bidez

Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruaren 2025eko azaroaren 26ko 106/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, bete zitezen familia-langile izateko lau plaza, D mailakoak, oposizio-lehiaketaren bidez.

Hautapen-prozesua honako hauen arabera eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, onetsi zuena Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua; aplikatu beharreko gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Arauak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, oposizio-lehiaketaren bidez, familia-langileen lau plaza, D mailakoak, lan-araubide finkoan eta lanaldi osoan, jardun dezaten Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura; destinoa Etxeko Laguntza Zerbitzuaren Programan (ELZ) izanen dute. Sortzen den zerrenda baliatzen ahalko da lanpostu hutsak bitarteko langileen bidez betetzeko, laneko bajak behin-behinean ordezteko, oporraldietarako, edo zerbitzuak indartzeko behar puntual guztietarako.

Hauxe da lanpostuaren eginkizuna: etxeko laguntza zerbitzua ematea, etxe partikularretan, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen oinarrizko eskualdeko jarduketa eremuan dauden toki-erakundeetan. Horretarako, joan-etorriak egin beharko dira Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko bi egoitzen eta lantoki zehatzen artean; langile bakoitzak bere bitartekoen bidez egin beharko ditu joan-etorriak, Mankomunitateak ez baititu haiek bere gain hartuko.

1.2. Kontratatzen den langileak bilakatuko dira Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finko, sartuko dira D mailan edo taldean, eta jasoko dituzte plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritako ordainsari eta osagarriak, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko kide eginen dira, eta hartan alta emanen zaie, araubide horren babespean.

1.3. Lanpostua sartu behar da Nafarroako Administrazio Publikoen D mailan; izan ere, behar duen gutxieneko titulazioa da Eskola Graduatua, lehen mailako Lanbide Heziketa edo pareko bat. Hala, izanen ditu plantilla organikoan horretarako onetsitako ordainsariak. Lanaldi osokoa izanen da, eta ordutegia, oporrak eta gainerako baldintzak izanen dira Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langile lan-kontratudunei aplikagarri zaien araudiaren araberakoak.

1.4. Beharrezkoa izanen da kontratatzen denak bere kabuz egitea joan-etorriak; hartara, toki-erakundeak ezarritako kilometro-ordaina jasoko du.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako titulu hauetakoren bat izatea, edo hori eskuratzeko moduan egotea (eskubideak ordaindu izanaren gordekina):

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna dutenei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0208 kodea).

–Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0108 kodea).

–Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria (SSCS30 kodea).

–Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak.

Profesionaltasun-ziurtagiria duten izangaien kasuan, gainera, izan beharko dute Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo horien baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko moduan egon beharko dute deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Era berean, onartuko dira honako titulu hauetakoren bat daukatenak:

–Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.

–Erizaintzako Zainketa Lagungarrietako teknikaria.

–Arreta soziosanitarioko teknikaria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horrek aldatzen du Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Betekizun hori betetzen dela frogatu beharko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo baten bidez; erregistro hori arautu zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bitartez.

2.1.3. Beharrezkoa izanen da B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskabideak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira, soilik, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoan (https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0).

Eskabideak izan behar dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere deusetan galarazi gabe jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatu edo autentifikatuak aurkeztu behar izatea kontratatuak izateko deitzen zaienean, indarreko legediak ezarri moduan:

3.2.1. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) Deialdi honen 2.1.1 oinarriko apartatuan eskatutako tituluaren kopia.

c) Tasa ordaindu izanaren agiria.

d) B gidabaimenaren edo baliokidearen kopia.

e) Lehiaketaldian baloratu behar diren alegatutako merezimenduen ziurtagiriak.

f) 6. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek eskatzeko denborak eta baliabideak egokitu daitezela, frogatu beharko dute %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutela, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

a, b, c eta d letretan zehaztutako dokumentuak aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira.

Aski izanen da 3.2 apartatuko dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.3. Tasak.

Espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik 29,00 euroko tasa ordaindu beharko da Nafarroako Rural Kutxako ES10 3008 0081 1107 0334 1123. Tasa ez bada ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barrenean, izangaia baztertu eginen da. Ordenantzaren 4. artikulua:

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2019/115/54

4.–Izangaien onarpena.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mankomunitateko buruak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta hura argitara emanen da Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren iragarki-taulan:

https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0

Egun horretatik aurrera eta ondoko hamar egun baliodunetan, baztertutako izangaiek erreklamazioak egin ditzakete, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez (https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0), deialdiaren aipamenean, eskabide baten bitartez.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Mankomunitatearen buruak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0), eta adieraziko dira deialdi honetako hautaprobak egiteko eguna eta tokia.

Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien kausengatik.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako jasotako arrazoiren bat, kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Mari Carmen Tirapu Erro: Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Rosa Barbería Ardanaz, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko batzarkidea.

Lehen epaimahaikidea: Elena Zarraluqui Minchinela, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kudeatzailea.

Ordezkoa: Eider Aranguren Galarza, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko hezitzailea.

Bigarren epaimahaikidea: Anie Fernández Rived, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko familia-langilea.

Ordezkoa: Ainhoa Vaquero Moradillo, terapeuta okupazionala Noaingo eguneko zentroan.

Hirugarren epaimahaikidea: Elsa Sancho Iztueta, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezkoa: Lorea Arguiñano Aranguren, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Idazkaria: Mercedes Arnedo Lana, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Carlos Revilla Pascual, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kontu-hartzailea.

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.4. Epaimahaiak izan dezake aholkulari adituen laguntza, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den moduan.

6.2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gutxienez ere bi hilabeteren buruan hasiko da oposizioa. Mankomunitateko buruak ebazpen bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren; zerrenda argitaratuko da Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoan (https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0).

Gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko dira Noain Aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0).

7.–Oposizioaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat edo gehiago eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzez eta gaitasunez.

b) Merezimenduen balorazioko fasean, hots, lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduak baloratuko dira, zortzigarren apartatuko baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 70 puntu.

7.2.1. Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:

–Lehen ariketa: teorikoa. Test motako 40 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrek zehapena ekarriko dute, galderek dituzten erantzun posibleen kopuruaren arabera (-0,50, baldin 2 erantzun posible badaude; -0,33, baldin 3 erantzun posible badaude; eta -0,25, baldin 4 erantzun posible edo gehiago badaude). Gehienez 60 minutu emanen dira. Gehienez 40 puntu ortu daitezke.

–Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Ebatzi beharko dira deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruzko kasu praktiko bat edo zenbait, idatziz. Gehienez ordu eta erdi emanen da. Gehienez ere 30 puntu.

7.2.2. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua. Egun bakarrean egiten ahalko dira deialdiaren ezaugarrien taulan aurreikusitako proba guztiak.

7.2.3. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean halakorik eskatu badute.

7.2.5. Aurreikusitako probak kalifikatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.6. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, baloratuko dira lehiaketaldiko merezimenduak.

8.–Lehiaketaldia.

a) Merezimendu profesionalak: gehienez 30 puntu.

Deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 20 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Edozein toki-erakundetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3,0 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.2) Enpresa pribatuetan, etxeko laguntza zerbitzuan, egindako zerbitzuak: 1,0 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Oposizioaldia gainditu dutenen merezimenduak soilik baloratuko dira.

2. Urteen kopurua osoa ez bada, ez da emanen egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa.

3. Gehienez 20 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

4. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik bukaerara arte, edozein dela ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

5. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

6. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzerakoan zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

7. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, emanen da kasu bakoitzean handiena den puntuazioa.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez 10 puntu.

b.1) Titulazio gehigarria izatea, lanpostuan sartzeko eskatzen den tituluaz gain, betiere zerikusia badu deialdiaren xedeko lanbide-adarrarekin, honako hauen arabera:

–Lanpostuan sartzeko behar den titulua: 0 puntu.

–Adar soziosanitarioko espezializazio ikastaroak (gutxienez 140 ordukoak): 5 puntu.

Ez dira kontuan hartuko eta baloratuko merezimenduak, baldin eta zerrendatu, alegatu eta frogatu ez badira eskabideak aurkezteko epea bukatzean.

8.1. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak.

Epaimahaiak proba teorikoa eta praktikoa gainditu dituen izangai bakoitzaren merezimenduak berrikusiko eta baloratuko ditu baremoaren apartatu bakoitzean. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.

8.2. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu, egoitza elektronikoaren iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, halakorik aurkeztu bada, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, egoitza elektronikoan.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, agiriak aurkeztea eta dokumentazioa eramatea.

9.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen ditu probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkerari jarraikiz, batuta izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioko ariketetan lortutako kalifikazioak, eta organo deitzaileari igorriko dio puntuaziorik handiena duten izangaien aldeko izendapen proposamena; betiere, proposatuko dira deialdiko lanpostuak betetzeko bezainbeste izangai.

9.2. Epaimahaiak, erreklamazioak ebatzi ondoren (baldin aurkeztu badira), argitaratuko ditu behin betiko puntuazioak, Noain aldeko Oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitatearen egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0).

Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean izendapen proposamena argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epearen barnean, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Txosten medikoa, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemne bat, aditzera emateko ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko Funtzio Publikoan.

c) Ziurtagiri bat, frogatzeko ez dela kondenatua izan epai irmo baten bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

d) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

9.4. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.

Aurreko paragrafoan ezarritako kasuan, hutsunea beteko da prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, buruak izangaia izendatuko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.6. Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute esleitutako lanpostuaz.

Aipatutako epearen barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, plazaz jabetzen ez direnak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.7. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, organo deitzaileak hutsik gelditzen diren lanpostuak beteko ditu ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduaren 31. artikuluko 1. apartatuko zerrendan agertzen diren izangaiekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua). Izangai horiekin jokatuko da aurreko apartatuetan ezarritako moduan.

10.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrendaren kudeaketa.

10.1. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrendak indarra izanen du kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta azken hori egin ondoren, orduan eratzen den zerrendaren osagarria izanen da. Halakorik gertatu ezean, zerrenda onetsi eta gehienez ere 5 urtez egonen da indarrean.

11.–Ukoak.

11.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik kanpo geldituko da, salbu eta honako egoera batean dagoela frogatzen badu:

1.–Horretara behartua egotea, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin indarrean dagoen izendapen batengatik, kontratu administratibo batengatik edo lan kontratu batengatik.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.

3.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.

4.–Izangaiaren ezkontza edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Foru Legea), parekoa den egoera, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

11.2. Beste alde batetik, baldin zerrenda honek indarra duen bitartean norbait familia-langile ari bada edozein administrazio publikotan, eta uko egiten badio mankomunitate honek eskainitako kontratu bati, zerrendaren hondarrera igaroko da, eta ez zaio dei eginen harik eta aipatutako kontratua azkentzen den arte.

Hori beste behin gerta daiteke eta, horren ondotik, hirugarren aldiz uko egiten badio Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskainitako kontratu bati, eskubide guztiak galduko ditu.

11.3. a) apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek, edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen antzeko egoeretan daudenek, bost eguneko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, egoera hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

11.4. Uko egiteko moduko arrazoiak dauden kasu guztietan, izangaiek komunikatu beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, agiriak aurkeztuko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

11.5. Zerrendatik baztertzea.

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:

1.–Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

2.–Sinatutako kontratuari uko egitea.

3.–Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

4.–Era justifikatuan uko egitea Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ondoz ondoko hiru lan-eskaintzari, eskainitako kontratua bi astetik gorakoa bada.

11.6. Lan-kontratuak.

Zerrenda honen bidez familia-langile izateko lanposturako dei egiten zaien izangaiei eskainiko zaie aldi baterako lan-kontratu bat. Dagoen beharraren araberakoak izanen dira kontratuaren iraupena eta lanaldia, eta indarrean den lan-araudiaren mendekoa izanen da haren araubide juridikoa.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio administrazioarekiko auzien epaitegiei, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Noainen, 2025eko azaroaren 26an.–Mankomunitateko burua, María Carmen Tirapu Erro.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–OPOSIZIOKO ARIKETAKO GAI-ZERRENDA

1.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea.

2.–Beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonei laguntzeko programa, oinarrizko gizarte zerbitzuen esparruan. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Laguntzaren xede diren egoerak. Gizartean eta familietan izaten ari diren aldaketen azterketa eta haien eragina etxeko laguntza zerbitzuan.

3.–Familia-langileak Etxeko Laguntza Zerbitzuan: Lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Etika profesionala oinarrizko gizarte zerbitzuen esparruan, eta informazio konfidentzialaren erabilera beste zerbitzu batzuekiko harremanetan.

4.–Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia langilearen lanean. Gatazka egoerak maneiatzea. Talde lana gizarte-zerbitzuen esparruan. Familia-langilearen koordinazioa lantaldeko profesionalekin.

5.–Hirugarren adina. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

6.–Desgaitasun fisiko eta psikikoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

7.–Etxeko laguntzaren beharra duten beste gizarte eta familia egoera batzuk. Familia-langilearen lana, esku-hartzea jasotzen duten familiek ardurapean adingabeak dituzten kasuetan.

8.–Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, ariketa fisikoa eta loa. Istripuen prebentzioa. Lehen laguntza. Norberaren higienea eta etxebizitzaren garbitasuna. Laguntza teknikoak honako zeregin hauetarako: zainketa pertsonalak, mugikortasuna, elikadura eta etxearen egokitzapena.

9.–Etxeko laguntza zerbitzuak zaintzaileei laguntza ematea. Familia-langilearen esku-hartzea eta haren eginkizunak.

Iragarkiaren kodea: L2515656