241. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

74/2025 FORU AGINDUA, azaroaren 12koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2025eko azaroaren 17an eta 20an, 06:00etatik 08:30era arte, eta 2025eko azaroaren 29an, 13:55etik 23:30era arte, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako Enpresa Batzordeak deituta eginen den greba dela eta.

2025eko azaroaren 6an, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Lan Zerbitzuaren Erregistroan sartu zen Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularraren kontzesioa esleitua daukan Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako Enpresa Batzordeak bidalitako idazki bat, zeinaren bidez jakinarazten baita greba-deialdia egin duela garraio zerbitzu horretan egun-ordu hauetarako: 2025eko azaroaren 17an eta 20an, 06:00etatik 08:30era arte, eta 2025eko azaroaren 29an, 13:55etik 23:30era arte.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiarien garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasota dagoen askatasunez zirkulatzeko eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da Konstituzioak babesten dituen oinarrizko beste eskubide eta ondasun batzuk erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea, osasuna babesteko eskubidea, aisialdiaren erabilera egokia, kultura eskura izatea, etab.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea besteak beste Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, grebarako deia dela eta, bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenak baliatuz.

2025eko azaroaren 11n Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartu zen Iruñerriko Mankomunitateko buruak azaroaren 11n emandako 737/2025 Ebazpenaren jakinarazpena. Horren bidez, Mankomunitateak, Iruñerriko erabiltzaile guztientzako hiriko bidaiari-garraio erregularraren zerbitzuaren titularra den aldetik, Lurralde Kohesiorako Departamentuari proposatzen dio ezar ditzala garraio zerbitzu horretarako gutxieneko zerbitzuak, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako Enpresa Batzordeak deitutako greba dela eta.

Ebazpen horren arabera, antzeko ezaugarriak zituzten beste greba batzuetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira greba deialdi honetan, zeinak zuzenbidearen araberakoak zirela adierazi baitzuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Ebazpen horrek, halaber, Iruñerriko hiri garraioaren ezaugarri bereziak hartzen ditu kontuan, zeinak Iruñerriko Mankomunitateko Garraioaren Arloak berariaz egindako txostenean zehazten baitira eta aipatu espedientean jasota baitaude. Daturik esanguratsuenak jarraian azaltzen dira.

Eskualdeko hiri garraioa Iruñerriko 18 udalerrik osatzen duten eremu batean ematen da. Bertako bizilagunak Nafarroako erdiak baino gehixeago dira, eta bertan daude ospitale nagusiak eta bi unibertsitateak. Eremu eta jarduera gune horiek guztiek joan-etorri asko eragiten dituzte egunean, eta joan-etorri horien ehuneko handi bat hiri garraio publikoan egiten da.

Iragarritako greba horrek Iruñerriko hiriko garraio zerbitzuan bakarrik izanen du eragina; hortaz, garraio eskaera ez da gutxituko; izan ere, garraio publikoan joan-etorriak egiteko arrazoiek beren horretan segituko dute greban ere, greba orokor batean ez bezala.

Iruñerrian ez dago hiri garraio kolektiborako bestelako alternatibarik (metroa, aldirietako trena, tranbia eta abar) eskualdeko hiri garraioan egunero egiten diren joan-etorriak bestela egiteko, eta hori oso kontuan hartu beharrekoa da greba honetako funtsezko zerbitzuak ezartzeko orduan. Taxi zerbitzua, bistan denez, ez da alternatiba bat, haren prezioa ez baita konparatzen ahal hiri garraioarenarekin eta haien gaitasuna ez delako inola ere aski joan-etorri jendetsuetarako (151.000 bidaiari lanegun batean, gutxi gorabehera).

Greba 2025eko azaroaren 17an eta 20an egitekoa da, 06:00etatik 08:30era. Beraz, egun horietako goizeko puntako orduari eragiten dio, eskola-egunak eta lanegunak baitira.

Halaber, 2025eko azaroaren 29an, larunbatean, lanuzte partziala egiteko deia egin da, 13:55etik 23:30era hain zuzen, arratsaldeko txandako erreleboaren arabera. Aipatu beharra dago ezen egun hori, larunbata izateaz gain, Iruñean jaieguna ere badela, Done Saturdi patroiaren jaia ospatzen baita.

Lanegunetarako iragarri den grebak, batez ere, garraiobide alternatiborik (norberaren autoa edo bidaide gisa joateko aukera) ez duten erabiltzaileek egunero garraio publikoan egiten dituzten 83.000 bidaiei eraginen die, eta, ondorioz, pertsona horiek zuzenen jasanen dituzte grebaren ondorioak.

Azaroaren 29an espero den bidaiari-bolumenari dagokionez (larunbata da), kalkulatzen da eskaera izanen dela lanegun baten eta ohiko larunbat baten artean izaten den proportzio bertsukoa; izan ere, jaieguna izan arren, merkataritza, aisia eta jatetxeak irekita egonen dira egun horretan, bai eta funtsezko lanak ere, hala nola ospitaleak eta bestelakoak.

Era berean, kontuan hartu behar da erabiltzaileei argibide egokiak eman behar zaizkiela, edo, bestela esanda, erabakitzen den zerbitzu maila erabat identifikatua egon behar dela.

Hiri garraioaren erabilera, neurri handi batean, garraio horri buruz ematen den informazioaren menpe dago. Izan ere, eskaintza erreala benetan dena baino txikiagoa bihurtzen ahal da eskuragarri dagoen informazioaren arabera.

Hori bereziki garrantzitsua da gutxieneko zerbitzuak zehazteari begira. Izan ere, zerbitzu gutxi direnez, erabiltzailea "ezin daiteke geralekuan gelditu autobusaren zain" (maiztasun handiko zerbitzuetan horixe da ohiko jokabidea), eta ordu zehatz eta ezagunetan joan behar du geralekura. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzu gisa zehazten den portzentajeak bermatu behar du autobus linea guztiak arrazoizko denbora-tarteetan iritsiko direla eta horren gaineko informazioa ulergarria izanen dela.

Era berean, Iruñerriko Mankomunitateko buruaren azaroaren 11ko 737/2025 Ebazpenarekin batera doan Garraio Arloaren txostenean, lanegun arrunt baterako eta larunbat edo jai bezpera baterako zerbitzuaren eskaintzaren eta eskariaren ezaugarri nagusiak jasotzen dira.

Hala, lanegun bateko eskaintzari dagokionez, honako hau nabarmentzen da:

–Eguneko sareak 24 linea ditu: 19 linea erradial edo bitan erradial, 2 linea perimetral eta 3 linea zirkular. Hala ere, linea horietako batek, L24 lineak, igande goizetan bakarrik jarduten du, Landabengo azoka txikiari zerbitzua emateko (iragarritako grebak ez dio linea horri eraginen).

Lanegun batean, 23 lineak osatzen dute eskaintza (19 linea erradial edo bitan erradial, 2 linea perimetral eta 2 linea zirkular), eta honela sailka daiteke:

–Maiztasun handikoa: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 9 linea (3, 4, 7, 8, 9, 12, 16, 18 eta 21).

–Maiztasun ertain-handikoa: 15-20 minutuko tartea autobus batetik bestera: 9 linea (2, 5, 6, 11, 15, 17, 19, 20 eta 25).

–Txikia: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 5 linea (1, 10, 14, 22 eta 23).

Lanegun batean honenbeste autobus aritzen dira lanean:

–Autobus finkoak, eguneko zerbitzuan zehar dabiltzanak: 121.

–Errefortzuko autobusak, puntako orduan bakarrik dabiltzanak: 13.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren autobus finkoak edo errefortzukoak ordezteko: 2.

–Guztira: 136 inguru.

Grebak ez dio lanegunetako gaueko zerbitzuari eragiten.

Eskola-egun eta lanegun bateko eskariaren ezaugarriei dagokienez, honako hau nabarmentzen da:

–Bidaia-kopurua 151.000 da, batez beste.

–Eskola-egun eta lanegun baterako garraio eskariak puntako hiru tarte ditu:

  • Goizeko puntako orduak: 06:00etatik 09:30era; 12.400 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %20,7 inguru biltzen du.
  • Eguerdiko puntako orduak: 13:00etatik 15:30era; 15.700 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %20,9 inguru biltzen du.
  • Arratsaldeko puntako orduak: 17:00etatik 20:30era; 10.300 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %21,8 inguru biltzen du.
  • Gutxien erabiltzen diren orduei edo haraneko orduei dagokienez, goizeko haraneko orduan (09:30-13:00) arratsaldekoan (15:30-17:00) baino bidaiari gutxiago daude.

–Hauek dira batez besteko lanegun batean bidaiatzeko arrazoiak, 2013ko azaroan eskualdeko hiri garraioko erabiltzaileek betetako inkestatik atereak eta ehunekotan emanak:

LANA

IKASKETAK

KUDEAKETAK EGITEA

EROSKETAK

MEDIKUA,
OSPITALEA

BESTE
BATZUK

GUZTIRA

%38,3

%20,4

%13,2

%6,6

%6,3

%15,1

%100,00

Horren arabera, lana eta ikasketak (ikastetxea, unibertsitatea...) dira bidaiatzeko arrazoi nagusiak, horrelakoak gutxi gorabehera bidaien %60 baitira eskualdeko hiri garraioko linea guztietan. Arrazoi medikoa gehituz gero, hiru arrazoi horiek garraio publikoan egindako joan-etorri guztien bi heren biltzen dute.

Aztertuz gero nola banatzen diren bidaiatzeko arrazoiak egunean zehar, ikusiko dugu lan eta ikasketengatik egindako joan-etorriak batez ere goizeko eta eguerdiko puntako orduetan biltzen direla, eta arrazoi medikoengatik, ospitalera joateko eta antzekoetarako egiten direnak egunean zehar banatzen direla.

–Lanegunetako bidaiarien %55ek ez du beste garraiobiderik, inkesta horren emaitzen arabera.

–Grebak ez dio gaueko sareari eragiten.

Larunbatetako edo jai bezperetako eskaintzari eta eskariari dagokienez, txostenak honako hau adierazten du:

Azaroaren 29a jaieguna da Iruñean, Done Saturdi ospatzen baita, Iruñeko patroiaren eguna.

Aurreko urteetako eskarian oinarrituta, egun hori larunbat gisa jasotzen da eskualdeko hiri-garraioaren zerbitzuaren 2025eko egutegian, ez jaiegun gisa, Mankomunitateko buruaren abenduaren 17ko 744/2024 Ebazpenaren arabera.

Hori dela eta, egun hori aztertzen da larunbatetako edo jai bezperetako irizpideekin.

Eguneko sarea lanegunetako zerbitzuan izaten diren linea berberek osatzen dute, hau da, 23 lineak.

Igarotze-tarteak desberdinak dira lanegunetakoekin alderatuta, eta honako hauek dira:

–Maiztasun handikoa: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 3 linea (3, 4 eta 21).

–Maiztasun ertain-handikoa: 15-20 minutuko tartea autobus batetik bestera: 13 linea (2, 5, 6, 7, 8, 9, 11, 12, 16, 17, 18, 19 eta 25).

–Txikia: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 7 linea (1, 10, 14, 15, 20, 22 eta 23).

Larunbat edo jai bezperetan ibili ohi diren autobusen kopuruari dagokionez, honenbeste dira:

–Autobus finkoak, eguneko zerbitzuan zehar dabiltzanak: 93.

–Errefortzuko autobusak puntako orduan: normalean, bat ere ez.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren autobus finkoak edo errefortzukoak ordezteko: 2.

–Guztira: 95.

Greba deialdiak ez dio gaueko sareari eragiten.

Larunbatetako edo jai bezperetako eskariari dagokionez, eguneko sarean:

–Azaroaren 29a larunbat gisara hartzen denez, 2025eko urriko azken larunbatetako batez besteko bidaia-bolumena hartzen da erreferentziatzat: 86.500 bidaia inguru egin dira, batez beste.

–Eskaerak egunean zehar duen banaketari dagokionez (txostenaren 3. eranskinean, lanegun bateko datuekin egindako konparazioa ageri da, ordu-tarteen arabera), ikusten da larunbatetan desberdina dela erabiltzaileen portaera; izan ere, puntako orduetan izaten den bidaia-bolumenaren gailurra askoz txikiagoa da.

Larunbatetako puntako orduak arratsaldean metatzen dira; zehazki, goizetan gehien eskatzen diren haran-orduen eta arratsaldez gutxien eskatzen diren puntako orduen artean kokatzen dira, lanegun batekin alderatuta.

Arestian azaldutako datuak kontuan hartuta, Iruñerriko Mankomunitateko buruaren ebazpenak, Garraioaren Alorraren txostenean ezarritakoaren arabera, gutxieneko zerbitzu hauek proposatzen ditu:

–Lanegunetako eguneko sarea (06:00etatik 08:30era).

Lanegunetako puntako orduetarako, bidaien %60 baino gehixeago nahitaezkoak direnez (lana, kontsulta medikoak, etab.) eta puntako orduetan biltzen direnez, aldi horretarako gutxieneko zerbitzua, ohiko zerbitzuaren portzentaje jakin baten gisa definitua, hori adinakoa izan beharko litzateke gutxi gorabehera.

Portzentaje hori zehaztearren, zerbitzu operatiboetan adierazi beharra dago: 77 autobus finko eta erreserbarako autobus bat behar dira, bai eta errefortzuko 4 ibilgailu ere. Kontuan hartuz lanegun batean 121 autobus finko gehi erreserbako 2 eta errefortzuko 13 autobus izaten direla, zehaztutako funtsezko zerbitzua lanegun bateko zerbitzuaren %60 izanen da gutxi gorabehera.

Zerbitzu hori jaiegunetakoa bezalakoa da 15 lineatan (3, 4, 5, 6, 9, 10, 11, 14, 15, 16, 19, 20, 21, 22 eta 25 lineak), linea batean jaiegunetakoa baino txikiagoa da (23 linea) eta 7 lineatan handiagoa da (1, 2, 7, 8, 12, 17 eta 18 lineak).

Beraz, 2025eko azaroaren 17an eta 20an 06:00etatik 08:30era arte egiteko proposatutako greba dela eta, %60ko gutxieneko zerbitzuak proposatzen dira puntako ordu horretarako (06:00etatik 08:30era arte), lanegunetako ohiko zerbitzuarekin alderatuta. Portzentaje hori bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko da, foru agindu honen eranskinean zehaztutako zerbitzuaren arabera.

–Eguneko sarea larunbatetan edo jai bezperetan (13:55etik 23:30era).

Garrantzitsua da kontuan hartzea deialdia txanda-aldaketari dagokiola, eta, beraz, gutxieneko zerbitzu horiek eguneko ordutegian aplikatuko direla, arratsaldeko txanda hasten denetik aurrera, eta ez diotela gaueko zerbitzuari eraginen.

Larunbat bateko zerbitzuaren bolumena lanegun bateko ordu haranekoarekin pareka daiteke; beraz, bolumen hori aplikatuko da 2025eko azaroaren 29rako (larunbata) planteatutako greba-egunean zehar.

Lanegun bateko haraneko orduari dagokion gutxienekoa finkatzeko, kontuan hartzen da lanegun bateko haraneko orduaren batezbestekoaren eta lanegun bateko puntako orduaren batezbestekoaren arteko erlazioa, eta puntako orduan ezarritako gutxienekoei aplikatzen zaie. Erlazio hori hauxe izanen litzateke: 7.298/10.752 bidaiari-ordua=puntako orduaren %67,87. Erlazio hori aplikatuz gero puntako orduetarako zehaztutako gutxienekoari, emaitza hau lortzen da: %67,87 x %60 = %40,73.

Zehatzagoak izanda, portzentaje hori zerbitzu operatiboetan adierazita, 54 autobus finko (edo errefortzukoak) beharko lirateke, eta erreserbako autobus 1, hau da, lanegun bateko zerbitzuaren %40.

Beraz, 2025eko azaroaren 29an 13:55etik 23:30era arte egiteko proposatutako grebari begira, %40ko gutxieneko zerbitzuak proposatzen dira, lanegunetako ohiko zerbitzuarekin alderatuta. Portzentaje hori bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko da, foru agindu honen eranskinean zehaztutako zerbitzuaren arabera.

Horrenbestez, kontuan harturik bai Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, bai martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa, bai Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. artikulua eta 58.1.b) artikulua, bat etorriz Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraioen Plangintza eta Modernizazio Zerbitzuak egindako proposamenarekin eta erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Transports Ciutat Comtaleko (TCC) Enpresa Batzordeak deituta, 2025eko azaroaren 17an eta 20an, 06:00etatik 08:30era arte, eta 2025eko azaroaren 29an, 13:55etik 23.30era arte, eginen den grebak gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko ditu Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularrean:

–2025eko azaroaren 17a eta 20a:

lanegun bateko ohiko zerbitzuaren %60, gutxi gorabehera. Portzentaje hori bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko da, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.

–2025eko azaroaren 29a.

lanegun bateko ohiko zerbitzuaren %40, gutxi gorabehera. Portzentaje hori bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko da, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.

2. Gutxieneko zerbitzu horiek guztiak egiten direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

3. Greba hasten denean ematen ari diren zerbitzuetan, bai eta grebak eragindako gidarien txanda-aldaketetan ere, autobusean bidaiatzen duten erabiltzaileen zerbitzua errespetatu beharko da, eta azken geralekuraino jarraitu beharko dute autobus barruan bidaiariak dauden bitartean, eta eskatzen diren geralekuetan geldituko dira. Ondoren, autobusa hutsik gelditzen denean, autobus biltegira joan beharko dute.

4. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

5. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

6. Foru agindu hau eta dagokion eranskina jakinaraztea Transports Ciutat Comtal enpresako (TCC) Enpresa Batzordeari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresari, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, foru agindu honek bukaera ematen dio administrazio publikoentzako administrazio bideari. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko azaroaren 12an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

ERANSKINA.–GUTXIENEKO ZERBITZUAK

Gutxieneko zerbitzuak 2025eko azaroaren 17an eta 20an 06:00etatik 08:30era arte eginen den greban

Laneguna (%60).

LINEA

LANEGUNETAKO ZERBITZU ARRUNTA

GUTXIENEKO ZERBITZUA LANEGUNETAN
PUNTAKO ORDUA LANEGUNETAN (%60)

(06:00etatik 8: 30era)

Ibilgailu
kopurua

Tarteak autobus batetik bestera (min)

Bidaia denbora (min)

Ibilgailu
kopurua

Tarteak autobus batetik bestera (min)

Bidaia denbora (min)

L-1

2

30

60

2

30

60

L-2

4

15

60

3

20

60

L-3

4

11

44

3

15

45

L-4

18

6

108

9

12

108

L-5

4

15

60

2

30

60

L-6

4

15

60

2

30

60

L-7

11

10

110

8

15

120

L-8

5

12

60

4

15

60

L-9

6

12

72

3

24

72

L-10

3

30

90

2

45

90

L-11

5

15

75

3

30

90

L-12

7

10

70

4

20

80

L-14

1

30

30

1

30

30

L-15

3

20

60

2

30

60

L-16

10

12

120

6

20

120

L-17

5

15

75

4

20

80

L-18

10

10

100

7

15

105

L-19

7

15

105

4

30

120

L-20

3

20

60

2

30

60

L-21

4

11

44

3

15

45

L-22

1

30

30

1

30

30

L-23

2

60

120

1

120

120

L-25

2

20

40

1

40

40

Erreserbak

2

1

Errefortzukoak

13

4

GUZTIRA

136

82

Gutxieneko zerbitzuak 2025eko azaroaren 29an 13:55etik 23:30era eginen den greban

Laneguna (%40).

Linea

LARUNBATETAKO ZERBITZU ARRUNTA

LARUNBATETAKO GUTXIENEKO ZERBITZUA LANEGUNETAKO HARANEKO ORDUA (%40)

LARUNBATA, 13:55etik 23:30era

Ibilgailu
kopurua

Tarteak autobus batetik bestera (min)

Bidaia denbora (min)

Ibilgailu
kopurua

Tarteak autobus batetik bestera (min)

Bidaia denbora (min)

L-1

1

60

60

1

60

60

L-2

3

20

60

2

30

60

L-3

4

11

44

2

20

40

L-4

13

8

104

9

12

108

L-5

3

20

60

1

60

60

L-6

4

15

60

2

30

60

L-7

7

15

105

4

30

120

L-8

3

20

60

2

30

60

L-9

5

15

75

2

40

80

L-10

3

30

90

2

45

90

L-11

5

15

75

3

30

90

L-12

5

15

75

2

35

70

L-14

1

30

30

1

30

30

L-15

2

30

60

1

60

60

L-16

7

15

105

4

30

120

L-17

4

20

80

2

40

80

L-18

7

15

105

4

30

120

L-19

5

20

100

3

40

120

L-20

2

30

60

2

30

60

L-21

4

11

44

2

20

40

L-22

1

30

30

1

30

30

L-23

2

60

120

1

120

120

L-25

2

20

40

1

40

40

Erreserbak

2

Errefortzukoak

OROTARA

95

55

Iragarkiaren kodea: F2514951