Iragarkia
246. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 11
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ANTSOAIN
Deialdia, oposizio bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru plaza, C mailakoak
Antsoaingo Udalaren Gobernu Batzarrak, 2025eko azaroaren 21ean, deialdi bat onetsi zuen, oposizio bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru plaza, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, Antsoaingo Udalaren zerbitzura aritzeko.
Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatu estatutua garatu eta gauzatzeko Sartzeko Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.
Antsoainen, 2025eko azaroaren 21ean.–Alkatea, Marta Díez Napal.
OINARRIAK
1. oinarria.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Antsoaingo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru plaza, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak. Halaber, hautapen-prozesua baliatuz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratu nahi da, sortzen diren beharrei erantzuteko.
Deialdi honetako plazak dira Tokiko Gobernu Batzarraren 2025eko azaroaren 21eko erabakiaren bidez iragarritako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen direnak. Plaza hutsak aukeratzeko egintzaren aurretik zehaztuko dira plaza horien zenbakiak, baldintzak eta destinoak. III. eranskinean dago zehaztuta zer plaza dauden sartuta lekualdatze-lehiaketan.
1.2. Hiru plaza huts horiek txanda hauetan banatuko dira:
–1 plaza txanda irekian.
–2 plaza igoera txandan.
1.3. Igoera txandako plaza hutsen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
1.4. Plazak lortzen dituzten izangaiak funtzionario bihurtuko dira, izanen dituzte langileen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatuko dira, eta alta emanen zaie, araubide horrek Antsoaingo Udalarentzat ezartzen duen babesaren pean.
1.5. Lanaldi osoan jardun beharko da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, beharrezkoa baldin bada.
2. oinarria.–Baldintzak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidetzat hartutako beste titulu bat izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea.
Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.
d) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.
e) 9003 plazan sartzeko, euskarazko titulua eskatuko da (B2 mailakoa edo baliokidea).
f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
g) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
h) Ordainduak izatea azterketa eskubideen tasak, edo ordaintzeko salbuespena frogatzea.
2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:
Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:
a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona lanean ari bada deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako polizia-kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
3.1. Parte hartzeko eskabideak Antsoaingo Udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dira, Udalaren egoitza elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 20 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako beste erregistroren batean, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, personal@ansoain.es helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, eta adieraziko da zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, hori ziurtatu aurretik.
Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honen I. eranskineko ereduari jarraikiz. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko.
Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.2. Tasak.
Hautapen prozesuan parte hartu ahal izateko, izangaiek 10,90 euro ordaindu beharko dituzte, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik. Tasa hori ordainduko da diru-sarrera eskudirutan eginez edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: ES 51 2100 5198 04 2200091055 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–NANa/IFZa.
Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (3. ordenantza fiskala) ezarritakoaren arabera, tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian dauden izangaiak, baldin agiri bidez frogatzen badute. Dagokion tasa ez ordaintzea izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko arrazoitzat hartuko da, eta azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du ordeztuko, inola ere, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea.
Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen, baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaion arrazoiren batengatik; erraterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.
3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Parte hartzeko I. eranskineko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:
a) Indarreko NANaren edo pasaportearen kopia.
Europar Batasuneko beste estatu kideetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarrean dagoena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).
b) Tasa ordaindu izanaren egiaztagiria edo hori ordaintzetik salbuetsita egotea frogatzen duen dokumentazioa.
c) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan eta/edo baliabideetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
d) Deialdiko igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, baldin eta Antsoaingo Udaleko administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira, eskabideari erantsi beharko dizkiote, gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak.
3.4. Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.
3.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
4. oinarria.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan.
4.2. Behin-behineko zerrenda Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, aditzera emanik, orobat, deialdi honetan ezarritako lehen hautaproba egiteko lekua, eguna eta ordua. Ebazpen hori Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
4.4. Funtzio publikora sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa ez da itzuliko baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien kausengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Marta Díez Napal, Antsoaingo Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Jon Garay Vales, Antsoaingo Udaleko zinegotzia.
–Epaimahaikidea: Oier Aizkorbe Arlegui, Burlatako Udaleko obra eta zerbitzuetako burua.
Ordezkoa: Ruben Gutiérrez Lakunza, Berriozarko Udaleko bide-garbiketako zerbitzuaren arduraduna.
–Epaimahaikidea: Txemari Zurbano Peñas, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.
Ordezkoa: David Bikai Iturri, Antsoaingo Udaleko mantentze-lanetako eta laneko arriskuen prebentzioko koordinatzailea.
–Epaimahaikidea: Antsoaingo Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.
Ordezkoa: Antsoaingo Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.
–Idazkaria: María Pilar Montañés Alsasua, Antsoaingo Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.
Ordezkoa: Arantza Antoñana Bermejo, Antsoaingo Udaleko Herritarrendako Arreta Bulegoko arduraduna.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak izan dezake aholkulari adituen laguntza, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.
6.1. Oposizioa 2026ko martxotik aurrera hasiko da.
6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Halakorik bada, epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan 48 orduko aurrerapenarekin; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta oposizioaldiko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.
Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.3. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
6.4. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:
Lehen ariketa:
Proba teorikoa izanen da, eta test motako galdetegi bat erantzun beharko da idatziz, deialdi honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Proba hasi baino lehen, zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta erantzun okerren penalizazioa.
Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere, 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Lehen proban puntuaziorik hoberena erdietsi duten lehen 20 izangaiek baizik ez dute bigarren proba egiten ahalko.
Bigarren ariketa:
Praktikoa; hau da, proba praktiko bat edo gehiago eginen dira, arlo hauetakoak: makineria, igeltserotza, iturgintza eta elektrizitatea, soldadura, mantentze-lan orokorrak, kirol instalazioetako mantentze-lanak, obra txiki edo ertainetako makineria arina maneiatzea, edota bestelako edozein, betiere deialdi honetako II. eranskinean aipatutako gaiekin zerikusia badu. Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean ala gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.
Bigarren proba honetan gehienez 60 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Bazterturik geldituko dira, orobat, gai batean zero puntuko kalifikazioa lortzen dutenak. Probak hasi baino lehen azalduko da ariketa, oro har, eta proba bakoitza zer irizpideren arabera baloratuko diren.
Kalifikazio-epaimahaiak probak egiteko beharrezko deritzon laguntza teknikoa eskatzen ahalko du.
Epaimahaiak adieraziko du, probak hasi baino lehen, zenbat denbora izanen duten izangaiek probak egiteko.
6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.
7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.
7.1. Oposizioa amaitu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du txanda bakoitzeko gainditutakoen zerrenda, lortutako kalifikazioen arabera ordenatuta, eta zerrenda hori Antsoaingo Udaleko alkateari helaraziko dio.
7.2. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.
8. oinarria.–Baldintzak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.
Alkateak egoitza elektronikoan argitaratuko ditu hautatu beharreko plaza hutsen zerrenda eta izangaien zerrenda, plaza hutsak hautatzeko daukaten lehentasunaren arabera ordenatuta.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, plaza hutsak eskuratzeko.
9. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.
Behin plaza hutsak hautatzeko epea bukaturik, epaimahaiak alkateari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plaza kopuruan sartzen ahal direnak.
Izendapen proposamen hori Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
Epaimahaiak, orobat, honako hauek igorriko dizkio alkateari: batetik, hautapen-prozesua gaindituta plaza eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, oposizioaldia gainditu ez baina hautapen-probetako bat gainditu dutenena. Hala, bi zerrenda eratuko dira, aldi baterako sor daitezkeen kontratazioei erantzuteko.
10. oinarria.–Agiriak aurkeztea. Izendapena eta karguaz jabetzea.
10.1. Kontratazio proposamena egoitza elektronikoan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:
a) Indarreko NANaren edo pasaportearen kopia konpultsatua.
b) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Administrazioak edozein unetan egiaztatzen ahalko du aurkeztutako dokumentazioa. Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsukeria antzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.
c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua.
d) 9003 plaza eskuratzeko, 2.1.1.e) oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua.
e) Zinpeko deklarazioa, agertzen duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dagoela inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia.
f) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
g) Izangaiari hitzordu bat emanen zaio, lanpostua betetzeko gaitasun psikofisikoa duela egiaztatzeko; hori guztia, deialdi honetako 2.1.1 apartatutako f) letran ezarritakoari jarraituz. Antsoaingo Udalaren Prebentzio Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa hori.
Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (7. oinarrian aipatutako zerrenda), eta aurreko apartatuetan ezarri bezala jokatuko da.
10.2. Izendapena eta karguaz jabetzea.
Eskatzen zaizkion agiriak aurkeztu ondoren, alkatearen ebazpen baten bidez, Antsoaingo Udaleko funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditu duten izangaiak.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Izendapen ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz izangaiek.
Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenek eskubide guztiak galduko dituzte Antsoaingo Udalean funtzionario sartzeko.
Funtzionario bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9. oinarrian xedatzen den moduan.
11. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
11.1. Bat etorriz xedaturik dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Udaleko aldi baterako langileen kontratazio-zerrendak kudeatzeko araudian eta oinarri honetan ezarritako prozeduran, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda. Izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.
b) Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Izangaien hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuko da, lehenik, gainditutako proba kopurua, eta, gainditutako proba kopuru bera izanik, guztirako kalifikazioa hartuko da kontuan.
11.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira bi zerrendak: batetik, probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaiena; hori guztia, aplikatzekoak diren kudeaketa-arauetan ezarritakoari jarraikiz.
12. oinarria.–Datuen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna: Antsoaingo Udala.
Datuak babesteko ordezkaria: ansoain@ansoain.es.
Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea, botere publikoen jardunean.
Oinarri juridikoa: DBEO, 6-1-e artikulua (interes publikoaren izenean edo botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko tratamendua).
251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
Datuak gordeko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datu-hartzaileak: datuak epaile eta auzitegiei laga dakizkieke, prozeduran interesa duten pertsonei, indarreko legedia betez, eta argitaratuko dira toki-erakundearen egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuak babestearen arloko eskubideak baliatzeko, erregistrora edo egoitza elektronikora joz.
Interesdunek, orobat, erreklamazioa jar dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan.
13. oinarria.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, zeina eskuragarri baitago Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan.
14. oinarria.–Errekurtsoak.
39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetako bat jar daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legeari (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Lehenengo zatia.–Oinarrizko araudia.
1. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua. Udalerria. V. titulua. Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak.
2. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua, I. kapitulua: udalerriak. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. IX. titulua. Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola.
3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
4. gaia.–Antsoaingo Udalaren organigrama. Antsoaingo udal-mugartearen ezagutza.
5. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Antsoaingo Udalaren ordenantza, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako.
Bigarren zatia.–Gai espezifikoak.
1. gaia.–Mantentze elektrikoko lanak egiteko ezagutzak. Argiketariaren tresnak: erabilera eta maneiua. Mekanismo elektrikoak. Lanparak: lanpara motak. Larrialdietako argiteria.
2. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, motorrak, magnetotermikoak eta diferentzialak.
3. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak. Zirkuitu bereziak, alarmak, larrialdiak, komunikazio-sareak.
4. gaia.–Argiteria publikoko zirkuituak. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Kanpoan jartzen diren argiak: motak eta ezaugarriak.
5. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemak ulertzea.
6. gaia–Ur instalazioak. Biltegien eta sareen kontrola eta mantentze-lanak. Honako hauek ezagutzea: uren ponpaketa, iragazkiak eta gai zuzentzaileen dosifikatzaileak.
7. gaia.–Zurezko eta metalezko arotzeriako mantentze-lanak egiteko ezagutzak. Ateak, leihoak eta pertsianak doitzea. Oinarrizko kontzeptuak. Metrologia. Barauts motak. Zurezko arotzeriako tresnak: eskuzko tresnak eta tresna elektrikoak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lanak. Metalezko arotzeriako tresnak: eskuzko tresnak eta tresna elektrikoak. Erabilera eta maneiua. Mantentze-lanak. Lotzeko sistemak. Ate eta leihoetako burdineria: motak. Sarrailak eta sarraila-zilindroak: motak. Mantentze-lanak.
8. gaia.–Iturgintzako, berokuntzako eta saneamenduko mantentze-lanak egiteko ezagutzak. Iturgintzarako tresnak: erabilera eta maneiua. Tresna sanitarioak. Tresna sanitarioen mantentze-lanak. Txorrotak: motak. Matxurak eta konponketak. Hodiak eta osagarriak: motak. Lotzeko sistemak. Iturgintzako instalazio baten osagaiak: motak eta funtzioak. Berokuntza instalazio baten osagaiak: eginkizunak. Igorleak: motak. Igorleen balbulak: igorleen balbula motak eta eginkizuna. Berokuntza-zirkuituak. Berokuntza-instalazioa betetzea, hustea eta purgatzea. Saneamendua: erretenak. Zorrotenak. Kutxatilak: motak eta eginkizunak.
9. gaia.–Igeltserotzako eta pinturako mantentze-lanak egiteko ezagutzak. Igeltserotzako tresnak: eskuzko erremintak eta erreminta elektrikoak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lanak. Oreak, morteroak eta itsasgarriak. Bitarteko osagarriak: motak. Segurtasun-neurriak. Pinturako eskuzko tresnak eta lanabesak: erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Pinturak: pintura motak. Pinturak aplikatzeko metodoak. Bernizak: berniz motak. Bernizak aplikatzeko metodoak.
10. gaia.–Soldadura. Kontzeptu orokorrak. Soldadurako eta tailerreko lanak.
11. gaia.–Produktuak eta tresnak biltegiratzea, biltegia kontrolatzea.
12. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak.
13. gaia.–Igerilekuetako mantentze-lanak. Honako hauek ezagutzea: uren ponpaketa, iragazkiak eta gai zuzentzaileen dosifikatzaileak.
14. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: I. kapitulua: xedea, aplikazio eremua eta definizioak. III. kapitulua. 14., 15. eta 29. artikuluak.
15. gaia.–Ergonomia lanpostuan. Zamak eskuz mugitzea. Ahalegin fisikoari loturiko arriskuak. Arrisku biologikoak. Arrisku kimikoak. Norbera babesteko ekipamenduak eta segurtasun-arauak, honako arlo hauetan: lorezaintza, elektrizitatea, iturgintza, igeltserotza, soldadura, mantentze-lan mekanikoa, pintura, zurgintza eta metalezko arotzeria.
16. gaia.–Honako hauek erabiltzea segurtasun-baldintzekin:
–Metalezko aldamio tubularrak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak.
–Kamioi autokargatzailea eta zubi-garabia.
–Erorikoeon aurkako sistemak eta ekipoak.
17. gaia.–Segurtasuna, altuerako lanetan. Oinarrizko printzipioak.
18. gaia.–Legionellosi-arriskua duten instalazioen mantentze-lan higieniko-sanitarioak. 487/2022 Errege Dekretua, ekainaren 21ekoa.
19. gaia.–Igerilekuetako mantentze-lanak. Kontzeptu orokorrak. Igerilekuen baldintza higieniko-sanitarioak eta segurtasun baldintzak Nafarroako Foru Komunitatean. Foru araudia eta Estatukoa:
–742/2013 Errege Dekretua, irailaren 27koa, igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituena.
–86/2018 Foru Dekretua, urriaren 24koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituena.
–6/2022 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuen higiene, osasun eta segurtasun baldintzak ezartzen dituen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua aldatzen duena.
–27/2025 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, zeinaren bidez ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak.
–105/1999 Foru Dekretua, apirilaren 12koa, hondakin urak isurtzeagatik sor daitezkeen kalteak saihesteko, igerilekuek eta ura edangarri bihurtzeko tratamendurako instalazioek bete behar dituzten kondizio teknikoak ezartzen dituena.
III. ERANSKINA.–LEKUALDATZE-LEHIAKETAN DEITUTAKO PLAZAK
PLAZA ZK. | ARAUBIDEA | ARLOA / ZERBITZUA | EUSKARAZKO EZAGUTZA: |
3006 | Funtzionarioa | Kirol-instalazioak | |
5006 | Funtzionarioa | Mantentze-lan orokorrak | |
9003 | Funtzionarioa | Ikastetxe publikoa | B2 |
Iragarkiaren kodea: L2515403
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
