2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
GARES
Deialdia, barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio bidez betetzeko zerbitzu anitzetako (garbitzailea) bi plaza
Udalbatzak, 2025eko azaroaren 11n egindako osoko bilkuran, deialdi bat onetsi zuen, barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio bidez betetzeko zerbitzu anitzetako (garbitzailea) bi plaza. Hona hemen deialdiaren:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Garesko Udalak lanpostuen balorazioa egiteko azterlan bat egin du, eta haren arabera, Garesko Udalaren plantilla organikoan badira bi plaza, barne igoera bidez betetzeko daudenak.
1.2. Deialdi honen helburua da jarraian ageri diren plazak betetzea, barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio bidez, zeinean parte hartzen ahalko duten eskatutako baldintzak betetzen dituzten Garesko Udaleko langileek.
PLAZAREN KODEA | ALORRA | LANPOSTUA | MAILA |
5-08 | Zerbitzu anitzak | Zerbitzu anitzak, garbitzailea | D |
5-09 | Zerbitzu anitzak | Zerbitzu anitzak, garbitzailea | D |
1.3. Prozedura eginen da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan xedatuari jarraikiz, ezartzen baitu hautaproben deialdia egin daitekeela beren funtzionarioei murrizturik, eraginkortasun eta ekonomia arrazoiek komenigarri egiten dutenean aldaketak egitea lanpostuen antolaketa eta eginkizunetan, eta horiek nahitaez goragoko maila batean sailkatzea eragiten dutenean, betiere baldintza izanik deialdiko plaza hutsek ez ekartzea plantillan diren lanpostuen kopurua handitzea.
1.4. Hautaprobak gainditu ondoan lanposturako izendatzen den izangaia dagokion mailan sailkatuko da eta maila horretako ordainsariak jasoko ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarriari jarraikiz, baita Garesko Udalaren plantilla organikoan lanpostu bakoitzerako ezarritako ordainsari osagarriak ere.
1.5. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa; eutsiko dio Gizarte Segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari.
1.6. Lanaldi osoa bete beharko da, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da. Administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete hori.
1.7. Izendatuak orain arteko lanpostuan zituen eginkizun berak izanen ditu, nahiz eta bere sailkapen berriaren ondoriozko beste batzuk ere manatzen ahalko zaizkion.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio honetan parte hartzeko, izangaiak honako baldintza hauek bete beharko ditu eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Garesko Udaleko funtzionarioa izatea.
b) I. eranskineko ezaugarrian taulan adierazten den lanpostua betetzeko izendatuta egotea.
c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
d) Nafarroako administrazio publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasuna onartuta edukitzea.
e) I. eranskineko ezaugarrien taulan adierazten diren titulazio akademikoa eta gainerako baldintzak betetzea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo eskuratzeko moduan egotea.
f) Baldintza hori bete ezean, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua duela frogatu beharko du.
2.2. Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira Garesko Udalaren erregistro elektronikoaren bidez, Garesko Udalaren egoitza elektronikoaren helbidea baliatuta, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun naturaletan. Eskabidea egiteko II. eranskineko eredua erabili beharko da, eta bertan adierazi beharko da eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen direla.
3.2. Eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dira deialdiaren 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.–Hautagaitzak onartzea.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akats formalak zuzentzeko, egonez gero.
4.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
4.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Itziar Imaz Artazcoz, Garesko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Jose Angel Reta Ibeas, Garesko Udaleko alkateordea.
Epaimahaikidea: Javier Tainta Ugarte, Garesko Udaleko Zerbitzu Anitzetako Alorreko koordinatzailea.
Ordezkoa: Javier Márquez Irurtia.
Epaimahaikidea: David Azpilicueta Guembe, Udaleko langileen ordezkariek izendatua.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Idazkaria: Sonia García Milton, Garesko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa, gutxienez, bertan izan gabe. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak har ditzake proba guztietarako edo batzuetarako. Beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioaldia 2026ko martxotik aurrera egitea aurreikusten da.
6.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
6.3. Ariketa honetan test motako proba teoriko-praktikoa eginen da, berariazkoa deialdi honetako lanposturako, lanpostuaren eginkizunei eta atazei buruzkoa, batez ere goragoko mailan sailkatzea eragin duten eginkizunei eta atazei buruzkoa.
–D mailako lanposturako zeregin osagarriak.
6.4. Galderak III. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira, eta gehienez 40 puntu lortzen ahalko dira.
6.5. Ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aitzin.
6.6. Ariketa bukatu ondoren epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan argitaratuko du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten beren eskubideari komeni zaiona. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
6.7. Ariketetarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
7.–Proba gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, Udalaren iragarki-taulan, gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta.
7.2. Epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio oposizioan puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautapen-prozedura buruturik, alkateak proposatutako izangaiak izendatzeko aginduko du ebazpen baten bidez. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Izangai izendatuek izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza. Aldi horretan norbait lanpostuaz jabetzen ez bada, maila berria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
8.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra, baita oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Garesen, 2025eko azaroaren 11n.–Alkatea, Itziar Imaz Artazcoz.
I. ERANSKINA.–EZAUGARRIEN TAULA
LANPOSTUA | MAILA | BEHAR DEN TITULAZIOA | BESTE BETEKIZUN BATZUK | HIZKUNTZA ESKAKIZUNA | EGUNGO LANPOSTUA | EGUNGO MAILA |
Zerbitzu anitzetako enplegatua, garbitzailea (5-08) | D | Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa | | | Zerbitzu anitzetako enplegatua, garbitzailea | E |
Zerbitzu anitzetako enplegatua, garbitzailea (5-09) | D | Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa | | | Zerbitzu anitzetako enplegatua, garbitzailea | E |
II. ERANSKINA.–HAUTAPEN PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
https://sedeelectronica.puentelareina.es/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=10408
III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Bideen garbiketari eta hondakinen bilketari buruzko oinarrizko kontzeptuak.
2. gaia.–Eskuzko tresnak eta erremintak bideak garbitzeko. Deskribapena eta erabiltzeko modua.
3. gaia.–Tresna eta erreminta mekanikoak bideak garbitzeko. Deskribapena eta erabilerak.
4. gaia.–Bideak ekortzeko sistemak.
5. gaia.–Bideak urez busti eta garbitzeko sistemak.
6. gaia.–Bideetako hondakinak biltzeko sistemak. Motak eta erabili beharreko baliabideak.
7. gaia.–Bideak garbitzeko zerbitzu bereziak.
8. gaia.–Hondakinen birziklatzeari buruzko oinarrizko ezagutzak.
9. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa eta langileek prebentzioaren arloan dauzkaten eskubideak eta betebeharrak: oinarrizko kontzeptuak. Zamak eskuz mugitzea. Ahalegin fisikoari loturiko arriskuak. Oztopo arkitektonikoak.
10. gaia.–Bideak garbitzea eta hondakinak biltzea: arriskuak eta prebentzio neurriak.
11. gaia.–Laneko segurtasuna eta osasuna: seinaleztapena. Istripuen prebentzioa.
12. gaia.–Planoak eta agiriak irakurri eta interpretatzea Udalerriko alderdiak eta leku izenak. Udal-mugarteko toponimia eta kaleak. Izen ofizialak eta tradiziozkoak.
Iragarkiaren kodea: L2515217